Hasiera Informatika Ingeniaritzako Gradua Informazio orokorra

EHUko Informatika Fakultateak informatika-ingeniaritza arloko ikasketak berritu ditu, Europako irakaskuntza-eredu berria (Bologna prozesua) kontuan hartuta. Gradua 25 urte baino gehiagoko eskarmentuaren ondorioa da, eta aurreko titulazioen eboluzio naturala. Helburu bikoitza lortu nahi da: batetik, kalitatezko oinarrizko prestakuntza eskaintzea, baina, bestetik, prestakuntza hori arlo berezietara egokitzea, gure inguruko behar ezberdinei (enpresetako eta unibertsitateko I+G jarduerei, proiektu informatikoen kudeaketari, Administrazioaren beharrei, teknologia berrien eboluzio azkarrari, irakaskuntzari...) erantzun egokiena eman ahal izateko.

Gradua definitzeko, kontuan hartu dira Europako orientabideak (Bologna), nazioarteko hainbat erakunderen proposamenak (IEEE eta ACM), eta Espainiako Hezkuntza Ministerioak onartutako "Gaitasun-fitxak".

Norentzat da Gradu hau

Zientzian, teknologian eta gizartean eragin sakona duen eta bizi-bizi aldatzen den arloa da informatika. Beraz, Informatika Ingeniaritzako Gradua egokia da gai horietan interesa duen batxilerreko edozein ikaslerentzat. Dena den, ikasketa hauek ingeniaritza mailakoak dira, eta honako ezaugarri hauek beti dira lagungarriak edozein ingeniaritzatan:

  • Matematikazko oinarri sendoa, eta abstrakziorako eta dedukzio logikorako ahalmena; aukeran, elektrizitatearen eta elektronikaren oinarrizko ezagutza ere lagungarria izan daiteke.
  • Teknologiak eta zientziak sortzen dituzten erronkei aurre egiteko gustua eta nahia.
  • Irudimena, arazo konplexuei irtenbide berritzaileak bilatzeko.
  • Taldean lan egiteko ahalmena.

Ikasketen egitura orokorra

Graduaren egitura orokorra honako hau da:

  • 60 kredituko lau ikasturte, 6 kredituko 5 ikasgai seihileko bakoitzean.
  • Ikasgai gehienek 4 kreditu teoriko eta 2 kreditu praktiko dituzte; dena batera, heren bat baino gehiago heziketa praktikoa da.
  • Lehen bi ikasmailak eta hirugarreneko bi ikasgai derrigorrezkoak dira (guztira, 22   ikasgai); ikasgai horiek edozein Informatika Ingeniariren oinarrizko prestakuntza zehazten dute.
  • 48 kredituko hiru espezialitate (8 hautazko ikasgai): Konputagailuen Ingeniaritza, Konputazioa eta Software Ingeniaritza.
  • 26 hautazko ikasgai (horietatik, gehienez, zortzi egin behar dira), arlo eta gai bereziagoetan sakontzeko.
  • Gradu Amaierako Proiektua (12 kreditu).
  • Praktikak enpresetan (12 kreditu gehienez).
  • Aukera askeko kredituak (6 kreditu gehienez).

Ikasketak gaztelaniaz zein euskaraz egin ahal izango dira; horrez gain, ingelesez ere aukeratu ahal izango dira zenbait ikasgai.

Informatikako Gradua egin ondoren, zentroak eskainiko dituen Masterrak egin ahal izango dira, hala gai espezializatuetako Masterrak (Sistema Txertatuak, Hizkuntzaren Prozesamendua...) nola Informatika Ingeniaritzako Masterra.

Praktikak enpresetan, mugikortasun-programak

Ikasleek curriculuma osatu dezakete, hala nahi izanez gero, enpresetan egindako praktiken bidez, aukera askeko jarduerekin, edo mugikortasun-programetan parte hartuz (ERASMUS...). Gure inguruko enpresa nagusiek ikasleentzako praktikak eta Gradu Amaierako Proiektuak eskaintzen dituzte; eskaintza oso zabala da, eta ikasle guztiek parte har dezakete programa horietan. Nahi izanez gero, praktikak beste herrialdeetako enpresatan ere egin daitezke, CONFEBASKekin eta GAIArekin (teknologia berrietako arloko enpresetako euskal cluster-a) dauden hitzarmenei esker.

Bestalde, Fakultateak mugikortasun-hitzarmenak ditu, Socrates-Erasmus programaren barruan, Europako hainbat unibertsitaterekin (esaterako, Leuven, Aberdeen, Albert-Ludwigs Freiburg, edo Zürich-eko ETHa); horrekin batera, telemintegien ekimen berritzaile batean parte hartzen du, Mannheim-eko unibertsitatearekin batera. Era berean, EHUren eta Hego eta Ipar Amerikako hainbat instituzioren artean dauden hitzarmenetan ere parte hartzen du.

Jakina, Donostiako Informatika Fakultateak antzeko hitzarmenak ditu Espainiako Informatika Fakultate ia guztiekin (SICUE-Séneca programa).

 

 
Egutegia
Azken hilabetea Abuztua 2014 Hurrengo hilabetea
Al As Az Og Or Lr Ig
week 31 1 2 3
week 32 4 5 6 7 8 9 10
week 33 11 12 13 14 15 16 17
week 34 18 19 20 21 22 23 24
week 35 25 26 27 28 29 30 31
Bannerra
Bannerra
Bannerra
Bannerra
Bannerra
Bannerra
Bannerra
Bannerra
Bannerra
Bannerra
mod_vvisit_counterIkustaldiak1006671

Abu 23, 2014