Zergatik gurekin ikasi?
Hona hemen bost arrazoi informatika ikasteko:
1. Informatikak gure jarduera eta ekimen guztietan parte hartzen du.
Informatikak eta konputagailuen teknologiak gure eguneroko bizitzaren parte bat dira dagoeneko; gidatzen ditugun autoetan, ikusten ditugun pelikuletan, osasun-zerbitzuetan, etxeko tresnerian, lan-munduan, non-nahi, konputagailuak ditugu atzean. Informatikaren aurpegi anitzak ezagutzea eta menderatzea XXI. mendeko biztanleen beharretako bat izango da. Aplikazio berritzaileak diseinatu nahi badituzu, konputagailuen diseinuan parte hartu nahi baduzu, komunikazio-sareak kudeatu nahi badituzu, ikerkuntzan aritzea nahi baduzu, aisiaren munduan jokatu nahi baduzu, Informatikako Ingeniaritza da zure karrera.
2. Informatikako ezagutzaren bidez, problema konplexuei eta zientzia-erronkei ekin ahal izango diezu.
Jakintza-arlo egokia da informatika interes oso desberdineko pertsonentzat. Informatikak dimentsio anitzeko problema konplexuak ebazteko gaitasunak garatzen ditu, eta problema horietan irudimena eta hainbat gaietarako sentikortasuna beharrezkoak dira erronkak gainditzeko. Funtzionatzen duten sistemak, konputagailuak, aplikazioak eta abar garatzea da Ingeniari baten eginkizuna, eta hori sorkuntza maila handiko lana da. Horra hor zure etorkizuna.
3. Informatikak gizarte aurreratuagoa sortzeko aukera ematen dizu.
Informatikak berrikuntzak dakarzkie ingeniaritzei eta zientziei (adibide bakan batzuk jartzeko, giza genoma proiektua, IHESaren kontrako txertoa, klimaren kontrola eta aurreikuspena, eta abar eta abar), baita enpresa-munduari, aisialdiari, hezkuntzari... Gizartearen aurrerakuntzan aktiboki parte hartu nahi baduzu, ikas ezazu Informatikako Ingeniaritza.
4. Informatikak lana aurkitzeko bidea erraztuko dizu.
Informatikak eta berrikuntzak lotura estuak dituzte, eta berrikuntza horiek eragin handia dute lan-munduan. Aldaketa eta garapen handiak ikusi ditugu dagoeneko, baina handiagoak ikusiko ditugu etorkizunean. Hain da handia aldaketaren abiadura, ezen gero eta kualifikazio handiko pertsona gehiago behar baitira lan munduan. Ez dago zalantzarik, Informatikan Ingeniaria bazara, lana ez duzu falta izango.
5. Informatika norbanako lana da, baina talde-lana ere funtsezkoa da.
Gero eta konplexuagoak diren problemak ebazteko, diziplina anitzeko lan-taldeak behar dira informatikaren inguruan. Eta hori biziki interesgarria izan daiteke, sinergiak sortzeko. Baina norbanako sorkuntza-lana ere funtsezkoa da beti. Eta hori ere kilikagarria izan daiteke. Animatuko al zara Informatikako Ingeniaritza ikastera?










