AURRIZKIBIDEA
ERDAL AURRIZKIEN EUSKAL ORDAINAK
Erdal hitzen ordainak ematerakoan, euskal aurrizkirik eza
oztopo larria izaten da. Edozein modutan, "ordainak" lortzea da
helburua eta ordainak ez du zertan izan aurrizkia, kasuen arabera hitz
elkartua, esapidea edo beste zerbait izan daiteke irtenbidea.
• a‑
Gehienetan erdal aurrizkia gordetzen da (abulia,
abuliko, agnostiko, agnostizismo, afasiaΌ). Baina batzuetan erdal izenondoen ordainak 'gabe'z
baliatuz lortzen ditugu: amoral = moralgabe, acéfalo = burugabe, afónico =
bozgabe, anónimo = izengabeΌ
(Hala ere, jainkogabe, aberrigabe bezalakoak izen nahiz izenondo
izan daitezke). Erdaraz izena dugunean (arritmia, asimetría), ordea,
'eza' hautatu beharko genuke eta ez '‑gabe': erritmo eza, simetria ezaΌ Erdal
izena edo izenondoa ihartua dagoenean (astenia, afasiaΌ), hitza osorik mailegatu beste biderik ez da geratzen.
• ante‑
‑Erdarazko izenak ordezkatzeko "izena + aurre"
egitura erabiltzen dugu "oinarriak adierazten duenaren aurreko lekua"
izendatzeko: antepuerta : atalaurre,
anteiglesia : elizaurre, antecámara : gelaurre, antepuerto : bortuaurre,
antesala : salaurre/gelaurreΌ Hala ere,
'anteproyecto' bezalakoetan, adiera ez da "(proiektuaren aurreko)
lekua", "proiektua" baizik; hortaz, 'aurreproiektu' litzateke
aukera egokia. Orobat, antepuerta :
aurreate, etab.
‑Erdaraz aditza dugunean, gaur egun 'aurre +
aditza' egitura zabaldu da: aurreikusi, aurrejarriΌ
‑Izenondo erlazionalen kasuan (antediluviano,
antemeridiano), 'izena + aurreko' litzateke ordain zuzena: uholdeaurreko,
meridianoaurrekoΌ
• con‑/cum‑
‑Izenen kasuan 'izena + kide' izan ohi da
ordain egokia: aberkide, auzokide, gogaide, herkide, odolkide, mahaikideΌ Hala ere, erdal hitzaren egitura ilunduta bezala
agertzen zaigunean, hitza osorik mailegatuko dugu: kontsonante, koefizienteΌ
‑Aditzen kasuan, ihartuta daudenean, mailegutza da
bide bakarra: kolaboratu, komentatu, konprenituΌ Bestela, '‑kide izan' aukeraz gain (cooperar
: lankide izan), euskal aditza (edota aditz esapidea) erabiltzea ere
guztiz zilegi da: coheredar : batera jarauntsi (oinordekide izan),
condolerse : urrikaldu, congratularse : zorionak eman, congeniar : elkar
aditu/ondo etorriΌ
'Batera + aditza' (batera
bizi, batera eraman, batera ospatu) zilegi dira baina aditz sintagma osatuz
eta ez aditz elkartu modura; ondorioz, batera heziketa edo batera bizitza ez dira
onargarri. Gauza bera gertatzen da 'elkar + aditza' egiturekin: elkar
lagundu (colaborar), elkar hartu (confabular), elkar jo (cotejar) zilegi
dira aditz sintagma modura, baina elkar bizi, elkar existitu eta
elkar trukatu bezalakoak ez dira zuzenak, elkarkariak kasu marka eskatzen
duelako (elkarrekin bizi, elkarrekin izan/egon, elkarren artean
trukatu/trukatu).
• des‑
Hiztegigile batzuek hitz berriak sortu dituzte erdal hitz
eratorriaren egitura lexikoa kalkatuz (deshinchar :
despuztu, desacostumbrarse : desohitu, descristianizar : deskristautuΌ). Dena dela, arriskutsua da baliabide hori sistematikoki
eta aukera bakarra balitz bezala aplikatu nahi izatea. Gutxienez, lau aukera
ditugu erdal aditzen ordainak emateko: a) des‑ erabili,
"ukapena" edo "kontrakotasuna" adierazteko (deskristautu,
deserrotu, desestali, desjabetuΌ); b) ‑gabetu erabili,
"gabetasuna" adierazteko (desanimar : adoregabetu, destronar :
tronugabetu, desalar : gatzgabetu, descorazonar : bihozgabetu, destronar :
koroagabetu; desactivar : indargabetuΌ); c) euskal aditz (edo aditz esapide) jatorra erabili (desangrar(se):odolustu
eta ez *odolgabetu edo *desodoldu; desenvainar : ezpata
zorrotik atera; desafilarse: kamustu eta ez *deszorroztu; desgranar :
garandu/aletu eta ez *desgarautu; deshincharse : hustu eta ez *despuztu);
d) hitza osorik hartu (deskortxatuΌ). Itzulingurutik ihes egitearren asmatutako *lepa‑moztu
edo *buru‑moztu (degollar) bezalakoak ezin dira onartu,
aditz elkarte mota berria ezartzen dutelako. Ondorioz, ordainak banan‑banan
bilatu behar dira eta ez itsu‑itsuan erdal egitura kalkatuz.
• ex‑
"Izana" adiera duenean bi modutara eman izan da
euskaraz: a) alkate izana, ministro izanaΌ b)
alkate ohia, ministro ohiaΌ Euskara
estandarrean bigarrena (ekialdekoa) hedatu bada ere, biak dira zuzenak. Aditzak
direnean adiera bestelakoa da, sarritan erdal des‑en parekoa eta
beraz aurreko puntuan aurrizki horretaz esandakoa kontuan hartzea komeni da (a.
expropiar : desjabetuΌ b. exculpar
: errugabetuΌ
c. excarcelar : espetxetik atera, expatriar : erbeste(ra)tu,
exceptuar : salbuetsiΌ d. excomulgar : eskumikatu). Bide beretik,
*zamarindu edo *kargarindu (exonerar) bezalako aditz
elkarteak onartezinak dira; onartzekotan aditz sintagma modura onartuko
genituzke (zama arinduΌ).
• extra‑
'‑z kanpoko' erabil daiteke zenbait izenondo
erlazional itzultzeko: ohiz kanpoko (extraordinario), parlamentuz kanpoko
(extraparlamentario), lurraldez kanpoko (extraterritorial), kontratuz kanpoko
(extracontractual)Ό Hala
ere, zenbait izenondo erlazionalekin, mailegatu beharrean aurkitzen gara (extraoficialΌ). Izenondo hauetatik eratorritako izenak ordezkatzeko
arazoak izango ditugu (extraterritorialidad : lurraldez
kanpokotasun?).
• in‑
• izenondoak:
‑Erdal 'in‑+izenondoa' euskaraz
'izena/partizipioa + gabe' egituraz eman daiteke batzuetan: invertebrado
= hezurgabe, inmerecido = merezigabe, ininterrumpido = etengabe, inédito =
argitaragabe, incompareciente = agertugabe, injusto = bidegabe, impagado =
ordaindugabe, indeterminado = zehaztugabeΌ Baliabide hau jatorragoa da 'ez‑ +
partizipioa/izenondoa' (ez‑markatu, ez‑bete, ez‑ohituΌ) baino; izan ere, tradizioko ezjakin, ezikasi
bezalakoetan, esanahia ez da "jakin/ikasi gabeko gauza", "ez
dakien pertsona/ikasi ez duen pertsona" baizik. Baliabide honen mugak ere
agerian daude: imparcial, inconstitucionalen ordez ezin dugu partzialgabe,
konstituzionalgabe esan, 'gabe'ren oinarriak nahitaez izena edota
partizipioa izan behar duelako. Halakoetan mailegutza onartzea izan daiteke
errazena.
‑'in‑ _____‑ble' egiturakoen ordaina
'aditzoina + gaitz/ezin' dugu: incalculable =
kalkulagaitz/ezin, incognoscible = ezagutezin, incomprensible =
ulergaitz/ulertezin, increible = sinesgaitz/sinestezinΌ
• izenak:
'Gabe'k izenak sortzeko balio ez duenez, intolerancia,
incultura, incoherenciaΌ esateko, tolerantzia
eza, kultura eza, koherentzia ezaΌ proposatuko
genituzke. Edo bestela, mailegua osorik hartu, inkoherentzia, intolerantzia,
etab. esanez. Edozein kasutan, 'ez‑ + izena'
egitura (ez‑tolerantziaΌ)
ez da gomendagarria. Jakina, euskaraz oinarri den izenondoa eskura dugunean, ez
dago arazorik (bidegabe : injusto ‑‑>
bidegabetasun/‑keria : injusticia).
• aditzak:
'In‑ + aditza' ordezkatzeko, euskaraz esanahi
bereko aditzik ez badugu (invalidar : baliogabetu,
inmutar : artegatu/estutu/larrituΌ, inhabilitar : ezgaitu/gaieztu),
mailegua (inkomunikatu) beste biderik ez dago, nonbait.
• infra‑ (ik. sub‑ 2. adiera)
• inter‑ (entre‑)
‑Izenondo
erlazionalekin euskaraz 'izena + arteko' dugu ordain jatorra: nazioarteko,
zelularteko, saihetsarteko, lerroarteko, ministroarteko, planetarteko,
hortzarteko, bokalarteko, lanbideartekoΌ
‑Izenak eta aditzak dira arazoak sortzen
dituztenak, ez baitugu geurezko egitura jatorrik. Batzuetan ez dugu arazorik: interrumpir : eten, intercalar : tartekatu,
intermediar : bitarteko lana eginΌ Beste batzuetan 'elkar' erabiltzen dugu aditzaren
osagarri zuzena denean (elkar salatu : fr. entr´accusser, elkar jo :
fr. entre‑battre, elkar hil : fr. entre‑tuerΌ). Hortik aurrera egitea arriskutsuegia litzateke
(hurrengoen antzekoak sortuz, adibidez, elkar‑ebakidura
: intersección, elkar‑truke : intercambioΌ). Bestela, ordainik ezean, hobe litzateke mailegua
osorik hartzea.
• non‑
Aurrizki hau, frantsesez (nonpareil, non‑sens,
non‑execution) eta ingelesez (non‑resident, non‑pareil,
non‑sense) izenaren eta izenondoaren aurretik erabiltzen da eta
espainolez ere hedatuz doa (no violencia, no de leyΌ). Euskaraz batez ere 'non + izenondoa' egituraren
ordain, 'ez + izenondoa' egitura berria hedatzen ari da: ez‑ohiko,
ez‑legezkoΌ Dena den,
partizipioa dagoenean 'partizipioa + gabe' litzateke egokiena (markatugabe eta ez
ez‑markatu, jokatugabe eta ez ez‑jokatu).
Izenetarako, esan bezala, 'izena + eza' dateke ordain egokia (no violencia :
indarkeria(rik) eza).
• post‑
'Izena + ondo(ko)/osteko' dugu ordain egokia "oinarriak adierazten
duenaren ondokoa, ondorengoa" adierazteko: gerraoste
"posguerra", operatuosteko/ondoko "postoperatorio",
graduatuondoko "postgraduado",
eskola‑ondoko "postescolar", kafe‑ondoko
"poscafé" Ό
• pre‑
‑Aditzekin, oinarriak adierazten duen ekintza
"aurretik egin" da adiera (prevenir, predecir, prejuzgar,
predestinarΌ). Euskal testuetan ez da
'aurre + aditza' egitura aurkitzen orain gutxi arte. Aurretik/aurrez/lehendik
ikusi, aurretik erabakiΌ
izan da oro har baliatu den esapidea. Gaur egun, aurre‑ zabaldu da
horretarako (aurreikusiΌ),
izenen aurrean aurkitzen dugulako agian (aurrekontu, aurreiritzi, aurrizkiΌ). Ahal dela, hobe euskal egitura edo esapidea
erabiltzea: prevenir : aurrea hartu,
premeditar : aldez aurretik pentsatu, predisponer : lehendik gertu/gertatuΌ
‑Izenondo eta izenekin bi adiera har ditzake: a)
"aurreko garaia/lekua" (precolombino, prehistoria, prenupcial,
prenatalΌ); b) "aurreko
zera" (prejuicio, prefijo, preadaptaciónΌ). Lehen adiera 'izena + aurre(ko)'
egituraz adierazi dugu: historiaurre(iz.)/historiaurreko (iznd.),
Kolon‑aurreko, ezkonaurreko, jaioaurreko, konstituzio‑aurrekoΌ Bigarren
adiera, mende honetan batik bat, 'aurre/aitzin + izena' egituraz
adierazi dugu: aurrizki, aurrekontu, aurrelan, aurreproiektu, aurreiritzi,
aurreasmo, aurresusmo, aurrezantzuΌ Funtsezkoa
da bi adiera hauek bereiztea; preescolar, esaterako, eskolaurre(ko)
esaten da eta ez aurreskola (haurreskola beste gauza bat da).
• semi‑
Aurrizki honen euskal ordaina 'erdi +
izenondoa/izena/aditza': erdi‑ase, erdi‑basati, erdi‑edana,
erdi‑itsu, erdi‑zahartuaΌ; erdi‑bertsolari, erdi‑emakume, erdi‑euskaldun,
erdi‑jokalariΌ;
erdi entzun, erdi lagundu, erdi iratzarriΌ Dena dela, aditzekin gutxitxo erabiltzen da, normalagoa
da erdizka aditzondoaz baliatzea.
• sobre‑/super‑/supra‑
‑"Oinarriak adierazten duenaren gainekoa"
adieran izenei eta batez ere izenondo erlazionalei eransten zaie eta '‑gain(eko)' izan daiteke euskal ordaina: saihets‑gaineko
"supracostal", gibel‑gaineko "suprahepático", lurrez‑gaineko
"supraterrenal", atalgain "soprepuerta", kilagain
"sobrequilla"Ό
‑"‑z gain, ohikoa baino gehiago"
adiera, euskaraz gain‑ lehen osagai gisa ipiniaz eman daiteke: gainsoldata
"sobresueldo", gainordain "sobrepaga", gainzama
"sobrecarga", gainprezio "sobreprecio"Ό Erdarazko
'super‑ + aditza' egituraren ordain gisa 'gain+aditza' eta 'lar+aditza"
proposatu dira: gainjarri "superponer", gainelikatu
"sobrealimentarse"Ό lar‑kargatu, lar‑saturatu "sobresaturar"Ό Aditzarekin
ikusten den superbizi "sobrevivir", berriz, bizirik iraun esapide
zaharragoaren ordez eta erdaren eraginez sortua dirudi (ez da oso gomendagarria).
• sub‑
‑"sub‑ + [+gizakia]" dugunean,
euskaraz 'izena+orde' izan daiteke ordain egokia: delegatuorde, diakonoorde,
idazkariorde, lehendakariorde, sailburuorde, zuzendariorde, dekanorde,
errektoreordeΌ
‑"azpiko zera" eta "azpian
zertu" adierak 'azpi+izena/aditza" egituraz eman daitezke: azpiegitura,
azpieuskalki, azpimultzo, azpisail, azpititulu, azpibatzordeΌ; azpimarratuΌ "Oinarriak
adierazten duenaren azpi(ko)a" (lekua, oro har) adierazteko, berriz,
'izena+azpi(ko)' edo 'izena+‑peko' dira ordainak: lurrazpiko/lurpeko,
itsasazpiko/itsaspeko, tropikopeko, azalazpi(ko)/azalpe(ko), matrailazpiko/matrailpekoΌ Dena
den, banan‑banan aztertu behar dira adierak: adibidez, subarrendar hitzaren
adiera "errepikapena" den neurrian, ordaina berrakuratu
(berrakuran eman/hartu) izan daiteke eta ez azpiakuratu edo
antzekorik.
• super‑
‑"Goikoa" adierarako ik. sobre‑.
‑ Izenondoekin "gradu gorena" adierazteko
euskaraz oso, txit, erabat, biziki, sano, izugarri, arrontΌ ditugu,
baina umeen ahotan batez ere, super‑ aurrizkia zabaldu da: super
ona, super polita, super garestiaΌ Izenekin
super‑ aurrizkia mailegatu dugu (super‑gizona).
• supra‑ (ik. sobre‑)
• vice‑ (ik. sub‑, lehen adiera)