Presentación

Aurkezpena

"Sistema Adimendunak eta Energia (SA+E)" ikerketa-taldeak garrantzi estrategikoa duten eta zenbait energia moduren kontrolarekin zerikusia duten industria-sektoreak ditu helburu, nahiz eta ez duen baztertzen elektronika- eta kontrol-sistemekin lotutako beste sektore batzuk ere, etengabe garatzen ari direnak, lantzea. Energia modu banatuan sortzeko sistema berriek sorkuntza-sistema askoren (ekoizle txikiak) arteko loturak izatea ahalbidetu behar dute, baita kontsumorako baldintza ugari eskatzea ere. Horrek guztiak baldintzatu egingo du energia transformatzeko, biltzeko, neurtzeko, urrutitik kudeatzeko eta abarrerako sistema berrien definizioa, hau da, informazio eta komunikazioen teknologia modernoen ondorioz sortutako banaketa-sareen kontrol aktiboaren mende egongo dira. Ondorioz, Ingeniaritza Elektrikoko nahiz Kontrolaren Ingeniaritzako arloekin eta Matematika Aplikatuko arloekin lotutako jarduerak aldi berean garatzeko beharra sortuko da.

Bestalde, osagai metalikoen industriak gero eta elementu konplexuagoak egiteko erronkari egin behar dio aurre, eta, ondorioz, soldatzeko teknologiak aplikatzea gero eta garrantzitsuagoa da gaur egungo industrian. Gainera, horrek aukera ematen digu egiturak hainbat materialez egiteko, zati bakoitzaren dimentsioen eta egituraren arabera. Fabrikazio-prozesuak gero eta konplexuagoak izatea, ordea, eragozpena ere bada, osagai bakoitza integratzean zehaztu egin behar baitira egin beharreko soldatzeen eragiketa-parametroak. Osagaiak hainbat material eta formatakoak direnez, hainbat soldatze mota egin behar dira. ETE motako enpresetarako kontrol- eta monitorizazio-sistema fidagarriak diseinatzen eta garatzen lortutako esperientziak aukera eskaintzen digu arku elektriko eta plasma bidezko soldatze-prozesuak online kontrolatzeari ekiteko.

Taldea UPV/EHUko hiru sail hauteko ikertzaileek osatzen dute: Sistemen Ingeniaritza eta Automatika, Ingeniaritza Elektrikoa eta Matematika Aplikatua.