14ikerketa_bertso

Mintzola Ahozko Lantegiaren eta Mikel Laboa Katedraren deialdia (2017) bertsolaritzari buruzko ikerketa-lanen eta master-amaierako lanen proiektuak sustatzeko

Deialdia PDF formatuan | Eskari-orria

DEIALDIAREN XEDEA

Bertsolaritzari buruzko ikerketa zientifikoa bultzatzeko xedea dute, beste helburu batzuen artean, hala Mintzola Ahozko Lantegiak nola Mikel Laboa Katedrak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetza-giroaren testuinguruan.

Ikertzaile gaztea edo hasiberria doktorego-tesiraino eramango duen ibilbidean, aurreko erabakiak eta urratsak ere garrantzitsuak dira, eta hain zuzen bide horretan laguntzea eta, unibertsitateko edozein jakintza-alorretatik abiatuta, bertsolaritza ikergai gisa sustatzea da deialdi honen helburua. Lehenengo urratsen garrantziaz oharturik, hain juxtu ikerlan-proiektuen kalitatea ebaluatu eta sarituko da deialdi honetan, sinesten dugulako unibertsitate-irakasle batek bermaturiko proiektuak kalitate ona duenean ikertzaile hasiberriaren oinarriak sendoak izango direla.

Deialdi honetan, master-amaierako lanen proiektuak lehenetsiko dira, baina beste ikerketa-lan monografiko batzuen proiektuak ere onartuko dira, geroko tesiak bultzatzeko helburuarekin, horien ikergai nagusia bertsolaritza bada, nahi den jakintza-alorretik ikertua. Nolanahi ere, unibertsitate-irakasle doktore batek bermatu behar du proiektua.

Hori guztia kontuan izanik, deialdi honen xedea honako hau da: deialdi publikoa argitaratzea ikergai nagusia bertsolaritza (edozein jakintza-alorretatik aztertua) duten master-amaierako lanen proiektuak nahiz ikerketa-lan monografikoen proiektuak egiteko bi diru-laguntza esleitzeko.

PROZEDURA

  • 2017an 2000 euroko bi diru-laguntza esleituko dira.
  • Diru-laguntza jasotzeko, ezinbestekoa da titulatua izatea unibertsitate-ikasketetan (baldintza hori egiaztatu beharko da diru-laguntza kobratzeko unean, 2017ko azaroan).
  • UPV/EHUko master ofizialetako ikasleek aurkezturiko master-amaierako lanen proiektuak lehenetsiko dira.
  • Hiru aditu doktorez osaturiko hautaketa-batzordeak baloratuko ditu aurkezturiko curriculumak eta ikerketa-proiektuak. Baremoak zehaztu ondoren, puntu gehien duenetik gutxienekora doan zerrenda egingo du. Puntuazio altuenak lortu eta diru-laguntza eskuratzea merezi duten hautagaien izenak proposatuko ditu, bai eta horren ordezkoen izenak, uko egiteak edo beste edozein gertaera konpontzeko. Batzordeak gurako guztiei edo batzuei elkarrizketa pertsonalak egitera dei egin ahal izango die. Batzordeak laguntzak eskuratu nahi dituzten eskatzaileen soslaiei eta proiektuei egoki iritziko ez balie, 2017an diru-laguntzak (edo horietakoren bat) ez ematea proposa lezake.
  • Ordainketa 30 eguneko epearen barruan egingo da, erabakia argitaratu ondoren.
  • Proiektuaren arabera eginiko ikerketa-lana 2018ko irailaren 30a baino lehen entregatu beharko da eta batzorde zientifiko batek ontzat eman beharko du.

ESKARIAK

  • Eskariak Mintzola Ahozko Lantegiaren Zuzendaritzari bidaliko zaizkio, Ahozko Lantegiaren egoitzara (Mintzola Ahozko Lantegia. Subijana Etxea, Kale Nagusia, 70. 20150 Amasa-Villabona).
  • Eskariak deialdi honekin batera doan eskari-orria betez aurkeztuko dira.
  • Eskariak aurkezteko epea: 2017ko urriaren 15era arte.
  • Eskaerarekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
    • a) NANaren fotokopia.
    • b) Deialdi honekin batera doan eskaera-inprimakia.
    • c) Eskatzailearen CVa.
    • d) Espediente akademikoaren kopia.
    • e) Unibertsitate-irakasle doktore baten berme-txostena, ikerketa-lanaren zuzendari izango dela esanez.
    • f) Matrikularen frogagiria, UPV/EHUko master ofizialetan matrikulaturik izanez gero.
    • g) Ikerketa-proiektuaren eskema eta laburpena: ezinbestean agertu behar dira helburuak, esparru teorikoa, aurrekariak eta metodologia (1500-5000 hitz).
  • Dokumentu horiek paperean aurkezteaz gain, gidor.bilbao@ehu.eus helbidera bidaliko dira dokumentu hauen artxibo elektronikoak:
    • Eskari-inprimakia, behar bezala beteta.
    • Ikerketa-proiektuaren eskema eta laburpena.

EBALUAZIO-IRIZPIDEAK

Proposamenak honako irizpide hauei jarraituz ebaluatuko dira:

  • Proiektuaren helburuak eta interesa: gehienez 5 puntu.
  • Proiektuaren ebaluazio orokorra (esparru teorikoa, aurrekariak eta metodologia): gehienez 5 puntu.
  • Proiektuaren garapen-maila: gehienez 5 puntu.
  • Proiektuaren bideragarritasuna: gehienez 5 puntu.
  • Eskatzailearen CVa eta espediente akademikoa: gehienez 5 puntu.
  • Euskarazko proiektuak lehenestea: gehienez 2 puntu.
  • Master amaierako lana izatea: gehienez 3 puntu.

DATAK ETA INFORMAZIOA

  • Eskariak aurkezteko epea: 2017ko urriaren 15era arte.
  • Hautatuen izenak eta ordezkoen zerrenda argitaratzeko eguna: 2017ko azaroaren 15a, beranduenik.
  • Ordainketa: 2017ko abenduaren 15a, beranduenik.
  • Proiektuaren araberako ikerketa-lana eginda entregatzeko epea: 2018ko irailaren 30a, beranduenik.
  • Mikel Laboa Katedraren atarian (https://www.ehu.eus/laboakatedra) eta Mintzola Ahozko Lantegiaren atarian (http://www.mintzola.eus), argitaratuko da deialdiari buruzko informazioa eta deialdiaren urratsen berri.
  • Deialdiaren inguruko gorabeherei buruzko galderak honako helbide elektroniko honetara zuzenduko dira: gidor.bilbao@ehu.eus