Eduki publikatzailea

Lehen Mundu Gerra: liburu-erakusketa.

Lehenengo argitaratze data: 2014/06/11

Bizkaiko Campuseko Biblioteka. Leioa.

Orain dela ehun urte, uztailean, hasi zen Lehen Mundu Gerra, Gerra Handia ere deitua. Gerra horrek 70 milioi soldadu behartu zituen mobilizatzera, eta horietatik bederatzi milioi hil egin ziren. Zenbait gudutan, Somme eta Verdungoetan, besteak beste, ia milioi erdi soldadu hil ziren. 
Gerra horretan, lehendabiziko aldiz eta modu masiboan, garai hartako zientziaren eta teknikaren aurrerapen guztiak suntsiketarako egokitu eta erabili ziren: arma kimikoak, tankeak, hegazkinak. Aitzitik, erizaintza garatu egin zen eta emakumeek industriako lanari ekin zioten oso kopuru handian. Demografiari dagokionez, kolpe latza izan zen gerra osteko Europako gizartearentzat. Politika arloan, berriz, inperio austro-hungariarra eta otomandarra desegin eta horietatik estatu berriak sortu ziren. Langileen mugimenduak indarra hartu zuen: ez da ahaztu behar sobietar iraultza Lehen Mundu Gerraren parte dela eta Alemanian soldaduak izan zirela monarkiarekin eta gerrarekin bukatu zutenak, euren iraultzaren eskutik.


Horrenbestez, 2014. urtea oroitzapen-ekitaldiak egiteko, ikerketak plazaratzeko, liburu berriak argitaratzeko eta Europaren bilakaeran gehien eragin zuen XX. mendeko gatazka gogoratzeko urtea da. Bizkaiko Campuseko Liburutegian (Leioa) Gerra Handiari buruzko hainbat obra daude ikusgai, arlo historikoa, ekonomikoa eta artistikoa jorratzen dutenak.