Arra eskasa denean...

Onarpen zabala duen (eta bere aldeko datu ugari duen) ideia baten arabera, ugaltze-gertakizun jakin batean animalia batek ugalketarako egiten duen ahaleginak geroko gertakizunetan egingo duena baldintzatzen du. Ahalegin txikia egiten badu, handiagoa egin ahal izango du gerokoetan, eta alderantziz ahalegin handia egiten badu. Ugaltzea kostu handikoa baita, ugalketa sustatzeko baliabideak erabili behar direlako eta baita hiltzeko probabilitatea goratzen duelako. Izan ere, bizitza-zikloen teoriaren zutabe garrantzitsuenetako bat da ideia hori.

Aipatu dugun bizitza-zikloen teoria horren arabera, eme batek ugaltze-gertakizun batean erabiltzen duen energia-kantitatea edo egiten duen ahalegina, ahalegin horretatik itxaron dezakeen itzulkinaren araberakoa izan beharko luke. Eta hasiera batean begi bistakoa ez den arren, aurreko horretatik ondorioztatzen da arraren erakargarritasunak eragina izan dezakeela emeak egiten duen ahaleginean. Ikus dezagun zergatik. Arraren erakargarritasuna bere kalitate genetikoaren adierazlea da; hau da, erakargarritasunak gene onak dituela adierazten du. Beraz, pentsatzekoa da ar erakargarri baten seme-alaben doitze-maila, -eta, beraz, arrakastarako probabilitatea-, handiagoa izango dela. Hori dela-eta, bere bikotekidea “gene onak” dituen ar erakargarri horietako bat bada, emeak ahalegin handiagoa egitea itxaron liteke. Izan ere, segurtasun handiko postura izango litzateke emearen aldetik, bere gastu handi hori seme-alaben arrakastarako probabilitate altuarekin lotuko bailuke.

Aztertu diren espezie askotan baieztatu da bizitza-zikloen teoriaren aurreikuspen hori (ikusi, adibide baterako, “Arraren erakargarritasunaren garrantzia” izenburuko artikulua); askotan, baina ez beti. Izan ere, zenbait espezieren emeek ugaltze-ahalegin handiagoa egiten dute arraren erakargarritasuna apala denean. Hau da, lehen ikusi dugun jokaeraren aurkakoa da espezie horietako emeek egiten dutena, eta inbertsio konpentsatzailea deritzo jokaera horri. Diamante mandarin hegaztia da inbertsio konpentsatzailea egiten duen espezie horietako bat. Horixe aurkitu dute hiru ornitologo alemaniarrek espezie horrekin egindako esperimentu batean. Diamante mandarinaz lehenago aritu gara hemen. Txori bat da eta Taeniopygia guttata du zientzia-izena. Ornitologoek aurkitu dutenaren arabera, erakargarritasun apaleko arrekin parekatzen diren emeek baliabide gehiago bideratzen dituzte arrautzetara, handiagoak diren eta karoteno eduki altuagoko gorringoa duten arrautzak ipintzen baitituzte.

Baina, zer dela-eta jokaera hori? Zergatik ez ditu diamante mandarinak betetzen bizitza-zikloen teoriaren aurreikuspenak? Txori honen jokaerak badu zentzurik. Monogamoak izanik, bizitza osorako dira bikotekideak, eta beraz, ar berberarekin parekatuko da emea geroko ugaltze-gertakizunetan. Hortaz, espeziea monogamoa denean ez du zentzurik ahalegin txikia egitea bikotekidea oso erakargarria ez izateagatik, hurrengo bikotekidea berbera izango baita eta, -bistan denez-, erakargarriagoa ez baita izango. Gainera, seme-alaben kalitatea apala bada, emea da seme-alaba horiek elikatzeko eta aurrera ateratzeko ahalegin handiagoa egin beharko duena, lehenago ala geroago. Hortaz, hobe du ahalegin hori arrautzekin egiten hastea eta txitak jaio arte ez itxarotea, gero beranduegi izan daiteke eta. Estrategia horren alde, bestalde, ondoren azalduko dugun bigarren eragile batek jokatzen du. Ingurune-estresak eragin handia badu espeziearen gazteen biziraupen-probabilitatean, emeak ahalegin handiagoa egitea erabakiorra izan daiteke arraren gene-kalitatea apala denean, horrelaxe konpentsa baititzake kalitate apalago horren ondorio kaltegarriak.

Iturria: Elisabeth Bolund, Holger Schielzeth, Wolfgang Forstmeier (2009): “Compensatory investment in zebra finches: females lay larger eggs when paired to sexually unattractive males” Proceedings of the Royal Society B 276: 707–715.

Iruzkin bat honentzako: Arra eskasa denean…

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>