Handitu diren marmotak

Azken hiru hamarkadetan zehar, aldaketa nabarmenak jasan  dituzte Colorado-ko (AEB) Upper East Valley-n den populazio bateko marmoten bizi-zikloaren ezaugarri nagusiek. Seguru aski, azken hamarkadetan gertatu den tenperaturaren igoera izan da aldaketa horien eragile nagusia. Gorputz-masa, jaiotze-unea, hazkundea eta ugaltze-ahala izan dira aldatu diren ezaugarri nagusiak, eta aldaketa horien ondorioz, populazioaren ale-kopurua goratu egin da azken hamarkadan.

Marmota flaviventris marmotaren populazio baten bizi-zikloa ikertu du AEB-etako eta Erresuma Batuko unibertsitateetako ikertzaileen talde batek azken hogeita hamar urteetan zehar. Marmota helduen batez besteko masa kasik ez zen aldatu aztertutako aldiaren lehen erdian zehar, baina bai bigarren erdian. Bi urteko marmotek, 3.094 g-ko batez besteko masa zuten lehen erdi horretan, eta 3.433 g-ko batez besteko masara heldu ziren bigarren erdian.

Marmoten gorputz-masaz gain, populazioaren tamainak ere gora egin zuen. Populazioaren aldaketa-tasa, positiboa izan arren, oso apala izan zen 2000 urtera arte (0’56 ale/urte), baina hortik aurrera goratu egin zen eta 14’2 ale/urte izatera heldu. Gertaturiko aldaketak oso argi islatzen dira bi parametro horietan, baina bizi-zikloaren beste zenbait ezaugarri ere aldatu dira azken urteotan.

Marmoten biziraupena, batez ere marmota handienena, igo egin zen ikerketa-aldiaren bigarren zatian, eta aldi berean, banakoen hazkundea ere handiagoa izan zen, -ale gazteena batez ere-, aldi horretan. Horrez gain, tamaina handiko marmotek ugaltzeko aukera gehiago izan zuten eta horri esker, igo egin zen euren ugaltze-ahala ere.

Azken hamarkadan zehar gertaturiko populazio-hazkundea ondoko bi eragileei egotzi zaie: banako gazteen hazkunde garaiagoari eta ale helduen biziraupen handiagoari. Azken parametro hau, helduen biziraupen handiagoa, alegia, gakoa izan zen. Kontua da marmota helduek tamaina handiagoa zutela eta tamainak eragin positiboa zuela biziraupenean.

Ikerketaren emaitza nagusiak aurkeztu ditugu orain arte. Banakoen ezaugarriak eta populazioarenak kateatu dituen eragile-eraginen segida ikusiko dugu hemendik aurrera. Ale gazteen batez besteko hazkundea 1.523’7 g/urte-koa izan zen 2000 urtea baino lehen, baina 1.847’4 g/urte-koa izatera igaro zen hortik aurrera. Igoera horren ondorioz, bigarren urteko marmotek tamaina handiagoa eduki dute azken hamarkadan.

Hazkunde garaiago hori, dirudienez, tenperaturaren igoeraren emaitza izan da. Izan ere, tenperatura goratu den heinean, luzeago bilakatu da marmotak esnatuta dauden aldia. Hau da, ingurune-tenperatura igo egin denez, marmotek ez dute hibernatu behar hain denbora luzean zehar. Azken batean, hotz handia egiten duenean, oso garestia da gorputz-tenperatura konstante mantentzea, batez ere animaliak txikiak direnean; horrexegatik hibernatzen dute ugaztun batzuek, tenperaturaren eraenketaren kostua nabarmen murrizten baitute hibernazioaren bitartez. Beraz, ingurune-tenperaturaren igoerari esker ez dute hibernatu behar hain denbora luzean zehar eta horri esker, hazkunde-aldia luzatu egin da. Jakina, marmota berriak lehenago jaiotzen dira horren ondorioz eta beraz, hibernazio-unera arte denbora gehiago dago. Hortaz, hazteko tartea ere luzeagoa da. Horri dagokio, hain zuzen ere, marmoten gorputz-tamaina handitu izana.

Bestalde, tamainaren handitze horrek eragin ona izan du neguan zeharreko biziraupenean eta gehiago ugaldu dira horri esker. Izan ere, bi horiek, -biziraupen handiagoa eta ugaltze-ahal garaiagoa-, izan dira azken urteotako populazioaren ale kopuruaren igoera ekarri duten eragileak.

Hemen azaldu dugun gertaerak St Kilda uharteko ardiei gertatu zaiena dakarkigu burura, baina emaitza guztiz bestelakoa izan zen ardientzat. St Kildako ardien tamaina gero eta txikiagoa bilakatu da azken hamarkadetan zehar. Tenperatura garaiei esker ardi txikienek ere gainditzen dituzte neguko egoera gogorrak eta horren ondorioz, txikiagoa egin da populazioaren ardien batez besteko tamaina. Hemen ikusi duguna oso bestelakoa izan da, marmoten tamaina handitu egin baita, baina gertaera paraleloak dira, nonbait, zeren bi kasuetan populazio baten aleen bizi-zikloaren ezaugarri nagusiak aldatu egin baititu tenperaturaren igoerak.

Iturria: Arpat Ozgul, Dylan Z. Childs, Madan K. Oli, Kenneth B. Armitage, Daniel T. Blumstein, Lucretia E. Olson, Shripad Tuljapurkar & Tim Coulson (2010): “Coupled dynamics of body mass and population growth in response to environmental change” Nature 466: 482-487

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>