Kamaleoien trikimailua

Behin baino gehiagotan aritu gara hemen animalia homeotermoez. Homeotermiak dakartzan onurak ere ikusi ditugu, bai eta barne-tenperatura konstante mantendu ahal izateko animaliek energia asko xahutu behar dutela. Animalia poikilotermoez, berriz, ez dugu orain arte kasik ezer esan, nahiz animalia gehien gehienak poikilotermoak diren. Poikilotermo izatea askoz ere merkeago ateratzen da homeotermoa izatea baino, energiarik gastatu behar ez baita beroa sortzeko. Aldeko nabarmena da hori. Baina gorputzaren tenperatura konstante ez mantentzeak baditu bere kontrakoak ere. Konstante mantendu barik, kanpo-medioaren tenperatura-aldaketen menpe geratzen da barne-tenperatura ere; hau da, batera aldatzen dira biak, kanpoko eta barruko tenperaturak. Eta horrek, zenbait animaliari, kalte nabarmenak ekar diezaizkioke, gara dezaketen jarduera-maila tenperaturaren menpekoa baita.

Tenperaturak animalien jardueran izan dezakeen eragina garrantzi handikoa izan daiteke. Erreakzio kimiko oro dira tenperaturaren menpekoak. Beraz, tenperaturaren menpekoak dira erreakzio kimikoetan oinarritzen diren funtzioak ere; horren adibideak dira elikagaien zurgapena eta muskuluen uzkurketa, besteak beste. Hortaz, ingurune-tenperatura apalek mugatu egin dezakete animalia poikilotermoek egin ditzaketen mugimenduak, eta horrek garrantzi handiko ondorioak izan ditzake; esate baterako, harrapakin bat harrapatu ahal izateko edo harrapari batengandik alde egin ahal izateko ezinbestekoak izan daitezke mugimendu horiek.

Hain mugagarri gerta daitekeenez, animalia poikilotermo askok, neurri batean bederen, menpekotasun termiko hori murrizteko gaitasuna garatu dute. Hau da, animaliaren funtzioen eta metabolismoaren menpekotasun termikoa itxaron litekeena baino apalagoa izatea lor dezakete hemen zehaztuko ez ditugun zenbait mekanismoren bitartez. Horri esker, jakina, espezie horien txoko ekologikoa zabal daiteke, batez ere lehorreko animaliak badira, lehorrean tenperatur aldaketa bortitzagoak eta handiagoak gertatzen baitira ur-medioetan baino.

Aipatu menpekotasun termikoaren apaltze horrez gain, tenperaturaren aldagarritasunaren eragin zuzena ekiditeko bestelako taktikak garatu dituzte animalia zenbaitek ere, eta hemen horietako bat ikusiko dugu. Kamaleoiek garatu duten “trikimailuaz” arituko gara hurrengo lerroetan.

Kamaleoiak, beste narrasti guztiak bezala, poikilotermoak dira, baina oso txoko ekologiko zabala dute, batez ere euren antzekoak diren muskerrekin erkatzen baditugu. Kamaleoiak, “eseri-eta-itxaron” harrapariak dira. Mugitzen geldoak dira, eta gainera, kriptiko samarrak, oso ondo kamuflatzen baitira dauden inguruarekin; horri esker, balizko harrapakinak ez ohi dira ohartzen euren presentziaz. Eta harrapakinak ehizatzeko oso prozedura berezia dute: mihiaren jaurtitze balistikoa hain zuzen ere. Kamaleoien mihiaren jaurtitze-irudiak gogoan ditugu gehienok, seguraski, telebistako dokumentaletan askotan agertu baitira. Oso azkar jaurtitzen dute mihia; gorputzaren luzeraren bikoitza izan daitekeen arren, 0’07 segundutan luza dezakete (400 ms-2-ko azelerazioa). Ezaguna denez, produktu itsaskorra dute mihian eta bertan geratzen dira, itsatsita, mihiak ikutzen dituen intsektuak. Horixe da, hitz gutxitan, kamaleoien ehiza-prozedura.

Lehen esan bezala, oso txoko ekologiko zabala dute kamaleoiek, tenperatura-tarte zabaletan ehizatzeko ahalmena baitute. Ahalmen hori mihiaren mugimenduaren izaerari dagokio. Izan ere, mihia luzatzeko mugimendua ez baita muskuluek eraginda, mihiaren kolagenozko osagai  elastikoek baizik. Dirudienez, muskularra dena, mihia biltzeko mugimendua da; gero, luzatzen denean, askatu egiten da lehenago biltzerakoan sortu den tentsioa. Nolabait esatearren, baleztaren funtzionamenduaren antzekoa da kamaleoiaren mihiarena. Mihia biltzea, balezta bandatzearen moduko eragiketa da eta gero, bandatuta egonik, askatzea besterik ez dago. Horri esker, mihia luzatzeak, mihia jaurtitzeak, ez du menpekotasun termiko handiegirik erakusten: 10ºC-ko beherakada batek mihiaren abiaduraren eta potentziaren %10-20 jaitsiera dakar bakarrik, baina muskuluen uzkurtzearen abiadura eta potentzia %40 baino gehiago beheratzen da tenperatura-jaitsiera beraren ondorioz. Hau da, tenperatura apalegiek ez dute gehiegi murrizten mihia luzatzearen abiadura, bai ordea askatu osteko biltzearena. Baina intsektuak ehizatzerako orduan, mihia jaurtitzea da gakoa.

Trikimailu ederra kamaleoiek erabiltzen dutena! Horri esker oso tenperatura desberdineko tokietan bizi daitezke eta, gainera, goiz goizetik ehiza dezakete toki hotzetan, euren antzekoak diren beste narrastiek, hotzak eraginda, egin ezin dezaketena.

Christopher V. Anderson & Stephen M. Deban (2010): “Balistic tongue projection in chamaleons maintains high performance at low temperature.” PNAS, 107: 5495-5499.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>