
Tamainaren arabera aldatzen da animalien funtzio askoren abiadura edo intentsitatea. Denok dakigu animalia handiek txikiek baino gehiago jaten dutela, eta oxigeno gehiago arnasten dutela, esaterako. Baina, jaten denaren kantitatearen eta tamainaren arteko erlazioa edo arnasten den oxigeno-bolumenaren eta tamainaren artekoa ez dira linealak. Hau da, magnitude horiek ez dira guztiz proportzionalak eta gauza bera gertatzen da animalien funtzionamenduaren atal guztietan. Kontuan hartu behar da hori animaliekin esperimentuak egin nahi direnean. Begira, bestela, hori ez jakiteagatik psikiatra talde bati zer gertatu zitzaion 1962 urtean.
LSD (azido lisergikoaren dietilamida) drogak elefantean duen eragina ikertu nahi zuten psikiatra horiek. Baina ez zekiten zein zen erabili behar zuten dosia, lehenagoko ikerketarik ez baitzegoen egina hain animalia handiekin. Hori dela eta, katuak haserre jartzeko moduko dosia hartu zuten erreferentziatzat eta elefantearen eta katuaren masen arteko zatidura erabili zuten elefanteari eman beharreko dosia kalkulatzeko. Hau da, uste zuten dosi eta tamainaren artean proportzionalitate zuzena eta sinplea zegoela. Beraz, ondoko eragiketaren bitartez egin zuten kalkulua: DE = DK x [WE/WK] non DE elefantearentzako dosia, DK katuarentzako dosia, WE elefantearen masa eta WK katuaren masa diren; 300 mg-ko dosia atera zitzaien.
Dramatikoa izan zen elefanteari horrela kalkulaturiko LSD dosia eman ondoren gertatu zena. Droga txertatu eta berehala hasi zen elefantea orroka eta lasterka egiten; gero, gelditu egin zen eta lurrera erori; espasmoak izan zituen bost minutu geroago eta orduan, hil egin zen. Psikiatrek atera zuten ondorioaren arabera, LSD-arekiko sentikortasun handikoak ziren elefanteak. Egia esan, eta beste ikertzaile batek beranduago adierazi zuenez, elefantearen tamainako hanka-sartzea izan zen egindako dosiaren kalkulua.
Hanka-sartze handia eta tamalgarria izan zen bai psikiatra haiena, ez baitzuten kontuan hartu animalien fisiologian oinarrizkoa den kontu hau: lehen esan bezala, animalien funtzioen eta tamainaren arteko erlazioak ez direla guztiz proportzionalak. Izan ere, animaliek masa unitateko jaten duten kantitatea edo arnasten duten oxigeno bolumena gero eta txikiagoak dira animaliaren tamaina handitzen den heinean. Unibertsala den arau hau ahaztea edo kontuan hartu ez izana da psikiatra horiei leporatu dakiekena
Hori esanda, aitortu behar da elefantearentzako drogaren dosiaren kalkulua ez zela ariketa erraza, tamainaren eraginaz gain bazeudelako kontuan hartu beharreko eta ezezagunak ziren beste zenbait faktore, tamainarekin elkarrekintza desberdinak izan zezaketeenak. Batetik, ez zen ezagutzen zein funtzio fisiologikotan (edo zeintzuetan) izan zezakeen eragina azido lisergikoak, eta bestetik animalia mota desberdinek LSD-aren aurrean ager dezaketen sentikortasuna oso aldagarria izan daiteke.
Gauzak horrela, ezagunak ziren emaitzetan oinarrituta funtsezkoa zen erreferentzia egokia aukeratzea eta zuhur jokatzea; eta honetan ere ez zuen asmatu psikiatren taldeak: LSD-aren aurreko jasankortasun handia dute katuek. Beraz, katua ez zen erreferentziarik egokiena drogarekiko sentikortasunari dagokionez. Gizakiak ez du, inondik ere, hain jasankortasun handia eta elefanteari buruzko informaziorik gabe, aukera hobea zen gizakia hartzea kalkulurako erreferentziatzat. Izan ere, 0’2 mg-ko dosiak eragin psikotiko nabaria du gizaki batengan eta, beraz, zoritxarreko esperimentuko proportzio hertsiaren logika berbera erabiliz, 8 mg-ko dosia eman beharko zitzaion elefanteari eta ez eman zioten 300 mg-koa.
Bestalde, eta aipatu bezala, tamainarekiko menpekotasuna ez da berdina funtzio guztien kasuan. Hortaz, oso zaila zen jakitea zein izango zen dosirik egokiena, LSD-aren eraginarekin loturik egon zitekeen funtzio fisiologikoa zein zen ez baitzekiten.
Istorio hau Knut Schmidt-Nielsen fisiologo handiak idatzi zuen bere “How animals work” (1972) liburu txiki bezain ederrean. Berak, bost aukeraren arabera kalkulaturiko dosiak erkatu zituen bost logika desberdin erabiliz. 1) Aukera ausartena eta buruarinena hautatuz, psikiatrek egin zutena hain zuzen ere, 300 mg-ko dosia ateratzen zen; 2) Katuaren dosia erreferentziatzat hartuz, baina tamainak tasa metabolikoan duen eragina ondo erabilita, 80 mg-ko dosia erabili beharko zuten.3) Gizakiarentzat eraginkorra den dosia hartu izan balute erreferentzia modura, nahiz eta tamainaren eragina ez hartu kontuan, 8 mg-ko dosia aterako zitzaien. 4) Gizakiaren erreferentziarekin eta taminaren eragina modu egokian erabilita, ordea, 3 mg-ko dosia zegokion elefanteari, 5) Azkenik, aukera zuhurrenaren arabera, elefantearen eta gizakiaren garunen arteko aldea hartuz erreferentzia modura, 0’4 mg-koa litzateke erabili beharreko dosia.
Hortaz, zalantzarik egonez gero, argi dago kalkulu zuhurrena egin beharko zela. Tamalez, ikertzaileek ez zuten tamainaren eraginari buruzko ideiarik ere, eta bakarra izan ez bazen ere, horixe izan zen gaindosia erabiltzearen arrazoi nagusia. Horregatik hil zitzaien elefantea.
Oharra: New Scientist aldizkariak 2007ko azaroaren 3an argitaratu zuen “Top 10 Bizarre experiments” 10 esperimentu xelebreenen zerrendan lehen postuan agertzen da goian azaldu dugun Tusko izeneko elefantearen pasadizoa.


[...] dira barne-prozesuak ere. Horixe ikusi genuen LSDa eta elefantearen istorioan, adibidez (hemen irakur [...]