Jaioberrien berogailua, argaltzeko tresna berria?

Haur jaioberriakMetabolismoa da animalia homeotermo guztien bero-iturri nagusia. Iturri hori gabe gorputz-tenperatura ezin izango lukete mantendu konstante. Metabolismo-jarduera osoari dagokio bero-ekoizpena, baina animalia homeotermo zenbaitek beroa ekoizteko berariazko zeregina duen ehun mota bat dute; gantz nabarra deitzen zaio ehun horri.

Gantz nabarra eta gantz zuria dira ugaztunen gantz-ehun mota biak eta oso desberdinak dira. Gantz zuriak zeregin desberdinak bete ditzake, bere konposizio eta kokapenaren arabera, baina energia gordetzeko osagai oso egokia izanik, energia-erreserba izatea da bere zeregin nagusia animalietan zehar.

Gantz nabarrak, berriz, zeregin bakarra du, alegia, beroa sortzea. Gantz nabarra osatzen duten zeluletan lipidoak daude, jakina, baina lipidoekin batera mitokondrioen dentsitate garaia dago zelulotan eta horrez gain, odol-hodien dentsitate handia dago. Adipozitoek[1] mitokondrio asko edukitzea, batetik, eta gantz-ehunean odol-hodi ugari egotea, bestetik, metabolismo-jarduera garaia dagoenaren adierazle dira. Eta halaxe da: metabolismo-jarduera garaiko ehuna da gantz nabarra. Ordea, jarduera metaboliko horrek ez du inolako lanik egiten, ez lan biologikorik ez eta lan fisikorik ere. Lanaren ikuspuntutik antzua da. Baina beroa sortzen du, horixe baita bere zeregin bakarra.

Aski ezaguna denez, adenosin trifosfatoa (ATP) sortzea da energia-sustratuen katabolismoaren helburu eta ondorio nagusia. Bere fosfato-loturetan energia kimiko asko dagoenez, era desberdinetako lanak (muskulu-uzkurketa, gatzen garraioa, proteinen sintesia, elikagaiak xurgatzea, eta abar) egin daitezke energia kimiko hori erabiliz. Gantz nabarrean, berriz, ez da ATPrik sortzen lipidoen katabolismoaren ondorioz. Sustratuen katabolismoa eta ATParen ekoizpenerako bidea bananduta daude gantz nabarraren zeluletan. Proteina desakoplatzaile (UCP) edo termogenina deritzon proteina berezi bati esker gertatzen da banatze edo desakoplatze hori[2].

Gantz nabarrak garrantzi handiko zeregina betetzen du hibernatzen duten animalietan, baina horietaz ez gara arituko hemen (beste sarrera baterako utziko dugu). Eta bestalde, ugaztun jaioberrietan ere betebehar garrantzitsua du. Lipidoen katabolismoaren ondorioz sortzen den beroa ezinbestekoa zaie pairatu behar dituzten bero-galerak konpentsatu ahal izateko eta, era horretara, balantze termikoa konstantea mantentzeko.

Gorputzaren masa osoaren %5 izan daiteke gantz nabarra ume jaioberrietan, oso beharrezkoa baitzaie gantz horrek sortzen duen beroa. Hortaz, txikiak izanik, gorputz-azalera handia dute eta beraz, bero gehiago galtzen dute gizon-emakume handiek baino; bestalde, burua ere, oso handia dute eta ondo baino hobeto dakigunez, burua da bero gehien galtzen duen gorputz-ataletako bat[3]. Hori gutxi balitz, muskuluak guztiz garatu gabe edukitzeagatik ez dute dar-dar egiteko ahalmenik, ez eta bestelako muskulu-uzkurketa eraginkorrik egiteko modurik ere. Arrazoi onak dituzte ume jaioberriek, beraz, beroa sortzeko berariazko sistema bat edukitzeko.

Gero, hazterakoan, dardaratzeko ahalmena eta bestelako muskulu-jarduerarako gaitasuna eskuratzen dituzte haurrek eta, horrekin batera, gantz nabarra galdu egiten dute. Edo hori uste genuen lehen. Izan ere, duela gutxi aurkitu dute gizon-emakume heldu zenbaitek gantz nabarra ez dutela galtzen, edo ez dutela osorik galtzen. Ezezaguna da zatiko galtze edo ez-galtze horren arrazoia, baina behaketa interesgarri bat egin dute horretaz aritzen diren ikertzaileek: gantz nabarra galdu ez duten gizon-emakumeak gainontzekoak baino argalago daude. Seguraski, gantz horri esker beroa sortzeko gastatzen dute xurgatzen duten energiaren zati bat, eta horrexegatik daude besteak baino argalago. Hortaz, ez gizentzeko teknika berriak bilatzen ari dira ikerketa horretan, helburu horrekin aztertzen ari baitira gantz nabarra nahi duenari txertatzeko aukeraren balizko bideragarritasuna eta ondorioak.


[1] Adipozitoak lipidoak metatzen dituzten zelulak dira

[2] Ez dugu hemen azalduko zein den gertaera horren arrazoia, ondo ulertu ahal izateko mitokondrioen funtzionamendua ezagutu behar baita. Baina interesa izanez gero, Fisiologiako edozein liburutan aurki daiteke.

[3] Duten masa txikiarekin erkatuz dira handiak, noski, umeen gorputz-azalera eta burua, alegia, neurri erlatiboetan.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>