Garestia ote da pentsatzea?

cerebro[1]Garuna garestia da. Garun-ehuna sortzeko lipidoak behar dira. Gainera, eta beste sarrera batean ikusi genuen bezala, asegabeak  edo asegabatasun-maila garaikoak dira lipido mota beharrezkoenak; horiek sintetizatzeko ahalmenik ez dugunez, janari mota jakin batzuetara jo behar dugu eskuratu ahal izateko. Baina garuna garestia dela esaten dugunean, ez gara horretaz ari, garunaren funtzionamenduaz baizik.

Gizabanako baten metabolismo-jarduera osoaren %20 bat dagokio garunari atseden-egoeran. Gauzak aldatu egiten dira atseden-egoeran egon beharrean jarduera-maila emendatzen baldin bada, noski, lan fisikoa eginez gastu muskularra handia izan baitaiteke. Baina, esan bezala, atseden-egoeran ere oso handia da garunari dagokion metabolismo-gastua. Horrexegatik esan dugu garuna garestia dela. Azken batean, eta jarduera fisiko handia egin ez arren, jaten dugunetik lortzen dugun energiaren bosten bat garunaren funtzionamendua mantentzera doakigu. Ez da gutxi, ordea.

Francis Benedict (1870-1957) ospe handiko fisiologoak jakin nahi zuen garunaren kostua zein neurritan den buru-lanaren mailaren menpekoa, eta asmo horrekin, buru-ahaleginak dakarren energia-gastua zein den neurtu zuen. Unibertsitate-ikasleen talde bat erabili zuen horretarako. Ezertan ere ez pentsatzeko eskatu zien; hau da, burua hutsean uztea. Aritmetika-kalkulu zailen sorta bat azkar egiteko eskatu zien gero. Eta bi egoera horietan neurtu zien metabolismo-tasa ikasleei.

Lortu zuen emaitzak harritu egin zuen, nonbait, Benedict doktorea, oso alde txikia aurkitu baitzuen bi buru-jarduerei zegozkien energia-gastuen artean. Izan ere, kakahuete erdiaren energia-edukiari dagokion gastua izan zen ordu batean zeharreko pentsatze nekezari zegokiona.

Bi ondorio atera ditugu guk esperimentu horretatik. Bata da pentsatze neketsua ez dela argaltzeko biderik egokiena, eta bestea, pentsatzeak dakarren nekea ez dela ez pentsatzeko aitzakiarik egokiena, hutsaren hurrengoa baita.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>