“Urrezko gezi pozoitsua” izena duen igel bat bizi da Colombia-ko Ozeano Bareko kostaldeko ohianetan. Izenak berak ezin hobeto adierazten du igelaren ezaugarririk behinena, oso pozoitsua baita. Izan ere, ezagutzen den ornodunik pozoitsuena da Phyllobates terribilis, horixe baita bere izen zientifikoa.
Phyllobates terribilis igela ikaragarriak batrakotoxinari dio zor bere izaera pozoitsu hori. Zenbait alkaloide esteroideok osatzen duten pozoi-taldeko toxinei deritze batrakotoxina eta zenbait igel, kakalardo eta hegaztitan aurkitu izan dira. Toxikoak dira guztiak, -neurotoxiko eta kardiotoxikoak-, baina Phyllobates terribilis igelak eta Melyridae familiako kakalardoek dute toxizitate handieneko batrakotoxina. Igelak ez bide du sortzen berez batrakotoxina; Melyridae familiako kakalardoak jan eta euren toxina pilatu egiten du. Beraz, toxinak ez du eraginik igelean.
Batrakotoxinak neuronen sodio-kanaletan du eragin kaltegarria, kanalearen ioiekiko hautakortasuna eta boltajearen menpekotasuna aldatzen baititu. Neuronaren axoian zehar hedatuz doan despolarizazio iragankorra da nerbio-bulkada, eta boltajearen menpekoak diren sodio eta potasio kanalei esker transmititzen da. Neuronaren mintza despolarizatzen denean sodio-kanalak irekitzen dira eta horrek dakarren sodioaren neuronarazko sarrera da despolarizazioa hedatzen duena. Apur bat beranduago irekitzen dira potasio-kanalak eta horri esker polarizatzen da mintza berriro ere. Horiexek dira nerbio-bulkadaren gertaera garrantzitsuenak. Batraziotoxinaren eraginez, sodioaz gain, beste ioi handiagoak ere igaro daitezke sodio-kanaletik eta gainera, irekita mantentzen ditu. Etengabeko despolarizazioa sortzen da horrela. Hortaz, mintza ezin bada berriro polarizatu, seinalea ezin daiteke transmititu eta muskuluen paralisia gertatzen da horren ondorioz.
Lehen esan bezala, kardiotoxikoa ere bada batrakotoxina, bihotz-uzkurketa egokirako ezinbestekoa den bihotz-muskuluaren mintzaren despolarizazioaren transmisioa oztopatzen duelako. Zenbait ondorio kaltegarri gertatzen dira (arritmia, extrasistole eta beste) eta azkenean gelditu egiten da bihotza.
Phyllobates terribilis bereziki pozoitsua da, familia bereko igelek baino 27 bider toxina gehiago baitu eta 20 bider toxikoagoa baita bere batrakotoxina. Gizaseme bat hiltzeko, 100 µg nahikoak dira; izan ere, puxika-arrainaren tetrodotoxina baino 10 aldiz toxikoagoa edo kurarea baino 15 aldiz toxikoagoa da batrakotoxina, baina ez da iristen pozoi botulinikoaren toxizitate-mailara.
Igelaren defentsarako tresna da batraziotoxina. Hori dela eta, erasotua denean edo mehatxatua sentitzen denean, larruazalean dituen guruinek jariatzen dute pozoia. Beste pozoi askorekin gertatzen den bezala, Colombiako mendebaldeko Noanamá Chocó eta Emberá Chocó herritarrek ehizarako erabiltzen dute euren heziak pozoiaz bustiz.
Oharra: argazkia webgune honetatik hartua dago eta Creative Commons baimenaren baldintzen menpe erabil daiteke.


Orain dela urtebete t’erdi-edo, “batraziotoxina”-ri buruzko iruzkina bidali nizun eta esan zenidan baietz, aldatuko zenuela eta bere ordez “batrakotoxina” ipiniko zenuela. Orain fisioko mintegi bat animalien pozoiei buruzkoa denez eta zuen bloga kontsultatzeko aholkatu diedanez, mesedez, oraindik adoz bazaude eta iritziz aldatu ez baduzu, egingo duzu aldaketa zuen textuan?
Hau da in illo tempore bidali nizun iruzkina:
Erabat arraroa egin zait “batraziotoxina” hitza. Nik ezagutzen nuena “batracotoxin/batrachotoxin” zen (ez dakit ingelesek zergatik gehitzen dioten c-aren osteko h hori, agian adjektiboa “batrachian” egiten dutelako izango da) eta erdaraz “batracotoxina”. Ikusi ahal izan dudanez, gazteleraz “batraciotoxina” ere erabiltzen da; euskal hitza eratzeko, azken horren moldaera ortografikoa egin duzue, c-aren ordez z ipinita. Agian azken boladan gazteleraz batraciotoxina erabiltzea erabaki dute, baina nik euskaraz batrakotoxina esaten jarraituko nuke (bizidunen arteko gerra kimikoari buruzko UEUko hitzaldi gogoangarri hartan (termiten adibidea oraindik gogoratzen duzu) nik batrakotoxina hitza erabili nuen. Horrek ez du batere garrantziarik, bai ordea “Elhuyar” hiztegian batracio begiratzen duzuenean “batrakio” agertzeak (Batracus hitza batrakus irakurtzen delako). Horrek “batrakiotoxina” (edo hitz-elkarketa arrunta eginda “batrakio-toxina” (toxina de los batracios, alegia) egitera eramango gintuzke.
Beraz, nik ingelesaren errotik “batrakotoxina” egingo nuke, ala, alternatiboki, Elhuyar hiztegiari jarraituz “batrakiotoxina” (batrakio-toxina?, hitz-elkarketa “oraindik asimilatu gabea” eginez?), baina ez zuek erabilitako “batraziotoxina”. “Espainolegia” iruditzen zait, izan ere, hitz hori gazteleratik hain gertu egonda, jendeak “batraciotoxina” moduan ahoskatuko duelako. Nire ustez, ahal dugun bezain bestetan arrisku fonetiko horretatik ihes egin beharko genuke (ez al duzue inoiz entzun euskaldun peto-petoak omen diren horien ezpainetan “partidu socialístak aho batez onartu du …”, eta antzeko mordo bat?). Zuek erabaki.