Pitoiaren baraualdiak

normal_piton_albina_101_0580~0[1]Erreginatxo marradunaren digestio-sistema” izenburuko sarreran ikusi genuen bezala, hegazti horren digestio-sistemak erregresio-prozesu bat jasaten du migratu behar duen bakoitzean. Erregresio-prozesu horren ondorioz funtzionalitatea (digeritzeko ahalmena) galtzen du digestio-sistemak, baina horrela, energia asko aurrez dezake erreginatxo marradunak. Izan ere, jan gabe egoten da migrazioa irauten duen bitartean eta jan gabe egonik, ez dio merezi lanean mantentzea digestio-sistema, metabolikoki oso sistema aktiboa baita eta energia asko gastatzen baitu.

Portaera hori ez da, inondik ere, salbuespen bat. Pitoia dugu, esaterako, jokaera beraren muturreko kasu bat. Hemen ikusi ditugun beste zenbait animalia bezala, “sit-and-wait” (eseri eta itxaron) harraparia da pitoia. Hau da, bere harrapakinak ez ditu bilatzen aktiboki, itxaron egiten baititu. Hori horrela, denbora luze (hainbat aste) igaro daiteke harrapakin bat hurbildu arte. Gerta daiteke, beraz, denbora luze baraurik egon behar izatea. Hortaz, erreginatxo marradunaren antzera, pitoiaren digestio-sistemak ere erregresio-prozesu bat jasaten du, nahiz eta jan gabe egoteko arrazoiak desberdinak diren kasu batean eta bestean.

Hori bai, horren denbora luze baraurik egon ondoren, tamaina handiko harrapakinak ehiza ditzake pitoiak eta ez bakarrik ehiza, osorik irentsi ere. Horren handiak izan daitezke harrapakinak, ezen ehizakinaren pisua pitoiaren pisuaren %70ra hel daitekeen.

Jakina, baraualdiaren ondoren funtzionalitatea galdua du digestio-sistemak, baina oso denbora laburrean berreskura dezake. Izan ere, Python molurus Birmaniako pitoiak 24 ordutan bikoiztu egiten du erdialdeko hestea, heste epitelio berria sortuaz batez ere. Aldi berean proteina garraiatzaileen sintesi biziki handia gertatzen da hestearen epitelioko zeluletan; izan ere, glukosa eta aminoazidoen garraiatzaileen dentsitatea hogei aldiz igo daiteke. Eta jarduera horren ondorioz, metabolismo-tasa berrogei bider handiagoa izan daiteke 24 ordu horiek igaro ondoren, sintesi-jarduerak metabolismo-behar handiak sorrarazten dituzte eta.

Bitxia da, bai, pitoiaren digestio-sistemaren portaera, baina zentzu handikoa era berean, oso garestia baita digestio-sistema bat aktibo mantentzea. Hortaz, etekinik atera ezin daitekeenean, “itzali” egiten dutela esan genezake. Oso malgua da, beraz, pitoiaren digestio sistema, baina ez da ahaztu behar hau ez dela salbuespen bat, joera orokor baten muturreko adibidea baizik.

Iruzkin bat honentzako: Pitoiaren baraualdiak

  • [...] oso tarte luzea izan daiteke igaroko dena. Gogora ezazu, irakurle: ber gauza gertatzen zitzaion “Pitoiaren baraualdiak” izenburuko sarreran aurkeztu genuen pitoi sugeari. [1] Zain-hutsegitea deitzen zaio [...]

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>