Batzuek gustukoa dute esnea; beste batzuek, berriz, ezin dezakete edan. Jende helduaren artean asko dira esneak kalte egiten diela diotenak, digeritu ezin dezakete eta. Zehatzak izateko, esnearen laktosa da digeritu ezin dezaketena. Laktosa digeritu ezin izate horri laktosarekiko intolerantzia deitzen zaio.
Laktosa disakarido bat da, bi hexosaz osatua dagoen azukrea. Horrelako azukreak digeritu ahal izateko, diskaridasak behar dira, disakaridoak hidrolizatzen laguntzen duten entzimak. Laktosaren kasuan laktasa da disakaridasa hori. Laktasa, beste disakaridasak bezala, hestearen epitelioko zelulen mintzean dago, hestearen argira begira dagoen aldean. Mintzean egotea garrantziztsua da: laktosaren digestioaren ondorioz sortzen diren bi monosakaridoak, glukosa eta galaktosa, xurgatzen baitira digestioaren prozesu berean.
Zer gertatzen da, baina, laktosa digeritu ezin daitekeenean? Digeritu barik, hestearen argian gelditzen da laktosa. Hori dela eta, hestean dagoen mikroflorak hartzitu egiten du eta hartziduraren ondorioz gasak sortzen dira, gas horiek dakarten ondoezarekin. Baina horrez gain, eragile osmotikoa da disakarido hori; hau da, hestearen argian xurgatu gabe dagoen bitartean ura erakartzen du eta, horren ondorioz, ura iragaten da barne mediotik hestearen argira. Ur hori galdu egiten da digestioaren hondakinekin batera, gorotzekin batera, beherakoa gertatuz. Ondoeza alde batera utzirik, deshidratazioa ere ekar dezake laktosa digeritu ezin izateak. Esnearekiko nazka eta errefusa dira ezintasun horren ondorioak eta, beraz, esneak dituen makro eta mikroelikagaiak baliatzeko aukera galtzen da horrela.
Laktosarekiko intolerantziak jatorri bi izan ditzake. Lehen mailako intolerantzia deitzen duguna oso arrunta da eta gizabanako askori gertatzen zaie titia kendu ondoren. Geroago arituko gara intolerantzia mota horretaz. Bigarren mailako intolerantzia, berriz, heste hodiaren gaixotasunek sorturikoa da. Zenbaitetan, heste hodiaren gaixotasun batek laktasaren gabezia ekar dezake. Gaixotasun zeliakoa, Crohn-en gaitza, edo hantura-gaixotasunak egon daitezke intolerantzia mota horren oinarrian. Eta zenbaitetan, birus- edo bakterio-infekzioak dira bigarren mailako intolerantzia sorrarazten dutenak. Oso arruntak dira horiek, esaterako, haurren artean. Infekzio-gaitz batek heste hodiaren mukosa kaltetzen duenean epitelio-zelula asko galtzen dira eta beraz, zelula horien mintzetan dagoen laktasa ere galtzen da. Hortik dator esnea digeritu ezin izatea.
Baina askoz hedatuago dago lehen mailako laktosarekiko intolerantzia, gizabanako gehienei eragiten baitie intolerantzia mota horrek. Lehen mailako intolerantzia, berez, ugaztun gehienei gertatzen zaie amagandiko edoskitze-aldia bukatu ondoren. Esnea, azken batean, ugaztunen lehen hilabete edo lehen urteetako jakia da eta, beraz, ez luke zentzurik izango bizitza osoan zehar beharrezkoa izango ez den entzima bat, -laktasa-, ekoiztea. Izan ere, ume batzuengan bigarren urtetik aurrera hasten da laktasa-jarduera beheratzen.
Zenbait herritako gizakiek, baina, esnea digeritzeko ahalmena mantentzen dute bizi osoan zehar, laktasa sortzen baitute titia kendu ondoren ere. Ahalmen hori, esan bezala, ez da unibertsala eta duela 8.000 urte[1] sortu zen abereak etxekotu zituzten zenbait herritan. Horri esker, esnea bezain elikatze-balio handia duen jakia erabili ahal izan dute eta, bereziki, D bitamina- eta kaltzio-emari egokia bermatu ahal izan dute. Gogoan izan behar dugu kaltzioa eta D bitamina hezurrak osasuntsu hazteko ezinbesteko elikagaiak direla.
Hortaz, goi latitudeak kolonizatzeko moldapen baliotsua izan da esnea digeritu ahal izatea, latitude horietan argi gutxi baitago eta argi gutxi egonda D bitamina gutxiago sort baitaiteke. Eguzki-argiaren izpi ultramoreei esker sortzen dira D2 bitamina (ergosteroletik) eta D3 bitamina (kolesteroletik). Izan ere, interes handikoak da laktosarekiko intolerantziari dagozkion herrien arteko desberdintasunei begiratu bat ematea. Horra zenbait datu: herbeheretarrak: %0; suediarrak: %1; danimarkarrak: %3; ingelesak: %6; errusiarrak: %15; espainiarrak: %15; europar jatorriko estatubatuarrak: %24; grekoak: %53; Australiako aborigenak: %67; italiarrak: %71; arabiarrak: %80; afrikar jatorriko estatubatuarrak: %81; eskimalak: %83; afrikarrak: %83; mexikarrak: %83; nigeriarrak: %; 89; Estatu Batuetako aborigenak: %95; tailandiarrak: %98; asiar jatorriko estatubatuarrak: %100. Oso esanguratsua da eskimalei dagokien datua, aldaketaren joera latitudearen araberakoa ez dela frogatzen baitu. Aipagarria da, halaber, Estatu Batuetako aborigen eta europar jatorrikoen arteko aldea. Argi dago herri europarretan gertatzen dela laktosarekiko tolerantzia handiena, Europan esne-abereek beste inon baino garrantzi handiagoa izan dute-eta historia osoan zehar.
[1] Aurten egin diren aurkikuntza berrien arabera, baliteke ahalmen hori lehenago ere (duela 12.000 urte) sortu izana.

