Tukanaren mokoa

toco-toucanBuffon naturzale handiak idatzi zuen tukanen mokoak, hain handiak izateagatik, munstro-luzakinak direla. Darwin-ek uste zuen hautespen sexualaren emaitza direla, baina Darwinena ez da mokoaren tamainaren zergatia azaltzeko proposatu den hipotesi bakarra. Joan den uztailean G. J. Tattersall-ek eta lankideek, tukanaren mokoaren zereginari buruzko artikulu bat argitaratu zuten Science aldizkarian. Artikulu horretan aurkezturiko ikerketaren emaitzen arabera, zeregin garrantzitsua betetzen du mokoak hegaztiaren termorregulazioan. Ikertzaileek artikuluan adierazitakoaren arabera, bereizi egin behar dira mokoak betetzen duen zeregina eta hegazti horien eboluzioan zehar mokoaren morfologia baldintzatu duten hautespen-indarrak. Eurak, zereginaz aritu dira.

Barne-tenperatura eraentzen duten animalia guztiek egiten duten bezala, bero-galera eta bero-irabazpena berdindu behar dute tenperatura konstante mantendu ahal izateko. Ezaguna denez, metabolismo-jarduerak sortzen duen beroari dagokio bero-irabazpena; beraz, jarduera garaia denean, bero gehiago sortzen da eta, horren ondorioz, gehiago da disipatu behar dena. Bero-galera, bestalde, modu desberdinetan gerta daiteke, baina kanpo-tenperaturaren menpekoa izaten da beti. Hortaz, kanpoko tenperatura garaia denean, zailago izaten da beroa galtzea, barne- eta kanpo-medioen tenperaturen arteko aldea txikiagoa egiten baita. Tukanaren mokoaren gainazalaren tenperaturak aldaketa nabarmenak jasaten ditu kanpo-medioaren tenperaturaren aldaketen arabera. Izan ere, mokoaren gainazalaren tenperatura nabarmen goratzen da ingurumen-tenperatura 21 ºC-tik gora igotzen denean.

Bestalde, ingurune-tenperaturaz gain, hegaztien jarduera-maila ere mokoan zeharreko bero-galeraren baldintzatzaile handia da. Hegan egiten dutenean 10-12 bider handiagoa da tukanen bero-ekoizpena eta, beraz, askoz ere bero gehiago disipatu behar dute tenperatura konstante mantendu ahal izateko. Egoera horretan ere, garrantzi handikoa da tukanaren mokoaren zeregina.

Nola eraen dezake tukanak, ordea, mokoaren gainazalean zehar galtzen duen beroa? Bada, odol-zirkulazioaren kontrolean dago erantzuna. Odol-hodiez josita dago mokoa eta odol hodi horien irekitze-graduaren menpekoak dira behaturiko mokoaren gainazalaren tenperatura-aldaketak. Hortaz, tukanak kontrol hertsia du mokoaren odol-zirkulazioaren gainean. Horra kontrol horren erakusle argia: 25 ºC-en azpitik buruhezurretik hurbilen dagoen mokoaren aldea da beroa galtzen duen bakarra, baina ingurune-tenperatura 25 ºC-tik gora doanean moko osotik galtzen da beroa, odol-hodi guztiak irekitzen baitira.

Asko dira odol-zirkulazioaren kontrolaren bitartez bero-galera eraentzen duten animaliak. Atunaren sare miresgarria izan genuen hemen aztergai duela gutxi: odol-hodien sare horri esker gorde dezakete atunek sorturiko beroaren zati bat. Elefanteek ere, euren belarrietan zeharreko odol-zirkulazioa kontrolatzen dute.

Eta urrutira joan gabe, guk, gizakiok, berdin jokatzen dugu. Hotza egiten duenean murriztu egiten zaigu larruazalaren azpitik doazen hodietan zeharreko odol-zirkulazioa eta barrurago dauden odol-hodietatik bideratzen da odol gehiena. Eta alderantziz egiten dugu beroa egiten duenean. Gertaera horren erakusle argiak dira larruazaletik hurbil diren odol-hodiak; izan ere, besoetako odol hodiak oso ikusgarriak dira bero egiten duenean, jende argalarenak batez ere. Eta mekanismo honexek berak eragiten du, gure aurpegiak zurbilago egotea hotz dagoenean, kolore biziagoa azaltzea kanpoan epelago dagoenean, eta kolore gorria erakustea bero garenean.

 Elhuyar aldizkariaren bitartez izan genuen istorio honen berri; gero ondoko erreferentziara jo genuen informazio guztiaren bila: G. J. Tattersall, D. V. Andrade eta A. S. Abe (2009): “Heat exchange from the Toucan Bill Reveals a Controllable Vascular Thermal Radiator”. Science 325, 468 (DOI: 10.1126/science.1175553)

Argazkia Numbertheory blogetik hartu dugu.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>