Orain dela gutxi arte adituek pentsatzen zuten gizakiok laster egitean ez dugula abiadura optimo bat. Distantzia jakin bat korritzeko energia-gastu txikiena dakarrena da abiadura optimoa. Garrantzizko kontua da hau gizakiaren eboluzioaren ikerketan. Izan ere, iraute-ehizarako beharrezkoa izan daiteke laster egitea, eta iraute-ehiza garrantzi handikoa izan da, gure generoaren historian, haragi-baliabideak eskuratzeko.
Abiadura optimo bat egon gabe, energia-gastua ez litzateke izango abiadura bat edo bestea aukeratzeko irizpidea lasterka egin behar denean. Eta horrek garrantzizko ondorioak ditu. Energia-gastuaren aldetik laster egitearen abiadurak eraginik ez badu, edozein abiadura, -posibleak direnen artean-, aukera daiteke harrapakinen atzetik joateko. Hortaz, edozein abiadura aukera badezakete ehiztariek, harrapakinarentzat optimoa ez dena aukeratu beharko lukete, abiadura azpioptimoan harrapakina lehenago nekatzen delako. Jakina, abiadura optimorik egon ezean, ehiza-estrategia malguez jokatzeko aukera dute/zuten ehiztariek; horrexegatik da garrantzitsua abiadura optimoa egotearen ala ez egotearen kontu hori.
K. L. Steudel-Numbers eta C. M. Wall-Scheffler ikertzaile (emakume) estatubatuarrek aurten argitaratu duten ikerketa baten arabera, laster egiteko abiadura optimoa dugu gizakiok ere. Hau da, guk ez daukagu lehen uste zen malgutasuna. Hori dela eta, iraute-ehizan aritzen den gizabanako batek laster egiteko abiadura aukeratu behar duen unean bi faktore hartu beharko lituzke kontuan, bere abiadurak dakarren gastua, batetik, eta ehizakinarenak dakarrena bestetik.
Gizonezkoen abiadura optimoa, 3’7 m s-1-koa da, eta emakumezkoena, 2’9 m s-1-koa[1]. Bestalde, iraute-ehizan gaur aritzen diren herrietan egindako behaketetatik ondorioztatu denez, 27’8 km-ko distantziak korritzen dira, batazbeste, iraute-ehiza batean. Datu horiek erabili dituzte ikertzaileek Homo generoko arren energia balantzea aztertzeko. 27’8 km-ko iraute-ehiza batean 1.800 kcal gastatzen dira lasterka egiten abiadura optimoan eta 2.100 abiadura azpioptimoan.
Gaurko iraute-ehizetako batazbesteko abiadura 1’72 ms-1-koa da eta ibiltzea da abiadura horretan gehienetan aukeratzen den lokomozio-mota. Baldintza horien menpe, 1.600 Kcal gastatuko lirateke. Ibiltzen denean, baina, 1’72 ms-1 ez da abiadura optimoa. Ikertzaileek emandako datuen arabera, 1.400 kcal-koa izango litzateke abiadura optimoaren menpe gertatuko litzatekeen gastua[2]. Datu horiek era egokian baloratzeko, kontuan hartu behar da Homo-ren eguneko energia-sarrera osoa, gutxi gorabehera, 2.500 kcal-koa dela. Oso desberdinak dira, beraz, abiadura eta lokomozio-modu desberdinen menpe egindako iraute-ehiza batean gertatzen diren energia gastuak. Hortaz, kontuan hartzen badugu biziraupenari eta ugaltze-ahalmenari begira energia-balantzeak duen eragina, erraz jabetu gaitezke abiadura ondo aukeratzeak duen garrantziaz. Iraute-ehizetan optimoak diren abiadurak aukeratzen ez badira, horrek esan nahi du laster egitearen energia-gastua eta efizientzia ez direla abiadura aukeratzeko irizpide nagusiak.
Beraz, ehizakinen abiadurei ere erreparatu behar diegu. Lau hankako ugaztunetan, abiadura optimo bat dagokio lokomozio mota bakoitzari (ibiltzen, trostan edo lauhazka); kontu ezaguna da hori. Bestalde, oso desberdinak dira abiadura optimoak espezietan zehar, baina, gizakien tamainarekin gertatzen den bezala, harrapakin handien abiadura optimoak azkarragoak dira harrapakin txikienak baino. Horren ondorioz, ehizakin handiak harrapatu nahi badira, azkarrago egin behar da lasterka eta, beraz, optimotik urrun dagoen abiadura aukeratu behar da. Gastua nabarmen goratzen da horrela, bai, baina horren truke, ehizakina harrapatuz gero, askoz ere energia gehiago eskura daiteke. Batak (etekin handia), bestea (gastu handia) konpentsa dezake ehiza arrakastatsua suertatzen bada.
Erreferentzia: Karen L. Steudel-Numbers & Cara M. Wall-Scheffler (2009): Optimal running speed and the evolution of hominin hunting strategies. Journal of Human Evolution, vol. 56: 355-360.
Oharra: argazkia “Mail online” egunkaritik hartu dugu.
[1] Guztiz argi ez dagoen arren, litekeena da hankaren tamaina izatea desberdintasun horren arrazoia, korrelazio esanguratsua baitago abiadura optimo eta tamainaren artean (R = 0’774, p = 0’024).
[2] Nahiz ez duten ematen zein den abiadura optimo hori.

