Trofim Lysenko agronomoaren doktrina genetikoa izan zen joan den mendearen erdiko hamarkadetan zehar Sobietar Batasuneko biozientzien arloan nagusitu zena. Oinarri lamarkiarra zuen eta agintari komunisten gustukoa zen ideologikoki hurbilago gertatzen baitzitzaien oinarri darwiniarreko ezagutza biologikoa baino. Zientzialari asko, baina, ez zeuden ados doktrina horrekin eta horietako zenbaitentzat lana eta statusa edo, larriagoa dena, bizitza galtzea izan ziren ados ez egotearen ordaina. Ados ez zegoen horietako bat Dimitry K. Belyaev genetista izan zen, baina honek “zortea” izan zuela esan dezakegu, Siberiara bidalia izan baitzen. Larru-animalien hazkuntzan ikertzera bidali zuten, larru-animaliak diru iturri handia baitziren eta ehizaren ordez, hazkuntza garatu nahi zuten baliabidearen eutsigarritasuna bermatu nahian.
Belyaev-ek esperimentu bat hasi zuen 1959an, baina 1985an hil zen, esperimentuaren azken emaitzak ikusi baino lehen. Esperimentuak zilar-azerien barietate otzandua lortzea zuen helburu eta 45 urte iraun zuen. Balio handiko larrua du zilar azeriak eta hori dela-eta, garrantzi ekonomiko handia zuen etxekotu ahal izateak. Luzea baina arrakastatsua izan zen esperimentua. Hautespen artifizialaren bitartez lorturiko azeriek ez dute jendearengandik ihes egiten, ez dute koska egiten eta txakurren portaera bera dute: intziri egiten dute, usnatu egiten dute eta miazkadak ematen dituzte. Txakurrak dirudite.
Baina portaerari dagozkion ezaugarri horiez gain, txakur batzuek erakusten dituzten beste zenbait ezaugarri zituzten azeriek. Ezaugarri anatomikoak ziren. Basatiek ez bezala, buztan kizkurra, belarri bigunak, larruazala tantoz betea, hanka laburrak eta buruhezur zabala agertu zituzten azeri etxekotuek. Ezaugarri anatomiko horiek ez ziren bilatu, baina bilatu ez arren, agertu egin ziren etxekotze prozesuaren ondorioz. Beraz, bazirudien ezaugarri batzuk, -bilaturikoak-, eta besteak, -bilatu ez zirenak baina agertu zirenak-, elkartuta daudela nonbait; bazirudien bilaturiko otzantasunari lotuak daudela bilatu ez ziren horiek.
Basa animalia gehienak mantsoagoak dira gazteak direnean helduak direnean baino. Zentzuzkoa dirudi hori. Animaliak kumeak baino ez direnean, gurasoen oso menpekoak dira, defenditzeko batez ere. Beraz, ez dute erakutsi behar jarrera erasokorrik. Helduak direnean, berriz, defenditzeko bai arrazoiak bai eta baliabideak dituzte. Bizitzaren bigarren eta laugarren hilabeteen artean galtzen dute azeri basatiek otzantasuna, odolaren kortikosteroideen[1] maila igo ondoren. Genetikoki programaturiko gertaera da. Izan ere, ez luke inolako zentzurik izango lehiakide erasokor batekin edo harrapari batekin eskarmentua izan arte jokaera “basatia” garatzeko itxaroteak. Izan ere, sor daitekeen edozein egoera zaili erantzuteko prest egotea da zentzuzkoena; bestela, eraso bati era egokian ez erantzuteko beste aukerarik ez egotea gerta liteke. Hori dela-eta, genetikoki programaturik dago jokaera erasokorra.
Kortikosteroideen mailaren igoera ez da gertatzen adin edo une berean azeri guztietan. Aldagarritasun handia dago ezaugarri horri dagokionez eta, gainera, heredagarria da ezaugarri hori. Aldagarritasun horretan oinarritu zen azeri mantsoen hautespena. Hormona-aldaketa berantiarreko azeriak aukeratzen zituen Belyaev-en ikerketa-taldeak edo, beste era batera esanda, haurtzaro luzeenekoak aukeratzen zituen. Ezaguna den bezala, ezaugarri bat baino gehiago dira sistema endokrino batek baldintzatzen dituenak. Otzantasunarekin batera beste ezaugarri zenbait aukeratu izanak esan nahi du mantsotasunaren galera dakarren hormona-seinale berbera dela beste ezaugarri horiek dakartzana. Kasu honetan, batera datoz otzantasunaren galera eta lehenago aipaturiko azerien garapenean gertatzen diren aldaketa anatomikoak, hormona beraren kontrolaren menpe baitaude. Hau da, joakera “basatiaren” agerpena ekarri dutenak kortikosteroideak badira, beste haur- edo gazte-ezaugarrien galera ere kortikosteriodeen ekintzaren ondorioa da.
Hemen deskribaturiko gertaera hau, bestalde, orokorra da. Animalia etxekotu guztiek, -katu, txakur, abere, zaldi, txerri eta akuriak barne-, partekatzen dituzte zenbait ezaugarri. Darwin bera ere jabetua zegoen horretaz eta bere Espezieen jatorria-ren lehen atalean honakoa idatzi zuen: “Ezin daiteke aipatu herriren batean belarri eroriak ez dituen animalia etxekotu bat…”. Basa-animalien kume gehienek belarri eroriak dituzte eta elefantea da helduen artean bakarra. Datu multzo horretatik ateratzen den ondorioa argia da: gure animalia etxekotu denek gazte- edo haur-ezaugarriak atxikiz eskuratu dute mantsotasuna, Belyaev-en esperimentuan zilar-azeriek egin zuten bezala.
Oharra: argazkia, Cornell Unibertsitateko webgune honetatik hartu dugu.
Bideo labur bat ikus dezakezu hemen.
[1] Estresari loturiko hormonak dira kortikosteroideak.

