Ospe handiko narra-lasterketak egiten dira Alaskan. “The Copper Basin 300” delakoa da horietako bat, eta berari buruz aritu ginen aurreko sarreran. Iditarod izenekoa da beste bat; lasterketa ezagunena da eta, seguraski, gogorrena ere. Parte hartzaileek 1.161 milia (1.868 km) egin behar dituzte Willow-tik (Anchorage-tik gertu) Nome-raino eta horretarako 9-15 egun behar dituzte. Hamasei txakurrek, -narratik tiratzen dutenak-, eta “musher” izeneko gidariak osatzen dute lasterketa-taldea.
Aurreko sarreretan esan dugun bezala, lasterketa horietan parte hartzen duten txakurrak oso gogorrak dira, ugaztunen artean erresistentzia fisiko garaiena dutenetakoak seguraski ere. Azken urteotan, gainera, zenbait musher-ek egiaztatu dute eurek uste zutena baino erresistentzia eta ahalmen handiagoa dutela txakurrok. Izan ere, 6 orduko lasterketa aldiak eta beste 6 orduko atseden aldiak txandakatzen zituzten lehen, baina azken urteotan hasi dira lasterketa aldi luzeagoak egiten eta emaitza hobeak lortu dituzte horrela. Lasterketaren azken egunetan astiroago badoaz ere, denbora luzeago egon daitezke gelditu gabe, bai eta 14 ordu ere.
Narra-txakurren ahalmen horrek Estatu Batuetako Armadan piztu du interesa, soldaduentzat nahi lukete eta txakurrek duten erresistentzia fisiko hori. Begi-bistakoa da interes horren arrazoia, ezta? Hori dela eta, Defentsarako Ikerketa Aurreratuko Egitasmoetarako Agentziak 1’4 M$-ko dirulaguntza eman dio Oklahoma-ko Estatuko Unibertsitateko ikertzaile bati. Michael Davis doktorea da ikertzaile hori eta abereen ariketa fisikoa da bere lan esparrua.
Narra-txakurrek metabolismo garaienaren %50an manten dezakete jarduera-maila egunetan zehar. Ez hori bakarrik, musher-ek diotenaren arabera, nekatu beharrean, gero eta erresistentzia gehiago erakusten dute lasterketa egunak igaro ahala. Davis doktoreak, bere aldetik, lasterketan zehar muskuluaren energia erreserbak ez dituztela agortzen aurkitu du. Lasterketaren hasierako orduetan bai, beheratu egiten dira, baina denbora igaro ahala lasterka hasi aurretik zuten mailara hurbiltzen dira erreserba-mailak berriro, batez ere glukogenoarenak. Azken egunetan bai, jaitsi egiten dira, baina oso astiro. Noski, txakurrak oso ondo elikatuta daude, proteinetan eta, batez ere, gantzetan oso aberatsa den jakia ematen baitzaie. Beraz, argi dago ariketa egiteko erabiltzen duten erregai gehiena janaritik ateratakoa dela edo muskuluak ez diren beste organoetatik, proportzioan oso neurri txikian erabiltzen baitute muskuluetan gordeta dagoena.
Esan bezala, txakurrek oso neurri mugatuan erabiltzen dituzte muskuluaren glukogeno erreserbak. Dirudienez, muskuluaren triglizeridoak eta gorputzaren beste organoetan gordeta dauden lipidoak ere erabiltzen dituzte, baina gantzetan aberatsa den jakia emanez, janariaren gantz hori da erabiltzen duten energia-iturri nagusia, erreserbak gehiegi erabili beharrik gabe. Animalia gehienek, eta batez ere ahalegin luzeak egiten dituzten animaliek, gantzak erabiltzen dituzte energia-emari nagusi gisa baldin eta nahikoa bada eskuragarri dutena; eta eskuragarri egoteak esan nahi du muskuluan edo lipido biltegietan egotea edo janariaren bitartez lortu ahal izatea.
Narra-txakurrek beste txakur arrazek baino zuntz muskular gorri gehiago dute. Ezaguna denez, mioglobina eta mitokondrioetan aberatsak dira zuntz gorriak, oso ondo odoleztatuta daude eta lipidoak dira beren metabolismoaren substratu nagusiak. Ezaugarri horiei esker astiro uzkurtzen dira eta nekearekiko erresistentzia garaia erakusten dute. Entrenamenduaren ondorioz, gainera, areagotu egiten dira ezaugarri horiek, ezaguna baita entrenamenduaren ondorioz katabolismo aerobikoaren etekina eta eraginkortasuna areagotu egiten direla eta lipidoen erabilera ere handitu egiten dela. Hori dela eta, ariketa fisikoaren eta metabolismoaren mutur batean daude narra-txakurrak, erresistentzia fisiko garaienetakoa duten ugaztunak baitira.
Ezin daiteke esan nekaezinak direnik, baina sinesgaitza dirudi egiten duten ahalegina; oso handia da, metabolismo gorenaren erdiari baitagokio, eta luze irauten du, 8 egunetik gorako lasterketak egiten baitituzte. Ez dakigu gizakiari aplikatzeko moduko kontuak diren ala ez, baina behar bada ez legoke gaizki gero eta lipido gehiago ipintzea erresistentzia handiko kirolarien jakian, lipidoak baitira muskulu geldo nekagaitzek erabiltzen dituzten erregai nagusiak eta muskulu horiek dira narra-txakurrek gehien erabiltzen dituztenak.
Oharra: argazkia hemendik hartu dugu.

