Aurreko sarreran ikusi dugun bezala, narra-txakurrak dira erresistentzia fisiko handienetakoa edo, agian, handiena duten ugaztunak. “The Copper Basin 300” izenekoa da narra-txakurrek parte hartzen duten lasterketa horietako bat. Txakurrek 490 km-ko distantzia korritzen dute eta 70 orduko iraupena du, atsedenak barne. Beraz, 7 km h-1-koa da txakurren batazbesteko abiadura. Lasterketa, -35 ºC eta -10 ºC tartean alda daitezkeen tenperaturapean burutzen da. Era horretako lasterketen artean ez da gogorrena, ez eta gutxiagorik ere, baina ezin esan daiteke proba samurra denik.
“The Copper Basin 300” lasterketan parte hartzen duten txakurrek egiten duten ahaleginaren erakusle ezin hobeak dira txakurren metabolismoaren parametro nagusiak. Txakurrek, eguneko 47.100 kJ-ko energia-gastua dute lasterketaren egunetan. Kontuan hartzen badugu entrenamendu berbera duten baina bizimodu normala (korrikan egin gabe) duten txakurrek eguneko 10.500 kJ gastatzen dutela, berehala ikusten dugu 4’5 bider handiagoa dela lasterka egiteari dagokion gastua.
Energia-gastuari dagozkion horiek bat datoz aurreko sarreran eman genituen narra-txakurren bihotz-funtzioaren datuekin. Korrika egiten ari direnean 300 min-1-ko bihotz-taupada dute eta hori da, gutxi gorabehera, espero genezakeena korritzen ez duen txakur baten batazbesteko taupada-maiztasuna 70 min-1-ko ingurukoa dela onartzen badugu[1].
Eman ditugun energia-gastuaren datu horiek behar bezala baloratzeko, azter dezagun kontua beste ikuspegi batetik. Baldintza artikoen menpe aritzen diren eta jarduera maila oso garaia mantentzen duten soldaduek, 29.800 kJ gastatzen dute eguneko eta 33.000 kJ Frantziako Tourrean lehiatzen diren ziklistek. Jakina, kirolari horien masa, gutxi gora behera, hiru bider handiagoa da txakurrena baino eta datuak ezin erka daitezke besterik gabe. Egokia den zuzenketa eginez[2] ateratzen diren gastuak, honako hauek dira: 14.000 kJ soldaduena eta 15.000 kJ ziklistena. Narra-txakurrena hiru bider handiagoa da! Harritzeko modukoa da, bai, txakur horiek garatzen duten jarduera-maila, horri baitagokio egindako gastua. Hasieran esan bezala, ez dago, seguraski, narra-txakurrak bezalako ugaztunik.
Oharra:
Lasterketan parte hartu aurretik 3 hilabeteko (1.800 km) entrenamendua egindako txakurrei dagozkie hemen aurkezturiko datuak. Txakurrek, 24’3 kg-ko batazbesteko pisua zuten lasterketa hasi baino lehen eta 23’2 kg-koa bukatu ondoren. Jana ad libitum eman zitzaien lasterketan zehar, eta eguneko 44.600 kJ-ekoa izan zen barneratu zuten energia metabolizagarria. Kontuak ateraz gero, galdutako pisua (1’1 kg) bat dator, gutxi gorabehera, energia-balantzeari dagozkion datuekin (energia sarrera = 44.600 kJ d-1 eta energia-gastua: 47.100 kJ d-1).
Erreferentzia:
K. W. Hinchcliff et al: “Metabolizable energy intake and sustained energy expenditure of Alaskan sled dogs during heavy exertion in the cold”. American Journal of Veterinary Research 1997, 58: 1457-1462.
[1] Lokartuta dauden txakurren frekuentzia 40-60 min-1-koa zen eta ibiltzen ari direnena 80-100 min-1-koa. Pentsatzekoa da bizimodu normala duen txakur baten jarduera-maila bi horien artean egotea.
[2] Animalia handiek txikiek baino energia-gastu handiagoa dute, baina gastua ez da goratzen tamaina handitzen den neurri berean. Gastuaren (r) eta tamainaren (W) arteko harremana ezaguna da eta r1=r2(W1/W2)0’75 ekuazioa erabiliz kalkula daiteke W1 masa duen animalia baten energia-gastua (r1), beste animalia baten masa (W2) eta energia-gastua (r2) ezagunak badira.

