Heriotzarako bidaia

Sockeye izokinaBehin baino gehiagotan (ikus “Arrainen joan-etorriak” eta “Izokinaren lan astunak”) aritu gara hemen izokinei buruz. Sarrera honetan berriro arituko gara arrain anadromo horietaz. Gogora dezagun: arrain anadromoak ur gezan jaiotzen dira; itsasora joaten dira gero eta itsasoan gizendu ondoren, ibaira itzultzen dira errutera. Izokin guztiak familia berekoak dira, Salmonidae familiakoak[1] hain zuzen ere, eta desberdintasun nabariak daude izokinen espezieen artean. Oraingo honetan horietako baten istorioa kontatzera gatoz, “sockeye” izokinarena hain justu.

Oncorhynchus nerka du izen zientifikoa, eta Ameriketako ekialdeko kostaldeko hizkuntza baten izenetik (suk-kegh) dator bere izen arrunta (sockeye). Suk-kegh berbak arrain gorri esan nahi du eta horren ingeleseraturiko forma dugu “sockeye”. Migrazio portaerak desberdinak dira populazioetan zehar. Zenbait populaziotako izokinak, oso gutxi, ez dira inoiz itsasoratzen; bizitza osoa ematen dute lakuetan eta oso tamaina txikia lortzen dute.

Gehienak bai, gehienak itsasoratzen dira. Espezie honetako izokinak ibaietan edo lakuetan jaio daitezke, baina ibaietan jaiotzen diren gehienak, ahal badute, ibaiaren sistema hidrologiko bereko laku batean gelditzen dira gaztaro gehienean zehar. Urte bat, bi edo hiru egon daitezke lakuan itsasora joan aurretik, baina laku batean gaztaroa igaroteko aukerarik ez dutenak lehenago joaten dira itsasora.

Ezaguna denez, arrain anadromoak gizentzera joaten dira itsasora. Zooplanktona da “sockeye” izokinaren janari iturri nagusia. Urte bete eta lau urteren artean egoten dira itsasoan, gizendu eta sexu-heldutasunera iritsi arte. Orduan hasten da ibaira itzulera-bidaia, naturan den gertaerarik harrigarrienetako bat, bidaia osoan zehar ez baitu ezer ere jango.

Bidaia oso luzea izan daiteke; zenbait izokinentzat milaka kilometrokoa. Bada, bidaia hasten den unean jateari uzten diote eta ez dute ezer jaten, hilabete batzuk igaro ondoren, hil arte. Itzulera-bidaia hasi aurretik, beharko dituzten erreserba gaiak metatuak dituzte euren ehunetan eta gametoak ere sortuak daude. Ez dute, beraz, gehiagorik behar.

Lehenago pilaturiko erreserbak gastatuz doaz bidaian zehar, igeriketa jardueraren beharrak asebetetzeko. Hasieran, lipidoak erabiltzen dituzte. Gero, lipidoak bukatzen direnean, proteinak katabolizatzen dituzte. Harrigarria bada ere, glukogenoa, -beste ornodun gehienek lehenago erabiltzen duten erreserba-gaia-, azken unerako uzten dute. Egia esan, ur jauziak gainditu behar dituztenean eta horretarako salto handiak egin behar dituztenean, orduan bai erabiltzen dute glukogenoa, baina ez dute horrela dena gastatzen. Bidaia bukatu ondoren egin behar duten azken aurreko jarduerarako gorde behar baitute glukogeno gehiena. Erruterako behar dute energia asko “sockeye izokinek”, mugimendu azkar eta indartsuak egin behar baitituzte gametoak askatzeko eta, gero, ernalketaren ondoren, legarrez estaltzeko. Hori egin ondoren, beste bi edo hiru aste irauten dute bizirik, habia zaintzen emeak eta beste emeen arrautzak ernaltzen saiatzen arrak. Gero, hil egiten dira.


[1] Amuarrainak familia berekoak dira.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>