Oxigeno gehiago garraiatu ahal izateko

ariketa egitenOxigeno gehiago garraitu behar denean bi aukera dituzte animaliek. Odolean arnas pigmentuaren (hemoglobina, hemozianina edo beste bat) kontzentrazioa igotzea da aukera horietako bat. Oxigenoarekin konbinatzen dira arnas pigmentuak eta horri esker izugarri handitzen da oxigenoa hartzeko eta ehunetara eramateko odolak duen ahalmena. Animalia zenbaitek hemoglobina asko dute; horixe da, esaterako, zetazeoen kasua. Aurreko artikulu batean ikusi genuen bezala, horri esker egon daitezke oso denbora luze urpean. Muga bateraino, bestalde, odolaren hemoglobinaren kontzentrazioa handitu daiteke epe ez oso luzean; horixe da, hain zuzen ere, kirolari zenbaitek egiten dutena goialdeetan entrenatzen direnean, ganbera hipobarikoetan lo egiten dutenean edo eritropoietina (EPO) txertatzen dutenean. Baina hemoglobinaren kontzentrazioak badu gainditu beharko ez lukeen mugarik, zeren eta garaiegia bada (globulu gorri gehiegi badaude) odola dentsoegi geratzen baita eta kapilareetatik mugitzeko arazoak izan bailitzake.

Baina oxigeno gehiago garraiatzeko beste bide bat dago hemoglobinaren kontzentrazioa igotzeko beharrik gabe. Biriketan oxigeno kantitate berbera hartuta bada gehiago garraiatzeko modurik baldin eta ehunetara heltzerakoan hemoglobinaren funtsezko ezaugarri bat aldatzen bada. Oxigenoarekiko hemoglobinaren kidetasunez ari gara. Oxigenoarekiko kidetasuna beheratzen bada zeluletara heltzerakoan, oxigeno gehiago emango die pigmentuak zelulei nahiz biriketan kopuru bera hartu duen. Hau da, biriketatik igarotzen denean, oxigenoarekiko hemoglobinaren kidetasuna garaia da, baina beheratu egiten da ehunetara heltzerakoan. Animalia askoren ezaugarria da hori eta Bohr efektua deitzen zaio.

Oxigenoarekiko kidetasunaren kontzeptua azaldu ondoren, Jean-Marie Lehn Nobel saridunak zuzentzen duen ikerketa taldeak duela gutxi egin duen aurkikuntzaren berri emango dugu, oso aurkikuntza interesgarria eta, seguraski, erabilgarria baita. Oxigenoarekiko hemoglobinaren kidetasuna neurri handian beheratzen duen gai kimiko bat aurkitu du Lehn-en taldeak eta kidetasunaren beherapen horri esker nabarmen handitzen da zelulei pigmentuak ematen dien oxigeno kantitatea; hau da, neurri handian goratzen da oxigenoa garraiatzeko odolak duen ahalmena gai horren eraginez. Myoinositol trispirofosfato (ITPP) du izena gai kimiko horrek eta hemoglobinarekin konbinatzen da duen eragina edukitzeko. Uretan disolbatuta edanez har daiteke eta, beraz, edonork erabil dezake.

Bihotza kaltetua edukitzeagatik ahalegin fisikoak egiteko mugak dituen jendearengan pentsatuz garatu dute ikerketa hau. Izan ere, bihotza kaltetuta izan arren, ariketa fisiko normala egin daiteke botika honi esker, ITPP-rekin konbinatua dagoen hemoglobinak oxigeno gehiago askatzen baitu ehunetara heltzerakoan. Bistan da, bestalde, botika hau oso erabilgarria izango litzatekeela erresistentzia-kirolen arloan, baina oso erraz hauteman daiteke eta, beraz, ez du inolako erabilgarritasunik edukiko kirolarien errendimendua goratzeko.

Erreferentzia: “Enhanced exercise capacity in mice with severe heart failure treated with a novel allosteric effector of hemoglobin, myo-inositol trispyrophosphate,” by Andreia Biolo et al. PNAS 106: 1926-1929.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>