“Intsektizidak edo animaliatxikizidak?” izenburuko ekarpenean ikusi dugun modura, intsektizida kimikoak oso eraginkorrak izan arren (edo oso eraginkorrak izanagatik), arazo ekotoxikologiko kezkagarriak ekarri ditu urteetako erabilera axolagabeak. Zein da, orduan, kalte larriak eragin ditzaketen intsektuen aurka erabil daitekeen modua?
Aukera naturaletara jotzea da galdera horri erantzuteko burura datorkigun lehenbiziko erantzuna, eta aukera naturalen artean, bi dira bistakoenak: intsektizida naturalak batetik, eta harrapari naturalak erabiltzea bestetik.
Intsektizida naturalei dagokienez, landareetan pentsatu beharra dago, zeren landareek berez intsektuengandik babesteko ekoizten dituzten substantzia berberak edo antzekoak erabiltzea aukera bat izan baitaiteke. Izan ere, aspalditik erabiltzen dira landare mota desberdinak intsektuak uxatzeko. Areago, krisantemoak berez ekoizten dituen piretrina deritzen substantzietan oinarrituta daude sintesi-intsektiziden artean azkenengo merkaturatu ziren piretroideak.
Harrapari naturalak erabiltzea da bigarren aukera. Azken batean, intsektuek arazoak sortzen dituzten tokietan horien harraparien dentsitatea emendatzeak izurria kontrolpean manten dezake, teorian behintzat. Kasu honetan, harrapari naturala zein izan daitekeen ezagutzea eta prozesu guztiaren kontrol hertsia eramatea izaten dira arazoak. Aukera natural hauek, beraz, eskala txikian izan daitezke baliokoak, baina ez dira erraz kudeatzeko modukoak eta, hortaz, ez dira erabilgarriak modu intentsiboan.
Beste alde batetik, jatorri mikrobiologikoa duten intsektizidak ditugu. Modu industrialean aspaldian ekoizten ari den Bacillus thuringiensis (Bt) bakterioan oinarritutako intsektizida da egun garatuen dagoen aukera. Izan ere, landare jakin batzuentzat oso kaltegarriak diren izurriteei aurre egiteko erabiltzen ari da, lepidopteroen aurka oso eraginkorra izan daitekeelako. Bakterioaren esporak dira intsektizidaren iturri gisa erabiltzen direnak. Babestu nahi diren landareak (artoa, esaterako) lainoztatu egiten dira baziloaren esporez eta, horrela, gaixotu egiten dira lainoztatutako landareak irensten dituzten lepidopteroen beldarrak. Bakterioak ekoitzitako espora horiek, ordea, ez dira kaltegarriak, ez beste intsektu askorentzat, ez eta animalia gehienentzat ere.
Zertan datza, baina, espezifikotasun hori? B. thuringiensisen zelula esporulatzaileek kristalizatutako proteina bat ekoizten dute esporekin batera. Proteina hori ingurune basikoan jartzerakoan (pH>9) disolbatu eta aktibatu egiten da toxikoa bihurtuz. Garrantzi handiko kontua da pH-arena, lepidopteroen digestio-hodian soilik aurkitzen baitute toxina hauek aktibatzeko behar duten pH altua (eta ezta lepidoptero guztien kasuan ere). Baldintza horietan hestea guztiz kaltetua gelditzen da toxinak hesteko epitelioko zeluletan poroak agertzea eragiten duelako; horren ondorioz, arazo osmotikoak sortzen dira eta azkenean zelula osoaren porrota gertatzen da. Egoera horretan larbek ezin dute ezer xurgatu hestean zehar eta beherazkoa eragiten zaienez, deshidratatu egiten dira.
Prozedura mikrobiologiko hau, eraginkorra, garbia eta segurua da, baina mugatua dago bere aplikazioa. Muga hori gainditzeko asmoarekin, bektore modura beste bakterio batzuk erabiltzea aztertzen ari da, bai eta birusak eta onddoak erabiltzeko aukera ere. Kasu hauetan seguruak izatea eta espezifikoak izatea nola uztartu izaten da arazo nagusia.
Helburu horrekin eman den azken urratsetako batekin amaituko dugu ekarpen hau. MON810 merkatu-izena duen artoa, “Bt artoa” izenez ere ezaguna da. Transgenikoa da, uzta zulakariaren eraginetik askatzeko garatutakoa, hain zuzen ere. Prozedura biotekonologikoak erabiliz, bakterioaren proteina (Bt) sintetizatu ahal izateko genea sartu dute artoaren hazian. Horri esker ez da erabili behar bakterioen esporarik edo bestelako intsektizidarik, landareak berak barne baitarama zulakariaren aurkako toxikoa.

