Aurreko ekarpenean esan dugun bezala, karraskarien barrunbeetan oxigeno gutxi dago, jarduera-maila garaiko animalia homeotermoak izanik oxigeno (O2) asko kontsumitzen baitute. Baina O2 urritasuna ez da animalia horiek aurre egin behar dioten arazo bakarra edo arazo txikiena. Izan ere, oxigenoa urria bada, karbono dioxidoa (CO2) ugariegia da barrunbeetan, animaliek beraiek sorturikoa delako. Ohikoak izan daitezke, adibidez, %6ko CO2-ko kontzentrazioak. Bada, arazo larria izan daiteke hori animalia gehienentzat.
Kontua da karbono dioxidoan aberatsa den atmosfera batean arnasa hartzea ez dela batere osasuntsua. Izan ere, ugaztunok oso sentikorrak gara arnasten dugun airearen karbono dioxidoarekin, eta ohikoa baino garaiagoa den CO2 kontzentrazioko atmosferan, bihotz taupadaren frekuentzia oso gora igo daiteke, alferrikan igo gainera, horrela ez baita konpontzen kanpo airean CO2 gehiago egotearen arazoa.Aurreko hori dela eta, barrunbeetako ugaztunak ez dira, inondik inora, karbono dioxidoarekin hain sentikorrak, eta gainera, CO2 kanporatzeko beste bide bat garatu dute horietako batzuek. Izan ere, gas gisa kanporatu beharrean, kaltzio edo manganeso karbonatoak edo bikarbonatoak jariatzen dituzte; hau da, gatz solido gisa kanporatzen dute bestela kaltegarria izango litzatekeen gasa. Adibide honen bitartez ikusi dugun bezala, handia da ingurumen desberdinetara moldatzeko animaliek duten ahalmena eta oso deigarria horretarako asmatu dituzten bideak.


Juan Ignacio-ren artikuluan irakur daitekeenez, karraskariek barrunbeetan bizi ahal izateko dituzten moldaeren artean dago arnasketako karbono dioxidoa gas gisan kanporatu beharrean bera egoera solidoan kanporatzeko ahalmena edukitzea. Beste modu batean adierazita, karbono dioxidoa arnas aparatuaren bidez gas egoeran kanporatu beharrean, gorotzekin batera egoera solidoan iraizteko ahalmena dute.
Arroz-barietatearen arabera asko alda daitekeen arren, 26 mg-koa da arroz-garau baten batezbesteko pisua, nik etxean erabiltzen dudanarena bai bederen. Gorotz bidez kaltzio-karbonatoaren pisu hori kanporatuko balu karraskari batek, gas-egoeran leudekeen zenbat mL karbono dioxido aireratzea ekidingo luke? Erantzun ahal izateko, kimikako kalkulu xume batzuk egin beharko ditugu.
100 gramokoa da kaltzio karbonatoaren pisu molekularra; berorietatik %36 direnez karbono dioxidoari dagozkionak, 6,7 mg-koa da arroz-garau batean dagoen karbono dioxidoaren pisua. Unibertsitateko edozein ikaslek dakienez, gas idealen legearen arabera, gas egoeran dagoen edozein substantziaren mol baten molelulek 1 atmosferako presioan eta 0 ºC-ko tenperaturan 22,4 L-ko bolumena betetzen dute. Kalkulu erraz bat eginez, aise iristen gara jakitera arestian aipaturiko karbono dioxidoaren 6,7 mg horiei 1,5 mL-ko gas-bolumena dagokiela.
10-15 ºC-tan dagoen barrunbe batean karraskari txiki baten tasa metabolikoa erraz samar hel daiteke 0,85-0,9 mL oxigeno/ordu/animaliaren gramo izatera. Arnas kozientea (ekoitzitako karbono dioxidoaren bolumena/kontsumituriko oxigenoaren bolumena) 0,85ekoa izango balitz (karraskaria karbohidrato eta lipidoak erdi bana “erretzen” ibiliko balitz gertatuko zeneko kasua), animaliaren gorputz-gramoko eta orduko karbono dioxidoaren ekoizpena 0,75 mL ingurukoa izango litzateke.
Beraz, arestian aipaturiko karbono dioxidozko 1,5 mL-ak animaliaren gorputz-gramo batek 2 ordutan zehar ekoitziko lukeen karbono dioxidoaren bolumena izango litzateke. Beste modu batean ere adieraz daiteke; 10 gramoko sagu batek 12 minututan ekoizten duen karbono dioxido guztia. Ez dirudi asko, baina bi orduro goraxeago aipaturiko gorotzaren bezalako ale bat ekoitzita, orduko 7,5 mL karbono dioxido gas egoeran ekoitzi beharrean, 6,75 mL ekoitziko lituzke. Hau da, karraskariak bere karbono dioxidoaren ekoizpen totalaren %10 inguru egoera solidoan ekoitziko luke. %10eko beherapen hori, esanguratsua al da barrunbeetan bizi diren karraskarien biziraupenerako?
Erantzuten hasteko, ez dagoenez ezer hoberik datu hori textuinguru “sinesgarri” batean ipintzea baino, eman dezagun adibide bat. Demagun sagua bizi deneko barrunbearen aire-bolumen librea, hau da animaliak betetzen duena kontutan hartu barik, 1000 cm3-koa dela, hau da aire litro batekoa. Baten batek tamaina horretako barrunbea sagu batentzat jauregi baten parekoa dela irizten badio, esan dezagun bolumen hori 10 cm-ko aldea duen kubo baten bolumenari dagokiola. 10 gramoko sagu batentzat bizi-leku eroso samartzat har daiteke, baina inolaz ere ez, “jauregitzat”. Esan gabe doa, karraskariak bizi direneko barrunbeak ez dira hermetikoki itxitako guneak, baizik eta aire-bolumen handiagoetara pasabide irekiz konektaturiko lekuak. Hortaz, hemen adibidetzat ipini dugun barrunbearen bolumena, bere txikitasunean, aski muturreko egoerako adibidetzat har daiteke.
Karbono dioxidoarekiko karraskariek duten jasangarritasunari esker, animaliaren bizitza arriskutan jarri gabe karbono dioxidoa %6 izatera irits daitekeenez, litro bateko aire-bolumen horretan karbono dioxidoaren 60 mL egon daitezke. Arestian aipatu dugun legez, 10 gramoko saguaren karbono dioxidoaren ekoizpena 7,5 mL/ordu denez, arnasten ari den aireko karbono dioxidoaren kontzentrazioa saguarentzat arriskugarria zatekeen mailara iritsi baino lehen, animalia barrunbe horretan zortzi bat orduz egon ahal izango litzateke. Ekoitzitako karbono dioxidoaren zati bat, gure adibideko datuak erabilita %10aren ingurukoa dena, karraskariek gorotz bidez egoera solidoan kanporatzeko duten ahalmena dela-eta, barrunbeko bere egonaldia ia beste ordu betez luza dezake saguak. Baliteke saguaren eguneroko eta ohiko bizi-egoeretan karbono dioxido metabolikoa gorotz bidez kanporatzeko ahalmen horren garrantzia txikia izatea, baina, baliteke ere, bere babeslekutik irten gabe luzaroagoan iraun ahal izate horrek karraskarien bizi-zikloaren sasoiren batetan berebiziko garrantzia izatea, kumatze-sasoian edota edoskitzaroan esate baterako, eta horrexegatik hautespen naturalaren bidez selekzionaturiko ezaugarria izatea.