Artxiboak

Hitzak bokalizatzeak oroimena hobeagotzen duela dio ikerketa berri batek

Titular horixe bera zuen post bat irakurri berri dut (hemen jatorrizko posta)… egia esan post guztitik gehiena harritu nauena izenburua izan da… nik nire esperientzia xumean bai bainekien gauzak oroimenean finkatu nahi baditut, batez ere zentzu handiegirik ez duten gauzak (telefono zenbakiak adibidez) hauek behin eta berriz errepikatzeak izugarri laguntzen duela.

Beno ba postean dioenez, azken 40 urteetan psikologoek sistematikoki hitzen oroimena hobeagotzen duten hiru sistema aurkitu dituzte:

1. Irudikapena. Oroitu nahi duzunaren irudia gorde behar da oroimenean, honek gero hitza oroitaraziko digu.

2. Elaborazioa. Hitzen arteko zentzuzko elkarketak eginez errazagoa da hitza oroimenean gordetzea.

3. Sorkuntza: Oroimena hobeagoa da nolabaiteko jardun bat egin behar duzunean emaitza sortzeko, adibidez hutsuneak betetzeko ariketak.

Hitzen zerrendak oroitzea helburu duten ikerketetan, hiru metodo hauetako bakoitzak hitzak behin sinpleki irakurtzearekin alderatuta, oroimenaren %10eko hobekuntza bat suposatu dute. Honek ez dirudi gehiegi, baina ikerketa ezberdinen bataz bestekoa da, eta oroitzeko zailak diren gauzekin eginiko ikerketak ere barne hartzen ditu. Badirudi psikologoek gustuko dutela hitzak ez diren, baina hitzak diruditen “hitzekin”, edo beste era batera esanda esanahirik ez duten hitzekin parte-hartzaileen oroimena frogatzea.

Duela gutxi, Journal of Experimental Psychologt: Learning, Memory and Cognition aldizkarian ikerketa sail berri bat agertu zen, eta hauen aburuz, froga garbiak daude laugarren metodo hau aurreko hirurei gehitzeko (MacLeod et al. 2010).

Izenburutik, edo post-aren sarreratik, jada laugarren metodoa zein den igarriko zenuten ezta? Ba bai, altuan hitz egitea. Beno egia esan ez da zertan benetan esan (baina esateak ere berdin-berdin funtzionatzen du), ahotsik gabe bokalizatzea nahikoa delarik oroimena hobeagotzeko.

8 ikerketetan zehar parte-hartzaileei esanahidun eta esanahirik ez duten hitzen zerrendak irakurrarazi eta gogorarazi zizkieten, eta ikertzaileek zera aurkitu zuten, oroimenaren hobekuntzak batzuetan %10 baino handiagoak zirela.

Iturria: Psyblog

DROP BOX

Gaurkoan izugarri erabilgarria iruditu zaidan gailu bat aurkeztuko dizuet, DROP BOX izenekoa hain zuzen ere. Agian batzuk jada ezagutuko duzue, baina nik duela egun gutxi batzuk entzun nuen lehenengoz, eta erabat liluraturik nauka ;)

Sinpleki azaltzeko, ordenagailu ezberdinetan artxibo berarekin lan egitean gertatzen diren arazoak ekiditeko balio du Drop box-ek. Honela etengabe geure artxiboak geure buruari edo lankideei mailez bidali beharrik ez dugu izango, edo etengabe USB baten beharrik ez dugu izango. Gainera, eguneraketa ezberdinen munduan ez galtzen laguntzen digu, beti artxibo berarekin ari baikara lanean, eta (hau oraindik ez dut probatu, espero dut dohaineko bertsioan ereposible izatea) eguneraketa guztien “historial” bat gordetzen du.

Drop box erabiltzeko lehenik eta behin programa bat jaitsi eta instalatu behar da (oker ez banago hiru bertsio daude, dohainekoa gehienez ere 2GB; eta beste bi prezio eta giga kantitate ezberdinekin). Hori egin ostean ordenagailuan kartoizko kaxa baten antzeko ikono bat agertzen da, eta kaxa horretan sartzen duzun guztia programa hau instalatzen dugun beste ordenagailuetan eta interneten egongo dira. Horrela behar ditugunean eskuratu ahalko ditugularik. Hau oso erabilgarria izan daiteke hainbat lankideren artean dokumentuak sortu behar badira adibidez.

Ikertzen jarraituko dut jejje

Etxetik kanpo lan egiten duten amak, ama txarragoak dira?

Duela egun batzuk David Berreby-ren blogean irakurri nuenez, Jennijer Livengood ikerlariak Kansas-ko unibertsitateko 96 ikasleri ama-seme eta ama-alabak puntuatzeko eskatu zien, bikote hauen elkarrekintza bat entzun eta euren bideo bat ikusi ostean. Ikasleek aurretik zekiten ametako zeinek etxean soilik lan egiten zuten, zeinek zituzten lanegun osoko lanak eta zeinek egiten zuten lan denbora erdiz. Erantzunetan patroi bat ikusi zuen, ikasleek egun osoko lanaldia zuten amak inkonpetenteago bezala puntuatu zituzten, ama hauen haurrekiko erlazioak arazo gehiago zituztela uste zuten, eta haurrak ere ezatseginagotzat jotzen zituzten. Ikerketa hau estatu batuetako toki jakin batetako jende kopuru mugatu batekin egin zen, eta beraz argi dago emaitzak ezin direla kultura eta testuinguru ezberdinetara hedatu, baina zuen ustez zer gertatuko litzateke ikerketa hori bera hemen burutuko bagenu?

Argi dago hainbat aldagai hartu behar direla kontuan. Aipatutako ikerketan 96 ikaslek parte hartzen dutela esaten zaigu, baina ez dakigu gehiago haiei buruz. Nire ustez mutilek neurri handiagoan edukiko dute estereotipo hori barneratuta, eta beraz mutilen eta nesken erantzunetan aldeak egongo lirateke, baina ez hori bakarrik, nire ustez norberaren esperientziak ere garrantzia izan dezake, eta beraz etxetik kanpo jardunaldi osoko lana zuen ama batek hezi duen pertsona batek bere haurtzaroa positibotzat jotzen badu aurriritzi gutxiago agertuko ditu egoera berean dagoen beste ama baten aurrean. Gauzak apurtxo bat muturrerago eramanda, hezkuntza maila bereko eta familia tradizionalean hezitako adin bereko emakumeen artean kontzientzia feminista gehiago dutenak edo eta generoaren rol tradizionala gutxiago jarraitzen dutenak izango dira ama hauekiko aurriritzi gutxiago agertuko dutenak.

Guzti honek nahiko logikoa dirudi, eta agian ez du garrantzitsu itxurarik, baina Estatu Batuetako ikerketan ateratako ondorioetako bat lanaldi osoko amen haurrak ezatseginagoak direla da, eta hainbat ikerketa daude eskolaurreko eta lehen hezkuntzako irakasleen eta hauek notak ipintzean dituzten aurreiritziei buruz. Beraz ongi legoke Euskal Herrian gaur egun modu honetako aurreiritzirik ba ote dagoen edo ez ikertzea.

Estadística para psicología

Duela hamabost egun “Estadística para psicología” izeneko liburua hartu nuen maileguan liburutegitik. Eranskin guztiak kontuan izanda 407 orrialdeko liburua dela ikusita, ez nuen esperantza handiegirik epe horretan liburua bukatuko nuenik. Baina nire harridurarako, aspaldian irakurri dudan estatistikari buruzko libururik “engantxanteena” izan da, eta epea baino lehen amaitu dut. :)

Liburuak psikologiako Datu analisia ikasgaian ematen dena jorratzen du nolabait, hau da, estatistika deskribatzailea eta inferentziala. Besteak beste, korrelazioak, erregresioak eta bariantza analisiak azaltzen dira liburu honetan, eta kalkulu hauen nondik norakoak agertzen dira. Liburuko azalpenen balio praktikoa baino gehiago (praktikan kalkulu guzti hauek ordenagailu bidez egiten ditugu), ikaslearen ulerkuntza prozesuan jartzen duen arreta da gauzarik interesgarriena. Horrela, esaterako mekanikoki egiten ditugun hainbat prozesuren zergatiak, edo eta teknika ezberdinen arteko loturak, berdintasunak eta ezberdintasunak azaltzen dira.

Horrez gain liburua psikologiaren munduko adibide ugariz josita dago, pausoz pauso teknika guztiak behin eta berriz agertzen direlarik. Estatistikako pertsonaia nagusienen bizitzari buruzko datu batzuk ere agertzen dira, baita estatistikaren inguruko kontrobertsiak eta eztabaidak ere, kapitulu bakoitzaren amaieran ikasleak egiteko ariketak planteatzen dira (emaitzak liburuaren amaieran daudelarik) eta psikologiako aldizkarietan agertzen diren emitzak nola interpretatu ere azaltzen da.

Argi dago liburua perfektua ez dela, eta akats txiki batzuk ere badituela (bakarren bat ariketetan edo emaitzetan gainera…), baina hau ia ezin ekidin daiteke hainbeste datu eta testuko liburu baten itzulpen batean. Laburtuz, nire ustez behintzat psikologiako ikasleek bizitzan behin irakurri beharreko liburua ;)

Demolition Call (Oso ona!)

Betibidean blogean aurkitu berri dut youtube-ko bideo hau. Oso ona iruditu zait, eta beraz hementxe doa:

YouTube Preview Image

Ona ezta? (oharra: entzutea komeni da, irakurtzea bakarrik (ahotsik gabe) aspergarriagoa da, besteak beste oso mantso doalako)

Musika garunean

Norman M. Weinberger-i, Kaliforniako Unibertsitateko Neurobiologia eta jokabidearen irakasleari, burututako elkarrizketaren itzulpena duzue jarraian.

Elkarrizketa originala, ingelesez, psychologytoday.comeko blogean aurki daiteke.

Musikak eta zientziak unibertso ezberdinetan daudela dirudite, bata edertasunaren eta emozioaren munduan, bestea aldiz logikaren eta arrazoiaren munduan. Baina orain, neurozientzialariak bai musika eta bai zientzia ere eguzki sistema berean kokatzen hasi dira. Jarraian Weinberg doktoreak, ikerketa berriek garunaren funtzionamenduan – eta ondorioz geure bizitzetan – musikaren papera aztertzen nola diharduten azaltzen du.

NKD: Musika geure geneetan al dago?
NMW: Musika kultura guztien zati da, eta haurrek musikarako gaitasun izugarriak dituzte, ikaskuntza prozesuak azaldu ezin dituen gaitasunak. Amek mundu guztian zehar euren haurrei kantatzen diete, haur txikienek ere abestiak ulertzen dituztelako. Musikak geure herentzia biologikoaren zati dirudi.

NKD: Beraz geure garunak musika prozesatzeko garatu ziren?
NMW: Ez garunaren zati zehatz bat musikala dela dioen zentzuan. Konplexua da, musikak hainbat elementu dituelako – erritmoa, melodia, … Adibidez, eskuin hemisferioko zelula batzuek melodiari gehiago erantzuten diete hitzei baino.

NKD: Musikak garunean duen errepresentazio konplexuak berau ikertzeko zaila bihurtuko du .
NMW: Bai halaxe da. Oinarrizkoenetik hastea da moduetako bat. Adibidez, musikaren pertzepzioaren oinarrizko aspektuetako bat melodia baten errekonozimendua da. Ikerketa batean, animaliak erdiko tonu bera zuten hiru melodia sinpleen aurrean ipini genituen. Ia neurona guztiak modu ezberdinean erantzun zuten erdiko tonu beraren aurrean testuinguru ezberdinetan. Modu honetako ikerketek sustrai ebolutibo sakonak dituzten prozesu musikalak, eta bizitzan beranduago sortzen diren gustuak (kulturazko preferentziak adibidez) nola ezberdintzen diren aztertzen laguntzen digute.

NKD: Soinu patroiak jaiotzetik errekonozitzen ditugu, ala ikasiak dira?
NMW: Neuronek soinu batzuk lehenesten (priorizatzen) ikasten dute. Tonu bat garrantzitsua bihurtzen denean – janariarekin lotzen delako adibidez – zelulen tonu horrekiko erantzuna handiagotu edo eta indartu egiten da. Aurkikuntza horrek garunaren antolamenduari buruzko pentsamoldeak iraultzatu (erreboluzionatu) zituen, ikaskuntza sistema sentsorialean ematen zen prozesu bat zela agertzen baitzuen, eta ez goi mailako garun funtzio bat.

NKD: Esperientzia musikalak giza garunaren forman eraginik ba al du?
NMW: Hala dirudi. Adibidez, gitarra-joleen ezker eskuko behatzen errepresentazio kortikala eskuineko eskuko behatzena baino handiagoa da, esperientzia musikalak garunean eragina baduela iradokiz.

NKD: Musika entzuteak ere garunean modu berean eragin dezake?
NMW: Duela urte batzuk, Shaw eta kolaboratzaileek “Mozart efektuaren” inguruan ikertu zuten – 10 minutuz Mozart entzuten zuten ikasleek froga espazio-tenporalak, hau da, patroien elkarketa bezalako frogak, hobekiago burutzen zituztela ondorioztatuz. Zoritxarrez, aurkikuntza hau gehiegi hedatu, zabaldu eta desitxuratu zen, 10 minutuz Mozart entzuten duten haurrak azkarragoak eta adimentsuagoak bihurtzen dituela uste izatera adibidez. Aurkikuntza bitxia izan arren, badirudi beronek ez duela eragin praktikorik, izan ere efektuak minutu gutxi batzuk soilik irauten baititu.

NKD: Beraz, musika entzuteak ba al dauka garunean denboran mantenduko den eraginik?
NMW: Bai, baina denbora eta praktikarekin soilik. Frogen arabera denbora luzez musika munduan sartuta egoteak sari kognitiboak dakartza – hitz egiteko gaitasunean, kreatibitatean eta arrazionaltasunean- eta doitze soziala indartzen du. Musikak garunari ariketak eragin arazten dizkio . Instrumentu bat jotzeak adibidez, ikusmena, entzumena, ukimena, antolaketa motorra, emozioak, sinboloen interpretazioa … barne hartzen ditu, guzti hauek garunaren sistema ezberdinak aktibatzen dituztelarik. Agian horrexegatik Alzheimerra duen pertsona batek musika tresna bat jotzen jarrai dezake beste hainbat gauza aspaldi ahaztuak izan arren.

NKD: Lotsagarria dirudi musika eta bere irakaskuntza eskola askotatik kanporatuak izan direla ikusteak.
NMW: Penagarria da. Batzuk musika programak garestiegiak direla diote, baina musika programak kentzeak haurrei onura intelektual, sozial eta pertsonalak kentzea dakar. Kursia dirudien arren, musika bultzatzen ez badugu, gizartea potentziala alferrik galtzen ari dela esan genezake. Agian jende gehiagok ezagutuko balitu musikak benetan dakartzan onurak eskola gehiagotan irakatsiko litzateke musika.

Iturria: www.psychologytoday.com

Zientzia eta sexua, garrantzirik ba al du?

Duela egun batzuk bi lagunekin hitz egiten ari nintzela zera ari ziren esaten, jada arkitekturan ere neskak gehiago zirela mutilak baino, ingeniaritzetan oraindik aldea nabarmena dela agian, baina karrera gehienetan nesken eta mutilen kopurua berdintzen ari zela, eta zenbait karreretan aldiz nesken kopurua izugarri handia zela mutilenekin alderatuta…

Horrekin nolabait lotuta, maiz irakurri izan ditut batez ere Estatu Batuetan egindako ikerketak mutilek matematiketarako edo eta kimikarako gaitasun handiagoak dituztela diotenak… nahiz eta beti aurkitu izan diedan nolabaiteko akats metodologiko edo prozedurazkoren bat.

David Berrebyk Mind Matters izeneko blogean dioen bezala, galdeketa edo eta froga estandarizatuak bakoitzaren gaitasunak neurtzen dituztela suposatzen da. Zure azken eztabaidaren gaia, barta gaueko albistegietan entzundako berri ezagunena edo froga pasa behar den lekuan paretan zintzilikaturik dauden apaingarriek ez dute frogan eraginik edo eta inpakturik izan behar, eta ondorioz ez lukete zure matematikako edo kimikako emaitzetan eraginik izan behar. Arazoa zera da, gero eta argiago dagoela uste hau faltsua dela.

Hori horrela dela azaltzeko, Good, Woodzicka eta Wingfield ikerlariek “The effects of gender stereotipic and counter-stereotipic textbook images on science performance” izenburudun artikulua argitaratu zuten, bertan 13-17 urte bitarteko 81 ikasleei kimikako azterketa bat betearazi zietelarik. Ikasleek hiru orrialde luze zen kimikari buruzko testu bat irakurri behar zuten, eta horren ostean azterketa burutu. Testua berdina zen hiru egoera esperimentaletan, baina testuari laguntzen zioten irudiak ezberdinak ziren, horrela baldintza batean zientzialarien irudi guztiak emakumezkoenak ziren, bigarren baldintzan zientzialarien irudi guztiak gizonezkoenak eta azken baldintzan gizon eta emakumezko zientzialariak agertzen ziren.

Emaitzetan zera ikusi zen, emakumezkoen irudiak soilik zituzten neskek beste baldintzetako neskek baino emaitza nabarmen hobeak ateratzen zituztela, eta baldintza bereko mutilen emaitzak baino hobeak lortzen zituztela. Gauza bera gertatzen zen mutilekin gizonezkoen irudien kasuan, hau da, baldintza horretako mutilek beste baldintzatako mutilek baino emaitza hobeak lortzen zituzten, eta baita baldintza bereko nesken emaitzak baino hobeak ere. Azken baldintzan, emakumezko nahiz gizonezkoen irudiak ikusten ziren baldintzan, neska mutilek emaitza antzekoak lortzen dituzte.

Guzti honek beraz, zer esan nahi du? Hau da, posible da neskek testu bat hobeto ulertzea eta ondorioz testu horri dagokion froga hobekiago egitea testuari laguntzeko ipinitako argazkietan emakume zientzialariak agertzen badira? Egia esan, nire uste apalean irudi horiek agertzeak eraginik izango du, baina eragin hau ez da oso esanguratsua izango praktikan… baina horrek ez du esan nahi kontutan hartu behar ez denik. Hain froga itxian (kimikako testu baten irakurketa eta ondorengo froga) irudietan emakumeak edo gizonak azaltzeak eraginik baldin badu, eguneroko bizitzan burutzen ditugun mila ekintzetan ere garrantzi nabarmena izango du adibidez egunkarietan eta medioetan egiten diren, gizonezko eta emakumezkoen irudien erabilerak.

Erabilitako iturriak:

Good, J., Woodzicka, J., & Wingfield, L. (2010). The Effects of Gender Stereotypic and Counter-Stereotypic Textbook Images on Science Performance The Journal of Social Psychology, 150 (2), 132-147

Mind matters Bloga.

Aurkezpena

Blog hau hainbat helburu lortzeko sortua izan da. Alde batetik psikologiaren hainbat esparruetan sortzen diren albiste eta ikerketa interesgarrien iruzkin bat egitea, eta noski eztabaidaren bat sortzen bada galderak erantzuten saiatzea edo eta hausnarketa bultzatzea; Psikologiaren esparru ezberdinetan ikertzeko tresnak azaltzea, eta online dauden baliabideak agertzea; Eta nola ez psikologiaren inguruan euskaraz jardutea.

Ongi etorriak beraz Psikoikerkuntza izeneko blog honetara.

Alkohola, tabernak eta musika

Gaurkoan PsyBlog izeneko blogean irakurri dudan berrietako bati buruz idatziko dut.

Izenburuagatik igarri daitekeen legez, tabernei buruz eta alkoholari buruz mintzatuko gara… baina ikuspuntu zientifiko batetik :)

Bada une bat taberna guztietan (gehienetan behintzat bai) non, bi gauza gertatzen diren, alde batetik, argia jeisten dute, eta bestetik musika igotzen dute. Pentsa dezakegu hau giro intimoago bat sortzeko egiten dela, tabernan daudenek izan duten egun gogorra alde batera utzi ahal izateko, eta erlaxatu ahal izateko… baina… ingurukoekin hitz egin ahal izateko oihuka ibili beharra ez da elkarrekintza sozialak bultzatzeko modu bat.

Nicolas Guegen
eta bere lankideak Frantziako taberna batzuetan burututako ikerketa batzuen arabera,
haseran aipatu ditudan bi ekintza horiek (musika igotzeak eta argia jeisteak), besteekin komunikatzeko oztopoak direla medio, jendeak gehiago edatea dakar.

Guegen eta bere lankideak (2004) burututako ikerketa batean zera aurkitu zuten, musika gero eta ozenago egon jendeak gero eta gehiago edaten zuela. Alcoholism: Clinical and Experimental Research izeneko aldizkarian argitaratuko lan berri batean autore hauek beraiek Frantziako mendebaldeko herri batetako taberna batzuk aztertu zituzten, euren aurkikuntzak kontextu erreal batean ere ematen ziren edo ez aztertzeko. Horretarako hiru Larunbat gauetan kontsumo ohiturak aztertu zituzten hiri bereko bi taberna ezberdinetan.


Musikaren bolumena aleatorioki manipulatu zen, benetako baldintza esperimentalak sortzeko. Musika beraz, ohiko bolumenean, 72db, edo apur bat altuago, 88db, jartzen zen. Ideia bat izateko, 72db trafiko dexente duen karretera baten ondoan egotea bezala litzateke, eta 88db aldiz, belarra mozteko aparatu baten ondoan egotea bezala.

Emaitzen arabera, musika altu zegoen baldintzan, garagardoak azkarrago amaizten ziren. Bataz beste kontsumitzaileek 14,5 minutu behar zituzten 250ml-ko garagardo edalontziak amaitzeko baldintza normaletan (72db), eta musika altuago (88db) zegoen baldintzan berriz, edalontzi bera 11,5 minututan amaitzen zuten. Emaitza hauek ikustean zera pentsatu nuen “normala, jendea ezeroso dago hain musika altuarekin, eta lehenbailen garagardoa edan eta tabernatik irten egiten da”… baina ez. Musika altuko egoeran bataz beste kontsumitzaileko edalontzi bat gehiago edaten baitzen.

Ikerketa honek beraz, musika altuak gehiago edanaratzen digula diosku, baina ez digu zergaitia azaltzen. Autore batzuen ustez, jendeak gehiago edaten du hitz egin ezin duelako, beste batzuen ustez aldiz musika altuak jendea gehiago aktibatzen du, eta horrek bultzatzen du gehiago kontsumitzera. Glasgowen, Eskozian Forsyth eta Cloonan-ek (2008) burututako ikerketa baten arabera lehen hipotesia da zuzena, eurak jendeak besteekin hitz egin ezin duelako gehiago edaten duela baitiote. Hala ere, hipotesi hau datu geiagorekin frogatu behar da, eta horretarako oso ongi legoke ikerketa gehiago egitea, bakarrik dauden kontsumitzaileen, binaka dauden kontsumitzaileen eta taldean dauden kontsumitzaileen datuak konparatuz adibidez.

Ekonomia ongiegi ez dagoen garai honetan beraz, jakinaren gainean zaudete, tabernariak bazarete, igo bolumena musikari, eta ea zorte pixkatekin krisia pasatzen duzuen!!

Kontsumitzaileak bazarete aldiz, ez zaitzatela engainatu.

The Brain That Changes Itself

Duela hilabete batzuk Amazon-en web gunea aurkitu nuen (bazen garaia!! pentsatuko duzue batzuk… beno, hobe berandu inoiz ez baino…). Bitxi “literario” eta “zientifiko-literario“-en bila ordu batzuk pasa ostean, azkenean interesgarriak ziruditen pare bat liburu erozi nituen: “The brain that changes itself” eta “Psychology of Happiness”.

Irakurri nuen lehena hemen ezkerreko irudian ikus daitekeen liburu hau dugu, eta izugarri gustatu zitzaidala esan behar dut. Alde batetik, modu “nobelistiko” batean idatzita egoteak, irakurlea istorio bakoitzean erabat murgiltzea errazten du, fikziozko edo misterizoko nobela batean bezalaxe. Eta bestetik, garun plastizitatea hain modu positiboan tratatzen duen liburu bakarrenetako bat delako.

Garun plastizitatea, aldaketa estruktural edo fisiologikoen efektuak minimizatzeko, Nerbio Sistema Zentralaren egokitze funtzionala bezala deskribatua izan da (Sarnat, 1992). Hau Nerbio Sistemak estruktural nahiz funtzionalki egokitzeko duen gaitasunari esker ematen da. Egokitzeko gaitasun hau, garun heldugabeetan handiagoa da, bai, baina gero eta froga gehiago daude garun helduak ere egokitzeko gaitasun harrigarria duela baieztatzen dutenak, eta “The brain that it changes itself” liburuan froga hauetariko asko aurkituko dituzue.

Liburu honen idazleari eginiko elkarrizketa oso interesgarri bat entzun nahi baduzue, zoazte Brain Science Podcast-era, 26.atala. Podcast hau oso oso interesgarria iruditu zait (ez 26.kapitulua soilik) eta beraz ingelesa pixka bat ulertzen duzuen guztioi, Brain Science Podcast-a entzutea gomendatzen dizuet.