Atalak

ETENGAILU KAPSULATUA

Dorreetan jartzen ziren etengailuak ia denak estaldura gabeak ziren, eta dielektrikoaren funtzioa aireak egiten zuen. Dorretan etengailu estaliak jartzea eragozpen handia zen, elementu horien bolumen handiagatik. Gaur egun SF6 teknologiako etengailu konpaktuak erruz jartzen dira. Horren adibide bat irudian ikusten dugu. Argazkiko dorrean aire linea lur azpikoa izatera igarotzen da. Linea bikoitza 30kV-ekoa da, eta etengailu birekin hornituta dago.
Etengailu hauei buruzko informazio gehiago fabrikatzaileen web orrialdeetan ikus ditzakegu. Bedi: www.mesa.es.

HORMIGOI ARMATUA ETA KOLOREAK

Hormigoi armatuzko zenbait zutoinen gailurrak margoturik ikusiko zenituzten. Badago horretarako arrazoi bat. Gailurren koloreak esanahi bat du, kode bati lotzen zaiona. Koloreak zutoinaren esfortzu izendatua * adierazten du.
UNESA 6703B Gomendioak ezartzen kolore bakoitzari zein tentsio izendatu dagokion daN-etan. Zazpi kolorez osatutako kodea da, eta kolore bakoitzaren esanahia:
Laranja: 160daN; Beltza: 250daN; Urdina: 400daN; Gorria 630daN;
Horia: 800daN; Berdea: 1000daN eta Zuria: 1600daN.
* Esfortzu izendatua: Zutoinari aplika dakiokeen tentsio mekaniko maximoa.

TIRANTEAK eta TENTSOREAK

Tentsio Altuko Aire Lineen erreglamenduak bere ITC-LTA07 instrukzioan tiranteei buruz hauxe esaten du:” Eraikuntza berriko lineak diseinatzean, zutoinak eusteko, tiranteak ez dira onartuko… Tiranteak erabili ahal izango dira, matxura bat egotekotan, euskarria ordeztekotan edo lineen behin behineko desbideraketetan…”

Argazkian ikusten den zutoinean tirantea erabili da. Izan ere errepide bat eraiki eta linea eraberritu da, zutoinaren funtzioa aldatu delarik. Lehen lerrokadura zutoina zena, orain linea amaiera zutoina da, eroalea lur azpikora igarotzen da, eta lehen orekatuak zeuden trakzio indarrak orain desorekatu dira.
Zutoina tente mantentzeko tirante bat gehitu behar izan zaio.
Tirantea era berean berezia da. Ez baitago lurrean tinkatuta baizik eta beste zutoi baten gailurrean, errepidearen hurbiltasunak ez baizuen ematen tirantea lurrera lotzeko.

LUR JARTZEAK HORMIGOIZKO ZUTOINETAN

Hormigoizko zutoinak ere lurrera jarri behar dira. Ez hormigoia material eroalea delako, armadura duelako. Zutoinaren barruan dauden burdinazko barrak dira armadura, eta horiek dira lurrera jarri behar direnak. Hormigoia konpresio indarren aurrean jokabide egokia du, ez ordea trakzio indarrekiko, hori dela eta armadura gaineratu behar zaio, zutoinak, kableak egiten dizkion trankzio indarrak jasan behar baititu. UNESA 6703B gomendioan, agertzen da zelakoa izan behar den lur hartunearen kokapena eta bere ezaugarriak. Homa hemen horren planoak:

ADSS


Banaketa linea bat lau eroalerekin? Agian neutroa da? Ez da hori. Isolatzaileak ez dauzkan laugarren haria komunikazio haria da.

Telekomukaziorako zuntz optikoa aire-lineak erabiliz, garraia daiteke, zutoinetik zutoinera zuntza eskegiz. Argazkian ikusten dena, Tentsio Altuko Aire Lineen erreglamenduko 7. ITO-ak aipatzen dituen zuntz optikoa linea elektrikoetako zutoinetan eskegitzeko tekniketako bat baino ez da : ADSS [All Dielectric Self Supportin Cable] hain zuzen ere. Eroalea guztiz isolatuak, bere pisuari eusten dio egituraren barruan dauzkan aramidako zuntz batzuei esker. Arinak dira eta trakzioarekiko erresistentzia handikoak, horregatik dorreari ez diote gain pisu handirik gaineratzen. 600m-rainoko baoetan erabil daitezke, eta ehiztariek eragin ditzaketen kalteengandik babestuta daude.


Xehetasunezko argazkian ADSS-a dorreari zelan lotzen zaion ageri da.

¡Hola mundo!

Blog hau linea elektrikoen behatoki izan nahi du. Gauza asko eta askorekin gertatzen zaigun moduan linekin ere gertzatzen zaigu, begibistan edukita ere, ez ditugu ikusten. Lineen osagaiak, diseinu xehetasunak eta ebazpide teknikoetaz arituko gara, beti ingeniaritzaren ikuspuntutik. Helburua oso erraza da: Begibistako hori begietara ekarri.