Oraingoan astea, asko gustatu zaidan esperientzia batekin amaitu da. Irakasgai honetan lantzen ditugun problemak nahiko luzeak dira, enuntziatuak behintzat bai. Sistema automatiko baten funtzionamendua adierazi ohi dute enuntziatu horiek. Adibide gisa, pasabide estu batean autoak pasatzeko sistemaren kudeaketa. Sistema horrek sentsoreak ditu autoak iristen direla detektatzeko eta semaforoen kontrola egin behar da. Emaitza gisa kontrol hori egingo duen sasi-kodea eskatzen dugu. Sasi-kode hori zatitxo askotan banatzen denez, pentsatu nuen egokia izango zela talde bakoitzean ebazpenaren zati bat egitea. Ondo atera zen eta kasu batzuetan talde batzuk beste talde batzuen informazioa behar zutenez, galdetzera joan ziren. Emaitza osoa arbelean idatzi zuten talde desberdinek.
BAINA:
Noski baina bat egon behar zuen, baina horrela ikasten da, ezta? Nire aldetik, denboraren kontrolak egin zuen huts. Hori dela eta ebazpena ondo ote zegoen aztertzeko denborarik ez genuen izan. Arbelean idatzita zegoen emaitzaren argazkiak egin nituen eta dokumentu batean helaraziko dizkiet ikasleei ebazpenaren inguruko oharrak.
Hurrengoan hobeto kontrolatuko dut.

