Aste hau berezia izan da. Gure fakultatean lauhileko bakoitzean bi aste trinko ezarri dira. Aste horietan irakasgai bakoitzak goiz oso bat du erabilgarri, azterketa partziala, laborategia, tutoretzak edo bestelako gauzak egiteko. Gure kasuan bi azpitaldetan banatu dugu talde osoa eta laborategi bat egin dugu.
Joan den astean laborategian simuladore batekin jolasean aritu baginen, aste honetan benetako makina batekin aritu gara, PCarekin. C-z idatzitako programak konpilatu eta exekutatu ditugu, x86 mihiztadura-lengoaian idatzitako programak mihiztatu eta exekutatu ditugu eta azkenik, C-z idatzitako programak konpilatzerakoan, konpiladoreak zer nolako mihiztadura-lengoaia sortzen duen ikusi dugu.
Dirudienez, ikasle guztiek lortu dute laborategiko atal guztiak amaitzea. Laborategi hauek ez dira beharrezkoak irakasgaia gainditzeko, baian bai dira lagungarriak teoria eta praktikaren arteko zubi gisa.
Hurrengo astean, asteartean, komentario batzuk egingo ditut eskolan, haiek garbi izan dezaten zer den orain arte egindakotik jakin, jakin behar dutena eta zer den laguntza gisa sartu duguna. Ondoren, hasiko gara azpirrutinekin, hau da, nola kudeatzen dira azpiprogramak mihiztadura-lengoaiako mailan.

