Asteazkenerako, helbideratze modu desberdinak irakurrita ekarri behar zituzten eskolara. Horrela, esperto taldeetan zalantzak argitu ondoren, ariketa bat ebazten hasi dira. Nahiko ondo joan da.
Ostegunerako ordea tranpatxo bat prestatu diet, azterketa sorpresa bat. Agindu diet ez dudala erabiliko notaren %rik lortzeko. Nire ustez, horrek ikasle onen notak izan beharko luketena bezain onak ez izatea eragin baitezake. Hola ba, azterketa egin dute eta ondoren errubrika bat eta emaitza posible bat erabilita, beste ikaskide baten azterketa zuzendu dute. Horrek lagundu dit nolabait niri zuzenketa prozesuan, baina ikusi egin dut errubrika ez zegoela ondo pentsatuta eta gainera horrelako lan batek denbora asko eramaten duela, 6 ordu inguru pasa ditut zuzenketa egiten. Honen inguruan gehiago pentsatu beharko da.
Emaitzei buruz, 41k egin zuten azterketa eta gaizki, nahiko eta ondo balorazioak emanda, honela geratu zen kontua, 17k gaizki, 14k nahiko eta 10ek ondo. Astelehenean haiekin komentatu ditugu emaitzak eta zalantza batzuk argitu ditugu. Askok esaten dute azterketa hobe egin zezaketela jakinda azterketa egongo zela. Hala ere batzuk bai esan dutela pentsatzen zutena baino gutxiago dakitela, eta nire ustez, irakasgaiaren une honetan horretaz ohartzea oso ona da.
Bestalde, hausnarketa egiteko garaia iritsi zela pentsatuz, taldeko hausnarketa, hausnarketa pertsonala eta ikas-metodologiari buruzko hiru gauza ona eta hiru txar aipatzeko eskatu nien.
Taldeei buruz, ikusten da egonkor dauden taldeetan pozik daudela, baina badaude talde pare bat edo hiru pixka bat dantzan dabiltzanak, jendea ez dalako beti etortzen eta horregatik aldaketa dezente egin behar izan ditugulako. Horiek ez daude horren pozik eta haien notetan ere nabaritu da. Batzuekin, ostegunean hitz egin nuen. 5eko taldetik 2 baino ez ziren agertu. Bi horiek beste talde batzuetan sartzea erabaki genuen eta batek behintzat adierazi du orain hobe dagoela. Beste bi astelehenean agertu dira (gutxienez astebete etorri gabe egon eta gero) esanez hasieratik galdu zirela eta erdi ondo zegoen taldekide bakarri kalte baino ez ziotela egiten. Nire proposamena izan da gaian egokitzen saia daitezela, lana eginez eta tutoretzatan zalantzak argituz eta ondoren beste talderen batean egokituko ditudala. Esan didate horrela ez dutela inoiz lortuko besteen mailan jartzea, beraz erabakia izan da edozer gauza berri landu behar dugula taldean sartuko ditudala, baina orain, mihiztadura lengoaia eta C behintzat haien kabuz landu behar dutela, bestela edozein taldetan oztopoa baino ez liratekeela izango. Printzipioz onartu dutela dirudi, ikusiko dugu zer egiten duten.
Azkenik, ikas-metodologiaren inguruan esandakoari buruz, laburpentxo bat egin dut eta jarraian erakusten dizuet:
Talde-lana, oro har, ondo baloratzen da:
- Klaseak interesgarriagoak dira
- Galdetzeko konfiantza dago
- Giro ona sortzen da
- Koordinazioa lantzen da
- Harremanak sortzen dira
Batzuek ez dute atsegin, baina ikasi behar den gauza da, talde-lana bizitzako alor guztietan suertatzen baita.
Hala ere badaude baina batzuk:
- Emaitza hobeak lortzen dira, baina notak besteen menpe egotea ez da atsegina eta egon daiteke zein, lanik egin gabe onurak aterako dizkion talde-lanari. Batzuk paso egiten dute. Zerbait gaizki eginez gero, taldekideengan eragina dauka
- Neurri txiki batean bakarrik daude notak besteen menpe, azterketak banakakoak direlako. Dena den hori ere ikasi beharreko gauza bat da eta taldean norbaitek gure notan eragin txara izan dezakeela uste badugu, norberaren eskuan dagoena egin beharko dugu hori gerta ez dadin.
- Como enfrentarse a los jetas y caraduras
- Despistatzea erraza da, batzuetan ez oso serio
- Gogoratu lanean ari zaretela eta saiatu zentratzen. Ikasi behar duzuen beste gauzetako bat da.
- Noizbait galduz gero, taldekideek aurrera egin eta norbera gai horretan galduta gera daiteke
- Taldea trinkoa bada ez du horrelakorik gertatu beharko. Galdu den horrek konfiantza izan behar du laguntza eskatzeko. Horrez gain, taldekideek laguntza eskatu gabe ere, jakin beharko lukete arazoaz ohartzen eta laguntza eskatu gabe ere galdu den pertsona horri heltzen.
Landutakoa ez da zailegia diote batzuk, beste batzuk ordea zailtasuna aipatzen dute gauza txarren artean. Hau erlazionatuta egon daiteke taldeak deskonpentsatuak egotearekin, bai barrura, bai kanpora begira ere. Barrura begira, taldekideen erritmoa desberdina da. Kanpora begira, batzuetan beste taldeei itxoin behar zaie.
-
- Barruan, azkarrago dabilenak besteei lagunduta ez du ikusiko galdutako denbora gisa eta ikasi, asko ikasiko du.
- Kanpoan, bitartean beste zerbait egiten saia zaitezkete. Hurrengo urtera begira kontuan izango dut eta pentsatuko dut ea posible den talde bakoitzak bere erritmoa eramatea.
Eguneroko lana eta materiala pertsonalki aztertu behar izatea ere batzuk gauza on gisa ikusten duzue, beste batzuk txar gisa, esfortzu handiagoa eskatzen duelako, etxean lan egin behar delako.
-
- Lanik eta esfortzurik gabeko emaitza gutxi izaten da.
Gauzak ez dira asko azaltzen, teoria oinarriak ahulak dira, baliteke batzuetan nork bere kabuz gauzak ulertzeko gai ez izatea, irakaslearekin komunikazio eza.
-
- Hasieratik esan nizuen ibiltzen ikasten duzuen bitartean saiatuko nintzela erortzen ez uzten edo bestela altxa arazten. Teoria guztia emandako materialean dago. Oraindik ez dizuet eskatu zuen kabuz ezer bilatzeko, hori ere ikasi beharko duzue egiten. Zalantzak argitzeko lehenengo taldea duzue eskura eta taldean ulertzea lortu ez dena galdetu niri inongo arazorik gabe.
- Nirekiko komunikazio eza nabaritzen baduzue mesedez jakinarazi behar nauzuela eta ez naizela aintzakotzat hartzen ari.
Beste batzuentzat ordea ona da txaparik ez egotea.
C ikastea norbaitek ondo baloratu du. Beste batzuk diote ez dakitela C eta suposatzen dela emanda dagoela.
-
- Ez da suposatzen C badakizuela. Momentuz oso gauza sinpleak programatzen ari gara Cz eta sintaxia baino ez duzue aldatu behar. Ez dago ulertu beharreko gauza beharrik, baina pixka bat landu beharko duzue eta horretarako daukazue materiala eskuragarri.
Gauza solteak:
- Onak:
-
- Proiektuak motibatu egiten du
- Ebaluazio jarraitua
- Talde-lan eta posterrak
- Moodle-eko materiala
- Txarrak:
- Ideien talkak. ??
- Talde aldaketak – noizbait egonkortuko dira, baina zuen funtzionamendua da horren arrazoia
- Ariketa ebatzi gutxi – egindako ariketak zuzenketekin eman egin dizkizuet edo moodleen daude eta nik arbelean egingo nituzkeenak baino dezente gehiago dira.
- Talde-lana ez dago organizatua – bai, hala da, baina gauza asko aldatu behar ziren zuen eta nire funtzionamenduan, horregatik antolakuntza hori pixkanaka lortzea espero dut.
- Balorazio globala ??
- Ez dago oinarri finkorik ??
- Papera gastatzea – erosoago iruditzen zitzaidan taldetik mugitu gabe egitea, baina nahiago baduzue zuzenean arbelean idaztea, ez daukat arazorik.
- Desdobleen ordutegiak txarrak dira – bai, niretzako ere, baina ez dago nire esku aldatzea
- Konpetizio modura ikus daiteke ??
- Posterrak
- Argazkiak – sentitzen dut, baina nire lanerako beharrezkoak ditut
Uste dut astebeterako nahikoa hausnarketa izan dugula. Aste honetan laborategi bat daukagu pixka bat jolasteko eta ostegunean saiatuko gara x86 makinen mihiztadura-lengoaian sakontzen.
Aio.

