Gaur Karle egon da eskola nola zihoan ikusten. Denboraz pixka bat larri ibili gara, baina azkenean planifikatutako guztia egin dugu. Karlek argazki batzuk egin ditu, nik ez dut astirik izan.
Etxetik ariketak landuta ekarri dituzte. Eskolan taldean arazoak eta desberdintasunak eztabaidatu ondoren, poster batean idatzi dituzte eta gero zalantza horiek denon artean eztabaidatu ditugu. 3. astea da eta 45 pertsona etorri dira, 55etik. Nire ustez kopuru oso ona da. Gainera badaude beste batzuk, bizpahiru, gaur ez direnak etorri baina etortzen ari direnak. Gainera oro har lanean gustura ikusten ditut ikasleak. Hori bai, badago talde bat oso galduta dagoena. Posible da beste taldeetan denek ez egitea lan berdina, baina gutxi gora behera jarraitzen ari dira. Talde horretan ordea, denak daude galduta, hasieratik ez direlako ari behar bezala. Horregatik, esan diet tutoretzara etortzeko (ostegunean dira etortzekoak). Gauzak garbi jarriko dizkiet eta lanean hasi, beste taldeetan banandu edo ebaluazio jarraitua uzteko aukera emango diet. Ea zer gertatzen den talde horrekin.
Bestela, gaur gertatutakoaren laburpen bat dago jarraian, moodleen egunerokoan jarri dudana da:
Gaurko, ariketa batzuk 2.6 eta 2.8 ekarri dituzue ebatzita. Ariketa horiek eginez izan dituzuen zalantzak partekatu dituzue taldean eta ondoren poster bat egin duzue. Hona posterretan agertu denaren laburpena:
2.6 ariketa modu desberdinetan ebatzi duzue.
- Hasteko batzuk while eta beste batzuk for egiturak erabili dituzue. Kasu honetan, printzipioz, behin datua aurkituta ez dago zertan bektore osoa korritu behar, horregatik egokiagoa da while egitura for egitura baino.
- Bestalde, batzuk bilatu behar den datua teklatutik sartu duzue. Horrela programa zabalagoa da eta edozein zenbaki bilatzeko aukera ematen du. Cko scanf aginduak ordea zalantza batzuk eragin ditu. Adibidez, nola idatziko litzatekeen, bektore bateko osagaiak jasotzeko. Cko apunteetara jotzen baduzue, 19. orrialdean horretarako adibideak aurkituko dituzue. Berdina egin daiteke amaieran, emaitza pantailaratuz (out agindua erabilita) edo ez pantailaratuz, baina beti komeni da emaitza memorian gordetzea. Bestela ez dira goi-mailako lengoaiaren espezifikazioak betetzen. Datuak teklatutik sartzean ere memorian, dagokien aldagaian gorde beharko lirateke.
- Teklatutik datu bat jasotzeko Cz scanf agindua erabiltzen den bezala, Txoriz, in agindua erabiltzen da. Hemen, Txoriren agindu guztien zerrenda daukazue, eta 5. orrialdean sarrera/irteerako aginduak azaltzen dira.
- Beste agindu batzuen formatuarekin ere arazoak izan dituzue. Fitxategi berean aurki ditzakezue agindu guztien formatua, adibidez, ld memoriako posizio bateko datua lortzeko, ldx bektore bati erregistro baten bidez indizea adierazteko. mov agindua bakarrik erregistroen artean. Berehalako bat erregistro batean gordetzeko movi agindua erabiltzen da. Eragiketa aritmetikoetan, berehalakoa beti azken parametroa da. Jauzietan, bxx ren ondoren erregistro bat jartzen da eta ondoren etiketa, etikera jauzi egingo da erregistroa 0rekin konparatuta, xx baldintza betetzen bada.
- Printzipioz, bektorea 0tik nra korritzea edo ntik 0ra korritzea berdina da. Gogoratu ordea, bektorearen lehen osagaia beti 0.a dela. Gainera, kasu batzuetan, lortzen den kodean eragina badauka. Adibidez, 2.6 ariketan batzuei gertatu zaizue, ntik 0ra korrituz, if bat saihestu duzuela. Dena den, zeuek esan duzuen bezala, soluzio hori ez zen horren intuitiboa.
- Atera den beste desberdintasun bat izan da, aldagaiei hasieratik balioa ematea edo programan zehar ematea, hasieran bakarrik lekua gordeta. Honek ere ez dauka eraginik emaitzan, beraz, bi aukerak onartuko ditugu.
- Azkenik batzuk aurkeztu duzue bilatzen dugun zenbakia agertzen den posizio guztien balioa itzultzea emaitzan. Hori egiteko ere modu desberdinak daude. Nola egin duzue?
Zerbait ahaztu bazait, mesedez abisatu.

