Blogari berriontzat: Zer dira Creative Commons lizentziak?

Hilabete hauetan blog mundura erakartzen nabil hainbat ikasle eta lankide, eta web 2.0n zenbait urte daramatzagunontzat kontu ezaguna bada ere, blogari berrientzat laburpen hau prestatu dut, ideiak argitzen laguntzeko:

Argazkiak.org | Creative Commons © cc-by-sa: teketen

Argazkiak.org | Creative Commons © cc-by-sa: teketen

Zertarako jakin behar dugu jabetza eskubideei buruz?

Ez gaude ohituta halako kontuekin eta horregatik bitxia egiten zaigu… baina sarean argitaratzeak suposatzen du egiten duguna publikoa dela eta ondorioz, erne ibili behar dugu egiten dugunaren alderdi legalaz.

 

Normalean blogean erabilera eskubiderik gabe argitaratzen badugu (copyright-a duena) eta “harrapatzen” bagaituzte, abisua ematen digute lehenbailehen kentzeko, hau da, copyright legea urratzeak ez du esan nahi zuzenean isuna jasoko duzuenik… baina berez gerta liteke. Hala ere, zerbait plagiatu badugu edo autoretza aipatu gabe argitaratu badugu, autorea kaltetua sentitzen da eta sareetan behintzat salatu egiten du.

 

Horregatik, hobe da blogean hasieratik txukun lan egitea.

 

Nola dakigu zerbaitek copyright-a duela?

Ez badu ezer jartzen, copyright-a du, hau da, berez (“defektuz”) du copyright-a. Copyright-a ez duten materialek espresuki zehazten dituzte erabilera baldintzak edo “some rights reserved” edo antzeko zerbait.

 

Hau da, Google-n topatzen dituzuen irudi gehienek copyright-a dute eta ez duzue zeuen blogean erabiltzeko eskubiderik.

 

Egia da normalean ez dagoela arazorik, baina gutxien-gutxienik bilatu behar duzue non argitaratua den eta erreferentziatu. Gutxienez, autoretza edo iturria zehaztu, KASU GUZTIETAN.

 

Zer dira Creative Commons lizentziak?

Lizentzia hauek asko hedatu dira azken urteotan eta onarpen zabala dute hezkuntza esparruan. Oso azalpen ona duzue Ordiziako Jakintza Ikastolako Software Libreko Taldearen gunean:

http://softwareaskea.jakintza.net/hasiera/atalak/software-askea/zer-dira-creative-commons-lizentziak

 

Mesedez, ARRETAZ IRAKURRI, bertan oso argi dago azalduta zertan diren lizentzia hauek. Horretarako patxada pixka bat beharko duzu.

 

Hemen duzue bertsio laburtu bat, “Creative Commons haurrentzat azaldua”, Maite Goñi irakasleak itzulia:

http://www.maitego.com/2011/04/02/creative-commons-umeentzat-euskaraz-azaldua/

Jatorrizkoa: CC Aitortu © cc-by: Karlisson Bezerra, Nerdson / Itzulpena: Maite Goñi

Jatorrizkoa: CC Aitortu © cc-by: Karlisson Bezerra, Nerdson / Itzulpena: Maite Goñi

Materialek duten lizentzia dutelarik ere, BETI ezinbestekoa da autoretza edota iturria zehaztea.

 

Youtube-ko bideoak erabil daitezke?

Web 2.0ko gune askotan, guk ez ditugu materialak deskargatzen, soilik estekatzen edo kapsulatzen ditugu (“embed” edo leihotxoan eskaini). Normalean, kode horrek berak zehazten du autoretza hori, eta zeozergatik jatorrizko materialak ez baditu lizentziak errespetatu, jatorrizko gunetik kenduko dute.

 

Hau da, bai, youtube-ko bideoak eta antzeko materialak txerta ditzakegu. Ezin duguna da deskargatu eta gero gure gunera igo, orduan bai, copyright eskubideak urratzeko arriskuan gaude (non eta ez duen espresuki jartzen Creative Commons eskubideak dituela eta adibidez, aukera dugula jatorrizkoa moldatzeko).

 

Adibidez, ikusten badugu Slideshare-n aurkezpen bat gustuko duguna, eta demagun ingelesez dagoela eta guk euskaraz nahi dugu klaserako. Kasu horietan, nahiz eta Creative Commons lizentzia izateagatik itzul dezakegun, BETI hobe da autorearekin harremanetan jarri eta galdetzea ea baimena ematen digun itzultzeko. Ia beti pozarren hartuko du proposamena eta eskatuko dizu berari ere bidaltzeko itzulpena, bere gunean jartzeko.

 

Zein da zure blogaren lizentzia?

Modu berean, zure blogaren lizentzia zehaztea komenigarria da. Ez baduzu ezer esaten, bertan jartzen duzunak copyright-a izango du, baina besteren materialak erabiltzeko asmotan bazabiltza, Creative Commons lizentzietako bat hautatzea da bidezkoena.

 

Horretarako, irakurri ondo goraxeago emandako estekako informazioa. Hauxe duzue Creative Commons-eko gune ofiziala eta bertan duzue pausoz pauso lizentzia hautatzeko prozesua:

http://creativecommons.org/

 

Gomendagarriena da CC-by-sa lizentzia hautatzea, bai blogean eta bai sortzen dituzuen bestelako materialetan.

 

Non bilatu Creative Commons lizentziapeko materialak?

Bilatzaile espezifikoak daude eta gune bereziak. Onena da Creative Commons-en bilatzaile bera erabiltzea:

http://search.creativecommons.org/

 

Adibidez, irudi orokorrak nahi badituzu, oso baliagarria da Flickr-ren Creative Commons bilatzailea erabiltzea:

http://www.flickr.com/creativecommons

 

Artikulu hauetan (gaztelaniaz) bilatzaile eta gune gehiago dituzu aukeran, irudiak bilatzeko gehienbat:

http://wwwhatsnew.com/2011/08/19/buscadores-de-imagenes-con-licencia-creative-commons/

http://www.ipixelestudio.com/blog/bancos-imagenes-gratis.html

 

Hezkuntzarako zehatzago, Hezkuntza Ministerioak gune hau du irudi eta soinu baliabideak bilatzeko:

http://recursostic.educacion.es/bancoimagenes/web/

 

Comments are closed.