Zeregin komunikatibo errealak: Olentzerori gutuna

Bai, zertxobait aurreratu naiz… Udazkena hasi berria da eta oraindik Eguberrietarako luze joko du, baina Hizkuntzaren Didaktikako saioetan borrokatzen gabiltza zeregin komunikatiboak sortu nahian, eta hara non jaso nuen Twitterren gogoko honen berri:

leire alberdi erabiltzaileak gustuko du txioa

Otsailaren 24an Unai Aldasoro @_Soro_-k argitaratutako txioa, @txuriya-k bertxiotu eta neuk jaso ondoren, ahaztuta nuen, baina @lalberdi-k gogoko gisa markatu zuen bat-batean irailaren 9an… klasean sartu aurretik. Maite ditut Twitterren txiripa eta kasualitate hauek!!!

 

ZER DA ZEREGIN KOMUNIKATIBO BAT?

Eskoletan proposatzen ditugun idatzizko zeregin gehientsuenek ez dute komunikazio orientaziorik. Ikasleei “idatzi deskribapena” eta ikasleek deskribapena idazten dute, testuinguru komunikatiboa galdetu gabe. Ikaslearentzat, noski, testuinguru komunikatiboa ikasgela da eta bere irakurlea irakaslea. Horregatik, sortzen diren testu asko artifizialak dira eta transferentzia gutxirako aukera ematen dute.

Unairen adibide hau, aldiz, oso komunikatiboa da, behar komunikatibo bati erantzuten dio. Unaik artean 7 urte zituen (Iratik 4), eta kontu handiz idatzi zuen gutun hau, oso garbi baitzuen zer kontatu behar zion Olentzerori, eta zertarako (#txandalik ez! 🙂 ):

 

 

Gutuna arretaz aztertuta, ikusten da gutunaren alderdi formalei arretaz erreparatu diola: data, agurra, mezua eta amaierako sinadura. Horrez gain, kontzientzia linguistikoa nolabait garatu duela ikus daiteke, “naidezuna” horren lehenagoko bertsioa ezabatu baitzuen, garbi dago zalantza zuela nola idazten zen zuzen eta saiatu behintzat saiatu dela, asmatu ez badu ere.

 

Eskoletan planteatzen ditugun idatzizko zereginetan helburu komunikatiborik ez badago, ikasleek ezin dute erabaki zein erregistro erabili, zer edo nola komunikatu, eta geuk ere, ezin ditugu komunikazio alderdi horiek ebaluatu eta hobetzen lagundu.

 

“Zure jostailu kuttuna deskribatu” tankerako zereginen ordez, jostailu hori deskribatzeko testuinguru komunikatibo bat proposatu behar dugu, haurrak erabaki dezan zein modutara deskribatu nahi duen, eta horrela bere estrategiak garatu eta hobetu.

 

Mila esker, Unai, zure gutuna hemen zabaltzeko baimena emateagatik! Asko gustatu zaigu klasean!

 

 

Comments are closed.