|
|
Mikel Aranburuk idatzitako artikulua
Gako-hitzak

Gako-hitzen erabileran bi alde bereiziko ditugu. Lehena interneten zerbaiten bila gabiltzanean hitz hauetaz egiten dugun erabilpena da. Bigarren aldea, interneten zerbait kokatzen dugunean, aurkitua izateko gako-hitzek duten garrantziarena izango da.
Azken urteotan interneten erabiltzaileon kopurua hasi eta hasi egiten ari da. Hazkundea horrelakoa izaten ari denez, sarean dabiltzan enpresa handiak neurriak hartzera behartuak izaten ari dira. Era honetan, Ipv4-tik (Internet Protocol version 4) Ipv6-ra (Internet Protocol version 6) aldatzen ari dira sareko enpresa handiak. Egin ezean, internet osoa gelditzeko arriskuan egongo litzateke urte gutxi batzuk barru. Ez da denbora asko entzun dudala Google-k hiru urteren ondoren, bukatu berria izango duela aldaketa prozesu hau.
Hainbeste hasten ari dan sare honetan, bilaketak egiteko “laburbideak” behar ditugu. Laburbide horiek “gako-hitzak” dira. Gako-hitzik gabe bilatzaileek ez lukete jakingo nondik nora jo beraien lana betetzeko. Gako-hitzetan oinarritzen dira bilatzaileak erabiltzaileari helbideak sailkatzeko eta aurkezteko.
Interneten zerbait bilatzera goazenean, lehendabizi “bilatzaileetara” joaten gara. Bilatzaileak denontzat dira ezagunak, nork ez ditu erabili edo entzun izen hauek? Yahoo, Ask, Lycos, Hispavista, Terra, Searchmash, Wikia search edo Google. Web orriak bilatzeko erabiltzen ditugu. Euskarri mota ezberdinen bila gabiltzanean aipatutakoak bezain ezagunak diren beste bilatzaile batzuetara ere jotzen dugu: www.youtube.com bideo bila gabiltzanean, www.ivoox.com audio edo podcast-ak nahi ditugunean, http://eu.wikipedia.org -era ere askotan jotzen dugu informazio bila. Web, bideo, podcast edo dokumentuak bilatzeko erabiltzen ditugun bilatzaile hauetan guztietan gako-hitzak beharko ditugu. Gure abileziek eta esperientziak zeregin handia izango dute une hauetan.
Ez genuke ahaztu behar, lan bat argitaratzen duen edonork, bere lana erraz aurkitua izatea espero duela. Horretarako, gako-hitzak ondo erabiltzean datza eginbehar garrantzitsuena. Gako-hitzak, era arrunt eta intuitiboan antolatu behar dira, bilatzaileari lanak errazteko.

Irudiaren jatorria: http://auxilioblog.blogspot.com/2011/01/vuelven-las-meta-keywords.html
Halaber, badira hainbat jokamolde ikas ditzakegunak eta oso baliagarriak izan daitezkeenak sarean bilaketak egiterakoan. Ondoren, hainbat jokamolde aipatuko dizkizuet:
- Esaldi zehatz bat aurkitu nahi duzunean, kakotx artean sar ezazu esaldia (“”). Adibidez: “aldizkari zientifikoak”
- Hitz zehatz batzuk dituzten orriak aurkitzerakoan, baina ez beste hitz batzuek, (-) ikurra erabili beharko dugu nahi ez ditugun hitz horien aurrean. Adibidez, “denda” topatu nahi dugunean, “denda” hitza baina ez “on line” motakoa:
denda – on line.
- Hitz zehatz bat edo beste ordezko bat dituzten web orriak aurkitzerakoan, “OR” erabiliko dugu edo (I) (AltGr+1) sinboloa. Adibidez, “denda” eta “liburuak”, edo “denda” eta “ordenagailuak” dakarzkiten web orriak:
denda (liburuak OR ordenagailuak)
denda ( liburuak I ordenagailuak)
- Zenbait hitz bilarazi nahi ditugunean, badira bai ingelesez eta bai gaztelaniaz hainbat hitz Google-k eta beste bilatzaileek aintzakotzat hartzen ez dituztenak, (ingelesez: “to”, “of”, “the”,…; gaztelaniaz: ”a”, “de”, “el”, …). Guk adierazi behar diogu bilatzaileari aintzakotzat hartzeko, era honetan: “+” ikurra idatziko dugu hitz hauen aurrean. Adibidez, bi bilakaera hauek ez dute emaitza berdina emango:
el mundo
+el mundo
- Komodinen erabilpena. “*” ikurra erabili daiteke hitzak ordezkatu eta bilaketak errazteko. Ikurra hitzen artean erabiltzean da eraginkorra. Adibidez:
“los * años”
“Los ** años”
- Hizki larriak edo xeheak erabiltzeak ez du inongo aldaketarik sorrarazten. Emaitza berdinetara eramango gaitu. Ez dago ezberdintasunik:
IZAdiA, izadia edo IZADIA
Badira beste hainbat laburbide, ”komando” sinboloarekin elkar lanean erabiltzen direnak. Interesa dutenentzat ondorenean gehituko dut informazio hau topatu dezaketen orriaren URLa.
Idatzi honetan, garatu gabe geratuko da, lanak, audioak edo bideoak sarean zintzilikatzearen inguruko atala. Hala eta guztiz ere, ez dator lekuz kanpo gogoratzea zein garrantzitsua dan lan hauei dagozkien hitz gakoak ondo erabiltzea. Hitz hauen gainean eroriko bai da, gure lana ikusia eta erabilia izatearen ardura.

Irudiaren jatorria: http://es.paperblog.com/funcion-de-las-palabras-claves-en-un-sitio-web-147200/
Amaitzeko, duela gutxi irratian entzun nuen albiste bat aipatu nahi nuke. Sarean zintzilikatzen diren blog-en %10ak bakarrik lortzen dute gutxienez bisita bat, gainontzekoak sarearen zabalduran galtzen dira, ez dira irekiak izatera iristen. Soberan dago hau zein ankerkeria den esatea. Dena gure eskuetan ez badago ere, asko egin dezakegu horrelakoak ekiditeko eta horretarako, gako-hitzak ondo kudeatu behar dira.
Artikuluaren autorea: Itziar Rodríguez Iñiguez de Heredia
Ahozko aurkezpenak mundu akademikoan
Geroz eta lan metodologia desberdin gehiago erabiltzen dira mundu akademikoan eta ikaskuntza-irakaskuntza prozesuetan. Dena den, ahozko aurkezpenak erabilienetakoak izaten jarraitzen dute, bai klaseetan, bai kongresu eta jardunaldi desberdinetan. Komunikazio gaitasuna beharrezkoa dugu informazioa ahoz transmititu nahi dugunean, izan ere gai bat menderatzeak ez digu ziurtatuko guk nahi genuen informazioa eta ezagutzak guk nahi genuen moduan transmititu direnik. Hizkera argia, tonu egokia, hartzaileen arreta erakartzeko estrategiak etb. oso garrantzitsuak izango dira. Baina gure berbaldirako sostengu egokiak erabiltzeak lana erraztu eta ahozko aurkezpenak duen helburua lortzen lagunduko digu.
Hasiera batean irakasle, pentsalari nahiz adituek euren diskurtso soila erabiltzen zuten, inongo laguntzailerik gabe. Geroxeago diapositibak eta proiektoreak erabiltzen hasi ziren, euren hitzaldiari irudiak jarriz. Ordenagailuak agertu ziren honen ostean, eta honek iraultza handia ekarri zuen ahozko aurkezpenen mundura. Powerpoint izeneko programa ezagunaren bidez aurkezpen gehienek sostengu digitala zuten, taula, testu eta irudiak agertuz berbaldiari laguntzeko. Geroztik, eta teknologiaren berrikuntza eta aurrerakuntzak erritmo bizkorrean doazelarik, programa eta metodo desberdinak agertu dira. Askotan, programa hauen erabilera zaila dela pentsatu, eta txostengile ausartenen esku bakarrik daudela uste dugu. Baina ez da horrela. Egun programa erabilerrazak aurki daitezke interneten. Egia da denbora bat eskaini behar zaiola programaren erabilpena ikasteari. Baina gauza berriak probatzeko gogoa eta miatzeko gogoa baldin badaukagu, programa berrien bidez aurkezpen berritzaile eta dinamikoak lortuko ditugu. Programa hauetako batek Prezi izena dauka, eta sarean aurki daiteke.
Zer da Prezi?
Prezi izeneko programa, teknologia berrien bidez ahalmen sortzailea eta norberaren adierazpena bultzatzeko helburuarekin sortu zen. 2007. urtean Prezin hasi ziren lanean Adam Somlai-Fischer (arkitekto, enpresa-sortzaile eta elkarrekintza diseinatzailea) eta Peter Halacsy (chief technology officer, alderdi teknologiko eta zientifikoez arduratzen dena), euren ideiak garatu eta azaltzeko aukerak murriztuak zirela ikusi zutenean. Honi konponbidea emateko Prezi sortu zuten eta, luzaroan proba-fasean egon ostean, euren herrialdean, Budapesten, aurkeztu zuten ofizialki 2009.eko apirilean. Sunstone Capital eta TED Conferences-ek Prezin inbertitu zuten urte horretan bertan hiru hilabete geroago. Eta 2009ko azaroan San Franciscoko bulegoa ireki zen. Egun, euren web orrialdeari esker, programa guztion esku dago.
Gure aurkezpena diapositiben bidez egin ordez, poster digital bat sortzeko aukera ematen digu programa honek. Tamaina norberak erabakiko du, bertan aurkeztu nahi dituen ideia kopuru eta elementuen arabera. Posterrean bertan berbaldian aipatuko diren ideia nagusiak idazten dira, eta sakondu nahi izanez gero testu gehiago gehitu daiteke. Zoom aukera duenez, posterreko puntu desberdinetara gerturatu gaitezke hizketaldian zehar. Eta urrundu ere egin gaitezke berbali osoaren ikuspuntu global bat aurkeztu nahi badugu, edota arreta gugana zuzendu nahi badugu. Gainera puntu batetik bestera mugi gaitezke posterrean zehar, inolako orden zehatzik jarraitu gabe. Mapa kontzeptual baten moduan uler dezakegu, baina behin praktika hartuta poster sinpleak egitetik zure irudimenak sortzeko gai dena posterrean gauzatzera pasako gara. Tamaina desberdineko testu, kolore desberdineko elementu eta antolatzaile nahiz irudiekin jolas dezakegu posterra sortzerakoan.
Nola hasi Prezi erabiltzen?
Prezi erabiltzen hasteko prezi.com web orrialdean sartu eta bertan erregistratu behar gara. Helbide elektronikoa eta erabiltzaile-izena eskatuko digu pasahitz batekin batera. Behin hau eginda, gure aurkezpena sortzen has gaitezke.
Aurkezpena sortzeko on-line egon behar gara, eta aurkezpena gorde nahiz moldatzeko aukera emango digu. Hori bai, behin posterra sortzen hasi ezin da letra, kolorea edo itxura aldatu. Oraindik hainbat gauza garatzeke daude, baina badu bideoak, dokumentuak zein argazkiak txertatzeko aukera. Gainera, deskargatzeko aukera ere ematen digu, eta on-line egon gabe gure posterra pen-drivean eraman beste ordenagailu batean irekitzeko. Guk egindako aurkezpenak gure Preziko orrialdean gordeko dira, eta dohaineko kontua sortu badugu publikoak izango dira. Hau da, Preziko beste erabiltzaileek gure posterrak ikus ditzakete eta baita guk dohaineko kontua duten beste erabiltzaile batzuena ere. Aurkezpenak off-line sortzeko edota gure aurkezpenak pribatuak izan daitezen kontu berezia ireki eta ordaindu egin behar da.
Programaren ingurukoak ikasteko tutoretzak existitzen dira. Orain gutxi arte ingelesez aurki genitzakeen bakarrik, baina orain hilabete batzuk gaztelaniazko bertsio bat sortu du erabiltzaile batek. Bestalde, web orrialdean gida bat daukagu. Eta blog bat ere existitzen da non dudak, proposamenak, erabiltzaileen ideiak etb. agertzen diren.
Prezi-ren alde positiboak eta negatiboak
Programa berritzailea dugu Prezi dudarik gabe. Hasieran, erabiltzen hasten garenean, apur bat konplexua izan daiteke eta, praktikatu arte, zoom eta mugikortasuna dela eta zorabiagarria baita. Baina aurkezpenari freskotasuna ematen dio eta irudimena martxan jarriz gero, oso lan txukunak lor daitezke. Gainera, sostengu baten funtzioa betetzen du. Hau da, entzulearen arreta aurkezlean egongo da, eta ez sostengu digitalean, askotan powerpointarekin gertatu den bezala. Formatu berri honek aurrera eta atzera egiteko aukera ematen digu, ideia desberdinak lotuz. Eta denborari dagokionez ere, irudi bakarra denez, aurkezleak bere burua antolatzeko eta iragankortasuna kontrolatzeko aukera gehiago izango ditu. Gainera, bloga nahiz beste erabiltzaileen aurkezpenak ikusteko aukera oso aberasgarria gerta daiteke gure posterra sortzeko orduan.
Hala ere, baditu bere alde negatiboak ere. Tutoretza bat gaztelaniaz agertu berri bada ere, programa erabiltzeko informazio iturri gehienak ingelesez daude soilik, web orrialdea barne. Hizkuntza hau minimoki menderatzea, hortaz, beharrezkoa izango da. Bestalde, dirurik ordaindu nahi ez badugu, ezin izango dugu posterrik sortu on-line ez bagaude. Eta behin aurkezpena jaitsita on-line egon gabe ireki badaiteke ere, Windows eta Mac-ekin bakarrik emango digu aukera hau.
Hala ere, orokorrean, programa berritzaile eta eskuragarria dugu, aurkezpen originalak egiteko aukerak ematen dizkiguna. Proiektu hasi berria denez garatzeko alderdiak daude oraindik. Baina momentuz, gure berbaldietarako sostengu batek bete behar dituen funtzioak bete eta hitzez jartzen ditugun ideiak antolatzeko aukera paregabea dugu erreminta honekin.
Iturriak:
http://prezi.com/
Oraintxe ikusi dut Euskal Herriko Unibertsitateak Eztabaida Kluba antolatu duela, ikasleek oratoria eta eztabaidatzeko gaitasuna gara dezaten laguntzeko:
Unibertsitateko Eztabaida Kluba ikasleen errektoreordearen ekintza da eta izena emateko epea azaroaren 15ean amaituko da, beraz, interesik izanez gero, azkar mugitu beharra dago.
Izena ematen dutenentzat formazio-saioak egongo dira eta egiaztagiria jasoko dute bertaratzen direnek.

Interesatzen bazaizue, bertara jo dezakezue edo irakasleokin harremanetan jarri.
Taldean lan egitea kontu zaila da, aberasgarria baina zaila. Faktore askok eragiten dute taldearen eraginkortasunean eta horren kontziente bagara, errazago egingo diegu aurre zailtasunei.

Ez dugu hemen zerrendarik jarriko, ez baitago errezeta magikorik taldean ondo aritzeko. Ohikoa izaten da taldea osatzeko eskakizunaren aurrean lagunekin elkartzea, gustura sentitzen garelako beraiekin lan egiten. Hala ere, gomendagarria da ezezagunekin lan egiten ikastea, ze lan-munduan egokitzen zaizkigun lankideekin egin beharko dugu lan, gehiago ala gutxiago gustatu, eta hala, “entrenamendu” gisa egin dezakegu.
Talde-lanaren koordinazioa
Taldean egiten den lanari etekina ateratzeko, kontuan izan behar dugu taldekideen nortasuna eta jarrera desberdina izango dela. Lan bat egiteko epea laburra denean, koordinatzaile bat izendatzea baliagarria izan daiteke. Hori bai, kontuz: koordinatzaileak ez du dena egiten eta ez du zuzentzen, normalean bere lana da eztabaida luzeak moztea, haria galtzen denean mintzagaia berriz zentratzea eta aurrerapausoak ematen ari direla egiaztatzea.

Koordinatzaile lana zenbaitetan ez da atsegina izaten, horregatik da garrantzitsua lan hori egiten duenak izendapen hori izatea, bestela ematen du taldeko zaindaria dela. Rol hori izango duela argitzeak asko laguntzen du pertsona horren zereginak harreman informaletan eragin negatiborik izan ez dezan.
Bestalde, pertsona batzuk koordinazioan bereziki trebeak badira ere, rol hori aldatzen joatea da gomendagarriena, horrela hain trebe ez direnek ere zeregin hori nola egin ikas dezakete.
Talde-lanerako tresnak
Talde-lanaren eraginkortasunean laguntzeko tresnak ere baditugu. Horietarik ezagunena bilera-akta da. Akta idazteak lana ematen du baina taldearen funtzionamendua erregulatzen laguntzen du, bileran aurrerapenak izan direla egiaztatzeko tresna ona izateaz gain, irakaslearekin partekatu daitekeen ebidentzia bat da, ebaluagarria gainera.
Horrez gain, talde-dinamikak pizteko, sortzaileagoak izateko edo antolatuagoak izateko teknika asko dago. Talde egonkor batean bazabiltza eta zuen taldearen dinamika hobetzea nahi baduzu, eskatu laguntza irakasleei edo hemen, blogean iradoki dezakezu gai zehatzen bat, aholkuak emateko.
Galdera horixe luzatu dit ikasle batek, Mikelek, eposta txukun batean. Galdera honen atzean dagoen zalantza da ea onargarria den unibertsitateko lan batean Wikipediara jotzea eta bertako aipuak erabiltzea.

Wikipedia oso aproposa da gai jakin bati buruzko erreferentzia orokorra izateko. Adibidez, zenbaitetan artikulu zientifiko batean kontzeptu bat behin eta berriz azaltzen da, irakurleak ezagutzen duelakoan. Halakoetan, Wikipediak asko laguntzen du, bertako azalpenak argiak eta oso ulerkorrak direlako.
Bestalde, hainbatetan eztabaidan jartzen da Wikipediako informazioaren fidagarritasuna. Edozein bilaketa egiten dugularik, beti komeni da informazio-iturriak kontrastatzea, ez baitago perfekturik. Wikipedian erroreak daude baina oro har fidagarria da bertako informazioa.
Kontua hauxe da: normalean unibertsitateko lanetan Wikipediako informazioa baino zerbait sakonagoa eskatzen dela. Horregatik, ez da ohikoa izaten Wikipediako aipu bat jasotzea unibertsitateko lan batean, edo artikulu zientifiko batean, asmo komunikatibo jakin bati erantzuteko ez bada, behintzat.
Nire gomendioa
Erabil ezazu Wikipedia nahi bezainbeste, autoreak, garaiak, kontzeptuak… azkar kokatzeko edo ulertzeko, zeure laguntza gisa, baina ez oinarritu Wikipedian zure unibertsitateko lanak, baizik eta artikulu zientifikoetan, material teorikoetan, irakasleak lagungarri gisa eskaintzen dizkizun materialetan eta antzekoetan.
Euskal Herriko Unibertsitateko IKT Gerenteordetzak honako informazioa helarazi digu unibertsitateko e-posta segurtasunez erabiltzeko. Denontzat jakingarria delakoan, zuzenean hemen atxikitzen dut mezua, Gerenteordetzaren baimenarekin:
Azken hilabete honetan posta elektronikoak bidaltzeko izan ditugun arazoen iturria izan da erabiltzaile batzuek bere erabiltzaile izena eta pasahitza spammer-ei eman dizkietela. Hori dela eta, IKT Gerenteordetzak zera argitu nahi du:
1. INOIZ EZ DIZUGU ERABILTZAILEA ETA PASAHITZA posta elektronikoz eskatuko. INOIZ EZ.
Horrela, bada, jakin datu horiek eskatuz iristen zaizkizun mezuak ez ditugula guk bidali eta ondorioz, faltsutzat jo behar dituzula.
2. EZ INOIZ BIDALI ZURE ERABILTZAILEA ETA PASAHITZA POSTA ELEKTRONIKOZ, ez guri, ez beste inori. INOIZ EZ. Posta elektronikoa ez da era horretako datuak bidaltzeko bide egokia.
Probaren bat egiteko behar baditugu, ez dizkizugu postaz eskatuko.
3. Gerenteordetza honek bidaltzen dituen mezuak gaztelaniaz eta euskaraz egoten dira eta betiere, sintaxi zuzena izaten dute. Oso sintaxi okerra duen mezuren bat jasoz gero, ez fidatu.
4. Era honetako mezuren batek zalantza izpirik sortzen badizu, baztertu. Argibiderik behar baduzu, jar zaitez Erabiltzaileentzako Zerbitzuarekin harremanetan eta galdetu, betiere, mezuari erantzun baino lehen.
Oso kontuan izan beharreko aholkuak, inondik ere.
Eposta estilo informalean idazteko ohitura hedatua dago eta ez da espero paperezko gutunetako protokolo zorrotzari segitzea. Horrek, hala ere, ez du esan nahi hizkera zaindu behar ez denik, alderantziz, zailagoa da jakitea irakasle bakoitzari zein estilotan idatzi behar diozun, hain zuzen protokolo hori ez egoteagatik.
Irakasle horri idatzi behar diozun lehen postan ez duzu erreferentziarik izango. Gero, beharbada, mezu-trukeen ondoren jakingo duzu estiloa nola egokitu, baina printzipioz, estilo neutro-formalean idaztea da gomendagarriena.
Horrek zer esan nahi du? Hona gomendio batzuk:
- Erabil ezazu zure posta-helbide ofiziala, alegia, Euskal Herriko Unibertsitatean @ikasle.ehu.es amaiera duen hori. Zure posta helbide ofiziala da ikasle gisa identifikatzen zaituen helbidea, gainerakoan irakasleak zakarrontzira bota dezake zure mezua edo spam bezala etiketatua izateko arriskua izan zenezake.
- Gaia (Asunto) zehaztu. Kontuan izan irakasle horrek segur aski ikasle asko izango dituela. Gaia zehaztuta, errazago jakingo du zein zaren.
- Hasiera eta azken agurra erabili. Nahikoa izango da “Egun on”, “Irakasle hori”, “Kaixo” edo halako agur ez formalegia hasierarako eta “ondo izan”, “mila esker” edo antzekoa amaieran. Normalean agur hauek ezaba daitezke mezu-segida edo mezu-trukean aurrera egiten denean, baina lehen mezuan komenigarriak dira.
- Idazkera zaindu. Ez erabili laburdurarik, ez SMS hizkuntza. Zure irakaslea ez da zure koadrilako laguna eta ez du zure nomenklatura bereziak zertan ezagutu. Ortografia-arauak errespeta itzazu, bestela oso itxura pobrea erakutsiko diozu irakasleari zure jakintza-mailari buruz.
- Argitu eta zehaztu mezuaren helburua. Irakasle horrek ikasle asko ditu, baita irakasgai gehiago ere. Ahalik eta laburren idatzi baina ziurtatu irakasleak beharko dituen xehetasunak eman dituzula (irakasgaia, goizeko/arratsaldeko taldea, euskarazko/gaztelaniazko taldea…).
- Haserre zaudela ere, errespetuz idatzi. Saiatu ez idazten haserrealdian. Kexa adierazi nahi baduzu, argumentuak edo arrazoiak argi adierazi. Gogorkeriaz edo irainez idatziz gero, arrazoia izanda ere zure kontra joango da mezu hori.
Unibertsitatea zientzia eta ikerketaren munduan sartzeko lehen urratsa izaten da. Horrez gain, ikas-irakasteko gunea denez, irakasleen eskakizunetara moldatzen ikasi behar da eta normalean, eskakizun horiek beste ikas-mailetan baino jasoagoak izaten dira. Hori dela eta, lagungarri izango zaizu unibertsitateko komunikazioari buruz hausnartzea, bertan hasi berria bazara batik bat.
Zein ezaugarri ditu unibertsitateko komunikazioak?

- Formaltasuna: diziplina guztietan ez bada gehienetan, hizkera formala, landua erabiltzen da eta hizkerak doinu objektiboa hartzen du. Idazlearen ahots subjektiboa murrizten da datu eta teorietako ideien alde. Horrez gain, ohikoa da beste autore batzuen lanak aipatzea eta euren hitzek pisu handia izatea, beraz, jakin behar da Zientziak agintzen duen eran, autore horiek aipatzen eta euren testuinguruan ondo kokatzen.
- Zehaztasuna: oinarri eta argumentu zientifikoak erabiltzen dira nagusiki. Unibertsitatean (eta Zientzian oro har) ez du garrantzi handirik pertsona batek zein iritzi duen, iritzi horrek ez badu halako funtsa atzean. Adibidez, ez da egokia argumentu edo ikerketa zientifikoak azaldu ondoren, besterik gabe idazleak esatea “ni ez nago ados” edo “nire iritziz, hori ez da horrela”; argumentuak edo datuak erakutsi behar dira iritzi horrekin batera, posizio hori zehaztasunez arrazoitzeko.
- Hiztegia: terminologia zientza-esparru bakoitzaren oinarria da, espezifikoa. Hiztegi hori eguneroko bizitzako hiztegiaren desberdina da, izan ere, esparru bakoitzak bere kontzeptuak ditu, urteetan zehar definitzen, balioztatzen eta moldatzen direnak. Norberaren zientzia-arloko hiztegia (kontzeptuak, terminoak, hitz gakoak) ezagutu, bereizi eta erabili behar da.
- Konplexutasuna: unibertsitateko idatzizko zein ahozko testuak konplexuak dira maila jasoko testuak erabili, manipulatu eta berreraiki behar direlako. Horretarako, lehenik ondo ulertu behar dira erabiltzen diren testuak (ahozkoak eta idatziak) eta horrez gain, jasotako ideiak berrantolatu eta komunikazio akademikoan ohikoak diren testu-egituren arabera berridatzi behar direlako.
Ahozko eta idatzizko askotariko testuak erabiltzen badira ere, irakasleak ikasleekin komunikatzeko bide nagusia ahozko diskurtso luzea da. Irakasleak komunikatzen dituen ideiak konplexuak direla kontuan hartuta, garrantzi handia du ulermen-maila ona izatea, baita entzundakoaren ideia nagusiak modu eraginkorrean jasotzeko gaitasuna ere.
Ikasleak irakaslearekin komunikatzeko, berriz, idatzizko lanak erabiltzen ditu batik bat. Ikasleak egiten dituen idatzizko lanen arabera izango da mailakatua eta kalifikatua. Horrek adierazten du idatzizko komunikazio egokirako gaitasunak ibilbide akademikoa baldintza dezakeela. Ezaugarri hau nabarmenagoa da Giza- eta Gizarte- Zientzietan, baina gero eta garrantzi handiagoa ari da hartzen komunikazioa bestelako zientzia-esparruetan ere, gure gizartean komunikazioak gero eta indar handiagoa baitu.
Komunikazio akademikoa, unibertsitatean idaztea, lanen ahozko defentsa… Unibertsitatean komunikatzeak ezaugarri bereziak dituenez, blog honetan hainbat ideia, hausnarketa eta aholku emango ditugu unibertsitateko ikasleei lagungarri izango zaizkielakoan.
Hizkuntza nagusia euskara izango da. Estilo dibulgatiboan ariko gara, artikuluak ahal den neurrian behintzat arinak eta irakurterrazak izango dira, beraz.
RSS jario bidez segitzea gomendatzen dizuegu, artikulu berriak noiz argitaratzen diren jakiteko.
Ongi etorri!
|
|