Irakaslearen funtzio profesional garrantzitsuenak aztertuko ditugu. Aldi berean, irakasleen prestakuntza eta hobekuntza-prozesuaren inguruan dugun ikuspegia ere azaltzen saiatuko gara.
Irakasleen funtzio profesionalak anitzak eta aldakorrak dira. Eskolaren bilakaerarekin batera berrantolatzen dira. Gure helburua irakaskuntzak egun bizi duen unea azaltzea izan da, baina horrez gain, irakasleen funtzioa zein norabidetan aldatzen ari den zehaztu nahi izan dugu.
Gure asmoa ez da irakasleen funtzioa eta irakasleen prestakuntza ulertzeko izan diren ikuspegi teoriko desberdinak zehatz-mehatz azaltzea. Helburu horrek honako ikasmaterial hau gainditu egiten du.
Gure laburpen pertsonala proposatu nahi dizugu, nahiz eta jakin badakigun horrela testuaren edukia murriztu egiten dugula; baina gure ustez, irakurle-ikasleak makina bat aukera izango ditu prestakuntzan barrena (baita dokumentu honetan bertan ere) ikuspegi desberdinak ezagutzeko eta gai honen inguruko ikuspegi eta aukera teoriko eta praktiko desberdinak erkatzeko.

