2012-05-31 EZARIAN. ZIENTZIA. ARGI ALDIAN
MIKEL IRIONDO
Gaur egungo gizataldeen jatorria dela eta, amerikar indigenena izan daiteke literatura zientifikoan gehien jorratu den gaia. Amerikan ez denez egon giza espezie primitiborik eta erlatiboki berandu populatu zenez, laborategi bikaina da gure dibertsitatearen inguruko ikerketak egiteko eta, halaber, giza populazioen historian sakontzeko.
Orain gutxi arte, amerikar arkeologoek batez ere, amerikar indigenen arbasoak Clovis deritzon kulturarekin kontinente berrian sartu zirela onartzen zuten. Kultura horren izena Mexiko Berriko Clovis aztarnategitik dator, zeinean orain dela 13.000 urteko aztarnak aurkitu dituzten. Arkeologo horien iritziz, Asiar jatorria zuten gizatalde batzuk Beringia zeritzon lurraldera heldu ziren, orain dela 15.000-20.000 urte. Lurralde hori gaur egungo Beringeko itsasartea dagoen lekuan zegoen, glaziazioak zirela-eta itsas maila ehun bat metro beherago zegoenean. Hipotesi ofizial horren arabera, Cloviseko 13.000 urte horiek baino pixka bat lehenago, kontinentean barrena sartu omen ziren oinez, Beringiatik abiatuta. Azken urte hauetan, ikerketa ugari eraman dituzte aurrera, bai gizatalde horien arbasoak bilatzen, bai erabilitako bidea zein izan zen mugatzen.

