2011-06-23 Ezarian. Zientzia. Argi Aldian
Mikel Iriondo
Azken urteetan Homo generoaren sorreraren inguruan aurrerapen nabariak egon dira; hipotesi berriek gure eboluzioaren ezaguera goitik behera aldatu behar dugula iradokitzen dute, eta hiru indar-ideia bereizi ditzakegu. Azter ditzagun:
Harrizko tresnak lantzea ez da Homo generoaren ezaugarri bereizgarria. 1959. urtean Homo habilis espeziearen lehen aztarnak aurkitu zituztenean bazirudien espezie hori izan zela harrizko tresnak lantzen lehena, hezurrik eta tresnarik zaharrenak orain dela 2,3 milioi urtekoak baitziren. Hala ere, poliki-poliki, gero eta lehenagoko harrizko tresnak agertuz zihoazen, habilis-ak zahartzen ez ziren bitartean. Horrela, 1997. urtean, orain dela 2,6 milioi urteko tresnak aurkitu zituzten, eta, 2010. urtean, Shannon McPherron-ek ia milioi bat urte atzera bota zuen harrizko tresnen erabilera, Etiopiako aztarnategi batean orain dela 3,4 milioi urtetako belarjale handien hezur-aztarnetan ebaketa-markak aurkitu baitzituen. Garai horretan zeuden hominino bakarrak australopitekusak zirenez, beraiek izan ziren derrigorrean aurkituriko ebaketen egileak.

