2008-12-03
Argi aldian, Berria
Jose Antonio Rodrigez – EHUko Genetika irakaslea
Urtero, abenduaren hasieran, Gabonetako argiak pizten dira gure hiri eta herrietan. Urtero, abenduaren hasieran baita ere, Nobel sariak banatzen dira Stockholmen (Suedia). Aurten bi gertakizun horiek nolabait erlazionaturik daude, Nobel sari bat argi bati eman diotelako. Zehatzago esateko, Kimika Nobel saria argi berde polit bat igortzen duen proteina baten aurkitzaileei eman diete. Proteinaren izena GFP da (Green Fluorescent Protein ingelesez).
Askotan Nobel saria merezi izan duen aurkikuntza baten garrantzia begi bistakoa izaten da gehienentzat. Adibidez, HIESa eta utero-lepoko minbizia sortzen duten birusen aurkitzaileak ere sarituak izan dira aurten, eta denok ulertzen dugu zergatia. GFParen kasuan, agian, sariaren arrazoia ez dago hain argi. Zertan datza argia igortzen duen proteina baten garrantzia?
Imajina ezazu auto bat eraiki nahi dugula, eta Nola egiten da auto bat gidaliburuaren hizki guztiak dauzkagula. Autoa eraikitzeko, pieza bakoitza egiteko argibideak gidaliburuan irakurtzen ikasi beharko dugu lehenengo. Gero non kokatzen den pieza bakoitza eta nola konektatzen diren pieza guztiak asmatu beharko dugu, autoaren funtzionamendua ulertzeko. Biologia molekularreko laborategia tailer mota bat besterik ez da, baina bai tresnak bai bertan konpontzen saiatzen garen arazoak bereziak dira. Gure lanaren oinarrian dagoen galdera hauxe da: «Nola egiten da zelula bat?». Zelula bat eraikitzeko gidaliburua zelula bakoitzaren barruan dago; hau da, bere genoma da. Azken urteotan giza genomaren sekuentziazioa burutu denez, gidaliburuaren hizkiak eskuragarri ditugu jadanik. Orain genoma interpretatu behar dugu zelula batek nola funtzionatzen duen ulertzeko. Zelula bat osatzen duten milaka piezak (proteinak) eraikitzeko argibideak (geneak) irakurtzen ikasi behar dugu. Horrez gain, proteina bakoitza non kokatzen den eta nola proteina ezberdinek egiten duten lan elkarrekin aurkitu behar dugu. Lan izugarri horretan ezinbesteko tresna izateagatik, hain zuzen ere, Nobel saria merezi du GFP proteinak.

