Arkaikoak eta modernoak

  • Berria.info » 2012-05-03 Ezarian. Zientzia. Argi Aldian

Mikel Iriondo

Gure espeziea, Homo sapiens edo gizaki modernoa, orain dela 150.000 urte inguru agertu zen Afrikan, eta orain dela 60.000 urte, gutxi gorabehera, Afrikatik atera eta Eurasia kolonizatu genuen. Orain dela gutxi arte, hipotesirik onartuenaren arabera, gizatalde arkaiko guztiak ordezkatu genituen, haiekin gurutzatu gabe. Hala ere, azken urte honetan zenbait ikerketak irudi hori aldatu dute, eta badirudi gure espeziearen historia ez dela pentsatzen genuen bezain sinplea izan. Datu berriek gizatalde arkaiko eta modernoak garaikideak izan zirela erraten dute, eta, gainera, bien arteko gurutzatzeak egon zirela frogatzen dute, bai Afrikan, bai Eurasian. Ikus ditzagun horren inguruko azken aurkikuntzak.

Gehiago irakurtzeko…

Gaztetasunaren iturria geneetan ote dago?

2012-04-05 EZARIAN. ZIENTZIA. ARGI ALDIAN

IZORTZE SANTIN

Orain dela urte batzuk euskal musika talde baten abesti famatu batek «Ai, amatxo, ez dut hazi nahi!» esaten zuen, baina, zoritxarrez edo zorionez, ez dago modurik zahartze-prozesua ekiditeko eta, Peter Panen antzera, haurtzaroan bizitzeko sekula betiko. Zahartze-prozesuan, giza gorputzak zenbait aldaketa fisiko paraitzen ditu, aurpegiko zimurren edo ile zurien agerpena, besteak beste. Baina aldaketa garrantzitsuenak, eta gure bizi kalitatean eragina izango dutenak, giza gorputzaren organuen funtzioaren galerarekin erlazionaturik daude.

Gehiago irakutzeko

51. argazkia

2012-03-07

EZARIAN. ZIENTZIA. ARGI ALDIAN

Jose Ramon Bilbao

Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatuko dugun aste honetan, Genetikaren historian inoizko eztabaidarik sutsuena eragin duen emakume zientzialaria datorkit gogora. Aurreko mendearen erdialdean, Rosalind Franklin DNAren egitura molekularra argitzeko lehiaren erdi-erdian zegoen, hainbat ikertzaile bikainekin batera: Linus Pauling, Erwin Chagaff, James Watson, Francis Crick eta Maurice Wilkins, besteak beste. Azken hirurek Fisiologiako Nobel saria irabazi zuten 1962an, DNAren helize bikoitzeko eredua deskribatzeagatik, Franklinen lanaren emaitzak haren baimenik gabe erabilita, hain zuzen.
Rosalind Franklin 1920an jaio zen, Londresen, familia judu aberats batean. Zientziarako dohainak gaztetatik erakutsi arren, emakumezkoek goi mailako ikasketak egitearen kontrako iritzi irmoa zuen aitak. Garai hartako Londresen, unibertsitatea eta zientzia gizonezkoen munduak ziren. Azkenean, aitak amore eman zuen, eta 1938an Cambridgeko Newnham Collegen eman zuen izena; hiru urte beranduago Kimikan graduatu zen. Ikatzaren porositateari buruzko lanei esker, Kimika Fisikoan lortu zuen doktoretza Cambridgen, 1945ean. Gerra amaituta, Franklin Parisera joan zen, Jacques Mering kristalografoaren laborategian X izpien difrakzio teknikak ikasi eta ikatzaren atomoen antolaketaren ikerketan aplikatzeko.

Gehiago irakurtzeko…

Gene gerlaria (II)

2012-02-09 EZARIAN. ZIENTZIA. ARGI ALDIAN

ASIER FULLAONDO

Argi dago gure geneak guretzat oso garrantzitsuak direla, baina argi dago, era berean, gure gene/aleloek ez dutela ezinbestean gure patua finkatzen. Gu, gure gene/alelo konbinazioa baino askoz ere konplexuagoak gara. Eta horren adibide bat hurrengoa da:

Urtarrilaren 3an argitaratutako artikuluan, gene gerlariari buruz idatzi nuen, eta bertan Herbehereetako familia baten kasua aipatzen nuen. Familia horretan, gizonezkoek zuten jarrera erasokorrak gene baten mutazioan oinarri izan zezakeela proposatzen zen, MAOA genean, hain zuzen, eta, beraz, heredagarria izan zitekeela. Jarrera erasokor horren herentzia Xri loturikoa eta errezesiboa zela proposatzen zuten ere; hau da, gizonezkoek jarrera erasokorra daukatela baina emakumeek transmititzen dutela, nahiz eta emakumeak jarrera erasokorrik ez izan. Horrez gain, jarrera erasokorra zuten ginonezkoek, ahaztu behar ez den beste ezaugarri bat ere aurkezten zuten, adimenean atzerapena edo mugako adimen maila.

Gehiago irakurtzeko

Gene gerlaria?

2012-01-05 Ezarian. Zientzia. Argialdian

Asier Fullaondo

Aurreko egun batean telebista ikusten ari nintzela, katetik katera saltoka, polizia ingelesen telesail batean «gene gerlaria» (el gen guerrero / the warrior gene) aipatu zuten. Horrek jakin-mina eragin zidan eta telesaila ikusten jarraitu nuen. Telesailaren funtsa ondokoa zen: hamabi urteko ume batek beste ume bat hil zuen, eta defentsa abokatuak, defentsa argudio bezala, umeak bere genoman gene gerlaria zuela proposatzen zuen; hori zela haren jarrera erasotzaileak baldintzatzen zituena zioen. Ez dut gogoratzen nola bukatu zen telesaila, baina balizko gene gerlariaren jakin-mina piztu zidan. Ba ote dago horrelako generik? Egia da aspaldian, 70eko hamarkadan, beste lan batek 47,XYY kariotipoa edo Poli Y sindromea izatea eta biolentzia lotu zituela; urte batzuk geroago frogatu zuten horrelako loturarik benetan ez dagoela. Horrelako informazioak erraz egiten du salto zinemara, eta gogoratzen dut Alien 3 filmean erreferentzia egiten ziotela Poli Y sindromeari, pertsona baten arriskuaz ohartarazteko.

Gehiago

Biopunkak

2011-12-08 Ezarian. Zientzia. Argi Aldian

Jose Antonio Rodriguez

New York, arratsaldeko bostak. Fitxatu ondoren, Jane Doe, hogeita hamairu urteko kontularia, Wall Streeteko bulego batetik ateratzen da. Bere lanegun ofiziala bukatuta, Janek bere bizikleta hartu eta Brooklineko zubia gurutzatzen du. Atean «GenSpace» errotulua daukan eraikin txiki batean sartzen da, bata zuri bat jantzi, eta inkubadore batetik legamiaz betetako plastikozko hiru botila ateratzen ditu. Mikroskopiora hurbildu, eta kontu handiz botilen itxura miatu eta konparatu egiten du. Kaka zaharra! Esperimentua ez zaio ondo atera. Berriro saiatu beharko du datorren astean!

GenSpace (http://genspace.org/) berziklatutako biltegi batean eraikitako laborategi gune komuna da. Bertan, Jane eta zientzian interesatuta dauden beste lagun batzuk elkartzen dira saiakuntza biologikoak hobby bezala egiteko asmoz. Biologo amateur horiek «zu zeuk egizu» edo «ZZE» biologian (ingelesez «do it yourself» edo «DIY» biology) jarduten dute. Zientzialari ezofizial horiek «biopunkak» edo «biohackerrak» bezala ezagutzen dira. Amateurrek betidanik parte hartu dute zientziaren aurrerapenean, eta arlo batzuetan (ornitologian edo astronomian, adibidez) ekarpen nabarmenak egiten dituzte, eta gaur egun ere egiten dituzte. Nolabait, Gregor Mendel bera, heredentzia genetikoaren legeak ezarri zituenak, biopunk bat izan zela esan genezake. Azken finean, bere «lan ofiziala» monjearena zen.

Gehiago irakurtzeko

Gaixotasun konplexuak

2011-11-10 Ezarian. Zientzia. Argi Aldian

Izortze Santin

Esanahi argia ez duten terminoak entzun eta irakurri dituzu maiz gaixotasunekin loturik. Seguru, diabetesa, hipertentsioa edo Alzheimerra mila aldiz entzun duzula, eta baita gaixotasun horien izaera konplexuaren berri izan ere. Baina, zer esan nahi du gaixotasun bat konplexua izateak?

Hiztegia hartu eta konplexutasunaren definizioa bilatuko bagenu, hau aurkituko genuke: «Osagai batez baino gehiagoz osatua». Gaixotasun konplexuen kasuan, puzzlea bi osagaiez osatuta dago: geneak, alde batetik eta ingurunea, bestetik. Hori ikusita, pentsa genezake puzzlea erraza dela, baina errealitatea ez da inoiz hain sinplea izaten.

Gaixotasunak modu askotara sailka daitezke, baina jatorriaren arabera banatuz gero, hiru talde osatuko genituzke: gaixotasun exogenoak, genetikoak eta konplexuak. Lehenengo taldean, gaixotasun infekziosoak edo elikadurazko intoxikazioak daude. Ingurune-faktore batek, birus edo egoera txarrean dagoen elikagai baten adibidez, gaixotasunaren agerpena eragiten du. Guztiok pairatu dugu halako bat noizbait; txikitako barizela eta elgorria, edota udako gau batean maionesa zuen pintxo bat jan ostean igarotako gastroenteritisa.

Gehiago irakurri nahi baduzu…

 

 

 

 

Zer egin?

2011-10-13  Ezarian. Zientzia. Argi Aldian

Jose Ramon Bilbao

Hamar urte pasatu dira giza genomaren sekuentziaren lehen zirriborroa Nature aldizkarian argitaratu zenetik. Ordutik hona, ikerketa genetikoak ugarituz joan dira, eta egun, mundu osoko milioitik gora pertsonaren material genetikoa ikergai da, ehunka zientzialarien eskuetan. Hasiera batean, teknologia geldoa eta kostu handia medio, genomaren eremu txikiak baino ezin azter zitezkeen, eta ikerketa gehienak gene gutxiren sekuentziaziora edo genoma zeharreko aldaera polimorfiko batzuen behaketara mugatu ziren. Gaur egun, ordea, ahalmen handiko bigarren belaunaldiko sekuentziazio azkarrari esker, bideragarria da pertsona baten exoma osoa (proteinak sortzen dituen DNA guztia) sekuentziatzea, eta, hortaz, gaixotasunak eragin ditzaketen akatsak aurkitzea, berariaz izan gabe. Laster, DNA emaileen genoma osoa sekuentziatzea ohikoa bilakatuko da ikerketa genetikoan, eta are informazio gehiago eskuratuko da lagin bakoitzetik. Estrategia masiboen ondorioz, ustekabeko aurkikuntzekin topo egin daiteke. Adibidez, diabetesarekin lotutako geneen bilaketan, bestelako gaixotasun larriekin lotutako arrisku genetikoa atzeman daiteke, alzheimer edo ondesteko minbizia pairatzeko arriskua kasu. Zer egin behar du azterketa genetikoaren arduradunak horrelakoetan, emailearekin harremanetan jarri eta aurkikuntzaren berri eman? Informazio horren kudeaketarako irizpideak finkatzea ez da batere erraza, aurkikuntzak emaileari itzultzeko edo gordetzeko erabakiak korapilo etiko eta juridiko ugari sortzen baititu.

Gehiago irakurri nahi baduzu…

'Homo' generoa

2011-06-23 Ezarian. Zientzia. Argi Aldian

Mikel Iriondo

Azken urteetan Homo generoaren sorreraren inguruan aurrerapen nabariak egon dira; hipotesi berriek gure eboluzioaren ezaguera goitik behera aldatu behar dugula iradokitzen dute, eta hiru indar-ideia bereizi ditzakegu. Azter ditzagun:

Harrizko tresnak lantzea ez da Homo generoaren ezaugarri bereizgarria. 1959. urtean Homo habilis espeziearen lehen aztarnak aurkitu zituztenean bazirudien espezie hori izan zela harrizko tresnak lantzen lehena, hezurrik eta tresnarik zaharrenak orain dela 2,3 milioi urtekoak baitziren. Hala ere, poliki-poliki, gero eta lehenagoko harrizko tresnak agertuz zihoazen, habilis-ak zahartzen ez ziren bitartean. Horrela, 1997. urtean, orain dela 2,6 milioi urteko tresnak aurkitu zituzten, eta, 2010. urtean, Shannon McPherron-ek ia milioi bat urte atzera bota zuen harrizko tresnen erabilera, Etiopiako aztarnategi batean orain dela 3,4 milioi urtetako belarjale handien hezur-aztarnetan ebaketa-markak aurkitu baitzituen. Garai horretan zeuden hominino bakarrak australopitekusak zirenez, beraiek izan ziren derrigorrean aurkituriko ebaketen egileak.

Gehiago irakurtzeko…

Ea nork luzeenak!

Ezarian. zientzia. Argi Aldian

Jose Antonio Rodriguez EHU-ko Genetika Irakaslea

Seguruenik, gaur goizean zure burua ikusi duzu ispiluan. Bihar ere gauza bera egiten baduzu, agian pertsona bera ikusten ari zarela pentsatuko duzu. Ba, hori ez da egia. Hogeita lau orduko tartetxo horretan zenbait milioi zelula hil dira zure gorputzean, eta haien lekua beste zelula berri batzuek hartu dute. Etengabeko berritze hori sustatzeko, gure gorputzaren zelulak zatitu behar dira behin eta berriz. Eta zatitu baino lehen, bere genomaren kopia bat egin behar dute. Horrela esanda, nahiko prozesu sinplea ematen du, baina arazo bat dago: izan ere, genoma kopiatzen den bakoitzean, telomeroak, kromosomen muturrak babesten dituzten estalkiak, laburtzen dira pixka bat. Orain dela hilabete batzuk telomeroei buruz hitz egin genuen beste zutabe batean, telomeroekin erlazionatutako haien lanagatik hiru ikertzailek (Elizabeth Blackburn, Carol Greider and Jack Szostak) Nobel saria jaso baitzuten 2009an. Gaurkoan ere telomeroak izango dugu mintzagai, haren erabilgarritasunari buruz sortu den eztabaida berri bat dela eta.

Gehiago irakurri nahi baduzu……