Euskararen kalitatea

2012(e)ko maiatzaren 11a

Azken urte hauetan arreta berezia eskaini zaie administrazioan eta arlo juridikoan hizkuntzaren kalitatearekin lotutako gaiei.  Izan ere, estatu demokratikoetan erakundeek bermatu egin behar dute hiritarren berdintasuna administrazioaren eta legearen aurrean, eta, horretarako, funtsezkoa da erakundeek hartzen dituzten erabakiak eta onartzen dituzten legeak hiritar guztientzat eskuragarri izatea, eredu eta jarraibide jakin batzuen arabera idatziak izatea eta, ahal den punturaino, argiak zehatzak eta zalantzagabeak izatea. Horrela bada, kalitatea jomugan hartzen denean, hiru alderdi zaintzen dira nagusiki: segurtasun juridikoa, estandarizazioa eta funtzionaltasuna.

Alabaina, Administrazioan eta mundu juridikoan berez badarabilten kalitatearen inguruko kezka orokorrari, azken urteotan erantsi zaio euskararen normalizazioaren eta estandarizazioaren arloko adituek hizkuntza-kalitatearen inguruan duten kezka. Administrazioko hizkerari eta hizkera juridikoei bagagozkie, ezin ukatu ahalegin paregabea egin dela hizkuntza-eredu funtzionala garatzeko; alabaina, alor horietan euskarak oraindik balio sinboliko handiagoa du, balio funtzionala baino. Gainera, alor horietan euskara itzulpen-hizkuntza da gehienbat; eta zenbait itzultzailek (batez ere, erakundeetan bertan lan egiten dutenek) hizkuntza-kalitatearen garapenari ekarpen ezin hobea egiten badiote ere, zoritxarrez, zenbait kasutan, emaitzak ez dira beti, hain zuzen ere, bikainak. Bestalde, zenbait testuingurutan kosta egiten ari zaio euskarari “itzulpen-hizkuntzaren” estatusetik harantzago, erabateko beregaintasuna aitortua izatea.

Gauzak horrela, hiru lan-ildo izango ditu GARALEX blogak orri honetan:

-Komunikaziorako Gaitasunak atalean, lehenik, administrazioko eta zuzenbideko jardunek dituzten komunikazio-eskakizunak aztertuko dira.

-Hizkuntzaren Erabilera atalean, bestalde, euskarak administrazioan eta justizian duen estatusa eta tokia aztertuko da, erabilera baita, azken batean, kalitatearen funtsezko baldintza eta aldagai

-Kalitatearen Hatsarreak atalean, azkenik, kalitatearen bidean hizkera juridiko-administratiboak dituen erronkei buruzko gogoetak,  iritziak eta proposamenak landuko dira.

  1. 2009(e)ko urriaren 11a 12:42(e)tan | #1

    Euskara zuzen eta egoki erabili nahi?

    Lantalan web-orrian EHUren baliabide interesgarri bat gomendatzen dute: AZPIDAZKI

    Egiaz, oso laguntza praktikoa ematen du baliabide honek.

  2. 2009(e)ko urriaren 11a 12:39(e)tan | #2

    ZUZEN aldizkaria

    Eusko Jaurlaritza ZUZEN aldizkaria argitaratzen hasi da Justizia Sailaren web-orrian.

    Aldizkaria gaztelaniaz zein euskaraz argitartzen da. Zoritxarrez, euskaraz ez dago behar bezain txukun idatzia.

    Masaia-ikastaroa blogean aurkituko duzue lehen alean aurkitutako huts batzuen “salaketa”.

    Ea hurrengo aleak txukunagoak diren!

    Jsb

  3. GLx
    2011(e)ko maiatzaren 11a 14:29(e)tan | #3


    Itziar Idiazabal: «Arauak emanez ez da hizkuntza erabiltzen irakasten»

    «Mezua pasatzeko gaitasuna ematea» da, Itziar Idiazabalen ustez, hizkuntza erabiltzen irakastea. Eta horrek ahozkoa orain arte baino gehiago aztertzea eta lantzea eskatzen du

    Itziar Idiazabal aspalditxo dabil euskararen kalitatearen inguruan ikertzen. Diario Vascon berriki egin dioten elkarrizketan gogoeta interesgarriak egiten ditu gai honen inguruan.

    Hementxe irakur dezakezu elkarrizketa hori osorik: http://www.diariovasco.com/20091123/cultura/arauak-emanez-hizkuntza-erabiltzen-20091123.html

  4. GLx
    2011(e)ko ekainaren 11a 14:31(e)tan | #4


    ARAU-IDAZKETA ELEBIDUNAREN ALDARRIKAPENA
    ___________________________________________________________

    Idazketa elebidunaren aldarrikapena ez da berria euskal erakundeetan. Urte batzuk pasa dira itzultzaileek eta legelariek koerredakzioaren ezinbestekotasuna azaldu dutela, euskarak gutxieneko egoera normalizatua izango badu arlo juridikoan.

    Eusko Legebiltzarrak urriaren 28 eta 29an jardunaldi batzuk egin zituen Euskararen inguruan “Euskara Gutxituak Administrazioan” izenburua zutenak. Beste aditu askoren artean, jardunaldi horietan Eneko Oregik eta Zelai Nikolasek hartu zuten parte, arau-idazketa elebidunaren beharraz hitz egiteko.

    Agerpen horretan emandako azalpenak eta egindako aldarrikapenak TIRAKA blogean jaso dituzte argitaratu berri diren bi sarreratan. Batean ponentziaren testua irakur daiteke osorik. Bestean, idazketa elebidunaren ezinbestekotasuna justifikatzen saiatu dira.

    Bi ekarpen horiek -TIRAKA blogean argitara emandako beste guztiak bezalaxe- ageri-agerian uzten dute zein atakatan dagoen euskara administrazioaren eta legegintzaren alorrean. Oso aintzat hartzekoak dira, beraz.
    ___________________________________________________________

  5. Glx
    2012(e)ko maiatzaren 8a 16:22(e)tan | #5


    ITZULPENGINTZA ETA HIZKUNTZAREN KALITATEA
    ____________________________________________________

    Jakina denez, itzulpengintza eta interpretaritza funtsezkoak dira oraindik ere bermatzeko euskarak nolabaiteko tokia izan dezan adminhistrazioaren jardunbidean eta, batez ere, Justiziaren alorrean.

    Alabaina, zenbateraino bermatzen dituzte herritarren eskubideak itzulpen-, bitartekaritza- eta interpretazio-zerbitzuek, oro har? Nolako ekarpena aitortu behar diegu euskararen normalizazio-prozesuan? Zein dira, modu berean, baliabide hauek dituzten mugak nagusiak eta muga horiei atxikitako arriskuak? Administrazioaren eta Zuzenbidearen zein alorretan ikusten duzu lehentasunezko ohiko eginkizunak eta zerbitzuak bi hizkuntzetan berdintasunez eskaintzea?

    Euskarak administrazioan eta arlo juridikoan hainbete urte egin dituenean, agian, galdera horiei heltzeko garaia ona da. Zer deritzozue?

  6. Mirari Arriola
    2012(e)ko maiatzaren 8a 16:22(e)tan | #6

    @Glx

    NORMALIZAZIO BIDEAN ITZULTZE LANAK BEHARREZKO
    ____________________________________________________

    Euskararen normalizazioa bidean, beharrezko dira hau bermatuko duten teknikari, itzultzaile eta bitartekaritza nahiz interpretazio zerbitzuak. Konstituzioak Autonomia Estatutuei bide emanez, hizkuntza eskubidea arautzen du, ofizialtasunaren haritik, instituzio publikoek euskararen erabilera alor orotara zabaldu beharko dute beraz. Baina, nola egingo da lan hau?
    Hasteko, kontuan hartu behar da instituzio hauetan oinarri gisara araudia dutela eta hori izango dela erabili beharko duten euskarria; lehen lana, oinarrizko araudia izango dute beraz, itzuliz, datu baseak sortuz,… Interpretatzaile eta itzultzaileen lanetan sartuz, bi lan mota buru ditzakete, aldi berekoa eta ondorengoa; hala ere, ondorengoa da gehien erabiltzen dena administrazio eta epaitegi izapide dokumentuetan, momentuko interpretazioa kasu zehatz batzuetarako uzten da. Ondorioz, ondorengo izapide dokumentu horiek eta herritarrekiko hizkuntza eskubidea bermatzeko, hauek lan garrantzitsua dutenez lan hori burutzeko maila, eta lekua maila on batean arautu beharko zaie. Hala ere, badirudi hauek lan egiten duten lekua ez dela oso ona, ezta ere juristen aldetiko estimazioa. Kondizio horietan lan egiteak arriskua ekar dezake hauen lanaren oinarria; hots, dokumentu eta jardunak kalitatez ez burutzeko ere.
    Momentuan hauen lana beharrezko bada ere, ezin dugu ahaztu justizian aipaturiko momentuko bitartekariak epaiketan bat gehiago direla eta justiziarentzat momentu horretan arrotza dela hizkuntza hori, hauen lanak originaltasun hori galtzen du. Ondorioz, hauen lana beharrezko da, baina hein handi batean, lan originalak euskaraz izatea bultzatzea beharrezko da, benetan oztopo izan ez daitezen

  7. Usue Garmendia
    2012(e)ko maiatzaren 8a 16:32(e)tan | #7


    BIAK BATERA
    ____________________________________________________

    Euskararen jatorria noizkoa den ezagutzen ez bada ere, hizkuntza honek gizarteko hainbat arlotan izan duen ekarpena oso isila izan da askotan. Herritarrek euskara ezagutzen dute, baina administrazioak eta zuzenbideak orain arte ez dute plazer hori izan. Hori dela eta, normalizazio prozesu batean sarturik gaude. Ez da erraza gaztelaniak egin duen bidea denbora gutxian egitea, beraz, ulertzekoa da orain jasaten ari garen prozesu honek luze jotzea, nahiz eta aurrerapauso handiak egin diren denbora gutxian.
    Administrazio eta zuzenbideko alor guztietan da nahitaezkoa euskarak presentzia nabarmena izatea. Jakina da Euskal Herrian bi hizkuntza ofizial ditugula, eta herritarron eskubide guztiak ongi ase daitezen, beharrezkoa iruditzen zait bi hizkuntzen harrera eta trataera bera izatea bi erakunde hauen aldetik. Hala ere, esan bezala ez da prozesu erraza izango. Aurretik esan bezala, aurrerapauso handiak egin badira ere, gaztelaniak sekulako bidea egina du jada, eta horri jarraitzea izango da euskararen helburu nagusia. Hori eta baita herritarren ikuspegia aldatzea ere, gaztelaniak ohitura bat ezarri duelako eta euskarak ere zerikusia izan beharko lukeelako.
    Horregatik, garrantzia handia ematen diot testu elebidunak argitaratzen saiatzen den edozein instituziok egiten duen lana, euskarak bere normalizazio bidean behar duen bultzada baita, eta baita herritarrek egin beharreko lana ere, euskara erakunde hauetan izatea eta ez arrotz egitea bere presentzia.
    @Glx

  8. Itsaso Gonzalez
    2012(e)ko maiatzaren 11a 14:34(e)tan | #8


    BERDINTASUNA, BAITA ZERA ERE!
    _______________________________________________________

    Herritarron hizkuntza eskubideak bermatzera bideratuta daude itzulpen, bitartekaritza eta interprete zerbitzuak, baina nahikoa al da hauek egiten duten lana? Benetan euskal hiztunok berdintasunezko egoeran gaude euskal hiztun ez direnekiko?
    Egia da eremu honetan aurrerapen handiak egin direla, geroz eta profesional prestatuagoak daude lan hau egiteko, eta administrazioan geroz eta langile gehiago aurki ditzakegu prestakuntza nahia dutenak itzulpen, bitartekaritza eta interprete lanak egiteko. Ez dut zalantzan jartzen benetan lana egin denik honen inguruan
    Baina, honekin bermatzen al dira euskal hiztunon eskubideak?
    Epaitegietara goazenean, lehentasuna gaztelerak du, epaileak, alderdi batek, abokatu batek, edo lekuko batek ez badaki euskaraz, zuzenean gaztelania erabiliko da, erabateko lehentasun izanez. Baina lasai egon, ulertzen ez baduzue itzultzaile bat jarriko dizue eta!
    Hori da irtenbidea, epaiketan hamar pertsona egonda, batek ez badaki euskaraz, automatikoki prozesu osoa gaztelarnian gauzatuko da. Baina bidezkoa al da hau?
    Nire ustez, irtenbiderik egokiena da kasuz kasu aztertzea euskal eta gaztelaniazko hiztunen artean kopururik handiena nork duten, eta horren arabera aukeratu erabiliko den hizkuntza. Eta noski, ulertzen ez dutenentzat interprete bat jarri.
    Esandako guztiaren ondorioz, gaur egun, berdintasunik ba al dago hiztunen artean? Nik uste dut, argi geratu dela ezetz…

  9. Etna Rey
    2012(e)ko maiatzaren 11a 14:37(e)tan | #9


    LEHEN URRATSAK
    ____________________________________________________

    Itzulpen, interpretazio eta bitartekaritza zerbitzuek asko lagundu diote euskararen garapenari. Jakina da euskarak administrazioan eta zuzenbidearen alorrean orain duen egoera, lehengoa baino askoz hobea dela. Izan ere, asko izan dira korronte edo alderdi desberdinetatik euskaldunok egin dituzten ahalegin edo saiakerak euskararen erabilera alor hauetara zabaltzeko.
    Eremu publikoko beste alor gehienetan bezala, arlo juridiko eta administratiboan ere lege bidez sustatu zen hasieran euskararen erabilera. Hori izan zen abiapuntua edo oinarria; alegia, euskara hizkuntza ofizial deklaratzea eta ofizialtasun hartatik euskaldunen eskubideak aldarrikatzen eta jorratzen hastea.
    Alabaina, puntu horretatik aurrera, lan itzela egin beharko zen, euskara ez baitzen inoiz ez aipatutako eremu edo alorretan erabili, ordura arte dena erdaraz egiten baitzen eremu publikoan. Horren ondorioz euskarak ez zuen behar bezainbesteko gaitasunik administrazioaren edo zuzenbidearen eskakizunei erantzuteko. Beste era batean esanda, euskarak ez zuen eredu egoki bat administrazioan edota arlo juridikoan erabiltzeko eta, besteak beste, terminologia eta diskurtso-baliabide espezializatuak falta zituen alor horietan erabili ahal izateko. Hori dela eta, lan luze eta arduratsua egin behar izan da horren inguruan; eta oraindik ere zeregin ugari dago egiteko.
    Lan hori itzultzaileek, interpretariek eta bitartekaritza zerbitzuek egin dute gehienbat. Lehen momentu batean inongo koordinaziorik gabe egin behar izan zituzten egin beharreko itzulpen- eta egokitze-lanak, euskara sistema juridiko-administratiboan sartu ahal izateko. Modu horretan itzultzaileen kontratatze unibertsala hasi zen. Administrazioari dagokionez, kronologiaz badirudi Eusko Kontseilu Nagusian sartu zirela lehenengo itzultzaileak eta jarraian diputazioren batetan.

    Gauzak horrela, lehen urteetan, egoera bera eta emaitzak ere nahasi samarrak izan ziren: inork ere ez zuen esan, seinalatu, zehaztu edo markatu zer zen itzuli beharrekoa, zein inprimakiri heldu behar zitzaion, zer zen elebitan prestatu beharrekoa, zeintzuk ziren lehentasunak…
    Zorionez gauzak aldatuz joan dira, azkenaldi honetan, Foru-Diputazioek egindako Hazienda Egitarauak direla bide, ordenadorez jaso dituzte Udal-bulegoak eta baita programa amankomunak ipini ere kontabilitatea berdintzeko etab. Gainera, enplegatuei ikastaroak eman dizkiete tresna horiekin lan egiten ikasteko. Hori dena, inprimaki elebidun eta prozesu-testu erdaldunarekin martxan jarrita dago

  10. Amaia Abendaño
    2012(e)ko maiatzaren 11a 14:40(e)tan | #10


    ITZULPENGINTZA ADMINISTRAZIOAN
    ____________________________________________________

    Jakina den bezala, euskara, gaztelaniarekin batera, hizkuntza koofiziala dugu. Hori hala izanik, euskara erabiltzeko eta euskarazko tratua jasotzeko eskubide osoa dugu, baita Administrazio eremuan ere, non, oraindik ere, hizkuntzaren profesional ezberdinen parte hartzea beharrezkoa den geure eskubideak bermatzeko.
    Administrazioko idazkiak gazteleraz kaleratu ohi dira eta, aitorpenak egiteko orduan, euskara ulertzen ez dutenak ere egoten dira. Halako egoerek beharrezko egiten dute itzultzaile eta bitartekarien lana.
    Baina, euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko zeregin hau ez da batere erraza. Geure eskuetara iristen diren azken emaitzen aurretik hizkuntza-teknikariek egiten duten lana dago. Euskara Administrazio hizkerara egokitu beharra dago. Izan ere, euskararen normalizazio prozesuaren barne zeregin garrantzitsua du baina, oraindik, ez dugu euskara erabiltzeko joera arlo honetan.
    Hain justu, egun dugun oztopo nagusiena Administrazioarekin euskaraz aritzeko ohitura falta hau dela deritzot eta geure aldetik parte hartze handiagoa izan ezean zaila izango da aurrerapausoak ematea. Normalizaziorako bidean, hizkuntza arloko langileen jarduera ezinbestekoa dugu, baina ez dugu geure inplikazioa ahaztu behar, honek guztiak ez baitu zentzurik gure parte hartzerik gabe.

  11. Unai Loiarte
    2012(e)ko maiatzaren 11a 14:41(e)tan | #11


    ITZULPENGINTZA EZINBESTEKO?
    ____________________________________________________

    Itzulpengintza, egun euskara bermatzeko ezinbesteko baliabidea du euskaldunak. Berak, euskara materialki hizkuntz-eskubide izatea ahalbidetzen baitu eta ez aitorpen utsal.
    Argi dago, informazio iturri guztiak hizkuntz bakar batean sortzen direla, ulergaitza izango bailitzateke testu multilinguistiko bat. Eta jatorrizko testu hau, beste hizkuntzetara hedatzeko funtzioa du itzultzaileak: ofizialki zein ez. Eta hor dago, ene iritziz, euskal itzulpengintzaren akats garrantzitsuenetariko bat. Euskara, itzulia izatea eta ez euskara bera itzulpenaren jatorri.
    Bizi garen sistema politikoan, bi boterek euskarazko testuak zuzenean argitaratzeko arazorik ez legokeela deritzot: botere legegileak (autonomia planoan) eta administrazio autonomikoak. Botere judiziala, estatuko botere bakarra izanik, zailtasun gehiago ikusten ditut. Baina bertan, gaztelerazko iturri hori, beste hizkuntzei aitortzen zaizkien eskubideak gauzatu ahal izateko oztopo ez izatea ezinbesteko da. Eta oztopo hori, itzultzaileek ken dezakete soilik.

  12. Maider Uriarte
    2012(e)ko maiatzaren 11a 14:42(e)tan | #12


    ITZULPEN-ZERBITZUAK ETA GIZARTE-GARAPENA
    ____________________________________________________

    Testu honen izenburu bezala itzulpen zerbitzuak erabili arren, orokorrean, itzulpen, bitartekaritza eta interpretazio zerbitzuei buruz oinarritzen naizela esan beharra dago, hiru zerbitzu horiek baitira gaur egun epaitegi, auzitegi eta administrazioan erabiltzen direnak itzulpenak eta testu zein esaldien interpretazio argiak egiteko, idatzizkoak zein ahozkoak. Eta, bestetik gizartearen aurrerapena jarri dudalarik artikuluaren izenburu bezala, horrekin adierazi nahi dudana da orain arte zer eman den gizartean eta hemendik aurrera zer geratzen den emateko gizartean.
    Itzulpen, bitartekaritza eta interpretazio zerbitzuek bermatzen dituzten herritarren eskubideei dagokienez, esan beharra dago ikusten dela herritarrek badituztela eskubideak hizkuntza arloan, hau da, euskeraz mintzatzeko administrazioan zein epaitegi batean eta ondoren itzultzaile baten lanari esker, itzultzea, edota bitartekari bati esker. Edota, interpretari bati esker. Hala eta guztiz ere, gaur egunera arte egindako lana handia bada, esango nuke oraindik badagoela zer eginik.
    Izan ere, herritarrek epaitegi, auzitegi eta administrazioan dituzten eskubideak euskaraz mintzatzeko orduan oraindik murritzak direla esango nuke. Hau da, itzulpen, bitartekaritza eta interpretazio zerbitzuei esker aurrerapausu handia eman dela esan beharra dago, baina, oraindik ere geratzen dela zer eman. Izan ere, tamalgarria iruditzen zait esatea, baiña, behin baino gehiagotan azpimarratu beharra dago euskara esparru horietan nahiko zapalduta dago, ia dena (dena ez esatearren) gazteleraz egiten baita eta gazteleraz baitago idatzita, nahiz eta esan euskera gazteleraren maila berekotzat hartzen den, eta lurraldeko hizkuntza oficial bezala kontsideratzen den. Horren ondorioz, ezin genezake hitzegin euskera bai esparru juridiko zein administratiboan maila berean aurkitzen denik. Honen adibide asko dauzkagula esan genezake, besetak beste, nahiz eta orain zenbait epaiketa euskaraz egin, sarri gertatu da eta gertatzen ari da epaiketa batetan gazteleraz ondo mintzatzen ez den batek gazteleraz erantzun behar izatea egiten zaizkion galderei eta horrek sortzen dizkion urduritasunak eta zailtasunak, ez dute bermatzen galdera horien erabtzuna berbera izango denik euskeraz erantzuterakoan eta gazteleraz erantzuterakoan, hau da, ez dela berdin adierazten.
    Hori dela eta, euskararen normalizazio-prozesuan oraindik geratzen da zer eginik. Nik uste, alor horretan egin beharreko ekarpena honako hau dela: lanpostuetan, batez ere, arlo juridiko (epaitegi eta auzitegietan) eta administratiboan, euskara gehiago bultzatu beharra, euskararen mundua ondo ezagutzen dutenak sartzea lanpostu horietan eta aurretik daudenei baldintza berriak jartzea hizkuntzaren alorrean, bestela ez dut ikusten posibilitaterik euskera behar bezala erronkatzeko eremu horietan eta kontutan izanik orain arteko prozesua nahiko motela dela, nire ustetan ekarpen horrekin, nahiko prozesu bizkor baten bidez burutuko litzateke aldaketa hori.
    Izan ere, baliabide horiek dituzten muga nagusiei dagokienez, esango nuke itzulpen, interpretari eta bitartekari lanetan aritzen direnek ondo ezagutu behar dutela bai euskera hizkuntzaren nondik norakoak eta baita euskera zuenbidearen munduan edo beste era batera esanda, euskara juridikoa. Hori dela eta, baliteke muga horietako bat izatea itzulpenak egiterakoan itzulpen edo interpretazio hori ez izatea zuzen zuzena, hitzen edo esaldien esanahia ez izatea berbera. Baita ere, honi gehitu behar zaio, itzulpen eta interpretazio asko momentuan egin arren, beste batzuk geroko momentu baterako usten dituztela eta azken honek daukan arriskua da itzulpen horrek ez duela edo ezingo duela eragin eta ondorio bera izan momentuan egiten den itzulpen edota interpretazio batekin alderatuta. Izan ere, baliteke eta posible delako ahoz esan denaren itzulpena idatziz jasotzerakoan datu asko gogoan ez izatea, besteak beste, izen edo abizenak, datak, zenbatekoak,… gauza zehatzak ez direnak, edota beste modu batean esanda, espezifikoak. Gainera, guzti honek badauka beste desabantaila bat, eta honako hau da: denbora, izan ere, itzulpena momento bereaan edo geroago egitean, eragina dauka, gerokoak denbora gehiagoren beharra eskatzen baitu, eta beraz, denboraren galera.
    Beraz, mugek dakarten arriskua honako hau da: itzulpenak edota interpretazioak ez duela edota ezin duela eragin berbera izan, eta ondorioz, horren esanahia eta adierazi nahi dena ere ez. Administrazioaren eta Zuzenbidearen alorrari dagokionez, lehentasunezko ohiko eginkizun bezala eta zerbitzuak bi hizkuntzetan berdintasunez eskaini beharraren premia ikusten dut herritarrak tartean sartzen direnean, hau da, beste era batera esanda, herritarrekiko harremanetan, herritarrekin komunikatzerakoan, batez ere, administrazioan eta epaitegi eta auzitegietan. Hala ere, esan beharra dago, administrazioan ikusten edo somatzen dela aurrerapauso handia bai zerbitzuak zein aktak, dekretuak eta bestelako hainbat agiri bi hizkuntzetan burutzen eta argitaratzen dituztela.
    Beraz, guzti honekin ea beste aurrerapausu handi bat ematen den edo ematen dugun guztion artean eta epaitegi, auzitegi zein administrazioan itzulpen, bitartekaritza eta interpretazioa zerbituetan betetzeko falta den hutsune hori betetzen den. Ondorioz, horretan lanean ekiten jarraitu beharko dugu.

  13. Miren Ortiz
    2012(e)ko maiatzaren 11a 14:45(e)tan | #13


    ITZULPEN TOXIKOA ETSAI
    ____________________________________________________

    Itzulpen-, bitartekaritza- eta interpretazio-zerbitzuek euskal hiztunei ezinbesteko laguntza eskaintzen diete, argi dago ez direla soilik hizkuntza eskubideak bermatzeko tresnak, pertsonari aitortzen zaizkion eskubide guztiak babesteko baizik. Sistema honek badu, ordea, bere alde iluna: hizkuntza oso baliabide bihurria da, -badakigu hitz berdinak esanahi guztiz kontrakoak har ditzakeela soilik tonua aldatzearekin- eta gainera, ahulak eta aldakorrak diren giza gaitasunak barneratzen ditu: oroimena, ulermena, intuizioa, ironia… Nola lortu, bada, nahitaezko zerbitzu hauek euren funtzio betetzea, hots, pertsonen eskubideak babestea, eta ez hauek arriskuan ipintzea?
    Bitartekari, interprete eta itzultzaileek hizlariaren mezua ulertu, tonua antzeman, mezua aditu, eta hori guztia memorian gorde behar dute. Esan behar ez dago lan honek gaitasun zehatz eta landuak eskatzen dituela, zerrendatu ezin direnak: gaiaren gutxieneko ezagutza (askotan, tonua eta mezua ulertzeko beharrezkoa dena), literatur ahalmenak (terminologia, bai arrunta bai teknikoa, erregistro ezberdinak eta abar.), trebatutako memoria (gaur egun ez da hain funtsezkoa, teknologiak diskurtsoak grabatzeko baliabideak eskura jarri baitizkigu)… Gaitasun hauek biltzen ez badira, gerta daiteke mezua erabat aldatzea gure buruan: eman dezagun, adibidez, ironiaz jantzitako testu bat serioa dela uste badugu; erabat kontrakoa den ideia jasoko dugu.
    Lan hauetan beste eztabaida asko sortzen dira. Adibidez, jatorrizko diskurtsoa txarra eta aspergarria bada, itzultzaileak apaindu eta azkartu dezake? Egin beharko luke? Funtsean, galdera hurrengoa da: itzultzaileak mezua bere osotasunean itzuli behar du, ezaugarri guztiak errespetatuz, edo bere iritziaren arabera egokitu dezake? Itzulpengintza, interpretaritza eta bitartekaritza lan zorrotz eta arautuak dira, edo erabakimen askea da nagusi? Gogoratu behar dugu zeinen erraza den testua aldatzea nahigabe, edozein egokitzapenek mezua suntsitu dezakete eta hizlariari kalte bat suposatu. Baina, beste muturrean, hitzez-hitzezko itzulpena ez da aukera bat: hizkuntza bakoitzak bere estrukturak ditu; eta ez hori bakarrik, lengoaia batzuek gauza berdinari erreferentzia egiteko hitz ezberdinak dituzte, tonuaren edo adierazi nahi denaren arabera (alemanierak, adibidez), eta beste hizkuntza batzuetan baliokiderik gabe aurkitzen gara.
    Nire ustez, arazo hauei guztiei aurre egiteko, bi oinarri hartu beharko genituzke: prestakuntza eta ereduak. Lehenik, erakunde eta eragile ezberdinek oinarrizko ildoak adostu beharko lituzkete, eredu ofizialak osatuz. Hauek kontutan hartuz, bigarrenik, itzultzaile, bitartekari eta interpreteen prestakuntzari ekingo genioke. Hizkuntzaren izaera menderaezina beti egongo da hor, gizakiaren gaitasun normatibo eta finkatzaileari ihes egiten baitio etengabe, baina baditugu baliabideak ardatz adostuak marrazteko.

  14. Yaiza Perez
    2012(e)ko maiatzaren 11a 14:46(e)tan | #14


    EUSKARAREN ERRONKAK ITZULPENAZ HARANTZAGO
    ____________________________________________________

    Jakina da euskara hizkuntza ofiziala dela gure lurraldean eta ondorioz, eremu publikoan, administrazion, alegia, gaztelera ez ezik euskara ere erabiltzeko eskubidea zein beharra (administrazioan lan egiten dutenentzat) dago. Hori da hain justu legeak dioena, baina errealitatea bestelakoa da.
    Alde batetik, gogoan izan behar dugu euskara juridikoak jatorri eza duela eta hortaz, oraindik eraikitze bidean dagoela. Hori horrela delarik, euskaldun berriek nahiz zaharrek arlo juridikoan hizkuntza menperatzeko zailtasunak edukitzea erabat arrunta da. Administrazioan lan egiteko zenbait gaitasun eskatzen dira herritarren berme gisa. Horrela, eskatzen diren gaitasun horiek, gerora herritarrekin dituzten harremanetan erabili beharrekoak izan beharko lirateke. Adibidez, funtzionario publiko batek EGA titulua izan dezake eta baliteke gai ez izatea herritarrari galderak eta informazioa era egokian azaltzeko.
    Bestetik, eta aipatutako adibidearen ildoan, esan beharra dago, euskara juridikoaren eraikitze bide horretan, lehen pausuak idatzizko hizkuntzan eman direla. Izan ere, gaur egun, maiz aurki ditzakegu administrazioak emandako testuak bi hizkuntzetan, nahiz eta kritikarria izan daitekeen itzulpen horien izaera. Idatzizko eremuan, itzultzaile ugari dabiltzate lanean, baina ahozko hizkuntza, aldiz, erronka nagusiena da.
    Mota horietako erronkei aurrera egiteko, euskararen normalizazio prozesua ezinbestekoa da eta administrazio elebidun bat izateko, gizarte elebidun bat behar dugu. Hortaz, euskararen erabilera herritarren berme ezin hobea da.

  15. Irune Lasarte
    2012(e)ko maiatzaren 11a 14:48(e)tan | #15


    ADMINISTRAZIOAN ETA JUSTIZIAN ERE EUSKARAZ BIZI DAITEKE
    ____________________________________________________

    Euskararen normalizazio- prozesuan garrantzi handia izan du itzultzaile eta interpreteen lanak, izan ere, profesional hauen lanari esker gaztelaniaz soilik zeuden dokumentu administratibo eta judizialak, gaur egun, euskaraz ere topa ditzakegu. Modu honetara, legez herritarrei aitortzen zaien hizkuntza askatasun hori errealagoa edo efektiboagoa bihurtu da. Baina orain arte eginiko lana nahikoa al da? Herritar guztien hizkuntza askatasuna neurri berean errespetatzen al da? Euskara gaztelaniaren maila berean al dago?
    Zoritxarrez, oraindik ere, galdera hauen erantzuna ezezkoa da. Lehen aipatu dudan bezala, lan handia egin da dokumentuak, inprimakiak, gutunak, legedia … gaztelaniaz eta euskaraz argitaratzen. Alderdiek ere eskubidea dute horrela behar izanez gero edota hala nahi izanez gero, itzultzaile edo interprete baten laguntza eskatzeko. Baina ondoren praktikan hau guztia ez da askotan erabiltzen arrazoi ezberdinengatik.
    Alde batetik, herritarrek tradizioz joera izan dute administraziora edo justiziara gaztelaniaz zuzentzeko. Aldi berean, bertako langile askok euskaraz egin arren, dokumentazio lana gaztelaniaz egitera ohiturik daude, eta ondorioz, tramitazio lan guztiak gaztelaniaz jartzen dituzte martxan.
    Bestetik, alderdiren batek edo epaileak euskaraz ez dakitelako, askotan euskaren erabilera baztertu egiten da, kasu horietan itzultzaile eta interpreteen lana ere baztertuz, eta noski, prozedura euskaraz aurrera eramatea erabaki duen alderdiaren eskubidea ere.
    Hortaz, argi eta garbi dago, bultzada teoriko hori oso ondo dagoela eta beharrezkoa dela. Alde horretatik lan handia eta egokia egiten ari dira, baina hori ondoren praktikan ahalik eta egokien jarri behar da, eta hor dator huts egitea.
    Eginiko lan honek guztiak bere fruituak izateko zenbait baliabide sortu beharko lirateke hau gauzatzeko eta jendea euskara erabiltzera bultzatzeko. Hau da, konturatu daitezen gaztelaniarekin bezalaxe euskaraz ere gauza ugari egin daitezkeela eta urrutira iritsi daitekeela.

  16. Miren Ortiz
    2012(e)ko maiatzaren 11a 14:51(e)tan | #16


    AUZITEGIKO INTERPRETARITZAREN EKARRIA
    ____________________________________________________

    Euskaldunon eskubideak bermatzerako orduan, funtsezkoa da hizkuntza bizitzaren aspektu guztietara hedatzea; hutsuneak uzten badira, beste hizkuntza batek beteko baititu. Justizia Administrazioan murgilduta, pertsonaren eskubide eta askatasunetan hainbesteko inpaktua duen esfera izanik, ezinbestekoa da bakoitzak seguruen darabilen mintzaira erabili ahal izatea. Baina, ez dezagun pentsa eragozpenik gabeko bidea denik.

    Auzitegietako interpretaritza euskararen normalizazio prozesua osatzen duten elementuetako bat da. Hasteko, esan dezagun auzitegietan burutzen den ahozko itzulpena dela, eta bi motatakoa izan daitekeela: esanostekoa, hizlariak bere diskurtsoa amaitu ondoren egiten dena, eta aldiberekoa, hizlariak hitz egiten duen bitartean gertatzen dena. Lan hau funtsezkoa da, auzitegietako jarduna gazteleraren inguruan egituratzen baita; izan ere, auzi bat euskaraz burutzeko, nahitaezkoa litzateke, gutxienez, parte hartzen duten profesional guztiek hizkuntza menderatzea (zailtasun hitzaren definizio ezin egokiagoa). Testuinguru honetan, irtenbide bezala agertzen zaigu interpretaritza.

    Euskararen normalizazio prozesuan ohikoa den bezala, interpretaritza eremu gatazkatsua da. Ulermenaren alorrean, bi arazo azpimarra ditzakegu: interpreteak eta hizlariak euskalki ezberdinak erabiltzea, eta hizkera juridikoari buruzko ezagupen falta. Oroimenak ere ezinbesteko garrantzia dauka. Interpreteak datuak, zenbakiak, izenak, bertsio ezberdinak, eta abar erregistratu eta gorde behar ditu, hau da, ulertu ondoren jasotako informazioa erreproduzitu beharko du, fideltasunez; horretarako, interpretaritzako notaketa teknikak menperatuko ditu. Kontutan eduki behar dugu zehaztasunak ikaragarrizko garrantzia duela, eta hori ez betetzeak ekar ditzakeen ondorio kaltegarriak (bereziki, zuzenbide penalean). Ahaztu ere ezin dugu egin dugu euskarari tradizio juridikoa, hiztegi finkatua, ereduak eta normalizazioa falta zaizkiola, mezuaren transmisioa kaltetu dezaketenak. Eragozpen hauek gainditzeko, interpretarien prestakuntzan sakondu beharko da etengabean. Aipatutako arazoak beste batzuekin batzen dira: funtzionariak, batez ere epaile eta idazkariak, erdaldunak izatea (estatu mailako funtzionariak izanda), interpretarien lan baldintza eskasak (aretoan kokatzeko arazoak, lana burutzeko leku egokirik eza). Gainera, pertsonen jarrerak ere askotan kalte egiten dio interpretaritzari: ez dute interpretarien lana balioesten, ez dira horietaz fidatzen.

    Ikusi dugunez, interpretearen eta hizlariaren arteko lotura kaltetu dezaketen eragozpenak asko badira ere, konponbidea badutela argi dago, hiru ardatzen inguruan eraiki beharko genukeena: kontzientzia sortzea, prestakuntza eta konfiantza. Honen guztiaren azpian, hala ere, ekidinezina den arazoa daukagu: interpretaritza, azken finean, partxe bat da. Denbora luzean zehar hizkuntza boteretsu baten inposaketak euskarari bere eremu publikoa kendu dio, itzulpen hizkuntza bilakatu delarik. Gaztelera da oinarria eta nagusi, eta euskara, gutxiengo bati zuzenduriko zerbitzua. Gabeziak iraungo du auzitegietan euskaraz sortzen den arte.

  17. Arkaitz Herreros eta Asier Egiluz
    2012(e)ko maiatzaren 14a 12:16(e)tan | #17


    ITZULPENGINTZAREN ERRONKAK EUROPAKO ESPARRU JUDIZIALEAN
    ____________________________________________________

    Esparru judizialean betidanik egon da arazoa itzulpengintzaren inguruan. Espainian zein Europan gertatu da hau. Adibidez, Espainian testu judizial gehienak gazteleraz jasota daude eta euskaraz aurkitzea zaila dira. Gauza bera gertatzen da Europan. Hemen testu gehienak erabaki diren hizkuntza ofizial gutxi batzuetan jasota daude, horien artean, ingelesa eta frantsesa. Horretarako zenbait erronka hartu dira testu guztiak Europako hizkuntza guztietara itzultzeko.
    Erronka horien artean, aipatzekoa da Grotius deituriko proiektua. Honen arabera, beste gauza batzuen artean esparru juridikoko erakunde guztien eskuetan itzultzaile profesionalak jartzea erabaki zen. Horretaz gain, zenbait gomendio ere jaso ziren proiektuan bertan; profesionalen maila ezberdinak, eskala internazionalean kode deontologikoen onarpena, itzulpenak sortutako arazoak gainditzeko kontsulta baliabide arinak eta zuzenak ezartzea…
    Beraz, hau guztia ikusita, esan beharra dago erronka hauek oso egokiak direla itzulpengintza juridikoa aurrera joan dadin, baina beharrezkoa da oraindik ere esparru juridikoa osatzen duten testuen inguruan ikerketak egiten jarraitzea.

  18. Usue Garmendia
    2012(e)ko maiatzaren 14a 12:19(e)tan | #18


    BIDEA EGINEZ
    ____________________________________________________

    Behin eta berriz aipatu da euskarak zuzenbidean sekulako bidea duela oraindik egiteko, nahiz eta orain arte egin dena oso aurrerapauso handia izan den. Oraindik ere, gaztelaniarekin alderatuz (hau baita alderatzeko gertuen dugun hizkuntza), lan asko dago egiteko.
    Gaztelaniaren bide hori jarraituz, pauso garrantzitsu bat da epaitegietako inprimakiak euskaratzearena. Euskal Herrian bi hizkuntzen artean bizi garenez, gure eskubidea da, herritar bezala, erakundeetan bi hizkuntzak erabiltzea eta horiekin jardutea. Eta herritarrok erakunde hauetan dugun parte-hartzea kontuan izanda, ez da txantxetakoa.
    Hori dela eta, zuzenbidearen arloko hainbat jakitun bildu dira urteetan zehar, herritarroi lana errazte aldera, inprimakiak euskaratzen. Jadanik behin baino gehiagotan aipatua da gaztelaniarekin ohitura bat sortua dela eta askotan zail egiten dela inprimaki hauek euskaraz irakurtzea. Harik eta, gure lana (herritarrona diot) da, saiakuntza hori egitea. Horren ezean, urte eta urteetako lana alferrikakoa izango delako.
    Gaur egun dokumentu ugari aurki ditzakegu euskaratuak. Herritar bezala, eta dokumentu hauen erabiltzaile bezala, gure saiakera nahitaezkoa iruditzen zait euskararen normalizazio honetan aurrera jarraitu nahi badugu.

  19. Unai Loiarte
    2012(e)ko maiatzaren 14a 12:20(e)tan | #19


    HERRI ADMINISTRAZIOETAKO ITZULTZAILEEN LANBIDE-HEZIERA
    ____________________________________________________

    Oso interesgarria da testu honek plantetazen duen gogoeta. Foru Aldundiak, ezartzen badu ere itzultzaileen gaitasuna zertan datzan, zein baliabide ditu itzultzaileak beharrezko formakuntza hau jasotzeko? Eta zein betebehar du Aldundiak formakuntza hau eskaintzeko, bera baldin bada jakintza hau eskatzen duena?
    Nire ezjakintasunetik, esango nuke, euskarari loututako itzulpengintza formakuntza ez dela oso zabala izango. Eta hau eskakizuna bada, izan behar duelako, Administrazioak hutsune hori betetzeko eginkizuna dauka.
    Interesgarria iruditu zaidan datu bat ere ematen da: urteko lanorduen aldean, lanbide hezierarako dedikazioa % 1,8 da. Ene ustez, profesional oro (edozei arlotan), formatzen jarraitu behar du, ezinbesteko formakuntza titulua jaso ondoren ere. Baina formakuntza hau lan-ordu bezela jo behar dela deritzot (hein batean bada ere). Eta horrela, seguruenik, datu honek azaltzen duen partehartze exkaxa aldatzea lortuko litzateke, 100% ez bada ere.

  20. Etna Rey
    2012(e)ko maiatzaren 14a 12:22(e)tan | #20


    ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA ELEBIDUNAREN ERRONKAK
    ____________________________________________________

    Euskara eremu administratibo eta juridikoan erabili ez izanaren ondorio zuzena da hizkuntzak kapazitate edo errekurtso nahikorik ez izatea. Urteetan zehar gaztelera izan da erabili izan den hizkuntza jurizdikzio eta administrazioan, ondorioz, euskarak ez du izan alor horietan beharreko garapena, hizkuntza terminologia eta estruktura aldetik atzeratua geratu zen eremu horietan erabilia izateko. Ondorioz, garapena lortzeko bidean aurkitutako zailtasunak edo erronkak asko izan dira, eta batzuk oraindik dihardute.
    Ohitura ez zegoenez eta lortutako ofizialtasunaren bat-batekotasuna dela eta, administrazio eta jurisdikzioa euskaratzeak itzelako lana ekarri zuen. Lehenengo momentu batean, testu, dokumentu eta prozedura guztien euskaratzeak ez zuen inongo jarraibide edo agindu, beraz kontratatu ziren itzultzaileek lana nolabait itzu egin behar izan zuten.
    Bestalde, esan bezala terminologia edo hizkuntzak zuzenbide arloan zeukan garapen falta hori, erronka handia suposatu du lanari ekin behar izan dioten langileentzat, batetik, interpretari eta itzultzaileentzat eta bestetik, abokatu, epaile, notario eta administrazioko langileentzat. Batez ere lehendik lan egiten zuten profesionalek, eta ez sartu berriek, azken hauek, moldagarriagoak baitira eta gauzak hasieratik ikasi beharko dituztelako askoz kapazagoak nire ustetan.
    Luzea da oraindik zuzenbide eta administrazio mundua euskaratzeko bidea, ezin da konparatu gaurko eta atzoko egoera, gaur egun askoz gehiago erabiltzen baita euskara alor hauetan, gero eta gehiago. Gainera erronkak gutxiagotuz doaz, gero eta euskararen erabilpen handia dago baina horretaz aparte, euskararen erabilpena normalizatzeko egiturak edo metodoak sortu dira eta lehenengo egoera kaotiko hori desagertuz doa pixkanaka-pixkanaka

  21. Mirari Arriola
    2012(e)ko maiatzaren 14a 12:23(e)tan | #21


    ADMINISTRAZIO PUBLIKOEK BA OTE DUTE ITZULPEN-POLITIKARIK?
    ____________________________________________________

    Ezartzen den politikaren arabera, aldatuz doa euskararen alorrean ere sortzen diren hizkuntza-politika planak, kasuz kasu, erakundeetako agintariei bat-batean heltzen zaizkie, horiek aplikatzera behartuz; euskara ikastaroak prestatu, inprimaki elebidunak…
    Horretarako beharrezko dira teknikariak, baina horien kostua ere hala moduzkoa da eta hibridazio bidez, lan horiek ekidin dituztenak ere batzuk badira.
    Horrez gain, administrazio langile ugari lan teknikoan soilik murgiltzen da, alde batera utziaz beren lanak normalizazio bidean izan dezakeen garrantziaz eta beraz, izan dezakeen kalitateaz.
    Baliabideak beharrezko izango dituzte, oinarrizko baliabide batzuk ezarri guztiei (intranet, erakunde memoria, aldizkari eta liburuak…) eta interpretatzaile, hizkuntza teknikari nahiz itzultzaileen lanaz baliatuz, oinarrizko hori garatuz, idiolektoak sortuz.
    Antolaketa egokiz, politika horiek sendotu behar dira, betiere euskararen normalizazioari begira ezinbesteko baitira.

  22. Yaiza Perez
    2012(e)ko maiatzaren 14a 12:35(e)tan | #22


    AUZITEGIETAKO INTERPRETARITZA
    ____________________________________________________

    Auzitegietan egiten diren itzulpenak hain kritikatuak izan dira zein auzi penaletan halakoak egin behar izan direnean ehuneko ehunean deuseztatu nahi izan diren, era egokiak egin ez direlakoan. Arrazoizkoa da era egokian egin ez diren itzulpenak edo interpreteak atzera botatzea nahi, izan ere, edozein gaizki ulertze edo detaileren bat ahaztea auziarentzat erabakiorra izan daiteke. Horrela, Alberto Amorrortuk dioen gisan, interpretearen lanean ulermena eta oroimena oso garrantzitsuak dira, kontuan hartuz, itzulpenak aldi berekoak ala esan ostekoak izan daitezkeela.
    Alde batetik, interpretearen eta interpretatuaren artean ulertzea ezinbestekoa da, jakina, baina euskalki ezberdina izateak gaizki ulertzeak sortaraz ditzake. Izan ere, kontzeptu baten esanahia euskalki batetik bestera alda daiteke. Gainera, interpreteak, gehienetan, gazteleraz finkatutako zenbait kontzeptu, arkaikoak izan edo ez, menperatu behar ditu, gero euskerara itzultzeko. Beraz, euskera nahiz gaztelera juridikoa erabiltzeko gaitasuna izan beharko luke, baina Albertok dioenaren arabera, hori da auzitegietako interpreteen erronketariko bat.
    Beste alde batetik, interpreteak izan beharko lukeen beste kualitate bat oroimena da. Egiten diren itzulpenak esan ostekoak direnez gero, interpretearen lana adierazitako guztia era egokian transmititzea izango da. Horrela, kontrako bertsioak, detaile guztiak, lekuen izenak, datak eta guzti gogoratu beharko ditu auziaren erabakia ez oztopatzeko. Hemen, hitz egiten dagoenaren irudia aldatzeko aukera ugari daude interpretazioak gaizki egiten direnean edo itzulpen txarrak.
    Ondorioz, esan beharra dago interpreteen lana izugarri garrantzitsua dela eta hortaz, prestakuntza halakoa izan beharko litzatekela. Kontuan izan behar dugu, oinarrizko eskubideak urratzeko aukera ugari daudela, defentsa eskubidea, besteak beste.

  23. Maider Uriarte
    2012(e)ko maiatzaren 14a 12:36(e)tan | #23


    EUSKARAREN BIZIRAUPENA ADMINISTRAZIOAN
    ____________________________________________________

    “Euskararen ahozko erabilera administrazioaren barneko nahiz jendaurreko ekitaldietan (interpretazioaren argitan) testua irakuri ondoren, argi geratzen zaigu zein zen euskararen egoera administrazioaren baitan.
    Euskararen biziraupena administrazioan, hain zuzen ere, hori duelarik artikulu honek izenburutzat, izenak berak esaten duen bezala, testu honen helburua da adieraztea nolabait administrazioan euskara existitzen dela eta zein edo zeintzuk izan diren egoera hori emateko arrazoiak.
    Euskarak eta administrazioak gizartearen eta historian izan duten eboluzioa gaur egunera arte aztertuta, esan beharra dago euskararen erabilera administrazioan hasieran bezalako tristea dela eta ez dela ia ezer hobetu, edota, beste hitz batzuekin adieraziz, beherakan doala, eta orain arte eginda dagoen lana ere, itzultzaile eta interpretatzaileei esker dagoela.
    Egoera horretaraino heltzearen arrazoiak hainbat izan dira, besteak beste; euskararen (hizkuntza bezala) ezagupenik eza, itzulpenak edota gazteleratik euskarazko edota alderantzizko interpretazioak egiteko prestakuntza falta, euskara erabiltzeko mekanismo egokirik ez izatea edota norbanakoaren edota administrazioan lan egiten duen pertsonaren borondatea euskara erabiltzerakoan. Hain zuzen ere, azken arrazoi hau da denetatik garrantzitsuena, izan ere, ez baitago legerik administrazioan norbanakoari euskara erabiltzea behartzen dionik, eta horren ondorioa da norbanakoak berari egokitzen zaion hizkuntza erosoena erabiltzea (gehienetan gaztelera eta horren ondorioa da euskara bakarrik itzulpen bitartez erabiltzea), norbanakoaren esku baitago hizkuntza aukeraketa hori.
    Azken batean, honetan azpimarratzekoa da, administrazioan euskara edota euskararen gaineko erabilera interpretazioari esker ezagutzen dela, bestela, interpretaziorik ezean zer izango ote zen. Izan ere, interpretaritzari lotutako pertsonei esker ezagutzen da euskararen idatzizko edota ahozko erabilera. Honetan, esan beharra dago, euskararen ahozko erabilera guztiz edo ia guztiz baztertuta dagoela, idatzizko erabilerarekin alderatuta.
    Euskal Autonomia Erkidegoari begira, esan daiteke hiru lurraldeak konparatuta, orokorrean, Euskararen erabileran aurreratuta joan den edo doan lurraldea alor guztietan eta orokorrean, Gipuzkoa izan dela, hain zuzen ere hau izan baita indarrik gehien eman diona euskarari esparru horretan. Honen zergatia arrazoituko nuke, gipuzkoarren euskadun zaletasunean, nire ustetan gipuzkoarrak beti egon baitira euskara bultzatzen edota euskararen alde lan gehiago egiten edo horien nahia edo ahalegina handiagoa izan baita. Eta beste aldetik, esan liteke, nafarroan eta bizkaian somatzen dela euskararekiko zaletasuna zertxobait, eta araban aldiz, ikusten da ia bat ere ez .
    Beste alde batetik, esan behar da, herrietan edota udaletan zein alderdi politiko dagoen ere, eragina daukala horretan egiten diren osoko bilkura edota batzarretan erabiliko den hizkuntza hautatzeko unean, eta honetan eragina dauka zelako biztanleria bizi den herri horretan. Orokorrean datuetan oinarrituz, esan genezake tamalgarria dela gaur egun dauzkagun emaitzak, argi ikusten baita, euskararen beherakada unibertsitate, batzorde, kontseilu, udal eta Justizi Auzitegietan besteak beste.
    Hortaz aparte, esan behar, euskarazko ahozko hitzaldiak eta azalpenak edota batzarrak euskaraz ematerakoan, huts handia ikusten dela, izan ere, euskaraz ematerakoan pertsonek ez daukatela prestutasunik (beraien joera gaztelerazkoa delako) edota ezagupen falta dagoen hizkuntzaren esparruan eta azken batean, paperean idatzitakoa irakurtzeko joera hartzen dute. Izan ere, beti izan eta esan den moduan, hitzaldi zein aurkezpen bat emateko orduan, horretan aztertzen gaiaren gaineko ezagutza ezinbestekoa da gaia ulertzeko eta norbere hitzekin azaltzeko, eta agian, ezaugarri hau izan daiteke askotan huts egiten duena.
    Beraz, ondorio bezala, esan behar da argi geratzen dela euskararen ahozko erabilera bazertuta dagoela guztiz. Horren ondorioz, euskara alor horretan bultzatzeko, zenbait gauza falta dira: alde batetik, horretarako tresneria (mekanismoa) eta prestakuntza, euskararen alorreko ezagutza eta baita, erabiltzen den gaiaren edo testuinguruaren ezagutza.
    Hori dela eta, bukatzeko esan behar da euskarari nolabaiteko igoera edota jasokuntza emateko administrazioaren alorrean, lortzeko dauden objektibo edo helburu horiei kolpe beharko zaiela, nolabaiteko aurrerapena emateko gure lehen hizkuntzak administrazioan.

  24. Irune Lasarte
    2012(e)ko maiatzaren 14a 12:38(e)tan | #24


    ELEANIZTASUNA ADMINISTRAZIOAN ETA JUSTIZIAN
    ____________________________________________________

    Eleaniztasun arazoa ez da gaur goizeko arazoa, historian zehar beti egon den arazo bat izan da. Garai batean eleaniztasunaren xedea ez zen gaur egungoaren bera. Gaur egun, hizkuntzari eta herritarren eskubideei ematen zaie garrantzia, lehen, aldiz, legea ulertzeari eta herritar guztiek ulertzeari.
    Zenbait lekutan eleaniztasun hau efektiboa egiteko testuak bi hizkuntza ofizialetan egiten dira eta bi testuak dira ondoren eztabaidatu eta onartuko direnak.
    Espainiari dagokionez, gaztelaniarekin batera beste zenbait hizkuntza ofizial daude. Euskal Autonomi Erkidegoan euskarak duen egoera ezin da konparatu Katalunian, Valentzian eta Galizian bertako hizkuntzek dutenarekin, izan ere, autonomi erkidego hauetako legebiltzarretan katalanez, galizieraz eta valentzieraz eztabaidatzen dute dagozkien gaiez eta ondoren, hizkuntza horretan argitaratzen dira arauak. Azken pausoa arau hauek gaztelaniara itzultzean datza.
    Euskal Autonomi Erkidegoari dagokionez, aurkako joera dago. Gaztelaniak eta euskarak eraginkortasun berbera daukate aitortua legez, horren arabera, printzipioz, biak maila berdintsuan erabili beharko lirateke teorian. Praktikan aldiz,eztabaidak eta arauak gaztelaniaz egiten dira, eta ondoren, euskarara itzultzen dira eta, aditu askoren esanetan, horrek euskara itzulpen hizkuntza soila izatera baztertzen du eremu hauetan. Hortaz, argi eta garbi, ikus daiteke euskara idatziari ez zaiola behar duen lekua ematen.
    Bestelakoa da ahozko euskaren egoera. Legebiltzar horietan partaide askok konpromisoa hartu dute euskaraz parte hartzeko eta horrela egiten dute, baina esan beharra dago gutxiengoa dela.
    Baina esan beharra dago euskara eta beste hizkuntza horien arazoak edo zailtasunak ez direla berdinak. Katalana, valentziera eta galizierari dagokienez, hauek gehiago kezkatzen dira forma arazoez ( noiz idatzi behar den letra larriz, noiz xehez, toponimia…). Euskarari dagokionez aldiz, arazoak sakonagoak dira: kasu zehatzetan hitz batek izan behar duen itzulpena, erakundeen izenak nola itzuli, esaldi luzeak nola egokitu euskarara …
    Hala ere, gaztelaniarekiko duen menpekotasuna kontuan hartuz, euskarak aurrerapauso handiak egin ditu eta orain dela urte batzuk ezinezkotzat ikusten ziren gauzak lortu dira.

  25. Amaia Abendaño
    2012(e)ko maiatzaren 14a 12:39(e)tan | #25


    HERRI ADMINISTRAZIOETAKO ITZULTZAILEEN LANBIDE-HEZIERA
    ____________________________________________________

    Administrazioko itzultzailen heziketak etengabekoa izan behar luke ezinbestean. Itzultzaileak, jakintza bideak eskura eduki eta ongi kudeatu behar ditu, lan tresnak eskura izate hutsarekin ez baita ezer lortzen horien erabileraren nondik norakoa ezagutzen ez bada. Gainontzeko jardueratan bezala, itzultzaileek ere eginez ikasten dute hobetzen; hori da, hain zuzen, ikasbiderik baliagarriena idazlearen aburuz.
    Hori horrela izanik, egilearen ustez, EAEko edo Nafarroako herri erakundeetako itzultzaileei ez zaie lanbidea hobetzeko ikasbiderik eskaintzen, horiei eskaintzen zaien heziketa egokia izan arren, azken pausu bat falta zaiolako: praktikan jartzea, hots, lehen esan bezala, eginez ikastea.
    Bere iritziz, itzultzaileen lanbide heziera hiru oinarritan funtsatu behar da:
    a) Itzultzaileen beharretara berariaz egokitu behar da.
    b) Partaidetzazko antolaera izan behar du.
    c) Prestakuntza ofizialaren barrukoa izan behar da.
    Gipuzkoako Foru Aldundian, 2004. urteaz geroztik, hiru printzipio hauetan oinarritutako prestakuntza jasotzen ari dira. Eredu hau gainontzeko Administrazio erakundeetara ere zabal daiteke.

  26. Itsaso Gonzalez
    2012(e)ko maiatzaren 14a 12:41(e)tan | #26


    ITXURAZ ELEBIDUNAK
    ____________________________________________________

    Historian zehar betidanik egon dira estatu eleanitzak. Erroma garaitik hasita gaur egunera arte adibide asko aurki ditzakegu errealitate honen inguruan. Baina estatu hauetako bakoitzak irtenbide ezberdina eman dio errealitateari, batez ere, zuzenbidearen arloan hizkuntzei emandako trataerari.
    Esaterako, gaur egun Kanadan lege bat onartu behar denean, korredakzioaren teknika erabiltzen dute, zeinaren bidez, lege bakoitzaren bi bertsio egiten dituzten, bat frantsesez eta bestea ingelesez. Horrela, testu bakoitza eztabaidatzen dute bertan adierazi nahi denak bat egin dezan.
    Espainian ordea, ez da teknika hau jarraitu, itzulpenak erabiltzeko joera egonik. Horrela, legeak hizkuntza batean eztabaidatzen eta idazten dira, eta ondoren beste hizkuntzara itzultzen dira. Hala ere, Espainiako Autonomi Erkidego guztietan bertako hizkuntzaren egoera ez da berdina. Katalunia, Galizia, Balear Uharteak eta Valentziako Parlamentuetan bertako hizkuntzan burutzen dira eztabaidak, eta ondoren legeak gaztelerara itzultzen dituzte.
    Baina Euskal Autonomi Erkidegoan egoera ez da berdina, izan ere, eztabaida gehienak gazteleraz egiten dira, eta legeak gazteleraz onartzen dira, ondoren testuak euskarara itzuliz. Honekin ikus dezakegu, euskarak legegintza prozesuan balio sinboliko hutsa duela, hau da, Legebiltzarraren araudian esaten denez elebiduna dela, emandako legeak euskarara itzultzen dira, baina funtsean, euskarak ez du garrantzirik legebiltzarraren jardunean.

  27. Asier Egiluz eta Arkaitz Herreros
    2012(e)ko maiatzaren 14a 12:44(e)tan | #27


    EUSKARA, ITZULPEN-HIZKUNTZA BAINO GEHIAGO?
    ____________________________________________________

    Euskararen papera ez da erraza izan historian zehar. Horren arrazoia argia da, ez dela hizkuntza ofizialtzat hartu orain dela denbora gutxi arte.
    Gaur egun, gazteleraren parean kokatzen bada ere, ez da horren errealitaterik ikusten; izan ere, euskara bigarren mailako hizkuntza bezala hartzen baita leku gehienetan. Hori argi geratzen da itzulpengintzaren esparruan, non euskara batez ere itzulpen-hizkuntza bezala baino ez baita hartzen.
    Horren aurka, borrokatu beharra dago, Euskarak ez baitu leku hori bete behar. Argi dago, gure hizkuntzak neurri batean itzulpenaren funtzioa bete behar duela, ez baitugu ahaztu behar Espainiako hizkuntza ofiziala gaztelera dela, eta beraz hau izango da gehien erabiliko dela, batez ere lehenengo instantzia batean.
    Esan beharra dago azken bolada honetan, itzulpenetik harantzago joateko proposamenak hasi direla agertzen, bai administrazioan bai arlo juridikoan, horretarako ekimen ezberdinak ezarriz. Honen adibide argia da IVAPek administrazioan euskara erabiltzeko proposatu duen irizpide-zerrenda.
    Beraz saiatu behar gara, eta batez ere administrazioan eta justizian adituak direnak Euskara beste era batean tratatzen, ez soilik itzulpenezko hizkuntza gisa. Horretarako, administrazio testuak zein legeak edo testu juridikoak euskaraz egiten saiatu behar dira, ez bakarrik gazteleraz egindakoak itzuli

  28. Usue Garmendia
    2012(e)ko maiatzaren 14a 12:45(e)tan | #28

    @Asier Egiluz eta Arkaitz Herreros

    EUSKARA, ITZULPEN-HIZKUNTZA BAINO GEHIAGO?
    ____________________________________________________

    Argi dago euskarak normalizazio prozesuan aurrerapauso handia eman badu ere, oraindik ere gaztelaniarekiko nahiko atzean geratzen dela. Eta horretarako, administrazio zein zuzenbideko testuak ikusi besterik ez dago.
    Euskara beti, edo gehienetan, hartzen da bigarren hizkuntza gisa, hau da, jatorrizko testua gaztelaniaz egin eta ondoren, testu hori bera euskaraz beharko balitzateke, itzuli egingo litzateke. Baina kontuan izan behar dugu euskara hori baino gehiago dela.
    Kontu ezaguna da dokumentu asko ezin direla euskara hutsean egin, gaztelaniazko testu bat izan behar dutela askotan laguntza bezala, herritarrek eskaera hori egiten dutelako, nolabait gaztelaniaz dokumentuak irakurtzea ohitura delako.
    Baina horrek ez du esan nahi euskarak tokirik izan behar ez duenik. Horregatik, izenburuan agertzen zaigun esaldia gogoratu nahi nuke berriro eta euskara itzulpen-hizkuntza bat baino gehiago dela berriz ere goraipatu.
    Dokumentu publikoetan gaztelaniaren alboan egoteak ez dio hizkuntza zahar honi inongo statusik kentzen. Are gehiago, euskarak duen garrantzia azpimarratu beharko litzateke, orain dela ez hainbeste urte ezinezkoa litzatekeelako horrelako egoera bat imajinatzea.
    Beraz, euskaldunak ideia honekin geratzea nahi nuke: euskara hizkuntza bat dela eta hein horretan hizkuntza batek behar duen erabilera ediku behar duela, gizartearen arlo guztietan.

  29. Unai Loiarte
    2012(e)ko maiatzaren 14a 12:46(e)tan | #29

    @Usue Garmendia

    EUSKARA, ITZULPEN-HIZKUNTZA BAINO GEHIAGO?
    ____________________________________________________

    Aurreko gogoetetan, batez ere itzulpengintzaren funtzioa ariketa honetan azaltzen den ildotik kokatu dudanez, abesgarriagoa iruditu zait nire gogoeta, “korredazkioa eta testu elebidunen diseinua” testuan oinarritzea. Bertan ikusi ahal izan dudanez, oso ongi erlazionatzen ditu eleaniztasunerako estatu-botereen nahia eta hauek, egiatan aurrera eramateko irizpideak, erlazio hau eman dadin.
    Testu elebidunak nola sortu azaltzen duen atala, bereziki interesgarria iruditu zait, patroi zehatz eta argiak azaltzen dituelako, jatorrizko testu elebidun hori, era berean, zehatz eta argia izan dadin. Forman kokatzen da gehienbat testu honen muina, baina ukaezina da honek daukan garrantzia testu baten ulermean eta erabileran.
    Finean, eleaniztasun irizpide finkoak egotea zein garrantzitsua den pentsatzera bultzatu nau testu honek.

  30. Etna Rey
    2012(e)ko maiatzaren 14a 12:47(e)tan | #30


    EUSKARA, ITZULPEN-HIZKUNTZA BAINO GEHIAGO?
    ____________________________________________________

    Euskararen normalizaziorako bidean, hasiera batean, gehien edo gogor jo zuen metodoa itzulpengintza izan zen, zegoen guztia bi hizkuntz ofizialetan jartzea izan zen habiapuntua. Euskaldunen eskubideak bermatzeko lehenengo pausua, eskuragarri zeuden dokumentuak euskaratzea izan zen.
    Baina argi dago soilik ekimen horrekin nahikoa ez dela. Idatzizko komunikazioaz gain, administrazio eta zuzenbide munduan ahozko komunikazioa berebiziko garrantzia du, ahozko komunikazioa paper garrantzitsua betetzen du batez ere zuzenbide arloan. Gainera dokumentuaz gain arlo edo eremu horretan parte hartzen duten profesionalen euskararen jakituria beharrezkoa da, batez ere administrazioak kontratatutako langileena, bestela euskaldunon hizkuntz eskubideak ez dira bermatzen.
    Adibidez, esan dezakegu ez duela ezertarako balio prozedura administratibo bat hasteko behar diren dokumentuak edo informazioa euskaraz jaso ahal izatea eta horiek erabiltzea, geroago auzitegi administratibo baten aurrean ahozko aurkezte bat dagoenean bertan euskararen erabilpena ezinezkoa baldin bada.
    Itzultzaileen aldetik, Itzultzaile-Eskola sortu zen eta lanean ari da, jende prestatua kaleratuz. Gainera, izan dira han hemen itzulpenean eta euskara teknikoari buruzko ikastaroak eta Herri-Arduralaritzak berak eman du bat Gasteizen itzultzaile berrientzat.
    Honetaz aparte, itzultzaileak ez diren profesionalentzat ikastaroak eskaitzen dira baita, gainera postu jakin batzuk betetzeko euskarazko maila zehatz edo minimo bat eskatzen hasi dira. Beste lanpostu batzuetan, beharrezkoa ez badute kontsideratzen ere, puntu asko jasotzen dira euskarazko tituluren bat presentatuz.
    Langileen euskara maila alde batera utziz, prozedurak euskaraz hasieratik bukaera arte garatu ahal izateko ekimenak garatzen hasi dira, modu horretan prozedura osoa euskaraz emango dela bermatuz.

  31. Mirari Arriola
    2012(e)ko maiatzaren 14a 12:53(e)tan | #31


    EUSKARA, ITZULPEN-HIZKUNTZA BAINO GEHIAGO?
    ____________________________________________________

    Arauen idazkera elebiduna ziurtatzeak, administrariek erabiltzen dituzten oinarrizko arau testuak euskaraz ere izatera baina ez da nahiko testuak zein administrazio zein epaitegi testuak itzultzearekin. Hauen jatorrizko hizkuntza euskara izan dadin bultzatu beharko da urratsa horretan.
    Beste hizkuntza batetik itzultzean, pluraltasun linguistikoa adieraz dezakeela pentsa dezakegu, horrez gain ordea, oinarrian gehien erabiliriko hizkuntzak daude itzultzen direnak berriz, hizkuntza gutxituak. Ondorioz, beti beste hizkuntza batetik itzultzeak, hizkuntza gutxituei morroi lana suposa diezaiekete, alde batera utzita, hizkuntza hauek juristek, beren lana egiteko momentuan pentsatzeko hizkuntza ere izan daitezkeela.
    Europan behintzat badirudi ez arauen genesian ez interpretazioan ez aplikazioan ez duela inongo hizkuntzak lehentasunik, hala ere, praktikan, hizkuntza nagusi batzuk erabiltzen dira, estatu bakoitzetik, hizkuntza gehiengoak eta ondoren, hizkuntza gutxiengotara itzultzen da.
    Hau guztiak, euskara lan hizkuntza izatea oztopatzen du, pentsatzeko hizkuntza izatea eta soilik exijitzen delako itzultze lana (batzuentzat gogaikarria) egitea bideratu.
    Hori saihesteko batzuek korredakzioa proposatzen dute, hau da, momentu berean bi hizkuntzetan lan egitea, sorkuntza lana bi hizkuntzetan egitea eta beraz, ez izatea itzulpen soila, beste gauza da suposatuko lituzkeen gastuak eta aurrera eramatea bideragarri diren politikarien asmoari lotua.

  32. Irune Lasarte
    2012(e)ko maiatzaren 14a 12:54(e)tan | #32


    EUSKARA, ITZULPEN-HIZKUNTZA BAINO GEHIAGO?
    ____________________________________________________

    Jatorriz euskaraz eginiko lan gutxi dago, gure hizkuntza zahar honetan topatzen ditugun lan gehienak itzulpenak dira. Aditu askorentzat, euskara itzulpen hizkuntza soilik da.
    Baina gaur egun, adituak geroz eta kontzienteago dira horrek sortzen dituen arazoez. Eta horren aurrean baliabideak sortzen eta bultzatzen ari dira, lurralde batean dauden hizkuntza ofizial guztiek trataera bera izan dezaten.
    Euskaldunak ez gara egoera eleanitz batean bizi garen bakarrak, Kanada, Hong Kong eta Belgikan ere antzeko egoera bizi dute. Gauza bera pasatzen zaie Nazio Batuen Erakundeari eta Europar Batasunari.
    Organismo hauetan arau eta neurri bereziak hartu dira hizkuntza ofizial guztietan emandako arau eta erabakiak balio bera izan dezaten. Arau eta neurri multzo hori “ multilingual legislative drafting” bezala ezagutzen da, eta toki bakoitzak bere berezitasunak ematen dizkio, bertako egoerara moldatuz.
    Askok jarraitzen duten teknika korredakzioarena da, hain zuzen ere, lege testuak aldi berean hizkuntza ezberdinetan idaztearen teknika. Teknika hau Espainian ez da jarraitzen eta kontuan izan beharko litzatekeen teknika bat da. Modu honetara hizkuntza ofizial guztiak berdintasun egoeran egongo liratekeelako.
    Gainera, modu honetara jendea ohartuko litzateke euskara ez dela bigarren mailako hizkuntza bat, itzulpen lanak burutzeko soilik balio duena. Jatorrizko lanak burutzeko balio duen hizkuntza bat ere badela, gaztelaniaren maila berean egotea merezi duena eremu guztietan.

  33. Yaiza Perez
    2012(e)ko maiatzaren 14a 12:55(e)tan | #33


    EUSKARA, ITZULPEN-HIZKUNTZA BAINO GEHIAGO?
    ____________________________________________________

    Itzulpena hizkuntzen arerio nagusiena da, hizkuntza beraren bereizgarritasunak galtzeko arriskua suposatzen baitu. Horrela, euskara juridikoaren eraikitze bide horretan lehen pausuan itzulpenak egitea onartu daiteke, baina normaltasun prozesuari ez dio mesederik egiten. Normaltasun prozesua eta itzulpengintza ezin dira bat etorri. Izan ere, normaltasunak itzultzeko behar eza aditzera ematen baitu.
    Normalizazio prozesuari bultzada emateko IVAPek, beste batzuen artean, administrazioan euskara erabiltzeko irizpide zerrenda bat proposatu du. Irizpide zerrenda hori, euskararen erabilerari buruzko legea bezala, ez dator bat praktikarekin. Horrela, unibertsitatean bertan informazioa eskeini behar duten funtzionario publikoak adibide hurbilena dugu. Teorikoki, ahozko harremanetan lehengo euskaraz egingo dute eta kapaz izan behar dira horretarako, baina praktikan ez da horrela.
    Idatzizko harremanetan, nolabait bermatuta dago administrazioarengandik jasoko ditugun idazkiak elebidunak izatea. Bermatuta ez dagoena da, ostera, idazki horien izaera edo ulergarritasuna. Idazki gehienak itzulpen hutsak dira eta horrek, ulergaitz bihurtzen ditu.
    Hori horrela delarik, euskararen normalizazio biderako eta ez hura oztopatzeko edo geldiarazteko, euskaraz egindako idazkiak euskarazko bertsioak izan beharko lirateke. Izan ere, euskara itzulpen hizkuntz bat baino gehiago da, euskara juridiko jatorri eza duena, baina jatorri eta kultura handikoa.

  34. Amaia Abendaño
    2012(e)ko maiatzaren 14a 12:56(e)tan | #34


    EUSKARA, ITZULPEN-HIZKUNTZA BAINO GEHIAGO?
    ____________________________________________________

    Arau-testuak gaztelaniaz argitaratzen direnez, euskararen kasuan itzulpengintzak duen garrantzia ukaezina da, honi esker baitauzkagu eskura Lege, Arau eta Dekretuen euskarazko argitalpenak. Hala eta guztiz ere, lan hau lagungarri gerta dakigukeen arren, ez dio mesederik egiten gure legegile eta araugileen euskaltzaletasunari, itzultzaileari ezarri baitzaio euskararen presentzia ofizialaren erantzukizuna. Gainera, zuzenbide-euskararen iturri bakarra gaztelaniatik eginiko itzulpengintza izateak ere ez du ondorio onik ekarri.
    Nahiz eta ezin dugun itzultzaileek urteetan egin duten lana inolaz ere gutxietsi, euskararen presentzia ziurtatzeko ezinbestekoa izan dena, kontuan eduki behar ditugu ere bizi ditugun egoera berrien bidetik gauza ditzakegun hainbat baliabide, korredakzioa kasu.
    Korredakzioa edo idazketa elebiduna (bilingual drafting) testuak bi hizkuntzetan era paraleloan sortzean datza, bata bestearen ondorengo edo menpeko izan gabe. Teknika honen bitartez, eduki bera izango duten testu baliokideak, sortze unetik, gauza bera azaltzeko hizkuntza bakoitzak dituen beharretara egokituko dira. Teknika hau Kanadan eta Belgikan erabilia da eta, Jaurlaritzan betan bi saiakera egin dira.
    Nire ustez, korrelazio teknika hau guztiz onuragarria eta beharrezkoa dugu euskararen normalizazio prozesuan, metodo honen bitartez, itzulpengintza arruntak sortzen duen gaztelaniarekiko menpekotasuna baztertu eta bi hizkuntzen benetako elkarbizitza bideratzen baita.

  35. Itsaso Gonzalez
    2012(e)ko maiatzaren 14a 12:57(e)tan | #35


    EUSKARA, ITZULPEN-HIZKUNTZA BAINO GEHIAGO?
    ____________________________________________________

    Azken urteetan zuzenbidearen eta administrazioaren arloan bultzatu nahi izan den joera euskarazko jatorrizko testuak idaztea izan da. Orain arte, itzulpen lanari garrantzia ematen zitzaion bezala, gaur egun euskarazko jatorrizko testuak egin nahi dituzte.
    Honen alde egitearen arrazoia da, euskarari paper garrantzitsua ematea zuzenbidearen arloan. Gaur egun, esaterako legebiltzarretan, euskarak leku sinboliko hutsa du, izan ere, eztabaida guztiak gazteleraz egiten dira, eta ondoren adostutako testuak euskarara itzuli.
    Horri aurre egiteko, hain zuzen, lortu nahi da lege testu hauek zuzenean euskaraz idaztea, garrantzia emanez euskarazko esamoldeei. Izan ere, testu baten edukia eztabaidatzen dutenean, hizkuntza batean edo bestean erabiltzen diren kontzeptuak oso ezberdinak dira, baita hauen zentzua ere.
    Horregatik, arlo juridiko eta administratiboan euskarak duen presentzia asko handituko litzake euskarazko jatorrizko testu gehiago izango bagenitu, eta horrela, euskararen maila ere handituko litzateke.

  36. Maider Uriarte
    2012(e)ko maiatzaren 14a 12:58(e)tan | #36


    EUSKARA, ITZULPEN-HIZKUNTZA BAINO GEHIAGO?
    ____________________________________________________

    Euskara, nahiz eta batzuentzat itzulpen-hizkuntza baino izan ez, izenak berak esaten duen bezala, gainerako gehienontzat, zerbait gehiago da, izan ere, euskara hizkuntza bezala, bere jatorria, historia, esanahia eta bere ezaugarri eta baliabideak dituen hizkuntza baita.
    Euskara itzulpen hizkuntza bat dela esaterakoan, edo itzulpen hizkuntzatzat hartzen dela adierazterakoan, horrekin zuzenean adierazten dutena da euskarak halako bigarren mailako ofizialtasun bat edota ofizialtasun menperatu bat (subordinatua edota menpekoa) duela, hau da, lege-testu guztiak eta herri-administrazioetatik ateratako ia guztia ia beti (beti ez esatearren) gaztelaniatik itzulia delako, edota, baita ingeles edota frantsesetik itzuliak.
    Horrek erakusten du zer nolako garrantzia ematen dioten gaztelerari, eta nola euskara bigarren maila batean usten dutela (alboratzen dutela). Horren ondorioz, hutsegite handiak ikusten dira euskarari dagokionez esparru askotan eta besteak beste, zuzenbidean, izan ere, euskaraz ez baita inoiz legerik egin edota idatzi euskaraz, ezta ere herri-administrazioetako akta, bando, agiriak, etab,… nahiz eta, orain denborarekin badiren hauetariko dokumentuak edota lege testuak egiten dituztenak.
    Guzti horren arrazoiak argiak eta ugariak dira; ez delako egon euskara eta araugintzaren arteko loturarik, euskaraz ez dela inoiz legerik egin edota legerik idatzi, izan ere aro modernora arte ez zelako euskara paperean ezagutzen (ordura arte ahoz erabiltzen zelako), ez zegoelako euskara zuzenbidearen munduan erabiltzeko ohiturarik, baliabiderik,… eta ondorioz, araugintzako itzultzaileek ia hutsetik abiatu beharra (edota aurrekari apurrak ezagutu gabe) abiatu behar izan zuten, eta baita ere, itzultzaileen prestakuntza akademiko berezirik gabe, ez zegoelako itzulpen-ikasketa ofizialik, eta zuzenbide arloko prestakuntzarik gabe ere, eta baita ere, eredu eta erreferentzia faltaren ondorioz.
    Baina, azken batean, ekimen horiei esker, itzulpengintza gutxinaka sortzen joan da, eta baita, geroago etorri diren prestakuntza bereziei esker. Eta batez ere, euskararen ofizialtasunari esker, etorri zen edota hasi ziren arauak euskaraz argitaratu beharra. Nahiz eta, hasiera batean testu bat bestearen kalkoa izan eta ondorioz, itzulpengintzak ez izatea arrakasta larregirik, besteak beste, tradizio falta zela eta.
    Aipatu beharra dago, euskarari erabateko estatusa aitortzeko egindako proposamenak hainbat direla, eta proposamen horiek bultzatu beharra dagoela euskarak bigarren mailako statusa edota ofizialtasuna izatetik lehen mailako statusa izatera igarotzeko. Esan behar da ahalegin horiek handiak direla eta joan direla beren fruituak ematen, besteak beste, itzultzaileen prestakuntza, gero eta lantalde sendoagoak sortu izana (herri administrazio, unibertsitate zein sektore pribatuan) eta teknologia berrien ezarpena. Eta baita ere, beste metodo batzuk, besteak beste, korredakzioa deitutakoa. Korredakzioaren helburua da testuen itzulpena egitea testu batetik bestera, baina, testu bat ez izatea bestearen itzulpen soila, baizik eta, bi testuek balio bera izatea. Esan bezala bide hau da edota izan liteke euskararen statusa lortzeko modu bat.
    Beraz, bukatzeko, esan beharra dago, jada tresnak baditugularik, ahalegina, asmoa eta nahia direla falta direnak euskara bere mailara iristeko eta euskarari hizkuntza bezala dagokion nortasuna aitortzeko.

  1. 2009(e)ko abenduaren 5a 11:11(e)tan | #1
  2. 2009(e)ko abenduaren 10a 15:27(e)tan | #2