Euskararen garabideak

2012(e)ko maiatzaren 10a

Euskara administrazioan eta arlo juridikoan normalizatzeko ahaleginean, hainbat talde eta erakunde nabarmendu dira. Haien ekarpenari esker, nekez egingo zituen  euskarak azken 30 urteoan alor hauetan egin dituen urratsak alor . Zein dira erakunde eta talde horiek? Zer nolako ekarpena egin diote euskara juridiko-administratiboaren garapenari? Galdera horri erantzuten saiatu dira Zuzenbide Fakultatean Euskara Juridikoa lantzen ari diren ikasleak eta hona haien ikerketaren emaitza:

Eragile horiek ahalegin handia egin dute euskara juridikoaren corpusa zabaltzeko eta osatzeko. Ahalegin horri esker ugariak dira gaur egun euskaraz eskuragarri ditugun testuak eta baliabideak: administrazioko eta alor juridikoko profesionalak euskalduntzeko materialak; lege-testu eta epaitegietako inprimaki elebidunak; zabalkunde materialak; hiztegi eta glosategi espezializatuak; estilo-liburuak; eta abar. Horrela, bada, zer material ditugu Zuzenbidearen eta Administrazioaren alor ezberdinetan? Non eskura daitezke baliabide horiek? Zuzenbide Fakultateko Euskara Juridikoko ikasleak saiatu dira galdera horiei erantzuten. Hona hemen egin duten lanaren emaitza:

  1. Jsb
    2009(e)ko urriaren 11a 12:33(e)tan | #1

    ZUZEN aldizkaria

    Eusko Jaurlaritza ZUZEN aldizkaria argitaratzen hasi da Justizia Sailaren web-orrian.

    Aldizkaria gaztelaniaz zein euskaraz argitartzen da. Zoritxarrez, euskaraz ez dago behar bezain txukun idatzia.

    Masaia-ikastaroa blogean aurkituko duzue lehen alean aurkitutako huts batzuen “salaketa”.

    Ea hurrengo aleak txukunagoak diren!

    Jsb

  2. Garalex
    2009(e)ko azaroaren 11a 15:57(e)tan | #2


    Argitaratu da ZUZEN albistariaren bigarren alea

    Justizia eta Herri Administrazio Sailak ZUZEN aldizkariaren bigarren alea argitaratu du jada.

    Ale honetan euskarazko bertsioa aurrekoan baino zainduagoa ematen du. Lehen begibistakoan behintzat, ez dugu ezer larririk antzeman.

    Lastima da begizorrotz ibili behar izatea, baina gaitzerdi, aurreko aleak jasotako kritiken ondoren gauzak “zuzenago” egin baitira ZUZEN informazio-aldizkariaren ale honetan.

  3. Glx
    2009(e)ko azaroaren 11a 16:01(e)tan | #3


    Sarean da jada Administrazioan Euskaraz aldizkariaren 65. alea

    Urriko alea sarean duzue jada eskuragarri IVAPen web-orrian. Beti bezala, gai interesgarri asko jorratzen ditu aldizkariak, euskara txukun eta atseginean.

    Guztien artean bi lan iruditu zaizkit nabarmentzeko moduko: Jon Agirre zinpeko itzultzailearen artikulua mailegu lexikoei buruz eta Iñigo Roke euskara-zuzentzailearen lana puntuazio-markei buruz.

  4. Glx
    2009(e)ko abenduaren 7a 15:32(e)tan | #4


    Lanabes berri bat legelarientzat

    Iturria: M. RUBIO – Bilbo – 07/12/200. URL: http://www.elpais.com

    Zuzenbide zibilaren inguruko datu-basea sareratu du Zuzenbidearen Euskal Akademiak – Arlo juridikoan euskara ere sustatzeko baliagarria izango da.

    Euskal zuzenbide zibila denon eskura jartzea. Era erraz eta erabilgarrian. Euskaraz eta gazteleraz. Hori da Forulege izeneko interneteko datu-basearen eskaintza. Zuzenbidearen Euskal Akademiak jarri du martxan proiektu hau. Arlo juridiko zibilaren inguruko oinarrizko kontzeptuak plazaratzeko balio du, eta elebiduna denez, euskararentzako ere bultzada izango da.

    Eguneroko lanabes izateko jaio da Forulege. Arlo honetan lanean ari direnentzako informazio baliagarria eskaintzen du, eta Interneten eskegita dagoenez, erraz erabili daiteke. Hala dio Andres Urrutia akademiako zuzendari-ordeak eta datu-baseko koordinatzaileak: “Foru zuzenbide zibilaren inguruan beharrezkoa diren hainbat datu emango ditu. Eguneroko zereginetan dabiltzan profesionalei datu erabilgarriak eskaintzea da helburua, teknologia berriak aprobetxatuz”.

    Euskal zuzenbide zibilean indarrean dagoen legedia eta jurisprudentzia eskaintzen ditu Forulegek. Bibliografia eta formularioak ere eskura daude bertan, testu bat idazteko argibideak, adibidez, kontsultatu ahal izateko. Erkaketak egiteko ere balioko du, Euskal Autonomia Erkidegoko eta estatuko gainerako lurraldeen arteko zuzenbide zibilaren ezberdintasunak kontsultatu ahal izango direlako. Gainera, zalantzak argitzeko galdera-erantzun atala ere izango du, oso modu “erraz eta sotilean” behar dugun informazioa lortzeko aukera izango da.

    Helburu praktikoa du, beraz, baina erabilera akademikoa ere izango du, Urrutiaren hitzetan. “Praktikotasuna izan dugu hasieratik buruan, baina horrek ez ditu bestelako helburuak baztertzen. Gure ikasleentzat lagungarria izango den instrumentua sortu nahi izan dugu, eta oro har, gai honetan interesa izan dezakeen edonorentzat”.

    Elebiduna da datu-basea, euskarazko atala oraindik garatzeke bada ere. Hurrengo urterako zerbitzua osotasunean bi hizkuntzetan eskaintzea da helburua, euskararen normalizaziorako oso garrantzitsua izan daitekeela uste baitu Urrutiak. “Gure asmoa ez da bakarrik tresna bat sortzea. Euskararen ikuspegitik ere landu nahi dugu. Sarritan hitz egiten da euskararen normalizazioaz administrazio foraletan. Horregatik, nik uste dut horrelako ekimenak garrantzitsuak direla. Gainera, erabilera oraingoz txikia izan arren, hazten doa. Ezerezetik gatozen neurrian, itxaropentsu izateko moduan gara, esparru juridiko horretan euskarak bere presentzia bermatua izango baitu”.

    Proiektuak, hala ere, zabalik jarraitzen du oraindik, Urrutiaren hitzetan. “Bestelako instituzio publikoetako edo pribatuetako ekarpenak batzeko prest gaude. Gainera, bestelako pausuak ere eman nahiko genituzke, jurisprudentzian eta baita bestelako gaietan ere”. Horrela, euskal zuzenbidea teknologia berrien munduan murgiltzen joango litzateke, eta behar-beharrezkoa da hori Urrutiaren ustez. “Lanabes moduan esanguratsua dela uste dut, lehen urratsa delako. Foru zibila aspalditik datorren tradizioa da, eta tradizio hori teknologia berriekin batzen ahalegindu gara. Gure akademiaren aldetik apustua garbia da. Paperezkoak ez ditugu baztertzen, baina teknologia berriek mundu berri bat ahalbideratzen digute, eta mundu hori zuzenbidera ekarri behar da”.

    Gehiago irakurtzeko sakatu hemen

  5. Glx
    2009(e)ko abenduaren 7a 15:40(e)tan | #5


    Euskal Zuzenbide Zibilaren formulario batzuk euskaraz

    FORULEGE web atarian euskal zuzenbide zibilaren arloan epaiketatik kanpo adierazgarriak diren formularioak daude eskuragarri, lurraldeen arabera antolatuta. Horiez gain, izatezko bikoteen kasuan gehien erabiltzen diren formularioak ere eskaintzen dira, betiere bikote horiek maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen babesean eratu direnean.

    Formulario horiek guztiak ez, baina batzuk gaztelaniaz ez ezik, euskaraz ere eskura daitezke bertan. IVAP/HAEEek eta Zuzenbidearen Euskal Akademiak sinatutako hitzarmenaren arabera, aurki euskaratuko dituzte oraingoz gaztelaniaz soilik eskaintzen diren dokumentuak.

    Formularioen biltegia helbide honetan dago: http://www.forulege.com/default.cfm?atala=formularioak&hizkuntza=0

  6. Glx
    2009(e)ko abenduaren 7a 15:44(e)tan | #6


    “Lexinder” ekimenak irabazi du Manuel Laborde saria

    Urko Mugikak eta Iker Mugikak aurkeztutako “Lexinder ekimenak” jaso du ideia berritzaileetan oinarritutako teknologia-oinarriko enpresa-ekimen onenari emandako Manuel Laborde Werlinden saria. Aurkeztutako proiektua “Ezagutza juridikoa kudeatzeko sistema aditua” da. Ekimen sarituak 7.500 euro jasoko ditu eta laguntzak eta aholkuak izango ditu enpresa-proiektua garatzeko.

    Euskal Herriko Uunibertsitateko (EHU) Gipuzkoako campusak eta BIC Gipuzkoa Berrilan Europako Enpresa eta Berrikuntza Zentroak garatzen eta kudeatzen duten “Entreprenari” programaren esparruan sustatu da Manuel Laborde Werlinden sariaren bederatzigarren edizioa. “Entreprenari” programaren helburua da ekintzaileei bultzada bat ematea, eta aholkuak eta laguntza eskaintzea, EHUko Gipuzkoako campusean enpresa berritzaileak sor ditzaten.

    Aurtengo lan irabazleari dagokionez, zuzenbidearen langileentzako egina, “Ezagutza juridikoa kudeatzeko sistema aditua” delako sistemak kasuaren azalpen laburra sartzen uzten du eta erantzuna txosten modura ematen du, kasu horri aplikatu ahal zaion araudi eta dokumentazio osoa eta zuzenbidearen arabera prozesurako garrantzitsuak diren alderdi guztiak bilduz.

    Pozgarria litzateke proiektu honetan euskarak ere toki esanguratsua izatea!

    Bitartean ere, zorionak proiektuaren arduradunei

  7. Glx
    2009(e)ko abenduaren 9a 15:47(e)tan | #7


    ARAU-IDAZKETA ELEBIDUNAREN ALDARRIKAPENA

    Idazketa elebidunaren aldarrikapena ez da berria euskal erakundeetan. Urte batzuk pasa dira itzultzaileek eta legelariek koerredakzioaren ezinbestekotasuna azaldu dutela, euskarak gutxieneko egoera normalizatua izango badu arlo juridikoan.

    Eusko Legebiltzarrak urriaren 28 eta 29an jardunaldi batzuk egin zituen Euskararen inguruan “Euskara Gutxituak Administrazioan” izenburua zutenak. Beste aditu askoren artean, jardunaldi horietan Eneko Oregik eta Zelai Nikolasek hartu zuten parte, arau-idazketa elebidunaren beharraz hitz egiteko.

    Agerpen horretan emandako azalpenak eta egindako aldarrikapenak TIRAKA blogean jaso dituzte argitaratu berri diren bi sarreratan. Batean ponentziaren testua irakur daiteke osorik. Bestean, idazketa elebidunaren ezinbestekotasuna justifikatzen saiatu dira.

    Bi ekarpen horiek -TIRAKA blogean argitara emandako beste guztiak bezalaxe- ageri-agerian uzten dute zein atakatan dagoen euskara administrazioaren eta legegintzaren alorrean. Oso aintzat hartzekoak dira, beraz.

  8. Maider Uriarte
    2010(e)ko abenduaren 10a 11:16(e)tan | #8


    EUSKARA JURIDIKOA GARABIDEAN
    ___________________________________________________________

    Ai, Euskara, gure euskara maitea!! Zenbat aldiz entzun eta esan dugu esaldi hori, bai etxean, lagunekin, eta baita giro horretatik at, kalean, eskolan, unibertsitatean,… Izan ere, hau baita euskaldun gehienek maite dutena, faltan botatzen dutena eta hau babesteko eginahalak egiten dituztenak, artikulu honekin agerian utzi nahi baitut hizkuntza hau dela euskaldun askok jaio ginenetik daukaguna eta asko eta asko honen zordunak gara.

    Beste batzuek aldiz, euskarari ez diote hainbesteko garrantzirik ematen, pentsatzen baitute bigarren mailako zerbait dela, familiartean, lagunekin, eta antzeko beste alor batzuetan erabiltzen dutelarik edo erabili behar dela pentsatuz. Hori dela eta, euskarak hasieratik zeukan indarra galtzen doa, eta honen gaineko arazo eta zalantza asko ematen dira. Eta artikulu honekin, agerian utzi nahi dut hori horrela pentsatzen dutenak erratuta daudela, eta, tamalez, gertaera hau hainbat alorretan ematen denez, administrazioaren eta justiziaren alorra da honen guztiaren ondorioetako bat eta hori da artikulu honekin kritikatu nahi dudan gaietako bat.

    Bai, hain zuzen ere, administrazioaren eta justiziaren alorra. Baina, hori, zergatik ote? Hasteko, esan beharra dago abertzaletasunari esker, euskara hizkuntza ofizial bezala sartu zela XX. mendean. Ondorioz, Autonomia Estatutuan euskara hizkuntza nazional moduan agertu zen eta horrek, legelariengan nahi bat piztu zuen, hain zuzen ere, euskara langai bilakatzea, horren eraginez legeak euskaraz izateko eta eragile juridikoak ere euskaraz lan egiteko gai direnak. Baina, honekin nahikoa ote da?

    Aurreko galdera horren erantzuna ezezkoa da. Izan ere, esan beharra dago egun, Zuzenbide alorrean zuzenbidearen alorrean euskara behar den bezala txertatzeko aditu batzuk egiten ari diren lana oso garrantzitsua dela eta honen fruitu bezala har genezake, orain dela gutxi argitaratutako Zigor kode elebiduna, hau baita Zuzenbide Penalaren alorrean lege-liburu garrantzitsuena.

    Baina, egun oraindik euskararen normalizazioak eta garapenak hainbat zailtasuni egin behar die aurre eta ez dira edozelako zailtasunak. Izan ere, zoritxarrez, hainbat gauza daude komentatzeko arlo honetan.

    Hasteko, eta hauxe da garrantzitsuena, euskarazko testu juridikoen eskasia oso nabarmena da, nahiz eta testu eta formulario batzuk egon. Hau zergatik ote da? Hain zuzen ere, esan behar da, euskara administrazio eta justizia alorrean sartu zenetik, hainbat legelari egon direla bakoitza bere aldetik lanean. Ondorioz, handia izan da legelariek edo juristek izan duten erreferentzia falta. Hori dela eta, ez da izan bat ere erraza euskal legegilearentzat hizkera juridikoarentzat egokitutako materiala eta aholkuak aurkitzea.

    Baina hau oraindik ez da bukatu; izan ere, gaur egun, legelari bakoitzari sarri tokatzen zaiolako entzutea gramatikari, zuzentzaile, maisu, irakasle eta beste hainbaten agindu, aholku eta arauak eta honek oraindik ere, erreferentzia gabezia hori eragiten du.

    Testu juridikoen eskasia horren adibide bezala jar liteke Espainiako Estatuko Konstituzioak nahiz Autonomia Estatutuak mailakaturiko esparruetan ematen den egoera, bertan ez baitago euskararen inolako arrastorik eta, ondorioz, gutxi batzuk dira euskarazko testuak estatu mailako administrazioan. Baina, hor ez da bukatzen dena, hain zuzen ere, legelaria esanahi zabalean itzultzailea den heinean, euskararen aldetik erreferentzia testua falta zaion orduan, euskaraz azaldu beharra tokatzen zaiolako gaztelaniaz idatzita dagoena.

    Eta, nolabait, puntu honekin bukatzeko, administrazio erakundeetan zein epaitegietan dauden gabeziak, hainbat direla esan beharko dugu: besteak beste, hiritar batek Justizia Administrazioan ahoz zein idatziz euskara erabili nahi badu, gaur egunean oraindik, itzultzaile baten beharra izatea, edo demandatu batek, epaiketa batean euskara erabili nahi duenean eta hirugarrenek ulertzeko zailtasunak dituztenean, gaztelera egitea behartzea. Horrez gain, euskarazko letratu-asistentzia bermatzeko baliabideak bultzatu behar dira, ez dauden lekuetan sortuz eta dauden lekuetan garatuz,… eta hauen konponbideetako bat izango litzateke epaitegi barruti bakoitzean epaitegi batek gutxienez baliabide egokiak edukitzea prozedurak euskaraz aurrera egoki eramateko.

    Baina, beste alde batetik begiratuta, honi guztiari zentzu positiboa ere eman geniezaioke, izan ere, euskara gutxi gorabehera orain dela 30 urte justizia eta administrazioaren alorrean sartu zenetik hona, hainbat izan dira berrikuntza hori bultzatzeko eta horren eraginkortasuna eskuratzeko egon diren eta dauden baliabideak eta horietatik sortutako fruituak. Lehenik eta behi goraipatu behar da legelariek erakutsi duten gogoa da euskara langai izateko eta ondorioz, euskaraz lan egiteko. Horren merezimendu izan dira jarraian argitaratu eta plazaratu dituzten metodologia irizpideak, besteak beste, Espainiako unibertsitateek egindako itzulpenak, zuzenbidea euskaraz ikasteko aukera ematea eta aldizkari juridikoa euskaraz argitaratzea. Baita ere, Euskarazko idazki-ereduak euskaratzea eta hiztegi juridikoen sorrera.

    Baliabide hauek guztiak edo gehienak sortu zirenetik gaur egunera arte, esan beharra dago hainbat urte igaro direla. Horren ondorioz lortutako eskarmentua, teknikak, makinak, itzulpen memoriak, corpus linguistikoak, etab… baliagarri izan dira testu juridikoak gero eta irakurriagoak izateko. Eta, lan honen fruiturik garrantzitsuena Zigor Kodea euskaraz egitea izan da, delituaren definizio orokorra, gehi delitu mota ezberdinen definizioak eta guzti hauekin zerikusia duten terminologiak zehazteko.

    Baina oraindik ere, jurista euskaldunek eta administrazioan euskaraz lan egiten dutenek jardunean jardute eta aurretik badituzte erdiesteko asmoz zenbait erronka:

    Hasteko, lehentasunezkoa da oraindik euskarak jasaten dituen diskriminazioak eta euskara erabiltzeko oztopoak ezabatuz, euskara juridikoa indartzeko eta sendotzeko eginahalak egitea. Eta, honetarako zer da beharrezkoa? Jende euskaldunaren borondatea, gaitasuna eta prest egotea euskararen alorrean lan egiteko.

    Behin hori burututa, eman beharreko hurrengo pausua euskara normalizatzeko plangintza orokor bat egitea litzateke, horrekin finkatuz zeintzuk izango diren erabili behar diren euskarazko terminoak arlo juridikoan, testuetan edo liburuetan hizkuntzaren batasun bat emateko eta honekin lotuta, testu juridikoak euskaratzean lege-xedapenak bi hizkuntzetan (euskaraz eta gaztelaniaz) agertzea.

    Eta, behin hori lortuta, ondoren, organo eta erakunde administratibo eta judizialetan jorratu beharko lirateke azkenengo erronka horietako batzuk eta garrantzitsuenak: besteak beste, lan egiteko molde eta aukera sistematikoa euskaraz izatea funtzionarioen eta jardule juridikoen artean.
    Justizia Administrazioan lan egin behar dutenek euskara juridikoa ikasteko obligazioa ere ezinbestekotzat jo beharko litzateke, horretarako dauden baliabideak bultzatuz eta baita, Espainiako Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak bere 1998ko otsailaren 25eko Osoko Bilkuran, karrera judizialaren ekainaren 7/1995eko Erregelamenduaren 108. artikulua eta hurrengoak aldatzea erabaki zuenean eta honako hau ezarri zuenean: karrera judizialeko kideen lekualdatze lehiaketetan Autonomia Erkidegoetako hizkuntza ofizialak (euskara barne) eta foru zuzenbide zibila jakitea merezimendu nagusitzat hartuko zirela harrez geroztik.

    Eta, bukatzeko, Zigor Kode elebidunari ere, aipamena egin beharra daukagu, izan ere, kode hau egin dutenen helburua, hau da, Euskal Herriko unibertsitate eta administrazio publikoena, honako hau izan baita: zientzia penala bereganatu nahi dutenentzat edo zigor alorrean euskaraz aritzen direnentzat lehenengo oinarriak jartzen ahalegintzea edo beste hitz batzuetan esanda, esparru juridiko penala sistematikoki euskalduntzen laguntzea, horretarako terminologia finkatuz.

    Ondorioz, honekin guztiarekin jada heldu gara artikulu honen azken oinetara, baina, bukatzeko, honako hau da helarazi nahi dudana nire mezua indartzeko: azkenengo 30 urteetan jurista euskaldunek eta administrazioan euskaraz lan egiten dutenek egindako lanarekin ez dela nahikoa euskararen normalizazio eta garapen egoki bat eskuratzeko. Horregatik dauden baliabideak aprobetxatuz eta berriak sortzeko bidean, posible izatea hemendik 20 edo 25 urtera beste era bateko heziketa bat jasaten duen euskara juridikoak arlo juridiko eta administratiboan behin betiko funtsezko normalizazio egoera bat eskuratzea.

    ___________________________________________________________

  1. Momentuz aipurik ez.