Euskararen biziberritzea
Botere Judizialaren Lege Organikoak berme osoa ematen dio euskararen erabilerari Justizia Administrazioarekin eta Auzitegiekin zerikusia duten izapide eta prozesuetan. Izan ere, honela dio 231. artikuluak:
Epaileek, magistratuek, fiskalek, idazkariek eta epaitegietako eta auzitegietako gainerako funtzionarioek autonomia-erkidegoko berezko hizkuntza ofiziala ere erabili ahal izango dute, baldin eta alderdietako batek ere aurka egiten ez badu, hizkuntza hori ez dakiela alegatuz, modu horretan defentsa-gabezia sor dakiokeenean.
Alderdiek, alderdien ordezkariek, alderdien zuzendaritzan dihardutenek, lekukoek eta adituek jardun judizialak izango diren lurraldeko autonomia-erkidegoan koofiziala den hizkuntza erabili ahal izango dute, bai ahozko adierazpenetan baita idatzizkoetan ere.
Autonomia-erkidego bateko hizkuntza ofizialean gauzatutako jardun judizialek eta aurkeztutako agiriek erabateko baliozkotasuna eta eraginkortasuna izango dute, gaztelaniara itzuli beharrik gabe.
Hala ere, ondo dakigunez, oraindik oso mugatuak dira Justizia Administrazioaren bulegoetan eta auzitegietan euskara erabiltzeko aukerak. Egoera hori normalizatzeko hainbat ekimen proposatu eta garatu dira azken urteotan. Eta, apurka-apurka bada ere, ereindako hazia hasi da tarteka fruitu batzuk ematen. Hainbat artikulu eta lanetan jaso dira orain arte egindako ibilbidearen kronikaren argi-ilunak. Hona hemen sarean eskura daudenen artean, argigarri gerta daitezkeen batzuk zerrendatuta:
- Euskara Justizia Administrazioan (1)
- Euskara Justizia Administrazioa (2)
- Zein da euskararen egoera Justizia Administrazioan?
- Euskaraz auzitaratzeko eskubidea
- Justizia administrazioen euskalduntzerako eskuduntza arazoak
- Euskarak herri administrazioan izan duen garapenaz
- Hizkuntzaren normalkuntza prozesua Justizia Administrazioan
- EAEko Justizia Administrazioaren euskara normalkuntza
- Justizia Administrazioan euskaraz aritzea posible da
- EAEko Justizia Administrazioko esperientzia pilotuak
- Justizia Saileko Euskara Batzordearen Jarduera Txostenak
- Justizia Administraziokok Web orriko hizkuntza-zerbitzuak
- Epaitegietako agirien itzulpena
Zuzenbide Fakultatean Euskara Juridikoa lantzen ari diren ikasleek hainbat gogoeta egin dituzte euskarak une honetan Administrazioan eta Justizian duen egoeraren inguruan. Hona hemen gogoeta horien emaitza batzuk.
- Euskararen arlo juridikoan eta administrazioan: mugarri historikoak
- Euskararen biziberritzea arlo juridikoan eta administrazioan
- Euskararen zereginak arlo juridikoan eta administrazioan
- Euskara juridiko eta administratiboaren eragileak gaur egun
- Euskara juridiko eta administratiboaren corpusa gaur egun
- Euskararen erronkak arlo juridikoan eta administrazioan XXI. mendearen atarian
- Euskararen legedia Espainiako eta Frantziako estatuetan (Egilea: Erlantz Agirre)
- Euskararen lege-testuingurua (Egilea: Uxue Emezabal)
- Euskararen lege-testuingurua (Egilea: Gorka de la Cuesta)
- Euskararen lege-testuingurua (Egilea: Aitzol Ruiz de Egino)
- Euskararen lege-testuingurua(Egilea: Mirari Arriola)
- Euskararen lege-testuingurua(Egilea: Jon Loinaz)
- Hizkuntza-eskubideak Euskal Herrian (Egilea: Ioana Bujanda)
- Hizkuntza-eskubideak Euskal Herrian (Egilea: June Arrieta)
- Hizkuntza-eskubideak administrazioan eta arlo juridikoan (Egilea: Itsaso Gonzalez)
- Hizkuntza-eskubideak administrazioan eta arlo juridikoan (Egilea: Etna Rey)
- Hizkuntza-eskubideak administrazioan eta arlo juridikoan (Egilea: Amaia Abendaño)
- Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak (Egilea: Jon Arrazola)
- Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak (Egilea: Amaia Abendaño)
- Euskararen egoera Nafarroan eta Arabako lurraldean(Egilea: Garazi Martinez)
- Nafarroako euskara auzibidean (Egilea: Ion Arrazola)
- Eusko Legebiltzarraren ekimenak (Egilea: Jon Aranbarri)
- Eusko Legebiltzarraren ekimenak (Egilea: Maddalen Arregi)
- Euskararen egoera Justizia Administrazioan (Egilea: Jon Korta)
- Euskararen normalizazioa eta erabilera Justizia Administrazioan (Egilea: Ane Larrea)
- Euskararen biziberritzea administrazioan eta epaitegietan (Egilea: María Nuñez)
- Epaitegietan euskararen erabilera sustatzeko ekimenak (Egilea: Jone Lakarra)
- Euskararen erabilera eta normalizazioa EAEko epaitegietan (Egilea: Irati Sienra)
- Euskararen erabilera eta normalizazioa epaitegietan (Egilea: Zuriñe Etxaniz)
- Euskararen normalizazioa eta erabilera epaitegietan (Egilea: Libe Kobeaga)
- Euskararen normalizazioa eta erabilera epaitegietan(Egilea: Sara Zubizarreta)
- Euskararen normalizazioa eta erabilera epaitegietan (Egilea: Jennifer Lozano)
- Euskararen normalizazioa eta erabilera epaitegietan (Egilea: Miren Ortiz)
- Euskararen normalizazioa eta erabilera epaitegietan (Egilea: Ane Iragi)
- Euskararen normalizazioa eta erabilera epaitegietan (Egilea: Irati Suarez)
- Epaitegietako itzultzaile eta interpreteak (Egilea: Mikel Von Vichmann)
- Epaitegietako itzultzaile eta interpreteak(Egilea: Jon Aranbarri)
- Euskararen normalizazioa eta garapena administrazio publikoan (Egilea: Ane Etxabe)
- Euskararen normalizazioa eta garapena administrazioan (Egilea: Laider Etxebarria)
- Euskararen normalizazioa eta garapena administrazioan (Egilea: Maider Uriarte)
- Euskara Administrazioan (Egilea: Garazi Castaños)

Ba ote dago euskararentzat justiziarik epaitegietan?
_________________________________________________________
“Euskara” zer den gutako bakoitzarentzat begiratzen hasita, zenbat ikuspegi ez ote diren azalduko. Batzuentzat gure arbasoek beren kopeten izerdiaz eskaini diguten eta kosta ahala kosta gorde beharreko altxor preziatua da; beste batzuentzat, ordea, zaharkiturik geratu den antzinako erlikia, oraindik haur mukitsu bat izaten jarraitzen duzunaren seinale, benetako “helduek” gazteleraz hitz egiten baitute. Gure ikuspegia dena delakoa izanda ere, guztiok euskara berezko gerlari bat dela onartu behar dugu ezinbestean.
Izan ere, historian zehar hizkuntza bitxi honek jasan dituen erasoak amaigabeak izan dira (erromatarrek latina ezarri nahi ez zutenean, Gaztelako erreinuak gaztelera hizkuntza ofizial gisa ezarri zuen eta, bestela, Frankismoak bere erabilera espresuki debekatu zuen); baina,hala ere, guztiei aurre egin eta bizirik irautea lortu izan du, nahiz eta azkenengo egoera honetatik oso ahul irten. Baina berriki bizi izan ditugun 30 urte hauetan, euskarak bere historia osoan jasan izan duen mailukadarik gogorrena jaso du euskaldun askok, gure kulturaren funtsezko den zutabe honi bizkarra eman diogunean.
Egia da ikastetxeetan euskararen erabilera guztiz garatu dela eta gure heziketarako gutxienekoak diren zientziak irakasteko hizkuntza honetara jotzean ez dutela inolako arazorik. Izan ere, arlo horretan lana nahiko ongi egina dagoela esan genezake. Baina kalera irtetean, euskararen gabezia oso nabaria da, batez ere gure bizitzak bideratu eta kontrolatzen dituzten Administrazio Organo eta Instituzioetan.
Nahiz eta orain dela urte batzuk ausart batzuei esker euskarak Euskal Herrian merezi duen ofizialtasuna lortu, Administrazio Organoek gaztelerarekiko duten begikotasuna oraindik nabarmenegia da. Justizi Administrazioan, adibidez, euskararen falta ikaragarri sumatzen da. Euskararen ofizialtasunarekiko erabat gutxietsitako ikuspegi bat mantentzen denez, bertako epaileei ez zaie gutxieneko euskara-gaitasunik eskatzen eta, beraz eta logikoa denez, gutxi batzuk baino ez dira euskara ikasten hasi direnak. Auziak aurrera eramateko garaian ere, alderdiek euskaraz ematea eskatzen ez badute (kasu honetan seguruenik itzultzaile baten beharra egongo delarik), automatikoki gazteleraz jardungo da. Hau horrela izanda, oso urriak dira beren asmoak zuzenean euskaraz lantzen dituzten abokatuak, gaztelerara joz gero beren lana askoz ere errazagoa baita. Izan ere, Auzitegi Gorena bezalako organoek beren jurisprudentzia guztia gaztelera hutsean ematen dute eta legegileekin ere gauza bera gertatzen da.
Hala ere, euskararen bizitzan dena ez da ilun, oraindik legatu baliotsu hau estimatzen dutenak badaude eta, urte hauetan guztietan euskara juridikoa bezalako arloetan eransteko esfortzu ikaragarriak egin dituztenak. Horrela, unibertsitate publiko eta pribatu garrantzitsuenek, adibidez, Espainiar Ordenamendu Juridikoko testu legal garrantzitsuenak euskaratu dituzte, euskaraz ez dakiten profesionalei hizkuntza hau ikasteko dohaineko klaseak eskaintzen dira edota euskaraz Zuzenbidea ikasten duten ikasleei begira, obra garrantzitsuenak euskaratzeko lan-taldeak sortu dira, gaur egun talde horiek osatzen dituzten profesional horiek beren garaian egin behar izan zuten ikaragarrizko lan astuna ekiditeko asmoz.
Erraztasun hauez guztiez baliatuz, prozesu judizialak errotik euskaldunak izatea lor genezake, baita euskaldunak diren arlo juridikoko profesionalak (epaile, abokatu, administrazioetako idazkari…) ugaritzea edota jatorriz euskaldunak diren testu juridikoak lortu ere. Hau horrela izanda, zergatik jarraitzen du euskarak hain gutxietsia esparru juridikoa bezalako ezinbesteko alorretan? Denbora pasatzen den neurrian, etengabeko arbuio honek zauritzen jarraitzen du, eta antzina gogor borrokatu zuen gerlari hau dagoeneko nekatzen hasia da. Guda hau irabazteko eskaini zaizkion armak erabiltzen lagunduko al diogu?
EZIN DUGU GEHIAGO EGIN?
_________________________________________________________
Arlo juridiko eta administratiboan euskararen normalkuntza lortzeko ibilbidean urrats ugari eman dira azken urteotan; alabaina, asko geratzen da oraindik helmugara bidean. Argi dago eman diren aurrerapausoak sendoak izan direla, baina ez dira nahikoak. Okerrena da horrek eskubide-urratzea dakarrela, justizian eta administrazioan euskaraz aritu ahal izatea gure oinarrizko eskubide baita.
Eskubide hori askotan urratu egiten dela argi dago. Baina, aldi berean, erraza da elebitasuna bermatzea? Ez, noski. Egokiena litzateke estatus bera duten bi hizkuntza hauek administrazioan eta justizian berdintasunean egotea, baina oraindik ez gara egoera horretara ailegatu. Elebitasun orekatua lortzea prozesu luze eta zaila da, egun batetik bestera egitea ezinezkoa dena. Beraz, pazientziarekin hartu beharreko arazoa da.
Pazientzia bai, baina aukerakoak diren neurri eta ahalegin guztiak ari gara egiten? Denetariko iritziak egongo dira. Objektiboki hitz eginda, administrazioan eta justizia arloetan euskararen normalkuntza lortzeko hainbat baliabide daude, hala nola, funtzionarioei doako ikastaroak eskaintzea. Neurri hau hartzea oso interesgarria da, lanpostua lortzeko euskara eskatzen zaien langileen belaunaldietara ez baitugu itxaron beharko euskararen normalkuntzara ailegatzeko, betidanik funtzionario erdaldunak izan direnak, elebidunak bihurtuko baitira. Baina neurri honetaz aparte, badaude beste proposamen interesgarri batzuk, adibidez, magistratu edo ordezko epaileak izendatzerakoan euskara lehentasunezko merezimendu gisa jartzea; euskalduntze-mailarik handiena duten organo judizialetan epaile euskaldunak biltzen saiatzea; lege-arauetan, batez ere Eskualde eta Gutxiengo Hizkuntzen Europako Itunean, aitorturiko eta babesturiko hizkuntzari buruzko eskubideak ezagutaraztea, jarrera aktiboak bultzatuz; edota herritar euskaldunetik hurbilen dauden Bake Epaitegietako Epailea eta zenbait Udalerrik mankomunatuki dituzten Justizia Administraziopeko funtzionarioak izendatzerakoan, Udalerrian bizi den pertsona euskaldunen kopurua kontutan hartzea, eta abar. [Erreferentzia]
Bestalde, euskarazko baliabide gutxi daude: sortze-lanak urriak dira eta itzultze ekimenenetan ez dago koordinaziorik. Euskaraz arlo juridikoko liburu testuak sortzeko ekimenak eskasak dira eta beraz horiek sortzeko proiektuak bultzatzea garrantzitsua da, itzulpenak ez diren beste euskarazko iturriez baliatu ahal izateko. Itzulpenei dagokienez, unibertsitate publiko eta pribatuak zenbait lege testuren itzulpenak egin dituzte, baina dakigunez, asko dira praktikan erabiltzen diren lege edota arauak, horregatik lan hau astiro eta pixkanaka egiten ari da. Arlo juridikoan, beste arlotan ez duten arazoa daukagu, legedi guztia euskaratuta izatea ahalegin izugarria eskatzen baitu, egunero aldatzen baita legeren pasarte edo artikuluren bat. Itzulpen lan horiek koordinatuko balira, hau da unibertsitateak beste ekimen indibidualekin harremanetan egongo balira, lana askoz emankorragoa izango litzateke eta itzultzeko irizpideak bateratzea ere askoz errazagoa izango litzateke.
Laburbilduz, badaude oraindik euskararen normalizazioa lortzeko martxan jarri ahal diren zenbait proposamen. Ahaleginak guztion partetik etorri behar dira, baina argi dago euskarari bidea uzten joaten diren erabakirik garrantzitsuenak botereetatik datozela. Orain arte neurri zehatz batzuk aurrera eraman dira, batzuk beste batzuk baino eraginkorragoak, baina garrantzitsuena euskararen normalkuntzatik gero eta hurbilago egotea da [erreferentzia]
JURISTA EUSKALDUNA, JURISTA ELEBIDUNA
_________________________________________________________
Egia da azken urteotan bultzada eta garapen izan duela euskarak zuzenbidearen arloan. Horri esker, gaur egun aukera (teorikoa) dago auzibide osoa euskaraz egiteko. Baina, zoritxarrez, euskararen erabilera ez dago erabat normalizatua; oraindik oztopo asko gainditu behar ditu euskarak, aurreiritzi kaltegarriak, besteak beste. Izan, ere, epaitegietako langileen artean oso txikia da euskaldunen kopurua, eta horrek asko zailtzen eta murrizten ditu euskaraz normaltasun osoz aritzeko aukerak.
Gauzak horrela, itzultzaileen lana behar-beharrezkoa da auzibidean euskaraz aritu ahal izateko. Izan ere, 10/98 zenbakiko gobernu errekurtsoaren arabera, “ onartu egin dezakegu, inolako oztoporik gabe autonomia erkidego honetan … judizioak euskara hutsez buru daitezkeela. Are gehiago, esango genuke hori egokiena litzatekeela, baldin eta akusatuak hizkuntza hori erabiltzen hori erabiltzen badu bere azalpenetan, garbi baitago, itzultzaileak bere eginkizuna ondoen egingo duen arren, mezuaren jasotzaileak, epaileak nahiz fiskalak, azalpenen edo alegazioen zenbait ñabardura galdu egingo dituela- eta ñabardurak oso garrantzitsuak dira zigor prozeduretan, denok dakigunez -eta beti egongo da hautemango ez duen zerbait. […]”.
Esandakotik, beraz, ondoriozta genezake kasu hauetan akusatua defentsa gabezian erortzeko arriskua handia dela, gerta baitaiteke itzulpenak akusatuaren berbak hitzez hitz ez jasotzea, eta horrek interpretaziorako hainbat bide zabalik huts ditzake. Horrelako kasuak nahi baino gehiagotan emango direlakoan nago, eta zalantza handirik gabe esango nuke euskaldun askok eta askok bere ama hizkuntzan aritzeari “uko” egingo diola horrelako egoera deserosoak ekiditeko. Tamalez, Euskal Herrian bagaude ere, nekez aurki ditzakegu benetan euskaldun juristak, euskara dakitenak, nahiz eta, Oskorri musika talde euskaldunak kantatzen zuen legez, euskara den euskaldun egiten gaituena.
Baina zergatik urritasun hau? Euskara oraindik nahiko baztertua eta gutxietsia dagoelako. Gizaseme askok, euskara, bigarren mailako hizkuntzatzat daukate, Zuzenbidea bezalako munduan inolako lekurik ez dagokion maila baxuko hizkuntza, baserritar petoen hizkuntza. Orain dela zenbait hamarkada euskaraz pairatzen zuen zapalkuntza narraz daraman zantzua dugu hau; garai hartako egoera sintesi honen bidez labur genezake: euskara = baserritarren hizkuntza= ezjakinen hizkuntza. Baina nolatan onar ditzakegu hain mamigabeak diren pentsamenduak?
Hainbatetan esan dudan bezala euskarak bizik jarraitu behar du gure eguneroko edozein arlotan, lanean ere, eta merezi duen beste balorea eta garrantzia eman. Hori dela eta, kontu honekin erradikala banaiz ere, nirean jarraitzen dut: Autonomia Erkidego bakoitzean ofizialak diren hizkuntzak (gure kasuan, gaztelaniarekin batera euskara) ikastera behartuko nituzke hemen kargua lortzen dituzten jurista, epaile … eta abarrak. Horrela ez litzateke itzulpen arazorik sortuko. Horretaz gain, unibertsitatean derrigorrezko ikasgai ezarriko nuke bai interneten bai beste baliabide batzuetan euskal juristagaientzat eskura dauden baliabideen praktika, etorkizunerako prestakuntza osoa izan dezagun,. Badakit esandakoa teorian polito geratzen dela praktikara eramatea zaila delarik, baina seguru nago, ahalegina egiten bada, posible izango dela. Izan ere, Natxo de Felipek bere abesti batean esaten zuen bezala, zer euskal herri litzake, bestela, bere hizkuntza ere galtzen duena?
“ADMINISTRACION DE JUSTICIA” EUSKALDUNDU vs EUSKAL JUZTIZI ADMINIZTRAZIOA
_________________________________________________________
SARRERA
Euskal hiztunok bi estatutan eta hiru marko juridiko desberdinetan banatuta gaude, beraz bi Justizia administraziotan jarduten dugu; Espainiarrean eta frantziarrean (Euskal justizia administraziorik ez dago). Honek eragin zuzena du euskararen egoeran, bai orokorki zein eremu juridikoari dagokionez.
Justizia administrazioa eta jarduera juridikoa euskalduntzeaz berba egiten denean edo helburu hau gauzatzeko bideak planteatzen direnean, aurretiaz burutu beharreko azterketei eremu eta momentu konkretutik haratago joatea falta zaiela uste dut. Hau da ikuspegi zabalago baten falta sumatzen dut, euskara normalizatu ahal izateko zailtasunak soilik teknikoak direla ematen baitu askotan.
EUSKARAREN EGOERA ARLO JURIDIKOAN
Euskal herria penintsularrean desberdintasun batzuk salbu, euskara erabiltzeko eskubidea dago Administrazioan, epaitegietan eta arlo juridiko publikoan, aplikagarria den legeriari erreparatuz;Espainiako Konstituzioa (3. art. ), Euskal Herriaren Autonomia-estatutua (6. art), Botere Judizialaren Lege Organikoa (231 art. ), 30/1992ko Legea (36 art. ), Prozedura Zibileko Legea (142 art. ), eta Azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legea Euskararen erabilpena arauzkotzezkoa (5 art. eta Bigarren Idazpuruko Lehenengo Atalburua).
Gainera azken urteotan eskubide hau bermatze aldera baliabide eta ekimen andana jarri dira martxan Abokatutza Gaztearen I Euskal Kongresuaren ondoriotan aditzera ematen den bezala; Unibertsitate publikoak eta pribatuak espainiar ordenamendu juridikoaren lege nagusiak euskaratu dituzte; Euskarazko idazki-ereduak Abokatuen Elkargoen lankidetzaz. Unibertsitatean Zuzenbidearen lizentziatura euskaraz irakasten ari da. Bost Aldizkari Ofizialek eduki elebidunaz argitaratuta. Hiztegiak: gaztelera-euskara-frantsesa. Zuzenbidearen Euskal Akademiak aldizkari juridikoaren ale bat dena euskaraz eta gazteleraz euskarazko artikulua barne hiru ale argitaratzen ditu.
Eta hala ere kongresu berberean azaltzen den moduan Justizia Sailburuan Justizia Administrazioari buruzko kexen erdiak herritarren hizkuntza-eskubideen kontra joateagatik dira, euskara hizkuntza ofiziala epaitegien aurrean erabiltzea erabakitzen duenari eskubide hau ukatu egiten zaiolako.
ZERGATIK?
Zein da arrazoia euskararen erabilera normalizatua ez egoteko eremu juridikoan, itxuraz legeria eta baliabideak alde dituela dirudienean?
“Norbere mintzairarekin aurrera egiterik ez dagoenean jotzen du jendeak beste hizkuntza batera. Hizkuntza bat murrizturik gelditzea eta beste bat gailentzea, ordea, ez da besterik gabe hola gertatzen den gauza bat. Estatuko hizkuntza ez du jendeak kontzentzuz hautatzen;Goitik ezarria izaten da, tokiko eliteek edo estatuak bultzatua ” (Joseba Sarrionaindia).
“ Nazio-estatuak Frantzian, Espainian eta hainbat lekutan egin izan dutena ez da soilik hizkuntza bat aukeratu eta besteak baztertu. Hizkuntza aukeratu horiek “superordenatu” egin du, gainerakoak “bernakulartzen” diren artean” (Joseba Sarrionaindia).
Bi aipamen hauekin adierazi nahi dut Bi estatuen borondatea ez dela izan, ez dela eta ez dela izango euskara benetan normalizatzearen aldekoa, alderantzizko jarrera batek haien izatea bera ezbaian jarriko zuelako. Hortaz hobe genuke “Administración de Justicia”euskalduntzen saiatu ordez, Euskal Justizia Administrazioa eraikitzera bideratu gure ahalegin guztiak.
Honekin ez dut esan nahi orain arte emandako aurrerapauso guztiak ez dutela ezertarako balio izan. Ohietan(izaera juridiko teknikoagoa dutenak gehien bat) sakondu behar dela pentsatzen dut, betiere jakinda neurri tekniko hauek(-Euskara juridiko judizialaren erabilpenaren normalizaziorako Abokatuen artean epaitegietan demandak euskaraz planteatzeko joera bultzatzea beharrezkoa da; batez ere euskara gehiago erabiltzen den arlo juridikoetan: familiako zuzenbide pribatuan, foru-zuzenbide zibilean. Justizia Administrazioan euskararen erabilpenaren normalizaziorako abokatuak, epaileak, fiskalak, idazkariak eta Justizia Administrazioaren langileak euskararen erabilpenean kapazak izateko baliabideak bultzatu behar dira, doako ikastaroen bidez) ez direla erabat eraginkorrak izango gaur eguneko marko juridiko mugatuan.
EUSKARAREN EGOERA ARLO JURIDIKOAN XXI. MENDEAREN HASTAPENETAN
_________________________________________________________
XXI. mendeko euskararen egoera aztertzeko, bai arlo juridikoan, administrazio arloan zein euskararen esparru orotan, ezinbestekoa zaigu Euskal Herriaren zatiketa politikoaz mintzatzea lehenik eta behin. Izan ere, euskara, Euskal Herri osoan hitz egiten den hizkuntza dugu, baina Euskal Herriaren zatiketaren ondorio diren lurralde bakoitzean, errealitatea ezberdina da.
Hau esanda, hiru multzo handi bereiz daitezke euskararen egoera aztertzeko orduan: Euskal Autonomia Erkidegokoa, Iparraldekoa eta Nafarroakoa, Nafarroan batez ere beste hainbat multzotan zati daitekeelarik lurraldea euskararen egoera arabera. Lurralde bakoitzean egoera zeharo ezberdina da. Batetik, kontutan izanda EAE eta Nafarroa espainiar estatuaren parte direla, eta iparraldea, aldiz, frantziar estatuaren parte.
Hasteko, estatuen hizkuntza politikak ele-bakartasunean jarri badu indarra ere urteetan zehar, Frantziaren jarrera zentralista muturrekoagoa izan da espainiar estatukoarekin alderatuz gero. Izan ere, Frantziak ofizialtasuna ere ez dio onartu euskarari. Honen ondorioak nabarmenak dira bai administrazio arloan zein arlo judizialean besteak beste. Espainiar estatuan, aldiz, gaztelera bada estatu osoan ofiziala eta nolabait gorena den hizkuntza bakarra, beste zenbait hizkuntza, Autonomia Erkidegoetan ofizialak direnak, aipatzen dira eta nolabaiteko aitorpena egiten zaie hauei. Honek aipagarria den bereizketa egitea ahalbidetzen digu gaur egun espainiar estatupean dauden eta frantziar estatupean dauden lurraldeen artean.
Aztergai dugun gaian zentratuz, eta aipatuak diren dokumentuak zein ikaskideen lanak irakurrita, esango nuke, lehenik eta behin, administrazio-arloan eta arlo judizialean errealitateak zeharo ezberdinak direla. Izan ere, administrazioan normalizaziorako bide luze honetan urrats gehiago eman dituela izango nuke orokorrean, nahiz eta egoera ezberdinak aurki daitezken. Arlo judizialean, aldiz, oztopo handiagoak aurkitzen ditugu, estatuaren eskumen esklusiboaren ondorioz. BJLO-n islatzen den gisa, arlo honetan, euskarari edo oro har Autonomia Erkidegoetan ofizialak diren hizkuntzen inguruan arauketa sinbolikoegia egiten da nolabait, errealitatean hizkuntza hauen erabilerak hainbat oztopo aurkituko dituelarik(epaiketak euskaraz burutzeko oztopoak, adibidez).
Hortaz, laburbiltzeko, esango nuke urratsen bat eman bada ere, euskararen normalizaziorako araudian, orokorrean zein arlo juridikoan ematen denean, esango nuke indarrean dagoen araudia oso malgua eta saihesbidez beterikoa dela eta horrek normalizazioa epe benetan luzerako proiektua izatea dakar.