Aurrekariak

2012(e)ko maiatzaren 10a

Antton Elosegi irakaslearen hitzak erabiliz, euskara juridikoaren historia aldapa txikiko goranzko lerro batez irudika daiteke XV., XVI., XVII., XVIII. eta XIX. mendeetan, ugaritasunari, dibertsitateari eta teknikotasunari dagokionez.

XX. Mendearen hasieran, bereziki 1918 inguruan eta Errepublika aldian, halako loralditxo bat bizi izan zen, eta garai berri bat zabaldu zen euskara juridikoarentzat. Edonola ere, euskara juridikoaren normalizazio prozesuan eragin gehien izan duen gertaera euskararen ofizialtasuna izan da dudarik gabe. Izan ere, alde handiz, azken 30 urte hauetan aurreko mendeetan baino testu juridiko eta administratibo gehiago sortu dira euskaraz .

Euskara Juridikoaren ibilbidearen mugarri nagusiak zehazte aldera, Zuzenbide Fakultatean Euskara Juridikoa lantzen ari diren ikasleek gainbegiratu bat eman diete gai hau jorratzen duten hainbat eta hainbat lani. Hona hemen beren ekarpena:

Horrela bada, eta bildutako datuen arabera, euskara juridikoaren historia egitean ez litzateke oker handirik egingo 1500-1936 bitarteko ia lau mende eta erdiak garai bakar batean sartuko balira, eta 1936an hasitzat ematea garai berria, itzalaldi luze batekin gure egunetara arte luzatzen dena.

Edonola ere, Cesar Gallastegi eta Gotzon Lobera adituek ondo frogatu duten moduan, euskarak zeregin funtsezkoa izan du garai guztietan itzulpen-hizkuntza gisa. Zuzenbideak eta Administrazioak euskaraz bestelako hizkuntzetan egin dute lan ia beti, baina herritarrak euskaldun elebakarrak ziren kasu askotan. Hori dela eta, itzulpena funtsezko komunikazio-tresna izan da betidanik erakundeen eta herritarren bitartekari gisa.

Gaur egun ere legeak, dekretuak, aginduak, ordenantzak, txostenak, ofizioak, eta abar gaztelaniazko testuen gainean eztabaidatzen dira, baita onartu ere; eta  oso gutxi dira euskaraz landu eta idatzita aurki daitezkeen dokumentazio eta jarduera administratiboak. Beraz, euskaraz idatziz ekoizten den gehiena  gaztelaniazko testuen itzulpenetik datorkigu.

Hala ere, ematen du joera berriak ere hasi direla sortzen multilingual legal drafting  edo arau idazketa eleanitza izenez ezagutzen denaren bidetik. Aurki Eusko Legebiltzarrean egingo diren jardunaldi batzuetan horri buruz hitz egingo du Zelai Nikolas legelariak.

Ea joera honek bide berriak zabaltzen dizkion euskara juridikoari!

  1. Garalex
    2009(e)ko urriaren 26a 12:53(e)tan | #1

    EUSKARAREN OFIZIALTASUNA: zenbait aurrekari historiko

    Euskaltzaindiaren 2007. urteko JAGON jardunaldietan Joseba Intxaustik oso ponentzia interesgarria aurkeztu zuen euskararen ofizialtasunaren aurrekari historikoei buruz.

    Zentzu zabalean ulertuta, hizkuntzek bi ofizialtasun mota izan ditzakete: a) legezkotasun osoz aitortua; eta b) halakorik ezagutu gabe ere praktikan gertatzen dena.

    Dakigunez, XX. mendera arte (Euskadi 1936; Euskadi 1979, Nafarroa 1982) euskarari ez zaio inoiz legezko ofizialtasun funtzioanitza aitortu. Baina, Intxaustik artikulu honetan erakusten duenez, euskara mintzatu eta idatziak nolabaiteko izaera ofiziala izan du aurretik ere hainbat garai historikotan.

    Hori frogatzeko zortzi abagune historiko aztertzen ditu egileak lan honetan:

    1. XIII. mendea
    2. Ernazimentua, Erreformak
    3. XVII.eko zenbait gertakari
    4. Euskal Herriaren Adiskideak
    5. Frantziako Iraultza eta ondokoak
    6. Karlismoaren eskea
    7. Eusko Pizkundea
    8. Frankismoko parentesia

    Ofizialtasunaren hau gai zabala da, eta, Intxaustik ondo dioen moduan, ikerlan arretatsua beharko luke iraupen luzeko historian lekututa, botere, politika, gizarte eta mentalitateen bidegurutzetik begiratuta. Bidegurutze horretara eramaten gaitu lan honek, eta bidegurutze horretan lekutzen ditu artikuluan eskaintzen dituen datu eta gogoeta ezin interesgarriagoak.

    Artikulu osoa: http://www.euskaltzaindia.net/dok/euskera/71479.pdf

  2. Garalex
    2009(e)ko azaroaren 9a 12:49(e)tan | #2

    EUSKAL HIZKERA JURIDIKOA TESTUETAN

    Antton Elosegi irakasleak oso ekarpen baliotsuak egin dizkio Euskara Juridikoaren historiari. Bera da orain artean gai honen inguruan egin den doktore-tesi bakarraren egilea. Tesi argia eta jakingarria da Anttonena, euskarazko terminologia juridikoaren iturriak eta funtsak modu zientifikoan ikertzen dituena.

    Lan horren parte batean euskarak zuzenbideko testuetan izan duen tokia aztertzen du. Azterketa hori ikuspegi historikotik egiten du, garai bakoitzean euskarak justiziaren eta zuzenbidearen alorrean izan duen estatusa azpimarratuz.Azterketa hori guztia bere tesi-lanaren IV. kapituluan dago jasota, 183 eta 244 orrialdeen artean.

    Interesa baduzue, sarean bertan aurkituko duzue Elosegi irakaslearen lana: http://hal.archives-ouvertes.fr/docs/00/10/32/84/PDF/Testu.pdf

  3. Garalex
    2009(e)ko azaroaren 9a 13:03(e)tan | #3


    LEGERIA EUSKARAZ: Testu historikoak

    ___________________________________________________________

    HAEE/IVAP-en web atarian jasota daude hainbat lege-testu historiko:

     1839ko urriaren 25eko Legea, Euskal probintzien eta Nafarroaren foruak berresten dituena

     1841ko abuztuaren 16ko Lege hitzartua

     1876ko uztailaren 21eko Legea

     Euskal Estatuaren Estatutu Orokorra (aurreproiektua) (1931)

     Euzkadiren Berjabetasun Araudia (1936)

    Bestalde, Euskadi.net orrialdean, 1936 eta 1937 urteetan euskaraz zein gaztelaniaz argitaratutako Euzkadi´ko Agitaritzaren Egunerokoa irakur liteke, 1978tik gaur egun arte argitaratu diren Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren beste ale guztiekin batera.

    1936 eta 1937 urteetako Egunerokoen hiztegia liburu batean dago jasota. Hona hemen izenburua:

    Hiztegia : Euzkadi’ko Agintaritzaren Egunerokoa : (1936ko urritik 1937ko ekainera).

  4. jsb
    2009(e)ko azaroaren 11a 15:31(e)tan | #4


    BESTE TESTU HISTORIKO BATZUK SAREAN

    ___________________________________________________________

    Klasikoen Gordailua izeneko interneteko baliabidean administrazioko eta zuzenbideko hainbat testu historiko daude digitalizatuta XIV. mendetik hasita XX. medera arte.

    Bertan daude XIV. mendeko Nafarroako Foruan azaltzen diren euskarazko hitz eta esaldiak, XVI. mendeko hainbat ezkontza-fede eta notario-idazkietakoak, XVIII. mendeko Frantziako dekretu bat herrietako kargudunez, XIX. mendeko bandoak, XX. mendearen hasierko lege-testuak, eta abar.

    Helbide honetan eskura daitezke:
    + http://klasikoak.armiarma.com/zaharrak.htm
    ___________________________________________________________

  5. JOSEBA ANDONI EZEIZA RAMOS
    2009(e)ko abenduaren 9a 09:57(e)tan | #5


    Lau jurista euskaldun BIDEGILEAK bilduman
    ___________________________________________________________

    BIDEGILEAK bildumak lau jurista euskalduni egin die toki: Nazario de Oleaga, Hipolito Larrakoetxea, Jesus Maria Leizaola eta Bonifazio Etxegaraik. Laurek izan zuten, banan-banan, zer erakutsi eta zer eskaini ugari XX. mendeko euskalgintzan.

    BIDEGILEAK bildumak euskararen alde aritutako norbanakoak, etxekoak zein kanpokoak, ditu aztergai. Aztertu ez ezik, omendu ere egin nahi ditu, gaurko zein bihar-etziko belaunaldiek gu baino lehen aritu izan diren andre-gizon saiatu horien berri izan dezaten.

    Izan ere, Andres Urrutiak lau biografia hauen aurkezpenean zioen moduan, hizpide hartu nahi izan ditugun lau jurista hauen izenak esanguratsuak izan arren, nekez erdietsiko genuke horien oihartzuna gaurko euskaltzale askoren artean. Beraz, aukera paregabea eskaintzen digu BIDEGILEAK bildumak haien berri izateko.

    Hogeita lau orriren bueltan dabiltzan biografia-lan hauek eskema jakin baten arabera atondu dira:

    a) Haurtzaroa eta prestakuntza-garaia.
    b) Urratutako bideak eta ekintzak zein idazkiak.
    c) Egindako lanaren balorazioa.

    Argazkiz eta irudiz ondo hornituta dator testuak, eta irakurtzen atseginak dira guztiak.

    ___________________________________________________________

  6. Irati Sienra Zengotita-Bengoa
    2010(e)ko abenduaren 10a 15:24(e)tan | #6


    EUSKARA JURIDIKOAREN MUGARRI HISTORIKOAK
    ___________________________________________________________


    1.1. Erdi Aroa

    Euskara inperio garaiko erromanizazioa gainditu zuen hizkuntzetako bat izan bazen ere, XII. mendera arte euskal lurraldeetan idatzitako hizkuntza bakarra latina izan zen. Bestalde, garaiko Elizak eta administrazioek erromantzearen alde egin zuten, herriak euskaraz bizitzen jarraitzea oztopatu gabe. Izan ere, Nafarroako Erresuman erromantzea hizkuntza ofizial eta idatzi bezala egitearen aldeko faktore linguistiko zein estralinguistikoak ematen ziren: lehenengoen artean, latinaren presentzia daukagu, euskararentzat hitz eta sintaxi iturri garrantzitsua; eta bigarrenen artean, faktore soziologiko eta politikoak dauzkagu, batzuk aipatzearren, erromantzearen presentzia Nafarroako erresumaren lurralde zabal eta aberatsenean, latinezko liturjia hedatzea, Erresumako eskualderik erromanizatuetatik etortzea Gortea eta dinastia… Horrek ez du esan nahi euskara hedaturik eta erroturik ez zegoenik, idazkietan erdara erabiltzen zela baizik. Hori islatzen dute Donemiliaga Kukulako monastegian X. mendean erdarazko testu batean idatzi ziren lehenengo hitzek, baita nafar handikiek gaztelaniazko testuak baliatu arren erakusten zuten euskararen nafartasunaren kontzientziak ere (Antso VI Jakitunak “lingua navarrorum” deitu zuen).

    Garai hartako hizkuntza juridikoari dagokionez, XIII. eta XVII. mendeen artean Foruak eta gainerako testu juridikoak erromantzez eta gaztelaniaz jaso ziren Hego Euskal Herrian, eta gaskoieraz Ipar Euskal Herrian. Beraz, nahiz eta erdara izan hizkuntza ofiziala eta goi maila eta noblezian erabiltzen zena, euskara zen herri xeheak bere egunerokotasunean erabili eta ulertzen zuena.


    1.2. Aro Modernoa

    Aro Modernoan espainiar Koroa bere eraginpeko eremuetan hizkuntza batasuna lortzeko ahaleginetan hasi zen, agiri eta erakunde publikoetan erromantzea erabiltzeko agindua ezarriz eta Planta Berriko Dekretua (1760) bezalako arauen bitartez lurraldeen berezko egitura politikoak deuseztatuz. Horrek eta Nafarroako Erresumaren desegiteak ez zion mesederik egin euskararen garapenari. Ipar Euskal Herrian antzeko egoera eman zen Ehun Urteko Gerraren ondoren zentralismo monarkikoak frantsesa gailentzea bultzatu zuenean, nahiz eta euskara baino, horrek gaskoiera kaltetu.

    Hala ere, ezin dugu ahaztu noblezia eta goi mailak hizkuntza arrotzetan mintzatu arren, herriak menperatzen zuena euskaraz zela, eta, beraz, zuzenbidean bi hizkera desberdindu behar ditugu: ahozkoa (euskara) eta idatzia (frantsesa edo erromantzea). Dena dela, bakoitzaren erabilera aldatu egiten den erakundearen arabera: udal administrazioetan, esaterako, erregeak aginte gutxiago izatean, euskaraz hitz egiten zen, nahiz eta gero aktak gaztelaniaz jaso; herrialdeko erakundeetan, ordean, esku hartze zuzenagoa zuen korregidore edo erregeordearen bidez, eta instituzio horietan euskara alboratu egiten zen.

    Gaztelaniaz idazteko obligazioa gorabehera, euskararen erabilera herrian errotuta egoteak zenbait arazo eragin zituen, zeinen berri ematen duten zenbait testu iritsi zaigun, auzi penaletan lekukoek gaztelania ez jakiteagatik euskara erabili ahal izatearen lekukotza ematen dutenak, besteak beste. Ezkontza bezalako egintza zibilak ere euskaraz egin ohi ziren.Badaude eskribauen hainbat dokumentu, halaber, euskarazko hitzak agertzen direnak.


    1.3. Aro Garaikidea

    Aro garaikideari hasiera eman zion Frantziako Iraultzak, bere ideia ilustratuak herriari zabaltzeko euskara eta beste hizkuntza “gutxitu” batzuk erabili zituen arren, baztertu egin zituen gero, frantsesa eremu osoan hizkuntza ofizial bakar ezarriz. Hegoaldean ere, espainiar Koroan bere elebakartze nahiari eutsi zion, baina Foruen galerak ekarri zuen mugimendu abertzaleak euskararekiko kontzientzia areagotu eta Diputazioak berau sustatzeko ekimenak abiatu zituzten. Mugimendua indartzen joan zen eta, horrela, Errepublika garaiko estatutuan lehenengo aldiz ofizialtasuna eskuratu zuen gaztelaniarekin batera eta “Euzkadiko Agintaritzaren Eguneroko” elebiduna argitaratu zen.

    Zoritxarrez, gerra galtzeak eta gerraosteko frankismoak egindako lanaren ezabaketa ekarri zuten errepresioaren bidez. Orduko euskarazko sorkuntza bakarra erbestean idatzitako artikuluak izan ziren.

    Egun, Ipar Euskal Herriko zatiketa politikoa eta Frantziakoa ez datoz bat, hiru lurraldeak Akitania barruko Pyrénées-Atlantiques departamentuan dauden heinean. Bertako Konstituzioak frantsesa bakarrik hartzen du aintzakotzat hizkuntza ofizial legez eta gainerakoek ez dute inongo babesik. Nazioarteko erakundeek behin baino gehiagotan kritikatu dute hizkuntza eskubideekiko bere jarrera zapaltzailea.

    Hego Euskal Herrian, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoa, non euskara gaztelaniarekin batera ofiziala den, eta Nafarroako Foru komunitatea, non eskubide desberdinak dauden hiru hizkuntza eremu (euskalduna, mistoa eta erdalduna) bereizten dira. Espainiar Konstituzioan gaztelaniaren ofizialtasunarekin batera, Autonomia Erkidegoek izan ditzaketen hizkuntzen ofizialtasuna aurreikusten da. Horrela, EAEko Autonomi Estatutuak euskararen ofizialtasuna aldarrikatu eta Eusko Jaurlaritzari eskumen zabalak esleitzen dizkio 6. artikuluan. Xedapen hori Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko 10/1982 Legeak sakontzen du, botere publikoei euskararen sustapenean konpromisoak ezarriz eta euskal herritarrei hizkuntza eskubideak aitortuz.

    Ondorioz, Justiziaren Administrazioa ere euskaraz jasotzeko oinarrizko eskubidea dugu herritarrok, baina argi dago hori ez dela errealitatean ematen den egoera, gaztelania baita zuzenbidean gailentzen den hizkuntza, euskarak ia lekurik ez duelarik. Hala ere, ugariak izan dira egoera eraldatzeko saiakerak UZEI, Deustuko Unibertsitatea zein EHU, UEU eta partikular desberdinen aldetik.

    ___________________________________________________________

  7. Antso
    2011(e)ko urriaren 13a 10:44(e)tan | #7


    EUSKARA JURIDIKOAREN MUGARRI HISTORIKOAK
    ___________________________________________________________

    Zuzenbidearen eremuan Hego Euskal Herrian gaztelania eta Iparraldean frantsesa gailendu egin zaizkio euskarari,hala ere ukaezina da honek etengabeko presentzia izan duela. Izan ere, herri xehea elebakarra eta euskalduna izanik, zuzenbidean aditu ziren goi klaseetako elebidunek euskara erabili behar izan zuten ezinbestean legeak ezagutzera emateko edo justizia aplikatu ahal izateko. Ondorioz, literatur juridikoa gaztelaniaz jaso zen arren, bere aplikazioa euskaraz eman izan da historian zehar.

    Nahiz eta euskara ez zen idatzizko hizkuntza bat, hainbat gaztelaniazko zein latinezko testutan erreferentzia egiten zitzaion, eta batzuetan euskarazko hitzak agertu izan dira. XIII. Eta XV. mendeen artean idatzitako Foruak dira horren adibidea: gaztelaniaz jaso ziren euskaraz berba egiten zuen herri batentzat, beraz, herritarrek euren edukia ezagutu zezaten, itzulpengintza beharrezkoa izan zen.

    Euskara herri xehearen hizkera zen eta gaztelania noblezia eta kleroarena alderantziz, herritarrek kargu publikoetara aurkezteko zailtasunak izaten zituzten arrazoi honengatik, askotan gaztelania jakitea espresuki eskatzen baitzen. Honek erakunde publikoak herriarengandik nahiko urrun egotea ekarri zuen. Hala ere, hainbat tetsu historikori esker, badakigu zenbait euskal erakundetan, Batzar Nagusietan esaterako, ordezkariak euskaraz berba egiten zutela, nahiz eta gero aktak gaztelaniaz jaso izan behar. Epaiketa prozesuetan iguala geratzen omen zen: justizia aplikatu ahal izateko, epaileek gaztelania jakin behar zuten, baina herritarrek lekukotza euskaraz ematen zuten. Beraz, euskarak ahozko funtzio juridikoa izan du, gaztelaniak idatzizkoa izan duen artean. Egoera horretara moldatu ahal izateko, itzulpen lanetan aritu ziren eskribauak, pregoilariak, erretore eta apaizak. Hala ere, itzulpen beharraren eta herritarren ez ulertze egoera horrek arazo bat baino gehiago ekartzen zituen praktikan, eta horregatik, gobernu zentralistek euskara mugatzeko politika desberdinak abiatu zituzten. XIX. mende hasieran Hegoaldeko lurraldeetan, liberalismo garaietan hezkuntzaren bidez gaztelania zabaldu nahi izan zen euskararen kaltetan, eta geroago, Borboiek politika hori gogortu zuten, hori erakundeetan euskara desagerrarazteko nahikoa izan ez zen arren. Iparraldeko egoera bereziki esanguratsua izan zen, XVIII. mendean, Frantziako Iraultzaz geroztik, frantsesa bultzatu zelako hizkuntza nazional eta ikur bezala, baina, joera hori zabaldu aurretik, iraultzaren aldekoek frantses eraginpeko eremuetako beste hizkuntza batzuk, euskara horien artean, erabili zituzten iraultzaren ideiak zabaldu eta herritarrak bereganatzeko. Are gehiago, Hegoaldean, liberalismoaren aldeko lan batzuk euskaratuak izan ziren, horretarako Larramendiren hiztegia baliatuz. Baina behin iraultza bukatuta, hizkuntzen aldeko aurpegi anitz hori aldatu eta frantsesa ez ziren gainerako hizkuntzak iraultzaren kontrakotzat izendatu ziren.

    XVIII. eta XIX. mendeetan, Espainian hizkuntzekiko joera zentralistak aurrera egin zuen, erakundeetan euskararen erabilpenari mugak jarriz: euskara bizitza publikotik desagerraraztea zen helburua. Bazterketa horrek eta Foruen galerak, euskaldunengan gure hizkuntzarekiko kontzientzia sortzea ekarri zuen, bere aldeko errebindikazio mugimendu bat sortuz, gutxi gora behera, Katalunian gertatzen ari zen bezala. Izpiritu euskaltzaleek eta abertzaleak hizkuntzan identifikatu zuten herriaren ezaugarria eta hainbat pauso eman ziren, Diputazioek euskal eskualdeetarako notarioek euskara menperatu behar izatea erabaki zuten, Euskaltzaindia sortu edo euskarazko unibertsitatea sortzeko ahaleginak.
    Urrats horiek indartzen joatearekin, testu asko sortu eta euskaratu zen Errepublika garaian, eta autonomia estatutua lortzeko prozesuan, Eusko Ikaskuntzak 1931. urtean aurkeztutako autonomia proiektuan, euskararen ofizialtasuna ezartzen zen gaztelaniarekin batera. Nahiz eta proiektu horrek aurrera ez egin, dagoeneko gerra hasita zegoenean, 1936an, beste proiektu bat onartu eta urriaren 1ean Euskal Herriko Autonomia Estatutua onetsi zen. Euskadiko Agintaritzaren Egunerokoa sortu eta bertan argitaratu ziren Jaurlaritzaren, Bizkaiko Diputazioaren eta udalen arauak eta beste erakunde batzuen iragarkiak. Gerratea amaitzerakoan, frankistek lan guzti hori deuseztatu eta euskara zein euskal kultura debekatu zituzten.

    Gaur egun, euskararen estatus juridikoa Ipar eta Hego Euskal Herriko banaketa politikoak baldintzatuta dago. Ipar Euskal Herrian, Frantziak hizkuntzekiko mantentzen duen jarrera zentralista dela eta, frantsesa da hizkuntza ofizial bakarra, babes legala izango duen bakarra, horrek egunerokotasunean biztanle euskaldunei dakarzkien arazo guztiekin (euskaraz lan egiteko aukera gutxi, euskaraz ikasteko hezkuntza pribatura jo beharra). Hego Euskal Herrian ordea, 1978ko Konstituzioak ezartzen du gaztelania hizkuntza ofiziala izango dela, eta beraz, espainiar guztiek ezagutzeko betebeharra eta erabiltzeko eskubidea dutela, baina autonomia bakoitzeko Estatutuak ofizialtasuna eman diezaiokeela bere hizkuntzari, horregatik Euskadiko Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan, euskara gaztelaniarekin batera ofiziala da, Nafar Foru Komunitatea hiru eremutan (euskalduna, mistoa eta erdalduna) banatuta dagoen artean, eta eremu hauetan euskararen arauketa guztiz ezberdina da euren artean

    Lurralde hauetan euskararen erabilpena sustatzeko hainbat ekimen burutu izan dira. Arlo juridikoari dagokionez, ofizialtasunak normalizazio prozesua ahalbidetu du, oraindik lan asko egiteke dagoen arren. EHU-ko Zuzenbide fakultatea izan zen lehenengoa irakaskuntza programetan euskara sartzen; ondoren, UZEI-k Zuzenbide hiztegia argitaratu zuen; eta, Deustuko Unibertsitatea hasi zen ondoren programa euskaratzen. Hezkuntzatik kanpo ere, hainbat jurista euskaldun ari dira euskarak profesional munduan duen papera zabaltzen. Bestalde, euskara juridikoak estandarizatu gabe jarraitzen du, eta horrek lana zaildu egiten du ezinbestean, Hori dela eta, lan asko da oraindik benetako normalkuntza lortu aurretik geratzen dena.

  8. Sara Zubizarreta
    2011(e)ko urriaren 14a 16:19(e)tan | #8


    EUSKARA JURIDIKOAREN MUGARRI HISTORIKOAK
    ___________________________________________________________

    Gaur egun euskarak eta euskararen erabilerak duen egoera eta garrantzia azaltzeko, historian zehar izan diren gertakizunak aztertuko ditugu, erromanizazio garaietatik gaur egunotara arte.

    Erromatarren eragina handia izan zen. Erromanizazio prozesuak kultura ezberdinen latinizazioa ekarri zuen, ondorioz, deseuskalduntze prozesu bat eman zen. Hala ere, euskarak latinaren sarbideak izan zituen, horrela, latinak euskararen lexikoa asko aberastu zuen.

    XII. menderarte euskal lurraldeetan idatzitako hizkuntza bakarra latina zen (goi hizkuntza statusa zuen). Euskal Herrian, nahiz eta herria euskaraz mintzatzen zen, gai politiko eta administratiboetan euskarak ez zuen latina ordezkatu.

    Erromatar eta bisigodoen garaian, beste hizkuntza aurre-erromaniko guztiak galtzen ziren bitartean, euskarak iraun zuen. Euskara oso hedaturik eta zabaldurik zegoen Euskal Herriko herrialde gehienetan, baina bazeuden herrialdeen arteko ezberdintasunak:

     Nafar Erreinuan, herri gehienaren mintzaira euskara zen. Euskara administraziotik at geratu zen, ez zen hizkuntza idatzia. Nafarroako Foruaren hizkuntza nafar-erromanikoa zen arren, euskal hitzak azaldu ziren. Erregeek ez zuten euskararen egoera juridikoan lagundu.
     Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian, aldakuntza ekonomiko eta sozial handiak eman ziren. Monarkiaren eta mendebaldeko Euskal Herriaren arteko lotura politikoak zirela eta, XIII eta XIX. mendeetan boterearen zereginetarako gaztelania erabiltzen zen. Hiri foru edo hiri gutunak latinez edo erromantzean idazten ziren. Euskarak herritarren mintzaira eremua soilik hartzen zuen.
     Iparraldean, euskara ez zen eremu juridikoetan erabili. Okzitaniera izan zen agiriak, testu juridikoak eta foruak emateko erabilitako hizkuntza.

    Euskal Herriko lurralde historikoetan, zuzenbide orokorra biltzen zuten foru-konpilazioak idatzi ziren. Hizkuntza erromanikoan idatzi ziren.

    Aro Modernoan, Hego Euskal Herrian bizi ziren herriek hizkuntza ezberdinak erabiltzen zituzten eta arlo horretan batasun ahaleginak egiten hasi ziren. Nafarroako Erresumaren desegiteak, ez zion mesederik egin euskarari. 1545ean eta 1571n euskarazko lehen testuak eta euskarazko literaturaren hastapenak agertu ziren. Gazteleraren nagusitasunak jarraitu zuen. Ipar Euskal herrialdeak Frantziako Koroarekin bat egin zuen. Hau gertatu zenerako, euskarak egoera soziala hobetu zuen: ezagutzen ditugun lehen bi liburuak argitaratu ziren. Euskal erakundeetan euskarak erabilpen mintzatua zuen, baina ez zuen ofizialtasunik izan. Nahiz eta Zuzenbidea eta Administrazioa gaztelaniari lotuak izan, euskara idatziaren arrastoak agertu ziren.

    Aro Garaikidean, hizkuntzaren trataera politikoa ezberdina izan zen Frantzian eta Espainian:

     Frantzian, iraultzarekin Frantsesa hizkuntza nazioaltzat hartu zen eta tokiko hizkuntzak erregimenaren etsai zirelakoan, horien kontrako borroka hasi zen.
     Espainian, euskararen aldeko hautapen ofizialik ez zen burutu. 1876-1936 arteko epealdian, Espainian ez zitzaion euskarari lekurik utzi nahi. Administrazio eremuan, euskara ezagutzarik ez zegoen eta gaztelania zen hizkuntza bakarra. XIX. mendean, Euskal erakundeen baitan, euskararen aldeko zenbait pausu eman ziren: adibidez, administrazioaren funtzionarien hizkuntza gaitasuna zaintzeari begira). Diputazioek erabaki garrantzitsuak hartu zituzten. Errepublika urteetan euskarari buruzko testuak sortu ziren. 1936Ko urrian 1ean Autonomi Estatutuaren onarpena izan zen eta bertan eman zitzaion euskarari estatus ofiziala. Horren ondorioz, Euskal Administrazioaren jarduerak elebiduntzearen bidea hartu zuen.

    1936ko gerraren ostean, frankismoarekin euskararen zapalkuntza areagotu zen; lortu zuen ofizialtasuna ukatua izan zen. Erregimenaren ideologia honakoa zen: nazio bakarra, hizkuntza bakarra.

    Gaur egun, Euskal Herriko banaketa politikoak baldintzatzen du euskararen estatus juridikoa.

     Frantziako sistemak hizkuntza bakar bat baino ez du aintzatesten: frantsesa.
     Espainian, gaztelaniaz gain, beste hizkuntza ofizialik egon daiteke, guztiak berdintasun juridikoan egonik (Espainiako Konstituzioaren 3.artikulua). Euskal Autonomi Erkidegoko Estatutuaren 6.artikuluan aintzatesten zaio euskarari ofizialtasun estatusa, gaztelaniarekin batera. Nafarroan, Foru Hobekuntzaren 9.artikuluan aintzatesten zaio euskarari ofizialtasun estatusa, baina soilik zonalde euskaldunetara mugatua.

    Gaur egungo euskararen erabilerari dagokionez, ofizialtasun estatusak euskara juridikoaren normalizazio prozesuan izan duen garrantzia ezin ukatu daiteke. Arlo honetan egin diren euskal argitalpenak ugalduz joan dira. EHUk Zuzenbide Fakultatean euskarazko eredua txertatu zuen lehendabizikoz.

  9. Mirari Arriola
    2011(e)ko urriaren 17a 09:36(e)tan | #9


    EUSKARA JURIDIKOAREN MUGARRI HISTORIKOAK
    ___________________________________________________________

    1. Erromanizazio garaia: Garai honetan Zuzenbidea erromatarren esku dagoenez, zuzenbidetik eratorritako hitz ugari hartzen dituzte hizkuntzek, euskararen kasuan esaterako; merkatari, merke; karrika, abere… bezalako hitzak sortzen dira, latinetik eboluzionatuz.

    2. Erdi aroa: Kristautasunaren zabalkundearekin batera latinak paper garrantzitsua izango du hedapen horretan. Hainbat hizkuntzatara itzuliko da Biblia baina euskararen kasuan, latinarekiko gertutasun ezak ez du batera lagunduko erlijio testuen inguruan. Faktore ugari zeuden euskararen egoera okerrera ekar zezaketenak, kontuan hartu behar dugu, erromatarren eta bisigodoen ondoren erromatarren etorrera aurreko hizkuntza guztiak galdu egiten direla iberiar penintsulan euskara izan ezik. Honela, badago euskararekiko kontzientzia bat. Foruen idazkerari dagokionez erdara erabiliko da.

    2.1. Nafar erreinua: Antso VI Jakitunak idatzi zuenaren arabera, bazegoen euskararen kontzientzia bat nafarren hizkuntza gisara; hala ere, errealitatean, maila jantzirako erabiltzen zen hizkuntza erromaniko nafar bat zen, euskeraz agiri garrantzitsu gutxi aurki ditzakegularik garai honetan.

    2.2. Bizkaia, Gipuzkoa, Araba: XII eta XII. Mendeak esanguratsuak izango dira hiru
    lurralde hauentzat Nafarroako erresumako parte izatetik Gaztelako erresumaren parte izatera pasatuko baitira. Antolamendu sozio-ekonomiko berri bat sortuko da hirien inguruan eta hiri-gutunak sortuko dira. Euskararen egoera ere aldatu egingo da, Korregidore bezalako karguak Espainiatik eta beraz erdal hizkuntzatik baitzetozen, honela, erdara erabiliko dutelarik hauek euren artean.

    2.3. Iparraldea: Bertan ere, testu juridikoetan orokorrean gutxi agertuko da euskararen erabildera, batez ere, Okzitaniera erabiliko da testu juridiko nahiz literarioetan.

    2.4. Lapurdi eta Zuberoa: Ingalaterraren esku urte batzuez egon ostean azkenik, Frantziaren pean geratuko dira.

    2.5. Behe Nafarroa: Aurreko biak lez Gakoniari loturik egongo da baina gero Nafarroari erantsiko zaio Enrike III. errege nafarra Frantziako errege bihurtzen den arte, orduan hau ere Frantziaren pean geratuko delarik.

    3. Aro Modernoa: Oro har; administrazioan erdara erabiliko da hizkuntza jaso gisara baina herri mailako batzarretan etab. euskararen erabilera ezinbesteko izango da, kasu batzuetan zigorrak ezartzeraino ez zekienari. Ondorioz, hainbat dokumentu agertuko zaizkigu euskaraz, herrian erro handiagoa dutenak, esaterako ezkontza erregistroak…

    3.1. Hego Euskal Herria: Erakunde publikoen lana hobetuz joango da, honela, euskaldun ugari erakunde hauetan sarturik zeudenez, hauen gaztelaniarekiko begirunea handituko delarik. Bateratze garaia Borboien dinastiarekin etorriko da, honela, hauek, Espainiako hizkuntzatzat Gaztelania kontsideratuko dutelarik.

    3.2. Iparraldea: Errege boterearekin batera, frantziar koropean geratuko dira hiru lurraldeak; Nafarroa Beherea beranduago geratuko da, euskal literaturari ekarpen batzuk egingo dizkiolarik.

    4. Aro Garaikidea:

    4.1. Iparraldea: Testu bakan batzuk egongo dira (esaterako Napoleoni D.J. Garat-ek eginiko eskaera) hizkuntz politika aldatzearen aldekoak, hala ere, frantsesaren orokortzea bultzatuko da.

    4.2. Hego Euskal Herria:

    4.2.1. XVIII-XIX. mendeak: Hainbat dokumentu elebidun egitea erabakitzen da, esaterako Bizkaiko Batzarretan jasoak, bultzada txiki bat emanez euskarari.

    4.2.2. XIX-XX. mendeak: Hasiera batean, botere zentralak gaztelania hutsaren aldeko borroka egingo du, baina azkenik, 1936-37 artean iraun zuen Autonomia Estatutuak ofizialtasuna emango dio euskarari.

    4.2.2.1. 1937-1978: Gerra osteko frankismo ondorioz, euskararen egoera oso kaltetua agertuko da, gaztelania inposatuko baita hizkuntza bakar, euskara (eta beste hizkuntza gutxituak) zapalduz. Iparraldean berriz, hizkuntza politikak frantsesaren alde soilik egiten jarraituko du.

    4.2.2.2. 1979tik gaur egun arte:

    a) Iparraldea: Oro har, frantsesaren alde egiten jarraitu da, hala ere, badira lege batzuk hizkuntz gutxituei aipamen egiten dietenak.

    b) Hego Euskal Herria: Hizkuntzaren loraldia hasi zen frankismo ostean eta egun bi egoera bereiz ditzakegu, batetik, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban euskara hizkuntza ofiziala da gaztelaniarekin batera, eskubide batzuk aintzatesten zaizkiolarik. Bestalde, Nafarroan hiru zati bereiz genitzake, hasteko iparralde zati batea euskara ofizialtzat hartzen da gaztelaniarekin batera, erdialdean ez erabat eta hegoaldean ez zaio ofizialtasunaren inguruan aipamenik egiten.

    Euskara ofiziala den lekuetan, bultzada handia jaso du, populazioa euskalduntzeaz gain, arlo ekonomiko, juridiko eta administratiboan geroz eta leku handiagoa hartzen ari baita. Hala ere, oraindik zer egin handia dago normalizaziora iristeko. Erdararekin batera ofizial ez den lekuetan berriz, badirudi euskararen egoera bere horretan dagoela, Nafarroan beste faktore batzuen laguntzaz oso mantso doa normalizazioa, Iparraldean aldiz, badirudi atzeraka doala euskararen sendotzea; hots ahulduz doala.

  1. Momentuz aipurik ez.