Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

MINTEGI, LAURA

(Lizarra, 1955)
Iratxe Martin

Jaioberria izanik, Venezuelara abiatu zen Laura Mintegiren familia. Han bi urte pasa ondoren, ordea, Lizarrara itzuli eta handik gutxira Bilbon finkatu zuten bizilekua harik eta 1973an Laura Mintegi bera Algortara bizitzera joan zen arte. Bilbo izango da, dena dela, idazleak literaturarekin izan zuen lehendabiziko harremanaren lekuko. Burges familia bateko alaba, moja ikastetxe batean egin zituen ikasketak eta bertan, zortzi edo bederatzi urte zeuzkala, Coca-colak antolatutako erredakzio lehiaketa irabazi ondoren, idazle izateko ametsa josten hasi zen. Irakurle amorratua, hamar urte ingururekin Emilio Salgari eta Enid Blyton irakurtzen zituen eta hamabostekin Unamuno, Schopenhauer, Nietzsche, Kierkegaard, Camus, Sartre… irakurrita zeuzkan. Idazleak berak sarritan aitortu izan duen bezala, erabakitzeko garai garrantzitsuak izan ziren horiek.

Bere lekua bilatzen ahaleginetan zebilela, FET-eko eta Jons-eko gazteriengana, Gaztediaren Gurutze Gorrira edota Scout Mugimendura jo zuen. Kolore askoko ibilbidea izan zen harik eta Euskal Kultur Mintegiarekin topo egin zuen arte:

“Hor ezagutu nituen Andolin Eguzkitza, Joseba Agirreazkuenaga, Rafa Lopez Atxura… eta beste hainbat. Hamazazpi urte nituen konturatu nintzenean huraxe zela nik nahi nuena. Eta hortik aurrera, itzelezko lasterketa izan zen: euskara ikasten jarraitzen nuen, Unibertsitatean Historia ikasten hasi eta euskaltzaleekin lanean jarri nintzen, hitzaldiak, kantaldiak eta bestelakoak antolatzen.” (Urkiza 2006: 178).

1978an, Bilboko Deustuko Unibertsitatean Historia ikasten amaitu bezain pronto, Asti Leku Portugaleteko ikastolan irakasle hasi zen. Hasiera-hasieratik hezkuntzarako bidea hautatuz, 1981etik EHUko Magisteritza eskolan euskara eta euskal literatura irakasten ibili da. 1980an, Afrikara joatea erabaki zuenean, idazleak eten luze bat egin zuen bere bizitzan. Nigeriako Biafra eskualdean emandako urtea oparotzat jo daiteke arlo guztietan: pedagogia-aholkulari aritu ondoren, idazlearen esanetan, katarsia etorri zen, herrialde horretatik itzultzean ero baten gisa idazten hasi baitzen (Brea 2004). 1987an, hogeita hamabi urterekin eta iraultza sandinista borborka zegoela, Mintegi Nikaraguara abiatu zen. Herri hartan, alfabetizazioaren eremuan gobernu sandinistak gauzatutako lana eta mistiko indigenen hizkuntza gutxitua hurbiletik ezagutu zituen. Euskal Herrian eta Katalunian hezkuntza elebiduna hango irakasleekin partekatzeko aukera paregabea izan zen hura.

Ez dago zalantzarik autore honen bizipenek aztarna sakonak utzi dizkiotela eta horrela islatzen du bere obra osoan:

“Nire lanari begiratzen diodanean, liburu bakarra idatzi dudala iruditzen zait, hau da, hainbat kapitulu diferentetan banatutako liburu bakarra dela. Idatzitako nobela guztiak liburu bakar baten kapitulu ezberdinak dira; nobela guztien oinarrian obsesio bat dago, eta obsesio hori da muturreko egoera batean izakiak nola erreakzionatzen duen aztertzea eta kontatzea.” (Urkiza 2006: 204)

1999an Euskal Herriko Unibertsitatean doktore titulua eskuratu zuen “Subjektibitatea nobelagintzan: Stephen Crane-ren “The Red Badge of Corage” saiakera” doktorego-tesiarekin. Urte batzuk geroago, 2004an, Euskal PEN Klubaren (1921ean sortutako nazioarteko idazle elkartea) lehendakari izendatu zuten. Hedabide ugaritan ere kolaboratzaile aritu da, irratietan (Bizkaia Irratia, Bilboko Hiri Irratia, Euskalerria Irratia, Egin Irratia, Euskadi Irratia), aldizkarietan (Anaitasuna, Joanes Urkixorekin batera Ttua-ttua aldizkari literarioa zuzendu zuen, Argia) nahiz egunkari ezberdinetan iritzi-artikuluak kaleratzen, hala nola Egin, Gara edo Euskaldunon Egunkarian.

Idazlearen lehen obra Ilusioaren ordaina (1983) zazpi narrazio laburrek osatzen badute ere, nobela izan da Mintegik gehien landu duen generoa. Aipatzekoa da bilduma horretako hiru ipuinek 1982an Kirikiño Saria, 1983an Donostia Hiria Saria (Sator zuloa izeneko ipuingatik) eta urte berean Santurtziko Udala Saria jaso zutela. 1986an Bai… baina ez eleberria argitaratu zen, non intzestua beste ikuspuntu batetik erakusten digun. Urtebete lehenago, Azkue XI Nobela Saria irabazia zuen lan horrekin

. 1991n Legez kanpo kaleratu zen, Eusko Jaurlaritzaren 1989ko Jon Mirande Eleberri Lehiaketan akzesita lortu eta garai hartan kritika zorrotzak jaso zituen torturari buruzko eleberria; idazleak berak baieztatu bezala “Aitortu behar dut legez kanpo lan frustratu bat dela, bete ez nauen lan bakarra, hain zuzen ere, landu ditudan gai guztietatik, barrutik bizitzea lortu ez dudan bakarra izan delako. Ez nuen tortura barrutik bizitzea lortu. […] Kanpotik idatzi nuen eta horrexegatik ez zuen funtzionatu.” (Urkiza 2006: 200).

Nerea eta biok 1994an argitaratu zen. Lan horretan, ausentziaren presentziaz hitz egiten du Mintegik. Handik zazpi urtera, 2001ean, Sisifo maite minez eleberrian maitasun eta maitemintzearen inguruko hausnarketak bildu zituen idazleak eta 2006an kaleratu zuen orain arteko azken eleberria: Ecce homo, non politika eta maskulinitatea baitira narrazioaren oinarria.

Aipagarriak dira, azkenik, 1988ko Julene Azpeitiaren biografia eta 2000. urtean idazlearen ibilbide literariogatik jasotako COPE literatur saria.

Bere obretan, Mintegik gogoeta egitera bultzatzen gaitu topatzen ditugun gaiak errealitatearekin hertsiki lotuta daudelako, agian: politika, amatasuna, bikote harremanak, adiskidetasuna, emakume eta gizonen arteko erlazioak… beti ere bizitzan sortutako galderei erantzuten saiatzeko asmoz:

“Niretzat, nobela bakoitza irakaspen bat izan da, sakon sakonean arakatzea, ariketa oso intimoa… Nahiz eta nitaz ez hitz egin, nahiz eta asmatutako istorioak izan, egia baten bila aritzen naiz. Nire asmoa ez da erredakzio ariketa hutsa egitea. Nire helburua errealitateari egia bat lapurtzea da eta, beraz, nire buruarekin borrokan nabil, uneoro, idazketa automatikoa ez egiteko, begi bistakoa den horretatik haratago joateko.” (Urkiza 2006: 187).

BIBLIOGRAFIA

BREA, Unai (2004): “Laura Mintegi. Idazlea”. Euskonews. 274.

IPARRAGIRRE, Pilar (2006): “Laura Mintegi: Ezkerreko politikak balore femeninoak hartu behar lituzke.” ARGIA. 2043.

URKIZA, Ana (2006): Zortzi unibertso, zortzi idazle. Alberdania. Irun.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus