Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

GANDARA, SEBASTIAN ANTONIO

(Gernika, 1700?-Gernika 1780?)
Iratxe Martin

Euskal literaturaren panoraman Sebastian Antonio Gandararen ekarpena garrantzitsua izan arren, 1966ra arte ez dugu bere berririk izango. J. Ignacio Telletxeak eta Manuel Lekuonak haren berri eman ziguten Boletin de la Real Sociedad de amigos del Pais (BRSAP) aldizkarian. “J. I Telletxeak Larramendiren paperak arakatzen eta aztertzen ari zelarik, Madrilgo Real Academia de la Historia delakoan, hemezortzigarren mendeko, 1764ko Gernikako Gabon-Kanta batzuk aurkitu zituen.” (Kalzakorta 1998: 131).

Hortik aurrera, obraren gainean, edukiei nahiz hizkuntzari dagokienez, azterketa batzuk egin badira ere autorearen bizitzaz heldu zaizkigun erreferentzia biografikoak eskasak eta, batzuetan, zalantzazkoak izan dira. Iturri desberdinetatik datuak bildu ondoren, José Antonio Martija euskaltzainari zor diogu idazle honi buruzko ezagutza. Martijak jakinarazten digun bezala, zaila izan zen Gandararen biografia osatzea Gernikako bonbardaketaren ondorioz, parrokiako erregistroa errausturik geratu baitzen.

1700 urtearen inguruan jaio zen Gernikan Gandara. Bere familia, familia diruduna zela pentsatzekoa da Marcos de la Gandara, idazlearen aita, garaiko erregistroetan hiru etxebizitzaren jabe legez agertu baitzen. Ume eta gaztetako urteez daukagun ezjakintasuna erabatekoa da 1743 urtera arte ez baitugu gernikarraren inolako erreferentziarik aurkitzen:

“Gernikako Andra Maria Parrokian izan genuen apaiz. Xabier Altzibar adiskideari zor diot Calahorrako Artxiboan gordetzen den agiri baten berri: 1743.eko Apirilaren 4an bilera bat egin zuten Bursturiako Bikariako Kabildoek eta Gernikako bi Eliz edo Parroki batuen ordezkari gisa azaldu zena gure Sebastian Antonio de la Gandara izan zen, ordurako Benefiziatu osoa zena. Geroago, berak dioskunez, “Protonotario Apostólico, Presbítero Beneficiado de esta Villa de Gernika” izan zen.” (Arana Martija 1984: 505).

1749an Madrilera abiatu zela badakigu, gaztelaniaz idatzitako olerkietan hiri horri buruzko aipamenak daudelako eta, aipamenez gain, 1756an poema bat Gortean sinatu zuelako idazleak. Madrilen ia hamar urte egin ondoren, 1757an, Gernikara itzuli zen; hala agertzen da autorearen Gabon Kanta-n. Gainerako lanak ere Gernikan sinatu zituen eta Larramendirekin trukatutako korrespondentziak ere hala frogatzen du. 1762an Gandarak urtean bertan idatzi zuen Gabon Canta Guernicacoa gutun batekin bidali zion Larramendiri. Hurrengo urtarrilean Larramendiren erantzuna jaso zuen: “Irakurri ditut Gabon Kantak eta azkenean paratu diotet “Imprimantur”, hain daude ederrak, gozoak, kilikorrak. Etzaieteala aurrerako nagitu ez alpertu: ixeki sail honi, molda itzazu honelako asko ta ugari…”. (Arana Martija 1984: 499).

1763an Gandarak beste bi gutun igorri zizkion Larramendiri; erantzunik jaso ez bazuen ere, 1764an bigarren Gabon Kanta bidali zion. Euren arteko harremana, ordea, urte hartan ematen da bukatutzat. Gutunok baliotsuak dira bigarren Gabon Kanta idatzi zuenean Gandara gaixorik zegoela sumatzeko (Arana Martija 1976): “berneco erimen esquergue bat pariduten nagoela” irakur daiteke gutunean. Mitxelenaren ustez (1966) “sufriendo yo una cruel enfermedad de la pierna” adierazten zuten hitzek. Arana Martijaren ikerketa jarraituz, Gandarak bere gaixotasunaren kezka ere aipatzen du 1768an idatzitako olerkian “izan dedilla gueure / arnasa azquena.”

1796tik aurrera, Gandararen izena ez da berriro Gernikako ondasunen erroldan agertzen. Izan zituen etxebizitzak, ordea, Cabildo Eklesiastikoaren izenean ipini ziren. Horregatik, 1768 eta 1796 urteen bitartean, 65 urte baino gehiago zituelarik, hil zela pentsa liteke. Gaur arte behintzat, ez dira heriotzaz zehaztasun gehiagorik aurkitu.

Obrari dagokionez, gaztelaniaz eta euskaraz idatzi zuen gernikarrak. Gaztelaniazko lanez dugun informazioa zehaztu gabe dago eta bildutako datuak lausoak dira; batzuetan izenbururik edo datarik gabe aurkitzen ditugu: Llanto de una monja –datarik gabe–; ezkontza batzuez idatzitako koplak –izenburu eta datarik gabe–; Carlos III. erregeari eskainitako koplak 1759an; Mari Blanca encorozada a los pies del Rey –datarik gabe eta Madrilen idatzia–; Asunto que predicó el Padre Garcés a los consejos y tribunales de la Corte de Madrid en los días 2, 3, 4 y 5 de Henero de 1756 en el Colegio de Atocha eta azkenik Testamento del rey de Prusia –datarik gabe–. Sei dira, bestalde, euskarazko lanak: hiru Gabon Kantak eta beste hiru olerki, Jose Antonio Arana Martijak 1984an argitara eman zituenak:

“1757- Gabon Canta del año de 1757 Euskera agerkarian eman nuen honen berri, 1976, 89-98 orrialdetan; 1762- Gabon Canta Guernicacoa. Hurte 1762 (Joseba Andoni Lakarrak aurkitu zuen Real Academia de la Historiako Artxiboan eta Idatz &Mintz aldizkarian argitara eman zigun testua 1982, 2); 1764- Guernicaco Gabon Canta. Hurte 1764. Jose Inazio Telletxea Idigoras jaunak aurkitu zuen Madriden […]; 1768- Ama maitegarriari Zortziko. Cecellaren 3, Hurte 1768; 1768- Ama maitegarriari bere jaiozan. Cecellaren 14 garrenean. Urte 1768; Ardaoaren ganian.” (Arana Martija 1984 507).

BIBLIOGRAFIA

ARANA MARTIJA, J. A. (1976): “Gabon canta de Guernica de 1757”. Euskera. XXI. 89-98.

ARANA MARTIJA, J. A. (1984): “Sebastian Antonio de la Gandara Bizkaiko idazlea”. Euskera. XXIX. 499-510.

KALTZAKORTA, Xabier (1999): “Sebastian Antonio de la Gandararen Euskal lanak”. Euskera. XLIV. 131-209.

LAKARRA, Joseba Andoni (1982): “XVIII. mendeko zenbait bilantziko berri”. ASJU. 69-113.

MITXELENA, Luis (1966): “Acotaciones de un lector”. BRSVAP. 260-263.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus