Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

BETOLAZA, JOAN PEREZ

(Betolaza, ¿?-¿?)
Eneko Zuluaga

Joan Perez Betolazarena dugu, orain arte dakigunez behintzat, euskaraz argitaratu den dotrina zaharrena. Autoreaz ezer gutxi dakigu: Mitxelenak bilbotartzat jo zuen, baina H. Knörr-en ikerketek Betolaza arabarra zela erakutsi zuten, izen bereko herrixkakoa. Jakin badakigu, horrez gainera, 1592. urtean Galtzadako Santo Domingora joan zela eta aurretik sorterrian zeuden hiru abadeetarik bat bera izan zela. Jakin badakigu, halaber, betolazarraren obra (ezagun) bakarra, hots, Juan Pérez Ripalda-ren 1591ko dotrinaren itzulpena, Trentoko Kontzilioaren eraginpean Kalahorra eta Galtzadako Santo Domingoko apezpiku zen Pedro Mauso Zuñigaren enkarguz egin zuela. 1596an Bilbon argitaratu zen –Iruñean Refranes y sentencias bilduma argitaratzen zen urte berean–Doctrina Christiana en Romance y Bascuence izenburupean.

Euskaraz daukagun dotrina zaharrena izanagaitik, XX. mendera arte, iluntasunak inguratu ditu obra bera zein autorea. Izan ere, euren gaineko oso erreferentzia gutxi aurkitzen ditugu XVI. mende urrun hartatik Koldo Mitxelenak eginiko berrargitalpenera arte.

Jules Vinsonek Bibliographie de la langue Basque lanean aipatzen du Betolazaren lana, obra bera Francisco de Zabalbururen eskuetan dagoela eta ez duela ikusterik esan aitortzen badu ere. Spencer Dodgsonek Kapanagaren katixima 1893an berrargitaratu zuenean, Betolazaren obraren berri bazuela dio, baina galdutzat jotzen du. Egoera-aldaketa Azkuerekin etorri zen handik hamarkada batzuetara: lekeitiarrak testua ikertzeko aukera izan zuen, Euskaltzaindian gordetzen zen kopia bati esker. Jakin badakigu, gainera, Julio Urkixo ikertzailea ere testuaren atzetik ibili zela, baina 1930eko hamarkadara arte ez zuela lortu idazkiaren kopia esku artean edukitzea. Handik hogeita bost bat urtera, 1955an, arestian esan bezala, Koldo Mitxelenak testuaren edizio berria prestatu zuen, errenteriarrak berak eginiko sarrerarekin. Hain zuzen ere, hori da, egunotara arte, testua irakutzeko gehien erabili izan den argitalpena.

Literatura-balioak baino, hizkuntzari dagokionez daukan balioa dela eta da aipatzekoa Betolazaren dotrina. XX. mende hasieran Azkuek testua lan apaltzat jo bazuen ere, gaur egun badakigu Arabako euskara zaharraren lekukotasun bakarrenetarikoa dela, Landuccioren hiztegi eta Lazarragaren eskuizkribuarekin batera.

BIBLIOGRAFIA

KNÖRR, H. (1986): “Betolazaren zenbait berri”. ASJU. XX. 2. 499-508. or.

MICHELENA, L. (1955): “La doctrina cristiana de Betolaza (1596)”. BAP. 11. 83-100. or.

VILLASANTE, L. (1961): Historia de la literatura vasca. Sendo. Bilbao.

ZUAZO, K. (1999): “Arabako euskararen kokagunea”. Fontes Linguae Vasconum. 80. 165-184. or.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus