Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

LINGUAE VASCONUM PRIMITIAE (1545)

Bernat Etxepare
Miren Billelabeitia

Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae euskaraz argitaratutako lehenengo liburua da. Patxi Altunak (1979) bere tesian adierazten duenez, gaur egun ezagutzen dugun 1545-ko argitalpena ez  omen zen bakarra izan, aurretiaz beste bat omen zen. Hipotesi  hori  frogatzeko  bertso batzuen neurri gorabeherak eta inprimatzaileak Erregeari argitalpen horretatik kanpo beste edozein salmenta debeka dezan egiten dion eskabidea azaltzen digu. A. Oihenart (1967:227) ere  Rouen-en 1565 baino lehenago agertutako bigarren argitalpenaz mintzo da. Datu horiek gora behera, argitalpen bi izan zirela pentsa dezakegu, eta denboran hurbilak, gainera. Hemen garatuko dugun azterketarako, dena dela, 1545eko argitalpena, Euskaltzaindiak 1995ean prestatu zuena, erabiliko dugu.

Euskaraz inprentara emaniko lehen liburua dugu, bada, eta horretan idazleak eginiko hizkuntzaren aukeraketa erabakigarria da poetaren asmoa aztertzeko. Etxeparek eginiko literatura-hizkuntza aukeraketa ez da berez eta oharkabean egindakoa, ezta ere arduragabekoa, baizik eta ondo pentsatua eta arrazoitua, liburuaren hasieran, Erregeren abokatua zen Bernard Leheteri egindako eskaintzan ageri denez:

“… zuri (…), igorten darauritzut heuskarazko kopla batzu (…) Zeren, jauna, haiek ikhusirik (…), inprimi erazi ditzazun (…)inprimiturik heuskarara, orano izan eztena, eta zure hatse honetik dadin aitzinerat augmenta, kontinua eta publika mundu guzietara eta baskoek, berzek bezala, duten bere lengoajian eskribuz zerbait doktrina, eta plazer hartzeko, solas egiteko, kantatzeko eta denbora igaraiteko materia, eta  ginen direnek gero duten kausa oboro haren abanzatzeko.” (1995:79)

Etxeparek asmo garbi eta ondo pentsatua zuen bere idazkirako euskara aukeratu zuenean. Inprentaren aurrerapenaren eta teknikaren garrantzia onartzen ditu, garaiko humanistek bezala, eta aurrerapen hori hizkuntzaren zerbitzura jartzen du, hura mundu guztira heda dadin eta,  kulturarako eta zientziarako hizkuntza ere bihur dadin,  ordura arte gertatu ez den bezala. Hizkuntzari buruzko ardura eta asmoak Errenazimenduko gizonarenak dira, eta ez Erdi Aroko idazlearenak, zenbait adituk adierazi ohi duten bezala. Haien ustez, Etxepareren lana “zerbait doktrina, eta plazer hartzeko, solas egiteko, kantatzeko (…) materia” izanik, hurbilago legoke Erdi Arotik Errenazimendutik baino, herri xeheari zuzendua, erritmo eta azalpen erraz eta errealistak erabiliz egina. K. Mitxelenak (1960: 47) errealistatzat hartzen du idazlea, eta ez edertasun idealaren zale. Maiteminduen harremanei buruzko deskripzioa, aberatsa da honen ustez, eta “bere laburtasunean, garbia eta zehatza”. Are gehiago, kantu eta dantzarako deia egiten du Etxeparek bere laneko azken poema bietan. Herriko plazara atera nahi du euskara, kantu eta olerki tradizionalekiko lotura bermatu, Erdi Aroarekiko, aipatutako adituen ustetan. Baina, ez du ahazten, bere garaiko idazle eta humanistek egiten ez duten bezala, badirela munduan latina ez diren hizkuntzak, idatziak eta inprimatuak izatea merezi dutenak:

“Prinze eta jaun handiek orok haren galdia

eskribatuz hal balute ikhasteko desira” (Sautrela, 12-13)

“Oraidano egon bahiz

inprimitu bagerik

hi engoitik ebiliren

mundu guzietarik

Heuskara  (Kontrapas, 30-34)

Liburuari berebiziko garrantzia eman dion  hizkuntzaren arloa gutxietsi gabe, esan genezake lau gai nagusiren inguruan antolatutako hamabost olerkiz osatu zuela lana Etxeparek: erlijioa, maitasuna, bere bizitzako gorabehera batzuk eta euskara. Lehen gaiari gagozkiola, erlijioari buruzko zenbait ikasbide eta Ama Birjinari gorazarre eta eskakizun otoitza agertzen duten poema luze bi ditugu. Baina, giza maitasunari eskaintzen dio gogoetarik zabalena, hamar olerkitan zehar. Ondoren, bere bizitzaren zertzelada batzuk eskaintzen ditu, eta azken bietan euskarari gorazarre eta mundura ateratzeko deia egiten dio.

Hizkuntzaren aukeraketa eta honen inguruan azaldutako auzia, Etxepare Errenazimenduko ala Erdi-Aroko idazle den alegia, lan osoko aspektu desberdinetan izango da eztabaidagarri adituentzat. Gaien aukeraketa eta tratamenduan ere, maitasun gaiak eztabaida ugari sortu ditu. Zenbait ikerlarien ustez (J. Juaristi. 1987, 31) Etxepareren olerkietan agertzen den maitasunari buruzko ikuspegia hurbilago dago Erdi Aroko idazleen ikusmoldeetatik Errenazimenduko ildo nagusietatik baino. J.Juaristik “hizkera eta tonu gordin samarrean” oinarritzen du bere iritzia, eta baita Espainiako Hitako Artziprestea lanarekin duen zenbait paralelismotan, ezen amodio sakratuaz eta profanoaz aldi berean gozatzeko bultzada sumatzen baita. Baina paralelismo hori aipatua zuen jada K. Mitxelenak (1960: 47), eta gainera, idazle bien biografia zehaztasun batzuek eskaintzen zituen: “…apaizak izateaz gain, biengan agertzen da erlijio gai eta erotikaren nahasketa, ausardia osoz erabilirik; gartzelako egoeran ere bat datoz biak”. Baina arrazoiok ez dira nahiko J. Kortazarrentzat (1997: 87),  inprentari emandako garrantziak eta hizkuntzari eginiko gorazarreak “bere garaiko, errenazentista” egiten baitute olerkaria.

Beste alde batetik, eta Hitako Artziprestearekin izan daitezkeen paralelismoak ukatu gabe, ez dirudi aipatutako antzekotasunok arrazoi sendo direnik Etxepare Erdi Aroko idazleen artean bete-betean kokatzeko. Amodio poemenen ikerketa estrukturala proposatzen du  Kortazarrek (1997:90) olerkariaren  erregularitatea agerian utzi nahian. Horrela, amodioari honi buruzko lehen poema biek, “Amorosen gaztiguia” eta “Emazten fabore” funtzio bikoitza betetzen dute: Etxeparek amodioari buruz duen teoria orokorra erakutsi eta jainkozko amodioaren eta amodio mundutarraren arteko bereizketa egin. Hurrengo bietan, “Ezkonduyen koplak” eta “Amoros sekretuki dena”, maiteari bere amodioa adierazten ez dion maiteminduaren ikuspegia agertzen da. “Potaren galdatzia” eta “Amorez errekeritzia” olerkietan, ostera, maiteminduak bere asmoak adierazten dizkio maiteari. “Amorosen partitzia” eta “Amorosen jelosia”poemek ispilu eran agertuko lituzkete adierazi gabeko maitasunaren ondorioak: urrunketa eta horren ondoren sortutako  egoera jeloskorrak. Bukatzeko, “Amorosen disputa” eta “Amore gogorraren despita” egoera jeloskorraren ondorioak erakusteko idatziak lirateke.

Esan genezake idazleak  maitasunari buruz duen jarrera ez dela maiteminduen arteko harremanen deskribapen hutsa, ezta bere bizitzan zehar izandako maitasun gorabeheren azalpen errealista ere -lehen pertsonaren erabilerak ez du ezaugarri autobiografikoa bereziki azpimarratzen. Horren gainetik, constructum oso bat egiten du Etxeparek maitasunaren ikuspegi kaleidoskopikoa erakutsiz, hots, maiteminduen aurpegi anitz eta maitatzeko era ugari erakutsiz.

Baliabide literarioen alorrean eztabaida eta zalantzak sortzen zaizkigu, ordea.  Badira alde batetik, metafora nagusi bi Errenazimendu garaiko estetika moldera hurbiltzen dutenak: ispilua eta artizarra. Ispilua amodio tipifikatua da, (J. Kortazar 1997: 90), ispiluak gardentasunez adieraziko baitio maiteari maiteminduak ahoz edo idatziz adieraz ezin dezakeena eta, era berean, maiteminduari bere damaren gogoa erakutsi. Ispilua arima edo gogoaren erakusle egiazkoa izango litzateke, beraz. Artizarra, berriz, maitea beste guztien gainetik jartzeko darabil poetak, ez hori bakarrik, munduaren, unibertsoaren erdigunetzat hartzen du, eta bere inguruan biraka jartzen dira poetaren gogoa, sentimenduak, desirak eta desio duen etorkizuna.

Baldintzazko eta ahalera perpausen erabilerak irrealitate kutsua indartu egiten du. Horrez gainera, egituraketa mental eta sortzailea uzten du agerian, maitearen ustezko erantzun gozoaren inguruan balizko mundu bat eraiki nahia, alegia. Hartara, testua silogismoen erabilerara hurbiltzen du, poemaren eraikuntza lanari berebiziko garrantzia emanez, eta ezaugarri horrek, gure ustez, idazkerarekin eta literatura idatziarekin lotzen du testua ahozkoarekin baino  gehiago.

Neurriei dagokien arloan izan da eztabaidarik gehien. Patxi Altunak bere tesian Etxepareren ahoskera azaltzen zuen neurria oinarri harturik. Bere azalpenen arabera, hamabost poemetatik lau alde batera utzita, errima bakarrekoak dira idazleak erabilitako ahapaldiak, 15 silabako lau lerroz osatuak, eta lerro bakoitzak 4/4/4/3 egitura du. J.Juaristi (1987:35) ez da iritzi berekoa, ordea. Azken horren ustez, hamasei silabatako lerroz osaturiko “tetastrofo monorrimo” deritzona da Etxeparek darabilen neurkera, Libro de Miseria Omne idazlan anonimoan eta, ziur asko, Erdi Aroaren amaiera aldeko “Mester de clerecía”-k osaturiko lanetan erabiltzen den eredu berbera. Juaristiren ustez Etxeparek azken silabako errimak maite ditu, eta kontutan izanik bere ahozkeraren arabera azken silaba dela azentuduna, bat gehitu behar litzaioke lerroari, hamasei osatzeko. .Baina lan hau burutzeko erabili dugun Euskaltzaindiaren argitalpenaren hitzaurrean zehazten duenez, Altunak (1995:18) ez du aurreko iritzia ontzat hartzen.

Eztabaida horrek, hala ere, ez dio argi handirik eskaintzen hasieratik aipatutako auziari, aditu bien ondorioen arabera, Etxepare bertsolaritzaren molde herrikoi eta tradizionalen jarraitzaile zein Erdi Aroko neurkeren aldekoa litzatekeelako. Auzia, geure ustez, ez du neurkerak argituko, ezta zenbait baliabideen erabilerak ziur asko. Bestelako ezaugarri batzuk begiratu behar lirateke zorrotzago, berbarako: asmoa, hizkuntza aukeraketaren helburua, lan eraikia osatzeko gogoa eta ez esperientzia pilaketaren islada hutsa… Horrek guztiak, gure iritziz, Errenazimenduaren ikusmoldeen barrenean biltzen du idazlea.

BIBLIOGRAFIA

ALTUNA, Patxi (1979): Versificación de Dechepare. Métrica y pronunciación. Mensajero. Bilbo

ALTUNA, Patxi (1995): “Hitzaurrea” in Linguae vasconum primitiae 1545-1995. Euskaltzaindia. Bilbo. 13-18.

ARKOTXA, Aurelia (1994): “Etxeparekoaren maitasunezko kopleta, I.”. Sancho el Sabio, 6. Gazteiz.

BILLELABEITIA, Miren (2003): Euskal Herriko literatura. Ibaizabal. Zornotza.

JUARISTI, Jon (1987): Literatura vasca. Taurus. Madrid.

JUARISTI, Jon (1990): “De métrica vascorrománica”. ASJU. 2.

KORTAZAR, Jon (1997): Euskal literaturaren historia txikia. Erein. Donostia.

LAFITTE, Pierres (1990): Euskal literaturaz. Etor. Donostia.

LAFON. René (1951): “La langue de  Bernard Dechepare”. BAP. 7.

MITXELENA, Luis (1960): Historia de la literatura vasca. Minotauro. Madrid.

OIHENART, Arnaud (1967): “L´Art Poétique Basque”. In Gure Herria. Baiona. 205-229.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus