Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

IPUINAK (1988)

Pedro Miguel Urruzuno
Alvaro Rabelli

XIX. mendetik XX. mendera doan tartean euskal literaturan azaltzen diren ipuingile bakanen artean Pedro Miguel Urruzuno (1844, Elgoibar – 1923, Mendaro) abadea nabarmentzen da. Urruzunoren ipuingintza indarrean zegoen joera ohiturazaletik bereizten ez bada ere, egile hau dugu sasoi horretan umorea eta herriko hizkera jatorra ondoen landu dutenetarikoa. Beste ipuingile batzuena bezala, bere lan oparoa aldizkari askotan egindako lanaren emaitza da. Sasoi horretako fikziozko errelato laburraren garapena, urria eta asmo literario gabekoa izanagatik ere, ez da ulertzen aldizkarietan egindako ahalegina aitzakotzat hartu ezean. Horrela, garaiko aldizkariak beteta daude Urruzunoren ipuinez, kontakizunez, gertaeraz, olerkitxoz, bertsoz, asmakizunez eta, eliz eta gabon-kantez. Halakoak ditugu honako aldizkari hauetan: Euskal-Erria, Euskaltzale, Ibaizabal, Euskal-Esnalea, Baserritarra, Jesus-en Biotzaren Deya, Zeruko Argia, Argia. Urruzunok 1880-90eko hamarkadan ekin zion idazteari, eta ez zen gelditu heriotzara arte. Ia astero edo hamabostero zerbait kaleratzen zuen. Lan ugari horiek “Ur-zale bat”, “Urruzuno”, “P.M”, “Urruzuno-ko Pedro Miguel” eta “Neska zarren lagun bat” izenordez izenpetzen zituen. Edozein modutan ere, Urruzunoren idazlan guztietarik ezagunenak, bere ipuin eta kontakizun barregarriak dira. Horiek, beste askotan gertatu izan den lez, egilea zendu ostean argitaratu dira. Urruzunoren ipuin ugariekin zenbait argitalpen egin izan dira. Lehena, Urruzuno-tar P.M.en Ipuiak. Lehenengo Idaztia, Neketako Ama Birjiñaren Irarkolan, Iruña-n 1930, 47 ipuin eta Kilimon Errekari egindako bertsoak. Ostekoak dira: Euskalerritik zerura ta beste ipui batzuk. Auspoa liburutegia, 1961, 20 ipuin, 5 zk. Iru ziri (Ipui eta bertso), Auspoa liburutegia, 1965, 20 ipuin, 47 zk. Ur-zale baten ipuiak. Auspoa liburutegia, 1965, 19 ipuin, 51 zk. Sasi-letrau baten ziria, ta abar. Auspoa liburutegia, 1973, 19 ipuin, 113 zk. Ipuinak. Euskal Editoreen Elkartea-Kriselu, 1988, Klasikoak bilduma, 11 zk. Lehenengo argitalpenak, Ipuiak. Lehenengo idaztia izenekoak, guztietarik zabalenak, argi uzten du orduan Urruzunoren produkzioa zabal-zabala zela.

Urruzunoren ipuin eta kontakizunak irakurterrazak eta barre eragileak dira, eta horixe zen egilearen asmoa. Bainaharatago doa idazlea:

Batetik, ez dugu ahaztu behar, sasoiko eredu nagusiak agintzen duen bezala, ipuinok helburu moral argia dutela. Giza jokabideak agertu eta epaitzen ditu Urruzunok, moral kristau integristaren ikuspegitik epaitu ere.

Bestetik, euskarazaletasuna dugu. Urruzunok euskaldunentzat idatzi zuen, euskaraz baino ez zekien herri xehearentzat, erdararako joera garbia, traketsa sarritan, hartutako herri euskalduna esnatzeko asmoz. Bere idazlanetan ez dira falta euskaltzaletasunaren aldeko aldarri ozenak, ez eta euskaldun jatorren erdara traketsa erridikulizatzeko asmoa ere.

Horregatik, Urruzuno edozein irakurlerengana heltzen zen, herrikoi eta zirtolari, eztenkada eta ziria beti prest eta zorrotz. Urruzunoren ipuinak pasadizo eta kontu xelebre labur-laburrak dira, transzendentziarik gabekoak; esan liteke gaurko txisteetatik hurbil xamar daudela. Horietan agertzen diren pertsonaiak herriko pertsonaia tipoak dira (baserritarrak, ijitoak, tratulariak, mozkortiak, pregoilariak, inudeak, ama-alabak, atso-agureak…). Urruzunoren izaera herrikoiak isla zuzena du darabilen idazkeran. Esan genezake herri hizkera ondoen jaso duen egilea dela, horretan maisu baitugu Urruzuno. Sortzailea baino, Elgoibarreko herri hizkeraren benetako transkribatzailea da, herri hizkuntza euskaldunaren ahotik zuzen-zuzenean hartzen duen idazlea da, lar axola gabe darabilen prosa jantzia den ala ez. Ipuinak esamolde, hitz joko eta berak idatzitako bertso eta kantuz apaintzen ditu. Urruzuno erabat aldentzen da sasoiko hiztegi garbizaletik eta joskeran ez die jarraitzen euskal literaturan, gerora ikusi ahal izan moduan, hain kalte handia egin zuten Seber Altubek emandako arauei. Berea herri hizkera da, zuzena, garbia eta aberatsa, eta ez lar landua, ezta borobila ere. Hizkera horretan Urruzunok ez du adierazpenetarako oztoporik aurkitzen, eta gaur euskararen adierazpen jatorretan honen hankamotz eta kamuts gabiltzanean, Urruzunoren testuak biltegi aukerakoak zaizkigu, zinezko eredu. Urruzunok jeneralean Mendaro inguruko hizkera erabili arren, nafar hiztegia ere tartekatzen du lantzean behin, eta horixe da Nafarroan egindako egotaldiek utzitako lorratza.

Urruzunok darabilen kontatze teknikari bagagozkio, ipuin gehienek molde jakin bati jarraitzen diete. Horretan pertsonaia bikoteak garrantzitsuak dira, beti izaten dira bikoteak, elkarrekin topo egiten duten pertsonaia bi. Bikotearen artekoa abiatzeko nahikoa da garrantzirik gabeko anekdota bat, garapenean elkarrizketa da nagusi, bi pertsonaion arteko elkarrizketa. Modu horretan, ipuinak arin-arinak dira. Pertsonaiak aurkakotasunean egoten dira, bakoitzak balio diferente bat adierazten du, bata zuria da, bestea beltza. Bien artean, beraz, gatazka edo lehia sortzen da, eta azkenean bakoitzak merezi duen saria jasoko du, onak urrea eta txarrak lastoa. Amaieran leloa edo irakaspena ematen du, beti bertsotan. Gehientsuenetan ipuinak in media res hasten dira; hau da, ekintza jada hasita dago eta zuzen-zuzenean abiatzen gara harira, itzulinguruka ibili gabe. Errekurtsorik berebizikoena ironia da, gertaera eta hitz joko barregarrietan azalarazten dena.

Ijitoen istorioak dira Urruzunoren testurik aipagarrienak, istorio arras pipertsuak.

BIBLIOGRAFIA

URRUZUNO, Pedro Miguel (1988): Ipuinak. Euskal Editoreen Elkartea-Kriselu. Donostia.

ONAINDIA, Santi (1974): Euskal literatura III. Etor. Donostia.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus