Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

HAMASEIGARRENEAN AIDANEZ (1983)

Anjel Lertxundi
Lourdes Otaegi

Kritikari eta ikerleek aho batez izendatu dute 1983 urtea Hamaseigarrenean aidanez eleberria argitaratu zuenekoa Anjel Lertxundiren idazle-obraren lehen erpintzat. Idazlan honek haren obraren lehen emanaldiaren amaiera markatzen du, adituen iritziz, eta Otto Pette (1994) argitaratu arteko gailurtzat jotzen da.

Hamaseigarrenean aidanez (1983, Erein, Donostia) liburuak urte hartako Kritika saria eta Euskadi saria eskuratu zituen eta orduz geroztik Lertxundiren libururik salduena eta goraipatuena bat da. Hegats aldizkariko artikuluan ere haren izenaz gogoratzean zera esaten du egileak berak: “exitoaz hitzegin beharko nuke, idazle batek infernua dela jakin arren beti persegitzen duen amildegiaz” (Hegats, 101 or.). Arrakasta horren lekuko izan zen argumentua film batean garatu zuen egileak berak zuzendurik. M. Olaziregiren datuen arabera (Euskal eleberriaren historia, 2002), orain arte hamaika edizio argitaratu dira, gure literatur historian gehien irakurri diren nobelen artean dago eta lan honek euskal irakurleen artean ekarri zion ospea handia izan da.

Lertxundi idazle ezaguna zen ordurako, lau literatur lan kaleratuak zituen eta irakurle nahiz kritikoen artean harrera gorabeheratsua izaniko obraren egile zen, bereziki 1980an argitaraturiko ipuin bildumak aurrekoek sorturiko itxaropenak zapuztu baitzituen.Aldiz, 1983-87 artean, Hamaseigarrenean aidanez eta Tobacco Days nobelek, suspensearen erabilera eta polizia-eleberrien ezaugarriez blaituriko narrazioek lehen mailan kokatu zuten Lertxundi garaiko euskal sistema literarioan.

Hamaseigarrenean aidanez liburuaren iragarletzat jotzen du egileak eta kritikak berak gerora 1980ko Aise eman zenidan eskua (1980, Erein, Donostia). Izan ere, iraganarekiko kontu ajusteak diren 70eko hamarkadako eleberrien ostean, batzuk era autobiografikoan eginak (1970ean Hunik arrats artean, Goiko kale (1973), edota era sinbolikoan egina Ajea du Urturik (1971), literatur lanen lanketa formalei garrantzia ematera aitzinatzen da egilea eta, orokorrean, kezka literario berriei ekitera. Idazleak heldutasun eta perfekzio teknikoaren arduraz hitz egiten du Aise eman zenidan eskuaz diharduela. Lertxundik 1970ean sorturiko Lur argitaletxearen inguruko idazle-taldearen ekarriaz eta gazteago diren Ustela ingurukoen aportazio formalen akuiluak eragin ziola aitortu zuen prentsa-elkarrizketetan.

Hamaseigarrenean aidanezen argitalpena dela eta, Hernandez Abaituaren iritziz, (“Lertxundi, zazpigarrenean aidanez”, Argia 1983-V-15, 32-33 or.) Goiko kale eta Aise eman zenidan eskuako “Hausdurak” narrazioa “arras diferenteak dira” aurreko lanetatik, eta era berean Tristeak kontsolatzeko makina, Gizon kabalaren piurak eta Hamaseigarrenean aidanez bera, “sentsibilitate finagoa”ren adierazle dira, “teknika landuagoa, estilo zainduagoa, azkeneko nobela batez ere”. “Hausdurak” ipuina izan zen, Hernandez Abaituaren iritziz, Lertxundik konta-teknika zailagoei ekin zien lehenengo aldia, eta 1983ko nobela honetan bide horretatik jarraitzen du: autoreak argumentua suspense handiz antolatzen du, errealitatearen alderdi sakonak aztertzen diharduen kazetari baten ikerlanen bidez.

Argumentuak apustuen munduan dabilen protagonistetako baten heriotza lazgarriaren ikerketan dihardu, benetan zer gertatu zen jakin nahirik. Domingo izeneko gizon sendo batek apustu egiten du taberna bateko barra baten aurrean etzanda jarri eta lagun gazte batek barra gainetik sabel gainera salto egingo diola hainbat bider. Hamaseigarrenean ordea, leher egiten du eta bertan hilda geratzen da.

Autoreak nobela honetan irakurketa modu ezberdinak ikusten ditu. Nabarienak diren irakurketa soziologikoetatik abiaturik (emakumearen egoera, xenofobia) irakurketa politiko (biolentziarena) eta filosofikoetaraino (existentzialak, itxura eta egia, maitasuna eta heriotza)…

Egileak berak iradokitako irakurketen hariari heldurik, bereziki azpimarratu izan dira irakurketa politikoa eta feminista. Lehenik, biolentziaren aurrean jokaera pasiboaren kontrako kritika iradoki zuen (Anjel Lertxundik Mugari artikuluan, Muga, 1983, 26. zenb, 88-91 or.), Nobela honetan kontatzen den historiaren sakonean biolentziaren gaia dago: “Biolentziaz ari naiz nobelan, baina zuzenean biolentzia hori aipatu gabe, panfletoan erori gabe.() Egoera biolentoen aurrean, erabileak du errespontsabilitate nagusia, noski, baina bagara errespontsable erabile hori posible egin dugun guztiok ere. Gure isiltasunaz, gure konnibentziaz, gure axolagabekeriaz… Hauxe bait da gure herriaren trajeria. Trajeria ez da, oinarrian, erabileen esistentzia, erabile horiek posible egin eta egiten ditugula baizik. Eta, nik behintzat hau garbi daukat, denok gara errespontsable”.( 91 or.)

Bigarren irakurketak, emakumearen egoerari erreparatzen dio gizarte tradizional eta matxista batean. Habe aldizkariko 1984ko elkarrizketan honela erantzun zuzen nobela honetaz hitz egiteko eskatu ziotenean: “Apostuzale amorratu baten bizitza kontatzen dut.() Niretzat istorioko pertsonaia nagusia apostulariaren emaztea da, baina uste dut ez dudala behar bezala landu pertsonaia hori eta parez pare geratu direla andrea eta gizona. () Beti pentsatu izan dut horrelako gizonen atzean dauden emakumeetan. () Euskal Herriko emakumeak etsipena hartu izan dute: beti gizonaren ondoan, inoiz traizionatu gabe” (7-8 or.) Egilearen iritzi hori baitesten du Kandela taldearen iruzkinak (Euskal letren dantza 1983, Hordagok 1985, 103-106 or.). esanez, apustuzale amorratu baten bizitza eta heriotza kontatzen dituela nobelak bere emaztearen bizitzaren kontrapuntuarekin batera: “Bi istorio hauen berezitasuna zerikusirik ez izatea da, bien arteko inkomunikazioa izugarria da, elkarren berririk ez dute” (103).

Kritika-iruzkinek iradokitako irakurketa-maila sinbolikoa ere bikoitza da: emakumearen bakardadea eta gizarte hipokritaren arteko lubakia nabarmentzen dute. Jon Kortazarrek nobela honen irakurkera sinboliko egitean bikoitza dela dio, alde batetik gizarte matxista edo matriarkal batek sorturiko minaren adierazle; bakarti bizi den edota bakarrik utzitako emakumearen ikuspegiaren diskurtsoa, haren bakardadearen krudeltasunaren diskurtsoa da nobelako gai nabaria. Bigarren irakurketak ikuspuntu etikoa hartzen du, ordea, gizartearen jokabidea gezurrezkoa dela salatzen du nobelak: “egiaren eta gezurraren, izanaren eta itxuraren arteko borroka izango litzateke nobelaren benetako irakurketa” (Kortazar, Jakin 198 or.)

Atzerritarraren mitoa eta xenofobia ere gai ardatza da liburuan Hegatsen nobela honetaz diharduela egileak bi gorabehera planteatzen ditu: alde batetik, Cesare Paveserekiko duen zorra, eta bestetik, nobelako pertsonaia nagusia den Martzelinaz: “…emakumeek herri honetan bizi behar izan duten paperaz. Eta hori zein gutxi irudikatu den gure literaturan” (Hegats, 102 or.)

Gabriel García Márquezen nobelarekiko duen antzekotasunaren gaiari loturik, bietan estranjerrak daudenez, Lertxundik esaten du bere nobelako benetako estranjerra Martzelina dela “haren etorrerak bizten ditu zeuden biolentzia sexualak eta berbalak. Eta Martzelina dela bide gertatzen da Domingoren biolentzia fisikoa ere. Egoera guzti horren aurrean, biolentziaren benetako biktima ez da indarkerian goxatzen zuen Domingo, indarkeria horren ondorenari beldur zion Martzelina baizik, nahiz Domingo hil egiten den eta Martzelina ez.” (Muga 91 or.)

Jon Kortazarrek Idatz-Mintz (8.zk.,35 or.) argitaraturiko artikuluan autoreak Derioko hitzaldiko bi puntu garatzen ditu: Martzelina eta idazleak, bi arrotzek herri txikian eragiten duten aldakuntzaren gaia, eta bestetik egia eta itxuraren arteko tentsioa, errealitatearen ispilu gisa: “Azalean behintzat bakean dagoen egoera apurtzera dator kanpokoa, hala nobelan, nola ipuinean (“Esan nekeak” ipuinena in “Aise..”). Martzelina Goiko kalera maleta zaharra tatarrez daramala sartzen denean, herrikoen frustrazio sexualak biztuko ditu. Eta Domingoren heriotza aztertzera etortzen denean Anjel Lertxundiren irudizko den kazetaria, herrian ahopeko edo isilpean gorderiko lotsa guztiak biolentoki lehertuko dira. Arrotzaren mitoaren erabilera, pertsonaia kanpotarra erabiltzea Anjel Lertxundiren tresna teknikorik jori eta zehatzena bihurtzen ari da (Idatz-Mintz, 35 or.)

Liburuak izan dituen irakurketei buruz, beraz, zera esan daiteke, irakurketa horietan soziologia mailakoak eta filosofia mailakoak gailendu direla. Azken hauei dagokienez, egileak Derioko Labayruko XIV. Udako Euskal Ikastaroan (1984) jakitera emaniko zenbait alderdi garrantzitsu gogora daitezke liburuaren gaiez eta irakurketez. Besteak beste, liburuan aurki daitezkeen gaien artean, autoreak honako hauek aipatu zituen: Alde batetik, sexualitatearen edo maitasunaren eta heriotzaren arteko elkarlotura sakona eta iluna. Nobela honetan protagonistetako bat den Domingoren ezkontzaren ondorioz bere ama hil egiten da. Heriotza honen ondorioz Domingok Martzelina jipoitu egiten du eta honek haurra galtzen du. Domingoren heriotza bera ere maitasunagatiko erdi-suizidio bat da…

Bestalde, dirudienaren eta egiaren arteko anbiguotasuna nabari dira nobelan: Domingoren ama pozik dagoela dirudi, baina, berez, ez dio semea inori utzi nahi, ezta emazteari ere. Domingo eta Kornelio lagunak dira, baina ez egiazko lagunak. Domingo eta hoteleko etxekoandreak daukaten elkarrizketa ere emaztea/amorantea dikotomiaz mintzo da.

Jon Kortazarrek (Idatz eta Mintz, 8. zb, 35 orr) Lertxundik Derioko hitzaldian aipaturiko bi alderdiok garatzen ditu, bata soziologikoa eta bestea sinbolikoa: batetik, Martzelina eta idazleak, bi arrotzek, herri txikian eragiten duten aldakuntzaren gaia, eta bestetik, egia eta itxuraren arteko tentsioa errealitatearen ispilu gisa. Kortazarren ustez, egia/itxura dikotomia funtsezkoa da nobelan, honen errepresentazio nabaria da, esate baterako, egileak aipaturiko Elizondoko ostatuko eszena: Ostalariak andrea dena amorantetzat hartzen du, eta andretzat berriz amorantea dena. Kornelio bera, Domingoren laguna omen dena, baina haren eraile gertatu zela jakiten da geroago, eta Domingoren heriotza, berriz, suizidioa da, ezer baino gehiago.

Liburuari buruz eginiko azterketa kritikoek nobelaren berri zehatza ematen dute. Egiturari dagokionez, hiru zatitan banatua ikusten da (I, 9-51 or.,II, 67-99 or. eta III. 113-127 or.) Kandela aldizkarikoek liburuaren egitura formalaz hiru parte berezi dituzte eta hauetako bakoitzean hiru kapitulu. Batasun argumentala du lehen zati honek eta lehen pertsonan hitz egiten dute narratzaile denek. Bigarren atalean, Domingoren apustuzale grina azaltzen da hirugarren pertsonan eta narratzaileak bere ikerketak aipatzen ditu ondoren lehen pertsonan. Hirugarren atalean, narratzaileak bere ikerketen berri ematen jarraitzen du eta korapiloa askatzen du, beti bezala lehen pertsonan, gero, Martzelinak egun hartan gertaturikoa agertzen du lehen pertsonan eta Julian eta Kornelioren oroitzapenak ere lehen pertsonan ematen dira, trajediaren katarsia amaitzeko.

Erabiltzen duen teknika narratiboa “erreportaia periodistikoa literaturki tratatua” dela esaten dute Kandelakoek (104 or.). Kontalari nagusia, kazetari ikerlearen jarduna ez da kronista batena, stricto sensu, “bertan ikusirikoa”ren lekuko ez baitzen izan bera. Hiru kontakizun lerro nagusi bereiz litezke liburuan, edo hiru ikuspuntu nabari daitezke: Martzelinarena, Domingorena eta narratzailearena: “Laburtuz, euskal literatura modernoan hainbeste kritikatu den desoreka, kalitatezko abangoardismo formalaz kontaturiko istorio pobreak, desagertu bide da nobela on honen eskutik, unitate sendo eta koherente bat lortuz.”

Ikuspuntu ezberdintasun hori pertsonaien erregistro eta lengoaiaren erabilera bereziaz lortu da liburuan. Kandelakoen iritziz, pertsonaiak beren mintzaeraren bidez karakterizatzen dira ederki, eta bereziki azpimarratzekoa da “Martzelinaren errealismoa eta dramatismoa”. Adierazgarritasun handiko lengoaia herritarra erabiltzen da, hainbat erregistrotan banaturik. Lehen pertsonan eginiko berriketa saioek eta elkarrizketek bizitasuna eta intentsitatea ematen diote.. Hernandez Abaituak dioenez, Lertxundiren estiloa “zuzena” eta ez-erretorikoa da eta goraipatu egiten du zuzentasun hori: “Hizkera zuzena, bizia, hala narratutakoan, nola mintzatutakoan. Hizkera zeharo koherentea nobela desarroilatzen den medio ruralean” (33 or.). Gai berari eutsiz, Kortazarren ustez, Lertxundik pertsonaia bakoitzari bere hizkera propioa, bere espresiobide berezia eman dio, pertsonaia bere hizkerarekin identifikatzen du. Ondorioz, pertsonaien hizketa eta kontalariarena desberdinak dira. Ahots ezberdin guzti hauen konbinaketak erritmo berezia, aldakorra sortzen dute nobelaren baitan (201 or.).

Nobela poliziakoaren sostengu narratiboa erabili duela esaten du Lertxundik Mugari emaniko elkarrizketan. Jon Kortazarren ustez (Jakin 1983, 28. alea, 197-201 or.) Nobela poliziakoaren teknikaren, tonu narratiboaren eta narrazioaren arteko oreka bilatu du egileak, eta elkarri egokitze horretan lortu duen indarrak teknika hutsa narrazioari nagusitzen zitzaioneko aroaren amaiera heldua dela frogatzen du”

Genero poliziakoan ohikoa den ikertzailearen figurari lehentasuna ematen dio. Lertxundik nobela honetan eratu duen misteriozko bilbearen erdian egiaren bila dabilen bidaiariaz baliatzen da eta gertakizun jakin baten inguruko prismaren alderdi guztiak jiratzen ditu. Kortazarrek misteriozko nobelaren protagonista arketipiko bat osatu duela dio, eta Lertxundik hautatu duen ikertzaileak bere kabuz erabaki duela ikertzea “arrazoi pertsonalengatik, arazo afektiboengatik” (Jakin, 200 or.). Nobela beltzaren helburu berera jotzen du, ondorioz, errealitatearen ifrentzua eta gizartearen aurpegi iluna azaleratzera.

Olaziregik dioenez, nobela honek oso egitura eta idazkera modernoak ditu eta ageriki simetrian oinarritzen da (hiru atal dira bakoitza hiru azpiatal edo kapitulutan zatitua). Narratzaile aldaketak eta modalizazio aldaketa etengabeek planteamendu narratiboaren aldetik perspektibismoa azpimarratzen dute eta errealitatearen ikusmolde hainbaten aldiberekotasuna azpimarratzen: “Baina esango bagenu eleberriak estilo moderno eta simetrikoa duela (hiru parte, haietako bakoitza berriz hiru ataletan banatua) eta modalizazio aldaketa etengabeak daudela gertakariak kontatzeko erabilitako perspektibismoaren oinarrian, baztertu egingo genuke testuaren agian lorpen garrantzitsuenetako bat: protagonistaren Martzelina emaztearen funtzioaz egiten den azterketa. Emakumezko pertsonaia etsi honen ikuspuntua gailentzen da gertakizunen kontaketan, narratzaile anitzen narrazioarekin batera: Maria auzokoa, herrira gertakariaren kronika egitera agertzen den kazetaria, bere senarraren apustukidea… Denek hurbiltzen gaituzte emakume horren sufrimendura. Martzelina gajoak, senarrak iraindu eta auzokoek bazterturako emakumeak, herrikoen artean ezkutuan zebilen ahozko eta sexuzko indarkeria ekartzen du azalera”.

Iñaki Aldekoa (Mendebaldea eta narraziogintza, 1998, 35 or) bat dator Olaziregirekin eleberri hau muntaketa lan miresgarria dela esatean, eta pertsonaia eta ikuspuntu desberdinetan oinarrituz, emakume baten bakardade eta sufrimenduaren ikuspegi sakona eskaini duela esatean. Hernandez Abaituak ere, liburuaren azterketa burutu ondoren, nobelan kontatzeko teknika klasikoak eta modernoak konbinatzen direla dio, baina aldi berean, nobelaren mamia edo anekdota bera ere interesgarritzat jotzen du “humanitatearen alde krudel unibertsal hori agertzen digu(lako) errealismo handiz” ( Argia, 33. or.)

Eleberri honetako eraginak eta iturriak aipatzerakoan, Gabriel García Márquezen Crónica de una muerte anunciada, nobelarekiko antzekotasunak aipatzean, deblauki aitortzen du egileak hartaz baliatu dela bere nobela eraikitzeko: “Nik nobelaren gaia, ezagutzen nuen benetako anekdota, aspalditik nebilkien buruan. Baina ez nuen forma asmatzen. García Márquez irakurri eta hau diat bidea erabaki nuen arte. Kontrapuntua eta estranjerraren mitoa koinzidenteak dira bietan. Baina hau egia bada ere, nire nobela zordunago zaio Paveseri.” (Muga, 91 or.)

Cesare Paveserekiko zor hori zertan den ere zehazten du Lertxundik: “Giro ruralaren giroaren planteamenduan, giro ruraleko Arcadia mito bat da. Hasten bazara arakatzen, berehala ikusten duzu trajeria, miseria izkutua, biolentzia isila. Nire nobela ez da “Garoa”. Nik Txomin Agirrerekin hautsi nahi izan dut baina barrendik, bere abiapuntu berdinetik, rural giroa maitatzetik. Ondorioak guztiz desberdinak gertatzen dira.” (Muga 91 or.)

Liburua herrixka nekazari batean kokatu bada ere, ez da batere kostunbrista eran planteatu. Hiru atalen hastapenetan Cesare Paveseren aipamenak egiten dira, eta hortaz, ez du nekazal giroaren ikuspegi arkadikorik azaltzen, neorrealista italiarren miresle handia baita “La literatura italiana tras su propia identidad” artikuluan froga daitekeenez. Iñaki Aldekoak ere Paveserekiko harremanari buruzko zehaztapenak ematen ditu: “Pavese idazlea ageri da gehien nobelak biltzen dituen aipuetan; nago, ordea, idazle ipar-amerikarren itzulpen eta irakatsietan zaildutako Pavese dugula Lertxundiren nobelakoa. Ipar Ameriketako objektibotasun narratiboan maisu izan zirenen eskolan zaildutakoa, inondik ere” (1998, 36)

Jon Kortazarrek Hego Ameriketako bi idazleren eragina (Marquez/Rulfo) aipatzen du. Marquezen nobelarekiko bi antzekotasun nagusi agertzen ditu Kortazarrek: argumentuaren aldetik ez ezik, perspektibismoaren teknika: “ekintza bati buruzko eritzi ezberdinak, lekuko desberdinek kontatuak” (199 or.), baina Lertxundi Marquez errealista baino “kostunbristago” dela. Bestalde, Juan Rulforen idaztankeraren eragina ere iradokitzen du: “mexikoarraren hizkera aldetiko estutasun nabaria da inoiz zarauztar-oriotarrarengan.() Kontzeptismoa, ia arkano diren esaera eta esaldiekiko interesa, liburuen izenburuen arrarotasun eta zailtasunean ageri da argien” ((Jakin, 199 or.)

Balorazio orokorretara jota eta euskal nobelagintzaren errepaso doitua egin nahirik, Kortazarrek esaten du baserri munduko tragedia baten berri emateko, eleberriaren abiapuntu hartu zituela Lertxundik polizia-nobela beltzaren suspentse teknikak eta bereziki azpimarratzekoa dela atzera begirako geroaldia erabili izana. Bere iritziz, nobelan ez dago kausalitate loturarik eta horregatik ezinbestezko patua edo halabeharraren sentsazioa areagotzen da narrazioan zehar, ezin ekidin den zorigaitza dator erremediorik gabe. (Euskal literatura XX. mendean, 2000, 156-157). Olaziregik adierazi duen moduan, “denbora-anakronia etengabeak, ikuspuntuen txandakatzea, bildumari edo kazetari baten presentzia edo sufritzen duen emakumezko protagonista bat egotea… horiek guztiek ekarri dute kritikariek Garcia Marquezen Cronica de una muerte anunciada eleberria hartzea testu honen intertestu hurbileneko. Lan horretaz gain, teknika sorta bat nabarmendu nahi genuke, testua polizi narrazioetara hurbiltzen duena, hala nola suspensearen dosifikazioa, pertsonaien adierazpenak txandakatzea edo adierazpen horiek transkribatzeko modua”( 2002, 156)

Liburu honetan mamitu zuen literatur ereduari esker euskal nobela modernoaren berritzaile nagusietako bat bilakatu zen Anjel Lertxundi, garaiko idazle nagusia, harik eta, egileak berak adierazi zuenez, Atxagaren Obabakoak (1988) ikuspuntua berriarazi zion arte: “Obabakoak eta gero nere burua kokatu behar izan diat” (Argia 1989-VII-23, 51 or.). Iñaki Aldekoak ere halaxe uste du: “Lertxundik berak artikulu batean aitatu zuen bezala, ordura arteko paisaje errural, basoko eta herrikoagoak ere betiko gainartuta utzi zituen. Atxagaren lanaren eragina handia gertatu zen euskal idazle eta literaturaren corpus osorako. Lan horrek erronka zailagoetara bultzatu zuen Lertxundi” (Mendebaldea eta narraziogintza, Erein, 1998, 59 or.)

BIBLIOGRAFIA

LERTXUNDI, A. (1987): “Anjel Lertxundi zein da, Kobo?”, Habe. 121. 36-39 or.

LERTXUNDI, A. (1988): “Anjel Lertxundi: Lurralde minatua igaro behar dugu”. Argia. 1988-IX-18. 49.

LERTXUNDI, A. (1987): “Andu Lertxundi, literaturan eta zinean irudigile”. Habe.104. 6-9.

LERTXUNDI, A. (1984):  “Julio Cortazar”. Jakin. 3.  113-114.

LERTXUNDI, A. (1980)  “La literatura italiana, tras su propia identidad”. Muga. 9. 104-109 or.

LERTXUNDI, A. (1989).  “Nire obraz”. Hegats.  2. 99-103.

LERTXUNDI, A. (1983). “A. Lertxundik Mugari”. Muga. 26. 88-91.

HERNANDEZ ABAITUA, M. (1983): “Lertxundi, zazpigarrenean aidanez” in Argia.  1983-V-15. 32-33.

XX (1984):  “Anjel Lertxundi. Hamaseigarrenean aidanez” in Argia, 1984-IV-17. 2.

KORO E (1983): “Nobelak, elaberriak, kontakizunak direla eta” in Argia. 1983-VII-17. 36-37.

KORTAZAR, J. (1983): “A. Lertxundiren Hamaseigarrenean aidanez iragarritako sari baten kronika” in Jakin. 28.  197-201.

KORTAZAR, J. (1983): “Hamaseigarrenean aidanez: bizitzaren beste aurpegia” in Idatz eta Mintz. 8. 35.

KORTAZAR, J. (2000):  Euskal literatura XX. mendean. Pramés, Zaragoza..

SAN MARTIN, J. (1984): “Anjel Lertxundi. Hamaseigarrenean aidanez”. Egan. 3-4. 149-150.

KANDELA TALDEA (1984):  “Lertxundi A., Hamaseigarrenean aidanez” in Euskal letren dantza 1983. Hordago. Donostia.103-106.

UNAMUNO, M. (1990): “Hamaseigarrenean aidanez eta Mario Ricciren heriotzaz” in Jakin. 60. 137-140.

ALDEKOA, I. (1998): Mendebaldea eta narraziogintza. Erein. Donostia.

OLAZIREGI, M. J. (2002): Euskal elaberriaren historia. Labayru-Amorebieta-Etxanoko Udala. Bilbo.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus