Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

SPRAKO TRANBIA (2001)

Unai Elorriaga
Alvaro Rabelli

SPrako tranbia Unai Elorriagaren (Bilbo, 1973) lehenengo eleberria izan zen. 2001ean argitaratua, 2002ko Espainiako Narratiba Saria irabazi zuen, Atxagaren Obabakoak bildumaz gero Narratiba Saria eskuratu duen lehen euskarazko lana izan da. Saria jaso baino lehen eleberri hau arrakastatsua izateko bidean bazegoen, saria irabazi izanak bultzada handia eman zion. Horri esker hainbat hizkuntzetara itzuli ahal izan da. Gaztelaniazko itzulpena Unai Elorriagarena berarena da (Un tranvía en SP, Alfaguara, 2003). SPrako tranbia lanarekin euskal literaturak ahots berezi irabazi zuen, Unai Elorriagaren ahotsa hain zuzen ere.

Liburu honetan laguntasunaz, gaixotasunaz eta heriotzaz berba egitean, Unai Elorriagak helburu bat darabil: bizitzaz pentsatzea. Samurtasunez, jendearen arteko harremanei ematen die garrantzi osoa, ametsei eta nahiei, pertsona egiten gaituzten gauza txikiei. Horrela, gauza horiek guztiek betetzen dute liburu honetako protagonisten bizitzen alderik handiena, gaurko gizartean sarritan horiek baino garrantzia handiago duten hutsalkeriak alde batera utzita. Unai Elorriagak samurtasun eta ironia ñimiñoz beste ikusmira batetik jorratzen ditu berez hain transzendenteak diren gaiak.

SPrako tranbia oinarrian irudi eta eszena zatikatuak dituen testu bilduma da. Istoriotik kanpo dagoen narratzaile baten ahotsak kontatzen dizkigu protagonistaren bizitza puskak. Protagonista nagusia Lucas zaharra da, bizitzaren azken unean dagoena eta burua gero eta galduago daukana. Oroimen eta nahien artean bizi da Lukas. Oroimenean aspaldian hil zitzaion emaztea, Rosa, zeina beti tranbiara igotzen gogoratzen duen; eta nahien artean amets bat du, bizitzari lotzen zaion ametsa, Shisha Pangma mendia igotzea. Lucas Mariarekin bizi da, arrebarekin, eta Lucas ospitalean egon bitartean gazte okupa bat sartu zaie etxean:Marcos. Azken horrek Lucas eta Maria zaindu egingo ditu. Pertsonaia hauekin batera, Matias (Lucasen aspaldiko lagun hila) eta Roma (Marcosen neskalaguna) ditugu.

Narratzailearen ahotsak kontatzen dizkigun Lucasen bizitzaren pasarteak eleberri honen ataletako bat besterik ez dira, istorio osoaren zati bat baino ez. Izan ere, eleberri honetan testu askok hartzen dute parte: beren ahotsez agertzen diren pertsonaien testuak. Horrela, Lucas zaharrak “Ariketak” egiten ditu, medikuak aginduta, nonbait, adinak eragindako zorotasunari aurre egitearren. Mariak bitartean “Fikzioak” egiten ditu. Horiekin batera, Marcosen eta Romaren idazkiak eta Matiasen “Gutunak” ere baditugu. Testu nahasketa horretatik sortzen dira SPrako tranbia osotzen duten eszena zatikatuak. Azken batean, erabat hibridoa den eleberria atal txikien metaketa da, oso hari narratibo mehearekin. Sarri, atal txikiok, printza narratiboak baino ez dira, berba eta zirrara gutxirekin pertsonaiek izandako edota amestutako bizi puskak iradokitzen dituztenak. Ildo horretan, esan beharrekoa da pasarteok kontatu baino gehiago ezkutatzen dutela. Irakurleari informazioa ezkutatzen diote indar iradokitzaileaz berorrek pasartea berregin dezan. Horretan, esan genezake Unai Elorriagak darabilen poetika isiltasunaren poetikara hurbiltzen dela. Testu aniztasunak, hala ere, ez du anabasarik sortzen, esan liteke idazleak kontrolpean daukala anabasa, testuok adierazpen beraren aldaerak baitira, eta horrela, adierazpen eta esangurak nabarmendu egiten dira.

Testuek, beren esangurarekin batera, modu jakin batean daude antolatuta SPrako tranbia liburuan. Lucasek berak dioskunez, egunak atal bi ditu: egun argia eta iluntzea. Lehenengoa gauzak egin eta esateko eta bigarrena lehenengoan egin eta esandako gauza guztiak kontatzekoa. Australian ba omen zen tribu bat non pertsona jakin bat aukeratzen zuten iluntzean tribuko gainontzeko kideei egun argiz ikusi eta pentsatutako gauzak kontatzeko. Lucasek gauza bera egiten du telebistan ikusten dituen dokumentalak hizpide hartuta. Istoriotik kanpo dagoen narratzailearen bitartekaritzaz, pertsonaien diskurtsoa antolatuta dator, ardatz horren arabera. Sei egunean diskurtsoak harilkatu egingo dira egunaren banaketa kontuan hartuta, egun argiz gauzak egin eta esateko, eta iluntzean, ikusitakoa eta egindakoa kontatzeko. Banaketa diskurtsibo horretatik sortzen dira liburuaren atalak, sei egunez. Iluntzean, gainera, pertsonaiek kontatzaile bat izango dute: telebista. Telebista da Lucas, Maria eta Marcosen bizitzan kontatzailearena egiten duena. Telebistan ikusitakoa nabarmendu, baloratu eta jorratu egiten dute, labur esanda, kontatuaren gaineko kontaketa egiten dute, eta telebistan ikusten dutenari buruzko beren ikuspegiak ematen dituzte. Bitarte horretan denbora moteldu egiten dela dirudi, erabat zehaztugabetzen delarik. Pertsonaiak, denbora errealean bizi dira, ametsek, oroitzapenek eta nahirik sentituenek betetzen duten instantean. Denbora izoztuaren instantea da. Seigarren egunean narratzailearen ahotsa desagertu egiten da eta Lucasek berak hartzen du eginkizun hori. Berak, hil hurrean, Marcosi kontatzen dio bizi duena, nola bete nahiko lukeen bere ametsik nahiena: Rosarekin, aspaldian hil zen emaztearekin, tranbian joatea Shisha Pangma mendiaren tontorreraino. Horixe da Lucasen bizitzaren azken unea.

Narratzailea isiltzen den pasarteetan pertsonaiek ahots propioz garatzen dute diskurtsoa. Narratzaileak esandakoa nabarmendu eta osotu egiten dute. Pasarte horietan pertsonaia bakoitzaren ahotsa bat dator norberak islatzen duen idiosinkrasiarekin. Horrela, liburua ahots diferenteekin sortu den ezaugarria indartu egiten. Idiosinkrasia diferente horietan, hala ere, bada pertsonaia guztiek komuna duten zerbait: egileak ematen digun mezu nagusia, pertsona gauzarik inportanteena da eta pertsonatik kanpo duen guztia bigarren mailako kontua da. Ikuspegi hau etengabe azaltzen dute pertsonaiok, jokabideetan, iritzietan eta, batez ere, elkarrenganako sentimenduetan. Pertsonaien idiosinkrasiak erraz osotzen dira elkarrekin, batak bestea osotzen du norberaren nortasunatik abiatuta eta, esan bezala, ahotsetan nortasuna argi islatzen da. Horrela, Roma, esaterako, pinturazalea da eta zenbaki eta kalkulu asko darabil zehaztapenetara jotzen duen hizkeran. Hizkera zientifikotik hurbil, liburuko ahotsik ironikoena da. Marcos, berriz, irakurzalea da, intelektualagoa, adierazpena serioagokoa. Lucasen ahotsa samur-samurra da, beti amets eta oroitzapen artekoa. Eta Mariarena, “Fikzioak” idaztean, egindako bidaia gogoangarria buruan alegia, ameslaria da.

Denbora zehatz eta jakin bakoa da eleberria, eta gauza bera esan daiteke espazioaz. Espazioa ia erabat mugatuta dago pertsonaien intimitatearen espazio hurbiletara. Eleberria ez da inon kokatzen, elementu batzuek egilearen bizilekua, Algorta, gogoratu arren. Horrela, intenporala izatean eta espazio jakin batean ez egotean, liburua askeagoa izatea lortu du, idazleak lokarri gabekoa izatea, ikuspegi unibertsaletik edonorentzat balio duen liburua, alegia.

Liburu honetan testuen antolaketaz eta gaien tratamenduaz gain, estiloa da Unai Elorriagaren ekarri nagusia. Bere-berea izatea lortu du. Ahots propioa ere eman dio euskal literaturaren esparruan. Ildo honetan, esan dezakegu liburuaren alderik ausartena dela Elorriagaren estiloa. Horrekin, egileak txunditu egin nahi du irakurlea, harritu nolabait, liburuari atxiki dakion. Asmo hau, bestalde, Elorriagak literaturaren gainean darabilen ikuspegiari erabat lotuta dator. Bere ustez literaturak etengabe ustekabean harrapatu behar du irakurlea, espero ez duen gauza bat eskaini. Estiloari berriro gagozkiola, esan behar da berau lanketa zehatz-zehatzetik sortzen dela. Unai Elorriaga lirikara hurbiltzen da, esaldi eta ahapaldiak kontzientzia handiz neurtuta eta zizelkatuta daude. Hitzen eufoniak jagoten ditu eta adjektibazio bereziaren bidez, berez elementuak ezaugarriztatzen dituzten adjektibo arruntetik urruntzen diren adjektiboen bidez, metafora eta epifania harrigarriak lortzen ditu, ezohikoak. Hizkera honi ahozko ezaugarriak ere gehitzen dizkio: errepikapenak, elkarrizketak, menderakuntza gutxiko esaldiak… Hizkera hau bide dela, irakurlea txunditzeaz gain, diskurtsoa etengabe finkatu eta indartzen du.

Bestalde, liburu honen eraginak Hego Amerikako literaturan aurkitu behar dira, Unai Elorriagak maitasunez gogorarazten dizkigun idazle kuttunen literaturan, Rulfo eta Cortazar izendun literaturan. Esanguratsua da liburua zabaltzen duen Rulforen argazkia, amets eta eguneroko elementu domestikoak nahasten dituena Andeetako paisaia izoztuan, bizitzaren gaineko gogoeta egiteko, intenporalitatean.

SPrako tranbiak idazle berria ekarri zuen, bizitza ulertzeko sentiberatasun berezia erakusten duen idazlea, eta hizkuntzarekin olgetan ibili nahi duen egilea.

BIBLIOGRAFIA

ELORRIAGA, Unai (2001): SPrako Tranbia. Elkar. Donostia.

TOLEDO, Ana Mª (2003): “SPrako tranbia de Unai Elorriaga: disgregación y cohesión”. Quimera. 234. 35-36. orr.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus