Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

[Hiztegira itzuli]

 

Hiztegi hau probetxuz erabiltzeko oharrak

 

1. Egungo Euskararen Hiztegia, metodologikoki, Orotariko Euskal Hiztegiaren ildo beretik doa. Biak corpusetan oinarritzen dira: Orotariko Euskal Hiztegia literatura-tradizioa jasotzen duen corpus batean eta Egungo Euskararen Hiztegia azken urteotako prosa-ekoizpena biltzen duen corpus batean. Luze-zabalaren aldetik ere ez dira oso diferenteak: Egungo Euskararen Hiztegiak, lehen etapa honetan, Orotariko Euskal Hiztegiaren tamainako 12 bat liburuki beteko lituzke paperean kaleratuko balitz.

 

2. Bestalde, helburuak ere bertsuak dituzte: bi hiztegiak, hitz bakoitzaren esanahiaz gainera, hitz horren erabileraz arduratzen dira, delako hitza zein joskeratan agertzen den ahalik eta zehazkiena argitzen. Egungo Euskararen Hiztegiak areagotu egin du joera hori. Sarrerak ageri dira, eta sarrera bakoitzaren adiera desberdinak. Adiera horien esanahia adibideekin argitzen da, eta, gainera behin eta berriz errepikatzen diren biko eta hiruko hitz multzoak ere biltzen dira (ikusi sarrera honen 7. puntua).

 

3. Helburu hori lortzeko, Egungo Euskararen Hiztegiak Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Zerbitzuak prestatu duen Ereduzko Prosa Gaur aplikazioaren corpusa erabili du. Corpus hori 25,1 milioi testu hitzek osatzen dute, 2000-2006 urte bitarteko 287 prosa-liburutatik, Berria egunkaritik eta Herria Iparraldeko astekarietatik hartuak.

 

4. Lehen etapa honetan, Egungo Euskararen Hiztegiak corpus horretako izenak, izenondoak, aditzak eta modu adizlagunak —hots hiztegi hitzak deritzenak— biltzen ditu, gramatika-hitzak bigarren etaparako utziz. Egungo euskal prosaren beharkizun behinenei erraparatuz jokatu dugu horrela. Dena dela, gramatika hitzetako hainbat alderdi ere landu ditugu: adibidez, han erakuslea aztertu ez badugu ere, han-hemenka eta han-hemenkako erabileren berri ematen dugu; ildo beretik, goiz denbora adizlaguna ez dugu aztertu, baina informazio ahalik eta osatuena ematen dugu goiz ala berandu/goiz edo berandu arazoaz. Zatika landu diren sarrera hauek parentesi artean eman ditugu; (han) eta (goiz) esaterako, aipatu ditugun kasuetan.

 

5. Sarrerak ohiko hiztegietan bezala banatu ditugu, hots, adiera eta azpisarreratan. Dena dela, erabilera adibideen kopuru handiak behartu gaitu adierak eta azpisarrerak areagotzera. Adibidez, goi sarreran 168 azpisarrera eratu ditugu, delako hitzak, azken urteotan, elkartuetako lehen osagai gisa, izan duen garapen ikaragarriaren erakusgarri.

 

6. Aurkezten ditugun adibideak ez ditugu estatiskikoki hautatu. Egia esan, Ereduzko Prosa Gaur aplikazioaren corpuseko liburuak —horretan ere Orotariko Euskal Hiztegiaren bideari jarraituz— ez ziren estatistikoki hautatu, baizik eta liburuen interesaren eta kalitatearen arabera. Ildo horretatik, Ereduzko Prosa Gaur-eko corpuseko adibideak beren interesaren arabera hautatu dira. Adibideok corpusean agertzen diren bezalaxe hartu dira inongo aldaketarik gabe. Adibide jakin bat norena den ikusi nahi duenak Ereduzko Prosa Gaur-eko corpusera jo dezake. Adibidez hormona sarrerako Odolean hormona maila altua denean adibidea norena den ikusi nahi duenak, Ereduzko Prosa Gaur-era jo, lehen laukian «odolean» eta bigarrenean «hormona» —edo lehenengoan «hormona» eta bigarrenean «maila»...— idatzi, eta adibidea Luis Elberdinena dela ikusiko du.

 

7. Dena dela, alde estatistikoa ez da baztertu, eta sarreren behealdean agertzen diren bi laukien bidez adierazten da. Lehen laukiak hitz multzo maizkoenen agerraldi kopurua adierazten du. Adibidez gurutze sarreran, ikus dezakegu, esaterako, «besoak gurutze» hitz bikotea 13 aldiz agertzen dela corpusean; gainera hitz bikote horren gainean klik eginez gero 13 bikote horien agerraldiak pantailaratuko zaizkigu. Lauki horren azpian beste bat agertzen da, dagokion sarreraren hainbat argibide ematen dituena: Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan agertzen den ala ez, hitzaren agerraldi kopurua guztira, agerraldi horiek liburuetan eta prentsan banatuak, hitza erabiltzen duten idazleak eta aldizkari sailak —nolabait izendatu behar eta «autoritate» deitu ditugunak— eta hitzaren testu hitz forma guztiak. Honetan ere, hitzaren gainean klik eginda, infomazio hori guztia pantailaratuko zaigu.

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus